Zure semeak, edo alabak, jolastea baino ez dizu eskatzen

Horrela da, bai. Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin, BBK Family gidatzen duten hiruretako batekin, izan genuen topaketan haurrek aitarekin, amarekin, denbora pasatzea eskatzen ziguten. Horregatik diseinatu zuten maiatzean La Casilla pabiloian egin genuen festa eta elkarrekin aurpegia margotzeko, bongoak jotzeko, dantzatzeko… aukera izan zuten. Eta opari gisa “Hitzetik harago” karta-jokoa eroateko aukera ere bai. Karta horiek psikologo-talde batek diseinatu zituen BBK Familyrentzat, familiek elkar gehiago ezagutu zezaten jolasean. Izan ere, askotan gure seme-alabek ia ez dakite gutaz gurasoen roletik kanpo. “Zer izan nahi zuen amak txikitan? Zein da haren kolore edo janari gogokoena? Zerk sentiarazten du ongi aita? Zer egiten dugu gure semea edo alaba ondo sentiarazten duena? Zerk sentiarazten du txarto?”. “Hitzetik harago” jokoan dauden galdera horiek gure familiari buruzko ezagutza handia eskaintzen dute, eta dugun lotura hobetzeko tresna handia izan daiteke. Gainera, joko honetan irabazten dutenek saria dute: masajea, igandeko bazkaria, astebururako plana edo gosaria presta diezaioten… aukeratzea, besteak beste.

Familien estresa

Familiek estres handia bizi dugu gaur egun: eskolaz kanpoko ekintzak, gehiegizko lana… Batzuetan, taxilari sentitzen gara seme-alabak gimnasia erritmikora, ingelesera, futbolera, skatera… eraman behar ditugulako.

Hainbeste jardueratara zergatik eramaten ditugun pentsatzen badugu, erantzuna da gure seme-alabei aukerarik ez diegula kendu nahi. Behin baino gehiagotan pentsatuko zenuen: “Ingelesa ikasten ez badu, kosta egingo zaio lan on bat aurkitzea” edo  “Robotikak trebetasun asko garatzen laguntzen diela diote, eta etorkizunari begira ate asko irekiko dizkiola”, eta pentsamendu baten eta bestearen artean, jolasa eta ezer egin gabe denbora pasatzea ahazten zaigu.

Izan ere, aurten BBK Familyn presentzia eta laguntzeko prest egotea azpimarratu nahi izan ditugu, 2022aren amaieran azterketa bat egin genuelako familiek dituzten beharrizanak ezagutzeko, eta azterlan haren ondorioetako bat hau izan zen: “10 gurasotatik 8k aitortzen dute mugikorraren mende egoten direla beren alaba edo semearekin zerbait egiten ari direnean”. Horregatik, “Hor zaude?” kanpainak helduek mugikorra txarto erabiltzen zutela nabarmentzen zuen. Agian gogoratuko duzu mugikorrari begira zegoen aita hura zabu huts bati bultzaka, semeak txundituta begiratzen zion bitartean zabu beraren aurrean.

Gurasoak sasoian jartzen ditu BBK Familyren Gym-ak

Umorea izan zen kanpaina haren ardatza, BBK Familytik ez baitugu inor erruduntzat jo nahi. Batzuetan ez da erraza daramagun bizitza-erritmo ero samar honetan gelditzea. Gainera, azterketan egiaztatu genuen lez, gurasoek teoria ezagutzen dute, baina gero gaitz edo zailagoa da gauzatzea.

Beraz, prozesu hori errazteko, irailean BBK Familyren Gym jarri genuen martxan, gurasoentzako doako lehen gimnasioa, hazkuntza-gaitasunak hobetu ahal izan ditzaten. Barakaldon, Durangon, Bilbon, Gernikan eta Basaurin egin zen aurkezpena, eta gurasoek seme-alabekin jolasteko aukera izan zuten beste behin ere. Abian jarri ditugun entrenamendu-programen artean, arauak eta mugak, haurraren loa —gurasoen kezka handia— eta nerabezaroa izan dira gai nagusiak.

Nerabezaroa, ia beti zailtasunak izaten dituen etapa

Azken horri dagokionez, etapa honek gurasoentzat duen zailtasuna dela-eta, sakonago landu dugu Family Lab Nerabezaroa delakoan. Roberto Aguado psikologoak “Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos” (Nerabezaroa: egitateetan oinarritutako konfiantza emateko artea) hitzaldia eman zuen joan den azaroaren 9an; 300 pertsonarentzako lekua zegoen, eta sarrerak agortu egin ziren. Bertan, Aguadok azaldu zigun nerabezaroa dena anplifikatzen den garaia dela, zaurgarritasun-garaia, eraldaketa eskatzen duen aldia baita. Alde batetik, jada ez dira lehen zirenak, baina oraindik ez dira izango direnak ere. Era berean, belaunaldien arteko norgehiagoka gertatzen da, baina garrantzitsua da gogoratzea pertsona heldua izateko nerabea ere izan behar dela, eta denok izan garela nerabeak.

Gainera, beraiekin hitz edo berba egin baino gehiago, galderak egiten dizkiegu, exijitu egiten diegu. Haien gelara sartu eta zera aurpegiratzen diegu esanez: “Oraindik ez duzu zure gela txukundu?”, edo “Atzo ez zenuen ontzi-garbigailua hustu”, “Norekin aterako zara?”, “Zer ordutan itzuli zinen atzo?”… Ziur nago horrelako zerbait ezaguna egiten zaizuela.

Lagun egitearen eta ito edo estutu ez egitearen arteko erdibidea aurkitzea zail samarra da. Roberto Aguado psikologoak jarri zuen adibide bat oso argigarria izan zen: Bere gelara zuku bat eramaten diozunean esaten dizu: “Ni zelatatzen ari zara, ze astuna zaren!”, eta zukua eramaten ez badiozu, galdetzen dizu: “Gaur ez didazu zukua ekarri behar, ala?”, eta pentsatzen duzu: “Baina azkenean, zer? Ekarri behar dizut ala ez dizut ekarri behar?”. Une horretan, gure seme edo alabak, horrelako erreakzioen bidez zelanbait esaten digu ez uzteko alde batera, ez abandonatzeko, baina adinekoa dela eta bere espazioa behar duela ere bai.

Roberto Aguadok eman zigun ikastaldiak abenduaren 1etik 2ra bitartean tailer batean jarraitu zuen, eta datorren otsailaren 7an amaituko da “Cruce de caminos” (Bidegurutzea) delakoarekin. Bertan, Aguadok emango dituen gakoez gain, nerabeen ahotsa ere entzungo dugu. Oraindik doako sarreraren erreserba egin dezakezu ekitaldi honetarako.

Banantzeek ere estresa sortzen dute

Urtean zehar egin ditugun ekintzen eta jardueren laburpen honetan, ez dugu ahaztu gura Egokitzen programa, banantzeek edo dibortzioek seme-alabengan eragiten duten estresa murriztea helburu duena. 2023an hirugarren edizioa egin da, eta harrera ona izan duenez —10etik 9,7ko balorazioa jaso du—, laugarrena prestatzen ari gara. Parte hartu nahi baduzu, bbkfamily@bbk.eus helbidera idatzi eta programaren informazioa bidaliko dizugu, eta gogorarazten dizugu doakoa dela.

Zer gustatuko litzaizuke guk BBK Familyn egitea edo tratatzea?

Halaber, aurten hainbat tailer (haurrentzako masajea, familian jolastea, adimen emozionala), webinar-ak (arauak eta mugak, haurraren ametsa…) eta Gazte Change 2023, gazteei ahotsa ematea helburu duen ekitaldia, ere egin ditugu.

Ikus dezakezunez, BBK Familytik zure seme-alaben hazkuntza- eta hezkuntza-prozesuan laguntzen saiatzen gara, adinaren arabera erabil ditzakezun doako baliabideekin. Izan ere, familiak zarete BBK Familyren ardatza. Horregatik, pozik entzungo genuke zerk kezkatzen zaituen, zer gai kontrastatu nahi dituzun edo 2024an zer tailer edo hitzalditan parte hartu nahiko zenukeen. BBK Familyren webgunean hainbat puntu dituzu zure kezkak helarazteko, baina bbkfamily@bbk.eus helbidera ere idatz diezagukezu. Zeren zain zaude?

Eta ez dugu aukera alferrik galdu nahi BBK Family-tik 2024an ere hazkuntza ona zuri opatzeko.

Urte Berri On!!!

BBK Familytik oporrez gozatzea eta 2024. urtea ahalik eta ondoen hastea opa dizuegu.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×