“Bada garaia pantailetatik askatzeko”

Konfinamendu edo itxialdiko ia hiru hilabete hauetan, haur eta nerabe askok komeni baino ordu gehiago igaro dituzte pantailen aurrean “telelan”, bideojoko eta sare sozialekin. Eta datozen hilabeteetan ere, udaleku barik, joera horrek jarraipena izango duela dirudi.

Gurasoak, aldi berean, galduta sentitzen dira, ez baitakite oso ondo seme-alabek mugikorra, sare sozialak edo aplikazioak modu seguruan erabiltzen dituzten edo ez, eta ez dute argi nondik hasi teknologia horien ezagutza eguneratzeko, gero eta azkarrago aldatzen baitira.

BBK Familyk, arazo horretaz jabeturik eta gai honen inguruan argi pixka bat emateko asmoz, liburu bat argitaratu du: Manual de supervivencia para madres y padres en tecnologías y redes sociales” (Gurasoentzako biziraupen-eskuliburua teknologietan eta sare sozialetan). Eta “biziraupen-eskuliburu” honek zelan lagun diezagukeen jakiteko, bere egilea den Andrea Alfarorekin berba egin dugu; Alfaro BBK Family taldeko kidea da, eta eskarmentu edo esperientzia handia du gurasoak eta ikasleak trebatzen Interneten eta teknologien erabilera seguruan.

? Zer egin behar dugu gure seme-alabak pantailetatik askatzeko?

Hainbat urtez ikastetxeetan eman ditudan ikastaroetan, gurasoek sarritan esan didate seme-alabak tabletaren, mugikorraren edo bideo-jokoen mende daudela. Eta nik beti itaun bera egiten diet: “Baina, ordezko aukerarik ematen diezue?” Eta ezetz erantzun ohi didate, eta euren aitak edo amak ere ez zuela eurekin jolasten txikitan. Baina kontuan izan behar dugu garaiak aldatu egin direla eta orain askoz gehiago parte hartzen dugula gure seme-alaben bizitzan. Horregatik, nahiz eta gelak jostailuz beteta izan, garrantzitsua da gu seme-alabekin egotea, esan diezaguten zein jolasetan ibili gura duten edota guk jolas bat proposatzeko. Harritu egingo zinatekete jakinez gero zein gogoko duten aitarekin edo amarekin jolastea.

Nolanahi ere, onartzen dut une honetan bizi dugun zailtasuna. Ni mahai-jokoen oso zalea naiz, baina  niri ere joan zait eskua pantailekin, eta ohi baino denbora gehiago utzi diet. Baina deskonfinamenduarekin, dagoeneko beren lagunekin egon daitezkeenez, kalera irtetera animatu behar ditugu.

? Askotan, aplikazioak jaisten uzten diegu, zelan funtzionatzen duten jakin barik, baina hainbeste daudenez, ezinezkoa da joko, sare sozial… guztien funtzionamendua ezagutzea.

Ez dago zehatz-mehatz jakin beharrik zelan funtzionatzen duten guztiek. Baina bai oinarrizko ezaupide batzuk izan. Hasieratik lagundu behar diegu:  normalean jokoen bidez hurbiltzen dira pantailetara, eta hor egon behar dugu guk ere, haiek gidatuz.  Gogoan dut nire semeak bere lehenengo jokoa deskargatu zuenekoa. Elkarrekin egin genuen eta biok ikasi genuen jolasten. Batzuetan aspergarria gertatzen zitzaidan, baina horrela konfiantza ezarri genuen, Interneten arazoren bat izanez gero niregana beti jo zezakeela jakin zezan.

Nire etxean dagoen arau garrantzitsuenetako bat da ezin dela aplikazio, bideojoko edo sare sozial bat erabili non blokeatzen den jakin barik, blokeatzeak arazo asko saihesten ditu eta. Gainera, aplikazio edo bideojoko bat deskargatu aurretik baimena eskatu behar didate. Google ere konturatu da horretaz. Lehen gura zutena deskarga zezaketen umeek, orain ez. Adingabeak baldin badira, pertsona heldu baten kontuaren mendeko beste kontu bat sortu behar da, edozein aplikazio deskargatzeko orduan helduaren baimena eskatzeko. Baina aukera hau aprobetxatu gura dut gogorarazteko zure semeari edo alabari Gmail-eko kontu bat irekitzen badiozu, beraren datuak erraldoi teknologiko horren parte bihurtzen direla, eta “fitxatuta” geratuko direla betiko. Eskuliburuan azaltzen ditut jokoak edo aplikazioak deskargatzeko beste irizpide batzuk ere.

? Nori zuzenduta dago liburu hau?

Gurasoei teknologiak modu atseginean hurbiltzea du helburu, beldurra gal diezaieten.   Ama batzuek esaten dute: “Instagramen zerbait gertatzen bazaizu, mugikorra kenduko dizut”. Mezua hori bada, alabak ez dio esango sare sozial horretan arazo bat izan duenik. Garrantzitsua da beraiek gu hurbil sentitzea, eta edozer gauza gertatzen zaienean, nahiz eta guk sare sozial hori ez kontrolatu, argi izan dezatela konpontzeko modua aurkituko dugula.

Oro har, edozein pertsonarentzat baliagarri izan dadin saiatu naiz: 3 urtetik aurrera hasi, lehenago ez baita gomendagarria pantailak erabiltzea, eta 100 urtera artekoentzat dela esango nuke; izan ere, orain, konfinamendu edo itxialdiarekin, ia mundu guztiak erabili ditu WhatsAppa, bideo-deiak eta abar.

? Eta zein gai zehatz jorratzen dira Manual de supervivencia para padres y madres en tecnologías y redes sociales honetan?

Hasi eta bukatu bere ordenan irakurri beharrik ez izateko moduan diseinatuta dago, zure semearen edo alabaren adinaren arabera baliteke-eta gai batzuk besteak baino gehiago interesatzea. Aurkibidea begiratu eta PEGI edo bideojokoak, mugikorraren arriskuak, sare sozialak… zer diren azaltzen duen kapitulua aukera dezakezu.

Ziberbullyinga saihesteko jarraibideak ere azaldu ditut, baita ere zer prozedura erabiltzen den hori detektatzeko, zelan bildu frogak edo zer urrats egin behar diren hori konpontzeko eta abar.

Beste kapitulu batek youtuberrak ditu ardatz, eta benetako aurkikuntzak egin ditut, ospe txarra izaten baitute, baina batzuetan merezi barik. Gainera, sexting, grooming eta, nola ez, Tik Tok aplikazio ospetsua zer diren ere azaldu dut. Fortnite bideojokoari ere kapitulu oso bat eskaini diot, dantzetatik kanpo, pertsona helduok ezer gutxi dakigu-eta berari buruz.

Azken batean, eskuliburu honek eten digitala desagertzea eta beldurra galtzen laguntzea du helburu, gure seme-alaben ondoan egon gaitezen eta edozein arazo dutenean beti hor egongo garela senti dezaten.

Manual de supervivencia para padres y madres en tecnologías y redes sociales liburua hemendik deskarga dezakezu.

Menu

BBK Family Learning

×