Tik Tok arriskutsua den ala ez?

Ezagutzen duzu TikTok? Bai, bideo-aplikazio horrekin jendeak dantzan egiten du edo sofan egoten da orduak eta orduak bideoak ikusten, eta hatz erakusleak gimnasia ikaragarria egiten du gorantz irristatuz izugarrizko abiaduran, 12 segundotik behin, gutxi gorabehera.

13 urteko alabari ez diot oraindik TikToken kontu bat irekitzen utzi. Jakina, askotan entzun behar izan dut “Ni naiz ez daukan bakarra!” esaldia. Elkarrekin aplikazio honen bideo batzuk ikusten ditugu nire mugikorrean, eta, nire harridurarako, barre gehien eragiten dioten bideoak egoera estereotipikoenak erakusten dituztenak dira. Adibide bat jartze aldera:

Amari esaten diote atseden hartzeko, eta bonbilla aldatzen hasten da, janaria prestatzen… Aitari esaten diotenean atseden hartzeko, sofan etzan eta garagardo bat eskatzen du.

Badira tiktokerrak, milaka jarraitzailerekin, amak barregarri uzteko bideoak egiten dituztenak, eta nire alabak lehertzeko zorian barre egiten du halakoekin. Amaz mozorrotzen dira eta zapatila batez mehatxu eginez edo teknologiaren aurrean erabat galduta agertzen dira. Honelako eszenak egunero ateratzen dira horien bideoetan:

– Zoaz sarrerako ontzi edo erretilura (eta ama ateratzen da etxeko erretilu edo azpil baten gainean).

– Itxi Windows leihoa (eta amak, imajinatzen duzuen lez, etxeko leiho bat ixten du).

Eta estilo horretako hamaika bideo agertzen dira.

Une honetan “Educar en el feminismo” (Feminismoan hezi) liburua daukat mesanotxean, eta ahalegin handia egin dut nire alabak eta semeak berdintasunean sinetsi, hori bizi eta horren alde lan egin dezaten. Baina TikToken nire alabari gehien gustatzen zaiona edo barre gehien eragiten diona bideo-mota hori bada, argi dago zerbait ez doala ondo. Estereotipo horiek etengabe erreproduzitu eta betikotzeak ez dio inori mesede egiten. Hori ikusarazten diodanean, begiratzen dit esanez bezala: “Hemen da berriro gogaikarri hau bere erretolika feministarekin”. Hala ere, pentsa dezagun zer gertatu den piropo edo “loreen” gaiarekin, txiste matxistekin, WhatsApp bezalako aplikazioetan partekatzen eta emakumea sexu- eta desira-objektu soiltzat jotzen duten irudiekin. Gero eta jende gehiago ausartzen da esatera hori ez dela egin behar, txiste hori ez zaiola gustatu, emakumeak errespeta ditzatela, … Ba, kasu honetan gauza bera da. Estereotipoen mezuak, geldiarazten ez badugu, giroa blai egiten du zirimiriak bezala, eta, azkenean, neskek nahiz mutilek barneratu egiten dute. Emakume ergelak versus gizon bizkorrak.  

Gaur egun emakumeok gizonek beste badakigu teknologiaz, eta gure alabek estereotipo horiek normalak balira bezala ikusten jarraitzen badute, berriro ere geure teilatura botako ditugu harriak.

TikToken hipersexualizazioa

TikToken beste alderdi bat sare sozial honen hipersexualizazioa da. Behin baino gehiagotan entzungo zenuten TikTokeko bideoak hipersexualizatuta daudela. Jarraitu baino lehen, termino honen definizioa eman gura nuke. Violeta Barrientos Silva poeta feminista eta giza eskubideen aldeko aktibistak honela definitzen du: “Berez ez duen portaera edo produktu bati izaera sexuala ematea da hipersexualizazioa. Gizarte-fenomeno horren arabera, nerabe eta gazteek ere jarrera eta portaera sexual goiztiarregiak hartzen dituzte.”? 

Eta zer ondorio izan ditzake hipersexualizazioak?Lehenengo ondorioa haurtzarotik nerabezarorako eta helduarorako trantsizioa azkartzea izango litzateke. Oraindik ez dagozkien eta fisikoki eta emozionalki prestatuta ez dauden rol batzuk hartzera behartuta sentitzen dira.

Bestalde, oso modu zehatzean biziko dute beren sexualitatea. Gorputz-forma, jantzi, orraztu eta makillatzeko… forma jakin batzuk dituen objektu sexuala izatea baldintza bihur daiteke onartuak izateko eta gizartean “arrakasta” izateko.

Hortik, autoestimua beste pertsona batzuen onespenari edo arretari lotuta egongo da, estereotipo jakin batzuk garatuz. Sor ditzaketen harreman sozialak eta sexualak ere aurreko guzti horrek baldintzatuta egongo dira. Egonkortasun emozionala hauskor bihur daiteke, eta kasurik larrienetan, beren ondoeza gogo-aldartearen arazoekin somatiza lezakete.

Haur batek uste badu pertsona heldu gisa adierazi edo jantzi behar duela, zehazki, oso estereotipo sexualizatuekin beste pertsona batzuen onespena edo arreta jasotzeko, sari hori bilatuz haziko da, eta ez du bere nortasuna garatuko, baizik eta berea ez den etapa batean bizitzen saiatuko da.

Horregatik da hain garrantzitsua ikus ditzaketen edukiak bahetu eta aukeratzea eta, batez ere, arlo horretan beraiekin egiten ditugun gidatze- eta hausnartze-prozesuak.

Eta zer esan arrakasta azkarraz. Nire alabaren lagunek uste dute tiktokerren bizimodua denbora dantzan eta kantuan edo txantxetan edo… igarotzea dela. Nor ahaleginduko da zerbaitetan, pentsatzen badu ergelarena egin eta dirua irabaz daitekeela? Hala ere, bideo horien guztien atzean lan handia egon ohi da; izan ere, mailari eusteko, jarraitzaileak izaten segitzeko eta arrakasta izateko, egunero pentsatu behar dute zer bideo egin eta kalitate handiz grabatu. Horrek antsietate ikaragarria sortzen die. El Rubius izan zen hori onartu zuen lehenengoetako bat: haren arrakasta You Tuben, eta ez TikToken, izan bazen ere, aldi batez utzi egin behar izan zuen, egunetik egunera hobea izan beharrak eskatzen zionagatik. Youtuber izateak, tiktoker izateak,… kostu handia du, eguneroko esposizioa, larregizko eskakizuna, eten barik epaitua izatea… Ez da lanbide erraza, eta ona da hori noizean behin gure seme-alabei esatea.

Arreta galtzea                                                                                                                                                                                

Jarrai dezagun aplikazio honek eragiten dituen beste ondorioetako batzuekin. Instagram eta TikToki buruz El País egunkarian argitaratutako erreportaje batean, gazte askok kontatzen zuten TikToken bideoak ikusten zituztenetik ez zirela gai Netflix bezalako plataformetan filmak eta telesailak beren abiaduran ikusteko, azkartu egin behar zituztela edo azkar pasa ekintza pixka bat iritsi arte. Gogora dezagun TikToken bideoek segundo gutxi irauten dutela eta bata bestearen atzetik kargatzen direla; are gehiago, hatza gorantz lerratu edo irristatuz bideo batetik hurrengora pasa daiteke, bat osorik ikusten amaitu barik, eta beti da eduki berria, oso zaila da lehengo bera berriro ikusi ahal izatea. Garunaren hiper estimulazio honekin oso zaila da film “geldoak” ikustera ohitzea edo gelan irakasleari arretaz entzutea, pixkanaka kontzentrazioa galduz joaten baitira, garuna sarriago aktibatuko dieten inputak behar dituzte eta.

Neurozientziak erakusten digu, ikasi eta kontzentratu ahal izateko, beharrezkoa dela garunak estimuluak ondo bahetu edo “iragaztea” (iristen zaizkigun milaka estimulu gelditzeko gai izatea, bati bakarrik jarri ahal izateko arreta). Gainera, gai izan behar du emozioen eta bulkaden kontrolaren erregulazio on bat egiteko. Eta, era berean, zirkuitu batzuk aktibatu behar dira, zentzumenek jasotako informazioa emozioekin eta memoriekin erlazionatzen dutenak. Pantailen dinamikak, bere azkartasunarekin, milaka estimulurekin eta garunean sortzen duen berehalako sariaren efektuarekin, estimuluak bahetzeko sistema erretikularra aldatzea eragiten du, bulkadak kontrolatzeko garun-azal edo kortex prefrontalaren gaitasunak ez du ondo funtzionatzen eta zailagoa da informazioak erlazionatzea ikaskuntza esanguratsuak sortzeko. Izan ere, berriro umetxoak izatera itzuliko bagina bezala da, eta oinarrizko ikusmen-, entzumen- eta mugimendu-estimuluei soilik erantzutera ohituko bagina bezala, “haratago” joan barik. Egia esan, agian ez dago alde handirik gure alaba nerabeak TikTok bideoei begira ikustearen eta gure umetxoak behin eta berriz ukitzen dituzten argi eta soinuzko jostailuekin ikustearen artean. Gainera, lotara joan aurretik pantailak ikusten badira, loaren ardura duen melatoninak bere ekintza atzeratzen du eta gauez kortisola (aktibatzen gaituen hormona) murriztu beharrean, handitu egiten da eta ez da ondo atseden hartzen. Gainera, egunean zehar adi eta aktibatuta egoteko behar den kortisol maila egokia, igo beharrean, jaitsi egingo da konpentsatzeko, eta “lelotuago” egongo dira.  

Badu onurarik TikTokek?

TikTokek eragin duen guztia ikusita, benetan badu onurarik? Aplikazio guztiak bezala, ondo erabilita, erabilera-mugak jarrita, batez ere denborari dagokionez, jakina, baditu bere onurak.

TikTok, lehen Musica.ly deitua, modako abestiak dantzatu eta playback eginez bideoak grabatzeko tresna gisa hasi zen. Azkar joan da eboluzionatzen gaur egun ezagutzen dugun hori izatera iritsi arte. TikToken esanetan, “gure misioa sormena sustatzea eta jendeari gozaraztea da”.

Eta, egia da, aplikazio horretan sormena ikaragarri garatu daiteke, aho-zabalik uzten zaituzten bideoak daude, benetako artistak daude TikTok barruan, asmakuntzak, itzulipurdiak edo jauziak egiten dituztenak ere badaude, …

Talde-lana ere sustatzen du, dantzak pentsatzea eta ordu luzez entseguak egitea, modu koordinatuan atera dadin, mugimendua dakarren jarduera ona da, eta pantailek ez dute hori sustatzen. Estereotipoetan oinarritzen ez diren gag dibertigarriak pentsatzea sormena bultzatzeko beste modu bat da…

Balio horiek garrantzitsuak dira, eta alderdi horretan lagun diezaiekegu. Arazoa TikTok umezain gisa erabiltzen dugunean sortzen da, hau da, gure alaba edo semea entretenituta edukitzeko orduak eta orduak gainbegiratu barik uzten dugunean, aplikazio honetan kontu bat 13 urte (gutxieneko adina) izan baino lehen irekitzen uzten diegunean, gurasoen kontrola eta sinkronizazioa aktibatzen ez dugunean, edo pribatutasuna beren adinerako modu egokian konfiguratzen ez dugunean.

Izan ere, TikTok bidez biral bihurtutako erronka bat egiteagatik hil zen 12 urteko mutiko baten berri izan genuenean, guraso askok eskuak burura eroan zituzten pentsatuz: “Baina aplikazio hau ez al zen, ba, bideoak ikusteko eta dantzatzeko bakarrik?”.

Zoritxarrez, erronka horiengatik, adibidez “auto-itotzearena”gatik, hil diren neska-mutikoek 10, 12 urte zituzten, bakar batek ere ez zuen gomendatutako gutxieneko adina. Horregatik, aplikazioa erabiltzen uzten badiegu, adina errespetatu eta elkarrekin egin behar dugu, zelan funtzionatzen duen azalduz eta bideoak komentatuz. Izan ere, aplikazio hauen erabilera segurua ez da arratsalde batean azaltzen, egunero egiten da, seme-alabekin egonez, haiei lagunduz eta gidatuz, … eta zeregin hori gurea da. Beraz, zure semeak edo alabak TikToken kontu bat ireki behar badu, egin ezazue elkarrekin eta ondo pasa.

TikTok modu seguruan erabiltzeko jarraibideak:

Kontua irekitzeko adina: 13 urte (horregatik, benetako jaiotza-data jarri behar da).

13 eta 15 urte bitarteko kontuen ezaugarriak: Pribatuak lehenetsita eta funtzionalitate mugatuekin. (Bideoak nik gura ditudan pertsonek bakarrik –ustez, behintzat– ikusi ahal izango dituzte, baina horiek beste pertsona batzuei erakutsi ahal dizkiete, kontuz honekin).

16 eta 17 urte bitarteko kontuen ezaugarriak: Funtzionalitate mugatu batzuk lehenetsita daude (nork iruzkindu edo komenta ditzakeen bideoak, nork ikus ditzakeen, …).

Erabil daiteke TikTok aplikazioa instalatuta ez baduzu ere?: Bai. Webgunetik edo aplikaziotik bideoak ikus daitezke, baina EZIN da ezer argitaratu, ez komentatu, ezta “atsegin dut” adierazi ere.  You Tuben ere TikTokeko bideo asko daude.

Beste pertsona batzuk blokeatu al daitezke?: Bai. Horrela, ezingo dira zurekin harremanetan jarri, ez zure bideoak ikusi, ezta iruzkinik egin ere.

Beste pertsona batzuk salatu al daitezke?:  Bai, TikTok Komunitateko Arauak urratzen dituztenean.

Zer da familia-sinkronizazioa?: Zure seme-alaben kontuak zurearekin lotzea, haien kontuaren konfigurazioak aldatu ahal izateko, beharrezkoa iruditzen bazaizu.

Guraso-kontrolik badu?: Bai.

Argibide gehiago: PantallasAmigas-eko TikTok gidaliburuan

Andrea Alfaro. BBK Family

BBK Family mediatekan dauden materialak laguntza emateko:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/gurasoek-teknologian-eta-sare-sozialetan-bizirauteko-eskuliburua/

Gai honekin harremana dituzten BBK Family artikuluak:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mugikorra-tik-tok-instagram-gura-dut-zelan-amore-ez-eman-eskatzen-dutenari-baina-elkarrizketa-bidez/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/izan-influencer-zure-seme-alabentzat/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/bada-garaia-pantailetatik-askatzeko/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/7-ekintza-pantailarik-gabeko-aste-batera/
Menu

BBK Family Learning

×