Lehengo batean Egokitzen programan parte hartu zuen pertsona bat hurbildu zitzaigun oso ondo etorri zitzaiola esatera, “banantze-prozesurako tresnekin atera naiz eta senar ohiarekiko harremana hobeto bideratzeko aukera eman dit”.
Egin ditugun programak familientzat baliagarriak izan direla jakitea oso polita izan da. Banantzea da familietan, guraso eta seme-alaben artean estres gehien eragiten duten prozesuetako bat. Horregatik, familiek oso ondo baloratu dute programa.
Hezkuntza afektibo-sexuala, jaiotzen direnetik
2024ko martxoan mundu afektibo sexualean murgildu ginen bete-betean, gai horri buruz berba egin behar baita, nahiz eta Family Lab afektibo-sexualean ikasi genuen bezala, hitzalditxo barik, tabuak alde batera utzita eta gure seme-alabentzat liburu irekia izanik, kontsultatu eta galdetu ahal izateko… izan ere, Martha Ubieta sexologoak dioen bezala, etxe bakar batean ere ez dago “Hemen ez da sexuaz berba egiten” dioen kartelik. Laborategi honetan haurtzaroan eta nerabezaroan abusuak saihesteko moduaz eta prest sentitu aurretik sexu-harremanik ez izateko gako batzuez ere hitz egiten dugu. Badakigu gaiak interes handia pizten duela, ondo egin gura dugulako; horregatik, 400 pertsona baino gehiago batu ginen Family Lab afektibo-sexualaren inguruan.
Laborategi honetara adin guztietako seme-alaben gurasoak joatea nahi genuen, baita jaioberrienak ere. Eta horrela izan zen, “Zure umetxoarekin loturak sortzen” programako guraso batzuk Bizkaia Aretora joan ziren informatzera eta formatzera. Izan ere, aldi berean, jaioberrien gurasoentzako gune bat sortu genuen, berba egin ahal izateko. Ama batzuek esan ziguten: “Azkenean badugu leku bat helduekin berba egin ahal izateko, bakarrik pasatzen baitut eguna”, eta horrekin konturatu ginen sarea sortzeko beharra dagoela erditzen zarenean, agian ez zaituzte-eta inguratzen adin horretako seme-alabak dituzten pertsonek, eta egon badaudela sentitzeak, zu bezala daudela, kezka apur batekin esperientziarik ezagatik, eta, gainera, gertatzen zaizuna besteekin trukatzeko aukera izateak, asko arintzen duela guraso batzuen larritasuna. Hainbat saio izan ziren eta edoskitzaroko edo haurtxoentzako lehen sorospenetako edo lotura afektiboari buruzko profesionalekin hitz egin zuten, baina kafea hartzeko leku bat ere izan zen, lasai berba egiteko… umetxoak katuka edo bueltaka koltxonetatan zebiltzan bitartean. Oso esperientzia polita izan zen.
Indartu zure seme edo alabaren talentua
BBK Familyn, aurrez aurrekoaz gain, online jarduerak ere egiten ditugu, bestela egin ezin duten pertsonen parte-hartzea errazteko. Aurten hiru webinar egin ditugu: diziplina positiboari buruz, familiari buruzko begirada sistemikoa “Ereduak errepikatzen ari zara seme-alabekin?” eta, azkenik, “Bokaziozko orientazioa”. Egiaztatu dugu gurasook interes handia dugula seme-alabei beren etorkizun akademikoan eta laboralean laguntzeko, baina Jone Oterok, webinar hori eman zuen profesionalak, gure seme-alaben talentua bilatzen eta bultzatzen eta beraien gaitasunak sustatzen zentratzera animatu gintuen, modu naturalean aukera dezaten. Urte asko igaro dira gu ikasten ibili ginenetik, eta lanak eta lan egiteko modua ere desberdinak dira eta izango dira; beraz, hemen ere egokitu beharra dagokigu.
Eta azken hiruhilekoari begira, autozainketari erreparatu diogu. Bai BBK Familyren Kontseiluak familiekin egindako bileretan, bai batez ere amengandik iristen zaizkigun iruzkinetan, premia larria zegoen gelditzeko eta ongizatean eta autozaintzan arreta jartzeko. Emakumeok larregizko exijentzia dugu, eta horrek asko sufriarazten digu, erruarekin nahastuta, eta horrek koktel nahiko indartsua egiten du. Tailerra azkar bete zenez eta 10/10 baloratu zenez, konturatu gara BBK Familyk ere leku bat eskaini behar diela familiei horretarako, edo, gutxienez, jarraibide batzuk eskaini behar dizkiela amek beren autozainketan eta gorputz-ongizatean eragin dezaten.
Beraz, 2025ean zuen autozainketaz eta ongizateaz oroitzea nahi dugu. Izan ere, hegazkinetan zer egiten den ikusten baduzue, lehenik amak edo aitak maskara jantzi eta gero semeari edo alabari jartzen zaio. Hau da, zuek ondo bazaudete, zuen seme-alabak ere hobeto egongo dira.
Gainera, datorren urtean kontziliazio hobea eta erantzunkidetasun handiagoa eskatzen dugu familien barruan, izan ere, “Aiten bila gabiltza” izeneko binetak izan zituen bisiten kopuruak erakutsi zigun faltan sumatzen dela aiten presentzia hazkuntzan.
Eta, azkenik, gogoratu benetako magia sortzen ditugun loturetan, ehuntzen ditugun laguntza-sareetan eta eskaintzen dugun zaintzan dagoela.
Zorionak eta Urte Berri On!