Zergatik amamak eta aitaitak ezin dira gauez dibertitzera irten?

Joan den astean lagunekin atera nintzen gauean eta diskoteka batean hirurogeita hamar urte inguruko emakume bat zegoen. Nire lagun batek esan zuen mespretxuz: “Zure ama izan liteke”. Horrek pentsarazi zidan zein estigmatizatuta dagoen hirurogei urtetik gorako biztanleria.

Nahiz eta aldaketa handia egon den nire amamaren eta nire amaren belaunaldien artean, oraindik aurreiritzi asko daude. Gaur egun, gero eta pertsona gehiagok gura dute zahartze aktiboa izan: kirol-jarduerak egiten dituzte, argazkigintza, Internet, antzerki, podcast… ikastaroetan ematen dute izena, etab. Astia dute, fisikoki ongi, sasoian, sentitzen dira, eta ikasteko gogoa ez dute galdu. Baina zergatik ikusten dugu begi txarrez gauez ateratzea eta dantza egitea? Dirudienez, Bilboko Etxetxua (Casilla) plazan bakarrik egin dezakete, eta beren garaiko musikarekin. Imajina dezagun hirurogeita hamar urteko emakume bat edo gizon bat Quevedoren azken arrakasta dantzatzen. Jende askok barre egingo lioke, etxera joateko esango lioke, horretarako zahartuta dagoela-eta. Baina ia ez dago espaziorik hirurogei urtetik gorakoek gaueko aisialdiaz gozatzeko edo, beste barik, dantza egiteko.

Heldu nagusientzako eguneko diskoteka

Dena den, badirudi hori ere aldatu egingo dela. Hego Korean, esaterako, heldu nagusientzako eguneko lehen diskoteka ireki zuten iaz. Helburua bakardadearen eta dementziaren aurka borrokatzea da, 65 urtetik gorako biztanleria haurrena baino handiagoa duen herrialde hartan.  Lokal hartako musika 60ko hamarkadakoa izan ohi da, baina iradokizunak jasotzeko prest egongo direla uste dugu. Gainera, mozorrotuta joatera, koreografiak sortzera, azken batean, gustukoen duten moduan ondo pasatzera animatzen dituzte.

Madrilen oraindik badago lokalen bat adineko jendeak dantza egin, gozatu eta, gura izanez gero, ligatu dezan. Hara joaten direnak kexu dira gero eta leku gutxiagotara joan daitezkeelako dantzara eta ondo pasatzera. Hala ere, ez dute itxaropena galtzen eta gozatu egiten dute lagunekin edo bakarrik joaten diren bakoitzean.

Merkatuak gaueko aisialdia eskaini behar du hirurogei urtetik gorakoentzat ere

Munduan zehar ikus daiteke premia edo beharrizan hori. Izan ere, 2016an doktore-tesi bat aurkeztu zen Peruko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean, eta bertan negozio-plan bat diseinatu zen hirurogei urtetik gorakoentzako pub diskoteka bat ezartzeko, non beren garaiko musika entzunez eta dantzatuz gozatu ahal izan zezaten.

Beraientzako bakarrik izango zen dibertsio-lekurik merkatuan ez egotea izan zen gai hori aukeratzeko arrazoia. Egindako ikerketaren arabera, “gogo handia dute adin horretako pertsonek, denbora eta diru gehiago baitute ondo pasatzeko, ardura gutxiago dutelako. Horregatik, proiektu hau Lima Modernoko barrutietan bizi diren 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago”.

Lokalaren diseinuari dagokionez, tesiak bi ingurune izatea proposatzen zuen han askatasunez ibiltzeko: “pub bat, hitz edo berba egin ahal izateko; eta diskoteka, gure bezeroek zuzeneko ikuskizunekin gozatu ahal izateko”.

Dantzaren onurak

Izan ere, osasunak lagunduz gero, dantza egiteak onura handiak dakarzkio gure organismoari. Alde batetik, gure egoera fisikoari mesede egiten dio eta gogamena okupatua izatea eragiten du; eta, bestetik, dantzan ari garen bitartean endorfinak, zorionaren hormonak deiturikoak, jariatzen ditugu. OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) jarduera fisiko mota hori gomendatzen du jarduerarik ezaren eta bizimodu sedentarioaren (obesitatea edo diabetesa, esaterako) ondoriozko arazoak saihesteko, eta, gainera, muskuluak sendotzen laguntzen du, bereziki hanka, beso eta aldaketan, baita erresistentzia eta malgutasuna areagotu ere.

Gainera, dantzak harreman sozialak indartzen ditu, taldeka edo bikoteka dantzatzen baita, eta barreak, une atseginak eta dibertigarriak sortzen dira. Beraz, hurrengoan emakume bat edo hirurogeita hamar urteko gizon bat dantzaleku batean dantzan ikusten duzunean, egiozu irribarre eta anima ezazu ondo pasatzen jarrai dezan.

Andrea Alfaro, BBK Family

Silver Film Festival

BBK Family beste artikulu bat:

Badakizu aitona-amonatasunaz nola disfrutatu? Gako batzuk emango dizkizugu

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

 

 

 

 

 

BBK Family Learning

×