Teknologien erabilera kritikoan trebatzea familian

Eskolara itzultzeak erne jarri gaitu. Ziurgabetasuna handia da eta gauza batzuk ezin ditugu kontrolatu. Konfinamenduak eta distantzia sozialaren neurriek gehitu egin dituzte pantaila aurrean igarotzen ditugun uneak. Eta, gaur egun, funtsezkoa da une horiek kalitatezko denbora izatea, eta, gainera, zehatzak eta beharrezkoak soilik izatea. Alda dezakegu hori eta, gainera, premiazkoa da egitea. Ezinezko misioa? Ikus ditzagun esperientzia batzuk.

Mugitzen diren eta mugak jartzen dituzten familiak

Aski ezaguna da Silicon Valleyko eliteek pantaila bako ikastetxeetara eroaten dituztela beren seme-alabak eta etxean ere saihestu egiten dutela horien erabilera. Askok 15 urte bete arte itxaroten dute mugikorra erabiltzen uzteko, eta baldintzatuta, gainera. Egunero erabiltzen ditugun teknologia komertzialak diseinatzen dituztenek ez dute gura beren seme-alabek pantailaren aurrean denbora pasatzea. Baina konfinamenduak guztioi eragin zigun. Eta eskola-urte “normal” baten berme barik eskolara itzultzeko garaia hurbiltzean, Silicon Valleyko familia batzuk 5-7 haurreko talde txikitan antolatzen hasi ziren, irakasle pribatu baten tutoretzapean, edo gurasoetako batek, txandaka, zainduta. Saioak familietako baten etxean egiten dira, baita aire zabalean ere, ahal den neurrian. Osasun-gomendioei jarraituz, familia-taldeak konpromisoa hartzen du kanpoko beste pertsona batzuekiko harremanak murrizteko. Horrela, tutorearekiko eta ikaskideekiko giza interakzioa ahalik eta modurik zuzenen eta bizien mantentzea lortzen dute haurrek. Esperientzia honek iradokitzen diguna ez da irakasle pribatu bat izatea komeni zaigun edo ez, baizik eta beste familia batzuekin eta eskolarekin lankidetzan aritzeko beharra, ikasteko ingurune egokiena sortzeko.

Hurbilago, Katalunian, familia-talde bat harritu egin zen duela pare bat urte ikastetxeak mezu elektroniko bat bidali zienean haurrek ikasgelan hezkuntza-aplikazioak erabiltzeko baimena eskatuz, eta Google aipatzen zieten garrantzirik eman barik. “Harritu egiten gintuen Google, datuak ustiatzen dituen enpresa bat, izatea eskolaren hornitzailea. Beste ikastetxe batzuetako familiekin berba eginda, ohartu ginen Google masiboki sartzen ari zela eskola publikoetan eta institutuetan, beste aukerarik ez balego bezala”, adierazi du ama sustatzaileetako batek. Urte eta erdiko elkarrizketen ostean, eta xnet elkartearen babes sendoarekin, akordio bat lortu dute Generalitat-eko Hezkuntza Sailarekin, eskolen digitalizazioa modu demokratikoan eta ikasleen pribatutasuna errespetatuz egin dadin, horrela enpresa teknologiko handien negozio-eredua alde batera utzi eta tokiko enpresen alde eginez.

Catherine L’Ecuyer lau seme-alabaren ama da, Bartzelonan bizi da eta hainbat libururen egilea eta psikologia, hezkuntza eta teknologiari buruzko gaien dibulgatzailea da. Duela gutxi, dozenaka aditurekin batera, hezkuntzan erabilitako teknologiei eta pandemia-garaian ezarritako hezkuntza-politikei buruz adierazpen bat sinatu du, hezitzaileak teknologia behar denean bakarrik erabiltzera bultzatzen dituena. Elkarrizketa batean, etxean printzipio horiek zelan aplikatzen dituen azaldu du L’Ecuyerrek: “Konfinamenduan, nire hiru seme zaharrenek egunean bi ordu izan dituzte irakaslearen azalpen guztiekin online eta gainerako materiala paperean. Eta irakurgai asko. Bederatzi urteko alabak ez du ezer egin online, dena paperean. Eta horrek oso ondo funtzionatu digu, autonomian eta erantzukizunean hazteko aukera izan da.

Zergatik egiten duten hori?

Zergatik ez dute Silicon Valleyko eliteek beren seme-alaben heziketa pantailen esku uzten? Zergatik mobilizatzen dira familia-taldeak Googleri mugak jartzeko? Zergatik mundu osoko pedagogo, zientzialari eta medikuek ohartarazten dute ez abusatzeko teknologiaz eskoletan, ezta konfinamenduan ere?

Arazoari errotik heldu ahal izateko, funtsezkoa da ulertzea zergatik erortzen garen hain erraz sare sozial, online joko eta serieen mende. Hezkuntza- edo produktibitate-aplikazio asko ere gu euren mende erortzeko diseinatuta daude. Hori ulertzeko adibide erraz bat Youtuben bideo bat ikusten amaitu orduko gertatzen dena da. Segundo batzuetako atzerako kontaketa hasten da eta, gero, hurrengo bideoa erreproduzitzen da, benetan aukeratu ez duzun bideo bat. Zuk ezer egiten ez baduzu, aplikazioak beste bat eta beste bat erreproduzitzen jarraitzen du. Eta erosoena ezer ez egitea denez, ziurrenik hasieran aurreikusi baino denbora gehiago igaroko duzu bideoak ikusten. Horrela, bi minutu edo bi ordu pasa ditzakezu.

Youtuberen funtzio honi erreprodukzio automatikoa esaten zaio, eta bideoak ikusteko beste plataforma komertzial batzuetan ere badago, adibidez Netflix edo HBOn. Hori arretaren ekonomia inplementatzeko aplikazioek sartzen dituzten funtzio ugarietako bat besterik ez da, hots, pantailaren aurrean ahalik eta denbora gehien pasaraztea zuri. Zergatik? Horrela funtzionatzen duelako haien negozio-ereduak. Youtube Googleren aplikazio bat da, eta eredu horrekin jasotzen dute Silicon Valleyko enpresa askok hainbeste diru: zuk ez duzu zuzenean ordaintzen erabiltzeagatik, baina aplikazioan duzun portaera behatzetik ateratzen diren datuak publizitaterako saltzen dituzte. Zenbat eta denbora gehiago eman aplikazioan, orduan eta datu gehiago batzen dituzte zuri buruz, iragarki gehiago erakutsi ahal dizkizute eta diru gehiago irabazten dute. Azken batean, zure denbora erabiltzen dute.

Ekintzara pasatzea tokatzen da

Baina gure bizi-denbora baliotsua da. Ez du merezi pantaila baten aurrean pasatzea. Eta teknologien mende erortze ori guri eta gure seme-alabei gertatzen zaigu. Gero eta gehiago. Zelan egin dezakegu zerbait horretaz? Keinu txikiekin hastea da garrantzitsuena. Aurreko adibidearekin jarraituz, zure gailuetako bakoitza berrikus dezakezu eta Youtubeko konfigurazioa aldatu: erreprodukzio automatikoa lehenetsita dago, baina zuk desaktiba dezakezu. Bidali dizuten bideo bat ikusten hasten zarenean, galdetu zeure buruari ea ekarpenik egin diezazukeen ala denbora pasatzeko edo une batez ihes egiteko ikusiko duzun. Behar duzuna atseden hartzea bada, agian gehiago komeni zaizu isiltasun apur bat edo haizea hartu eta egurastea. Sinplea da baina aldi berean ez da erraza. Zeure esperientzia honek behar den ulermena eta enpatia emango dizkizu seme-alabekin berba egin eta zure ereduari jarraitzeko proposamena egiteko.

Interneten bideoak ikustean gertatzen zaiguna adibide bat besterik ez da ikusteko zelan har dezakegun agintea teknologia erabiltzen dugun moduaz. Baina beste keinu txiki asko ere alda ditzakegu. Einsteinek zioenez, “Emaitza desberdinak nahi badituzu, saiatu gauza desberdinak egiten”. Horregatik, BBK Familyren “Zelan hezi teknologien erabilera kritikoan familian” online ikastaroan, teknologiarekin zelan bizi zaren berrikusten lagunduko dizut, eta zure seme-alabekin ekintza txikiak probatzen. Abian jarri behar dugu, ez dago denbora alferrik galtzerik. Eutsi goiari!

Inés Bebea, hezitzailea, Telekomunikazioetako ingeniaria eta Ondularen sortzatzailea.

Ines Bebeak prestatutako “Teknologia berrien erabilera kritikoa egiten dugu?”  online eta dohako Ikastaroa egin nahi duzu?

Ikastaroaren helburuak: familian teknologien erabilera kritikoa egiten dugun jakitea.

Ikastaroaren edukiak:

Sarrera
1- 1. Mitoa: teknologiak bizitza erraztuko dizue
2- 2 Mitoa: ez kezkatu, dena hodeian dago
3- 3. Mitoa: zenbat eta teknologia gehiago izan etxean, hobe
4- 1. estrategia: teknologiak zentzuz erabiltzea
5- 2. estrategia: elkarrizketa da gure aliaturik onena
6-  3.estrategia: mugak jartzea. Autoerregulazioa ikastea
7- 4. estrategia: errealitatearekin harreman zuzena duten esperientziak sustatzea
8- 5.Estrategia: familien arteko lankidetza eta teknologia eskolan

Hemen uzten dizuegu ikastaroaren lehen bideoa:

Menu

BBK Family Learning

×