Zer bilatzen dute seme-alabek pantailetan?

Adolescentes y pantallas

Pantailak eta nerabezaroa. Merkatuaren, proiekzioaren eta proiektuaren artean.

Duela hilabete batzuk, Marco Polo serieko sekuentzia batek pentsatzen utzi ninduen. Bertan, ohaide txinatar batek, Gengis Kan-en erresuman, bere ustezko maitale eta konfiantzazko lagunaren lepoan labana zeukan jarrita. Gizonak, Gengis Kanen konfiantzazko goi-kargudun bat, harri eta zur begiratzen zuen. Ezin zuen sinetsi emakume hura, ustez bera hainbeste maite zuena, berari lepoa mozteko zorian zegoela.

Une hartan, ohaide baten heziketa zelakoa zen azaldu zion emakumeak. Kontatu zion bere formakuntzan lehenengo egin ziotena ispiluen gela batean hilabetez giltzapetuta edukitzea izan zela. Denbora hartan bere buruari baino ez zion begiratuko, eta ez zen handik aterako harik eta, engainuaz inor ohartu barik, emozio posible guztiak imitatzeko gai izan arte. Emozio guztiak, gizon batentzat beldurgarri edo desatseginak izan zitezkeenak izan ezik. Bere burua erreproduzitzeko eta ispiluaren irudi horrekin mimetizatzeko gai den emakume bat. Ispiluak itzultzen dion errealitatearekin nahas litekeen irudi bat, zalantza barik.

Batzuetan, nire alaba nerabea eta bere lagunak TikTok, Instagram, selfien munduan ikusten ditudanean, irudi hori etortzen zait gogora. Ispiluko irudi horren presentziara behin eta berriz jo beharko balute bezala da. Ispiluaren irudia mihisea balitz bezala da, bertan beren isla kokatzeko eta harekin batera beren segurtasuna, autoestimua, proiekzioa, eraikitzen ari diren beren (eta gure) identitateen proiektu amaitu gabe hori kokatzeko. Beren harremanak, beren etorkizuna antolatzen dituzten lekua ere bada, non, batzuetan, ez gutxitan, egunak, hilabeteak igaro ditzaketen itxita, bakartuta, mundura, bizitzara, begiratzeko leiho bakarra edo nagusia balute bezala.

Pantailen ispilua, gaur egun nonahi dagoen ispilua. Heredatu duten ispilu bat, non ume-umetatik ikusten gaituzten denbora pasatzen, hazten ari diren bitartean. Ispilu horri dimentsio berri bat ematen ari zaizkio. Natibo digitalak dira, diotenez.

Idatzi honetan, pantailen errealitatera ispiluaren metaforatik hurbiltzera gonbidatzen zaituztet. Hiru dimentsioren arabera: ispilua merkatu gisa, ispilua proiekzio gisa eta ispilua proiektu gisa. Eta ispiluarekin/pantailarekin erlazionatzeko ariketa bikoitzetik. Bai geure burua proiektatzen dugulako, irudi, testu, bizipen, partekatze eta adierazpenen, edo like, follow, birtxiokatze eta abarren etengabeko jarioaren bidez, pantailak adierazpen-gune gisa. Eta bai harreman pasiboan, gustatzen, bilatzen, interesatzen zaigunaren ikusle gisa.  Gure zaletasunekin eskaintzen dugun eta gure gailuek behin eta berriz jasotzen duten informazio-katalogo hori bezala: gure filiak, fobiak, gure gurari eta interesak, gure nortasuna… salatzen, antolatzen, saltzen (eta algoritmoen bidez modelatzen) dituena.

Lehenik eta behin, garrantzitsua da bizi dugun une historikoaz ohartzea. Merkatu- eta kontsumo-gizartea deitzen duten horretan gaude, gure munduaren mendebaldean. Merkatuaren arauak gailentzen diren gizartea da, askotan bestelako giza eta gizarte-balorazioen gainetik. Horrela, bizi garen gizarte honetan, arretaren merkatua lehiatuen eta errentagarrienetako bat dela jabetzearekin du zerikusia lehenengo dimentsioak. Pantaila gure arretaz elikatzen den ispilu bat bezala da. Merkatu horrek ez du zalantzarik edo araurik onartzen, eta gai da gure seme-alabak balizko arriskuen eraginpean jartzeko, irabazi handiak lortze aldera. Pantailak larregi erabiltzeak depresio-egoerak[1] susta ote ditzakeen aztertzen ari garen une honetan, edo Instagram bezalako plataformek, barne-txosten polemikoen bidez, nerabeen ehuneko esanguratsu baten[2] autoestimuan eragin okerra dutela berresten duten honetan, garrantzitsua da guk geuk eta gure seme-alabek egiten dugun pantailen erabileraz jabetzea.

[1]Gero eta nabariagoa da gizarte-sareen eta depresioaren artean lotura dagoela. Berriki egindako zenbait azterlanetan, Instagramen, Facebooken eta beste plataforma batzuetan denbora gehiago ematen duten erabiltzaile nerabe eta helduek depresio-tasa askoz handiagoa erakutsi zuten (% 13tik % 66ra) denbora gutxiago pasatzen dutenek baino.” https://childmind.org/es/articulo/causan-depresion-las-redes-sociales/

[2] Albiste honetan kontatzen da Facebookek barne-dokumentuetan onartzen duela Instagram toxikoa dela nerabe askorentzat https://elpais.com/tecnologia/2021-09-15/facebook-admite-en-documentos-internos-que-instagram-perjudica-la-autoestima-de-muchas-jovenes.html

Byung Chul Han-ek dioen bezala: “Garai bakoitzak bere erara definitzen du askatasuna.  Antzinatean askatasunak gizon askea izatea esan gura zuen, ez esklaboa. Modernitatean, subjektuaren autonomia gisa barneratzen da askatasuna. Ekintza-askatasuna da. Gaur egun, aukeratzeko eta kontsumitzeko askatasunera mugatzen da ekintza-askatasuna”. Gaur egun argi dago gure askatasunaren zati handi bat pantailekin dugun harremanean jokatzen dugula. Eta hori are egiazkoagoa da nerabeen kasuan, kasu askotan pantailetan aurkitzen baitute sozializazio-bide nagusia. Gailu bat bitarteko dela egiten dira harremanak, eta bitartekari horien helburua da zu ahalik eta denbora gehien konektatuta egotea, beraiek diru gehiago irabazteko.  Merkatu horretan, batzuetan, geure buruari galdetzen diogu zenbateraino garen kontsumitzaileak edo zenbateraino garen produktua[1].

[1] “El dilema de las redes sociales” dokumentalean argudiatzen den bezala https://www.youtube.com/watch?v=tBnNuJSs6P0

Erantzuna agian mingarri samarra izan daitekeen arren, uste dut aukera errealista eta kokatua dela gure arreta bereganatzeko eratu den inperio hori borrokatzen saiatzea, bizitzea egokitu zaigun garaia onartu eta hori igaro eta bizitzen saiatuz. Kritikatik eta aukera berriak aprobetxatzetik ere bai. Hezkuntza-ikuspegitik arriskuekin borrokatzen lagunduko diguten tresnez baliatuta. Eta arriskuez askoz haratago, beren bizitzako dimentsio hori, zeinetan hainbeste denbora ematen duten (ematen dugun), integratzen lagun diezagutela. Alde horretatik Ines Bebea BBKFamilyn bezalako prestakuntzak edo empantallados edo pantallas amigas bezalako proiektuak proposamen onak izan daitezke. Azken batean, kontzientzia kritikoa elikatzea da kontua. Askatasun-eremuak sustatzea. Geure buruari eta seme-alabei galdetzea zelan irabaz dezakegun askatasunean, ez kontsumitzaile gisa, baizik eta pertsona gisa pantaila-garai honetan.

Ispiluaren metaforatik bigarren hurbilketa bat: arreta jarri behar diogu proiektatzen ari garenari eta gure seme-alabek proiektatzen dutenari arriskatu eta pantailetara konektatzen direnean. Ohaideak bezala, ispiluari/pantailari begiradak opari eginez, gure denborak eskainiz eta, aldi berean, erakusten eta islatzen digutenaren arabera modelatuz eta moldatuz.

Pantailetara begiratzen dugunean, gorputzak lokartu egiten dira, eta, hala ere, begiratzeari uzten diogunean, igarri dezakegu zelan garen atsedenik hartu bako gorputzak, are gorputz nekatuagoak ez direnean. Pantaila baten aurrean geldiarazitako gorputzak, aldentzean nekaturik sentitzen direnak. Neke digitala deitzen diote. Gorputz geldiaraziak eta begiratzen duten bitartean, eta kontzientzia barik, mugimenduan jarraitzen duten gorputzak. Gorputz pasiboak, pantailak aktibatuak.  Nondik sortzen da neke hori? Zer egiten aritu gara, gu horretaz jabetu ez bagara ere?

Erantzunetako bat begirada hori proiekzio-ariketa gisa ulertzearekin lotuta dago. Horrela, pantailari begiratzea geure burua proiektiboki aktibatzea litzateke. Zelanbait ere, geure buruarekin berbetan ari gara, pantailen bidezko begirada edo espresioaren bidez. Eta kasu askotan kontziente ez garen modu batean egiten dugu hori.

Izan ere, ikuspegi psikologikotik proiekzioaz ari garenean, nortasuna defendatzeko mekanismo batez ari gara. Gauzak egiteko modu inkontziente bat da, gugan ikustea kostatzen zaiguna edo, aitzitik, gugan ikusi gura genukeena kanporantz, beste pertsona, egoera edo objektu batzuetarantz proiektatzen duena.

“Proiekzioa defentsa-mekanismo bat da, eta, horren bidez, subjektuak beste pertsona batzuei egozten dizkie norberaren bertuteak edo akatsak, baita gabeziak ere[1]”. “Proiekzioa norberarenaz, norberarengan sortzen denaz mundua erantzule egiteko joera da”.[2]

[1] Wikipediako definizioa.

[2] Peñarrubia, P. “Terapia Gestalt, La vía del vacío fértil.” Alianza arg. Saiakera. 2008.

Nerabeak lehen maitasunari buruzko eleberriak online irakurtzen, joko militarretan, rol-jokoetan, futbolean, espasmo errepikakor gisa imitatzen dituzten milaka tik tok berrikusten, desiratu edo inbidiatutako edertasuna ikusten, behin eta berriz borrokatzen pantailaren ?bere aholkuekin? eta benetako ispiluaren artean, makillajerik hoberenagatik, perfektu geratu ez zaien adatsagatik, asmamena bizi-bizi dutela zenbait jarrera faxista edo progresista, homofobo edo homofobiaren aurkako meme-jasa itzelekin, … Proiekzioa nortasunaren adierazpen gisa.  Nortasuna eraikitzeko beharrezko mekanismo gisa. Gure desioak, beldurrak eta kontsumitzen ditugun telesailetan, gorroto ditugun pertsonaia publikoetan, Twitterreko mezuen arrastoan, gorpuzten ari garela uste dugun bideo-jokoetako pertsonaietan, txatetako nicketan… oraindik integratu ez ditugun emozio mota guztiak pantailaratzea bezala da. Proiekzioa, ausartzen ez naizenaren, desiratzen dudanaren, beldur ematen didanaren, urduritzen nauenaren, behar dudanaren, ihes egin eta urrun utzi gura dudanaren, … ulertzen ez dudanaren eta erabat inkontzienteki adierazten dudanaren proiekzioa.

Lehen haren janzkera, hiri-tribua, musika… kontuan izanda bizitza ulertzeko zuen erara hurbil gintezkeen bezalaxe. Gaur egun, pantailek gune asko-asko eskaintzen dizkigute, haur eta gaztetxoei begiratzen laguntzeko eta helduarora zelan hurbiltzen diren, zer beharrizan dituzten eta nortasuna non jokatzen ari diren ulertzeko. Eta era berean, proiekzio horietatik abiatuta, berba egiten ere lagun diezagukete. Diren bezala begiratzen. Defentsa-mekanismoak eta espresio-mekanismoak. Eta proiekzio horiek ez dira hainbeste borrokatu edo gaitzetsi behar, integratu baizik. Desirak, irrikak, inbidiak, beldurrak. Garen eta diren osotasun baten parte diren zatiak. Eraikitzen ari diren nortasunaren puzzle konplexu eta aberats hori, eta nerabezaroan katarsi- eta aukera-prozesu bat bizi duena onartuak, errespetatuak, lagunduak, mugatuak, sostengatuak, aurre eginak, maitatuak direla jakiteko.

Horren haritik, oso argigarria iruditu zitzaidan ESCAPANDO: Una película de vida” kontakizun dokumentalaren pasarte bat, non gonbidatzen gaituen ispiluaren beste aldera gurutzatzera, begiratzeari eta geure buruari begiratzeari uztera, arreta-gunearen aldaketa horretan nerabeei laguntzera. Beren buruari begiratzen dioten ispilu horretatik eurei begiratzera.

“Ispilua ez da zure laguna zeharkatu eta bere aldean jartzen zaren arte. Ez dago zure ispiluaren isla baino etsai handiagorik. [….] Egoa ispilu alderantzikatua da. Bizitza alderantziz ikusarazten dizu. Ispiluaren aurrean zaudenean, zuk uste duzu aurrerantz ikusten ari zarela, baina benetan atzerantz ikusten ari zara, eta ikusten duzun aurpegia ez da zure aurpegia, zure aurpegi alderantzikatua da. Ikuspuntua aldatzen duzunean, orduan sar zaitezke beste errealitatea ikustera. Ispilua zeharkatu eta leiho bat aurkitzen duzu, eta leihoan garrantzitsuena handik ikusi ahal duzuna da, ez ikusten duen ni-a”[1].

[1] PANDO, S “ESCAPANDO: Una película de vida”. Mexiko,  2019 https://vimeo.com/378289218?embedded=true&source=video_title&owner=95152298

Azkenik, egokia iruditzen zait ispiluari egindako begirada hau proiekzio gisa edo merkatu-joko gisa ulertzeaz gain, proiektu baten eraikuntza gisa ere ulertzea. Jordi Planella maiteak, Jean Paul Sartre aipatuz, haren esaldi lapidarioetako bat botatzen du: “gizakia proiektu-izakia da”[1].  Izan ere, zera inkontzienteaz haratago, pantailen munduan ere gure proiekzioa dugu jokoan garen proiektuaren eraikuntza gisa, eta are gehiago gure nerabezaroa bezalako une erabakigarrian.

[1] Planella, J. “Proyectar y otras acciones Psicopedagógicas”. Fundació Universitat Oberta de Catalunya (FUOC) argit., Bartzelona 2021

Pantailei zelan begiratzen dieten ulertu behar dugu, beren burua eraikitzen saiatzen diren leku horietatik. Beren etorkizunerako irudikatzen dituzten munduak. Elikagarri zaizkien edo porrot-bide dituzten harremanak, eta ñabardura berriekin harreman berrien bila jarraitzera bultzatzen dituztenak. Beraiekin berba egitea, begiratzen dituzten pantailen bidez, ea zelan begiratzen dioten etorkizunari. Eta ulertu, ez negatibotasunetik, baizik eta etorkizuna duten,  beren etorkizuna eraikitzeko indarra duten pertsonen desiratik eta konfiantzazko begiradatik.

Horren haritik, funtsezkoa iruditzen zait, batez ere, geldi geratzeko dugun beharra narratibak eraikitzeko gai izan gaitezen. Esanahiak dituzten guneak eraiki behar ditugu, pantailen abiadurak proiektu horietan pentsatzeko gelditzen ere uzten ez digun une honetan. TikTok garaian narratibak aurkitzea. Pantailek, arreta sakabanatuen bonbardaketaren bidez, gure bizitzak etengabe zatikatzen dituzten garaiotan. Laguntzen ditugun nerabeen bizitzen narratibaren hari horiek ehuntzeko guneak eraikitzeko gai izan behar dugu.

Gauzak kontatzeko eta geure burua kontatzeko guneak. Eta gune horietan pantailen ahalmen edo gaitasunez ere balia gaitezke, komunikazio-gune gisa, modu kontzientean kontatzeko zein ari diren izaten bizi-proiektu horiek. Espresio edo adierazpen-guneak antzerkiaren bidez, irudiaren bidez, idazketaren bidez, baterako proiektuak, erakundeak, desira eta zaletasun komunei lotutako topaguneak sortuz.

Adibidez, #12nubes proiektua, esperientzia pedagogiko integral bat, hezkuntza-ekintza mundu birtualean integratu gura duena ekintzarekin mundu errealean, hezkuntza formala ez-formalarekin, hurbileko pertsonen sare gero eta handiago batetik abiatuta eta esperientzia Sarearen ahalmenetara zabalduta. Edo RYOS Narratiba Programa, 16-18 urte arteko nerabeei zuzendua. RYOS (Rewrite your own story: Berridatzi zeure istorioa), non idazketaren indarra erabiltzen duten esku-hartze sozialerako tresna gisa.

Baina, batez ere, gure seme-alabak mugiarazten dituzten interes horietan jarri behar dugu arreta eta elkarrizketa. Etorkizunak proiektatzeko haien motibazioaren hariari tira egin behar diogu. Hainbesteko zatiketa eta sakabanatze garaian, non gero eta gehiago berehalakotasunean mugitzen garen, konexio gehiago eta azkarragoak behar ditugun, gero eta desira gehiago eta iragankorragoak asetzeko, ezinbestekoa da hari horiei jarraitzea narratiba bat, argumentu-hari bat eraikitzeko. Zelakoak gura dituzte beren etorkizunak? Zerk estimulatzen ditu? Zerk ematen die beldurra? Zer espero dute? …

Ezezkoaren aurrean, “utzi pantaila” etengabearen aurrean, edo, hobeto esanda, horretaz gain, begirada motibazio horretan jartzea ere beharrezkoa da. Beraien bulkada baliozkotuen positibotasunetik, beharrizan eta filietatik, jolas-nahietatik, ausardietatik, irriketatik. Korrontearen alde ere eraikitzea. Konfiantzazko begiradatik. Askotan ados ez banago ere, ulertzen ez badut ere, arriskutsua edo ausarta iruditzen bazait ere, narratiba horien eraikuntzan konfiantza izan eta laguntza eman diezaiegula, jakitun izanik erratzeko, porrot egiteko aukera dagoela, eta askotan proiektu horien bideko arriskuak itzuli eta ibilbide horietan mugak jartzeko beharra dagoela.

Eta betiere gure seme-alaba nerabeei eskain diezaiekegun oparirik onena itzultzen saiatuz. Fio den gure begiradaren oparia. Diren bezala onartzen dituen begirada. Haiei begiratze horrek guretzat dakarren nahigabe guztiarekin, baita zailtasun guztiarekin ere. Gure errezeloak, gure zalantzak eta kontraesanak, direnak bezala ?GURE errezeloak, zalantzak eta kontraesanak?, erakusteko eta ikusten uzteko gai izateko zintzotasunarekin. Ibili beharreko, laguntza eman beharreko proiektu oso bat, ez baitiogu horretan parte izateari uzten. Pantailarantz elkarrekin egiteko bidea. Ekin diezaiogun, ba.

Raúl Castillo, psikologo eta hezitzaile soziala

Oraindik bi plaza geratzen dira Egokitzen programan. Banandu egin bazara, eta seme-alabek kezkatzen bazaitu, programa horrek laguntza eman nahi dizu. Informazioa gehiago izateko, sakatu hemen.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Gai honekin harremana duen BBK Family artikuluak:

Laguntza emateko BBK Family mediatekan dauden materialak:

Menu

BBK Family Learning

×