Badakizu zerk kezkatzen dituen gehien gurasoak?

Hazkuntzaren hasieran, umetxoaren loa une kritikoa izaten da, batzuetan, amorragarria. Gaua joan eta gaua etorri, ezin lo egiteak edonoren pazientzia agortzen du. Gainera, umetxoaren negarra entzutea eta ezin laguntzea frustrazio handia da eta sufrimendu handia eragiten du. Horregatik, duela bi urte BBK Familyn argitaratu genuen “Normala da nire umetxoa hain sarri esnatzea negarrez gauean?” artikulua, Bego Ruiz psikologoak idatzia, da irakurriena, eta gai berari buruzko podcast-a da entzunenetakoa.

Gehien interesatzen den beste gaietako bat da “Zergatik portatzen dira txarto umeak?”. Argi dago batzuetan gurasook ezintasuna sentitzen dugula, gure seme-alaben portaerei ez diegulako erantzunik aurkitzen. “Zergatik ez dute obeditzen, esandakoa egiten? Zergatik jotzen dute arreba/ahizpa? Zergatik ibiltzen dira oihuka eta deiadarka, edo ez didate kasurik egiten berba egiten diedanean? Familiok, batzuetan, etsita sentitzen gara, ez baitugu ulertzen zer gertatzen zaien ume horiei; badirudi gu onetik ateratzeko helburua baino ez dutela”.

Horrela hasten da Lorena Méndez Robredo psikologo eta Diziplina Positiboko hezitzaileak BBK Familyrako idatzi zuen artikulua. Oraindik irakurri ez baduzu, irakurtzera animatzen zaitugu, jokabide horiei buruzko gako batzuk aurkitzeko.

Zein faktorek eragiten du errendimendu akademikoan?

Gai akademikoak ere asko kezkatzen gaitu gurasook. “Badakizu zein den errendimendu akademikoan eragin handiena duen faktorea?” da BBK Familyren Top 10ean dagoen beste artikulu bat. Kontzentrazioa izango da, motibazioa? Ez dizugu spoiler eginez ezer hondatuko, hobe duzu zeuk irakurtzea faktore hori zein den eta zergatik den hobeto jakiteko.

Teknologiaren larregizko erabilera ere gori-gorian dagoen beste gai bat da, eta hitzaldietan askotan azaltzen diguzuen kezka.  Gainera, gehien irakurri diren artikuluen artean honako hau ere badago: “Teknologien erabilera kritikoan trebatzea familian”, Inés Bebea Telekomunikazioetako ingeniariak idatzi zuena. “Arazoari errotik heldu ahal izateko, funtsezkoa da ulertzea zergatik erortzen garen hain erraz sare sozial, online joko eta serieen mende”, dio Bebeak.

Eta zer gertatzen da eskolaz kanpoko jarduerekin? Badirudi honek ere kezkatzen gaituela, Imanol Loizaga entrenatzailearen “Zer akats egiten ditugu gure seme-alabentzako kirol bat aukeratzean?” artikulua baita BBK Familyren webgunean gehien irakurtzen denetako beste bat.

Bertan Loizagak gogorarazten digu “kirola ez genukeela kontziliazioan oinarritu behar, nahiz eta kasu batzuetan beste erremediorik ez egon. Adibidez, patinatzera eroatea, niri ondo datorkidalako. Berari ez bazaio patinajea gustatzen, hori gorrotatzea besterik ez dugu lortuko.  Aukeratzen utzi behar diegu. Ni atletismoko entrenatzailea nintzen, eta zortea izan nuen nire alabak ere atletismoa egin gura izan zuelako, baina hori bere lagunak zihoazelako, ez nik inposatu niolako, eta gainera bera gustura sentiarazten zuen kirol bat egiten zuen”.

Nerabezaroa aldapa gora ari zait egiten

Gurasoei aldapa gora egiten zaien beste etapa bat nerabezarokoa da. Bego Ruiz psikologoaren “Alabak 14 urte ditu eta oso oldarkor bihurtu da nirekin, ez dakit zer egin” beti dago Top 10ean.

 

“Nerabezaroan neska-mutilek erronka garrantzitsu bat bizi dute: Haurtzarotik helduarora igarotzea. Etapa ederra da, beren erronkekin topo egin ahala beren erabakiak hartzen dituzte eta. Hori guztia sormen handia erakutsiz eta beren gisako edo mailakoekiko jarrera solidarioarekin, oso interesgarria. Aldaketa hormonalek zelanbaiteko “desoreka” emozionala ekartzen dute berekin, eta, beraz, emozioak oso modu bizi eta aldakorrean bizitzen dituzte (poztasunetik tristurara oso denbora laburrean igaro daitezke).

Horregatik, frustrazio batzuen aurrean, amorrua oso modu bizian bizi dezakete, eta “lehertu” ere bai inguruko pertsonen aurkako erasoak eginez. Inguruko horiek beren nahi edo gurarien “zikiratzaile” gisa ikusten dituzte, eta horien aurrean beren nortasuna berretsi behar dute pertsona heldu gisa.

Horregatik, amorrua “autokontrolatzeko” trebetasuna apur bat “ukituta” egon daiteke nerabezaroan. Bego Ruiz psikologoak dioenez, “nerabe bakoitzak desberdin bizi du, eta hobeto edo okerrago bideratu ahal izango du, aurretik ikasitakoaren, bizi duen estres-kantitatearen, bere autoestimuaren edo familian edo bere mailako edo gisakoen koadrilan amorruari erantzuteko dagoen ereduaren arabera”. Anima zaitez artikulua irakurtzera, ziur asko lagunduko dizuten gako asko aurkituko dituzu eta.

Zelan bizi dute gure seme-alabek banantzea?

Amaitzeko, seme-alabek egoera zelan bizi duten izaten da bananduko diren edo jada bananduta dauden gurasoak gehien kezkatzen dituen beste gaietako bat. Hori dela eta, Anna Mascaró filosofo, pedagogo eta garapen emozionalean eta giza harremanetan adituaren “Cómo separarse bien” (Zelan banandu ondo) hitzaldia ikusienetako bat da. “Banantzen garenean, zer egin dezakegu hainbeste gatazka ez sortzeko? Zelan egingo dugu dolua? Bikote-hausturan garrantzitsua da eboluzionatzea, ez errepikatzeko”, dio Mascarók. Informazio gehiago behar baduzu, sakatu BBK Family artikuluen atalean “banantzea eta dibortzioa” kategorian edo, behar izanez gero, badakizu doako aholkularitza-zerbitzua, pertsonalizatua eta konfidentziala, dugula, kezkatzen zaituena helarazi diezaguzun.

Banantzea, umetxoaren loa, nerabezaroa, jeloskortasuna, ikasketetan motibaziorik eza, etab.  Kezkatzen zaituen edozein gai, BBK Familyn hor egon gura dugu zuri lagun egiteko.

BBK Family Learning

×