Badakizu aitona-amonatasunaz nola disfrutatu? Gako batzuk emango dizkizugu

Ziur aski, izenburuko berba horrek harritu egingo zaituzte, oso-oso gutxi erabiltzen baita. “Eginkizun” bat izendatzen duen berba da, AITATASUNA, AMATASUNA, SENIDETASUNA … bezalaxe; eginkizun horiei zentzu bat ematen diegu, eta badakigu zer esan gura duten.

Ama/aita batek amaren/aitaren eginkizuna betetzen duenean amatasuna/aitatasuna (gurasotasuna) gauzatzen duen bezala, amonak/aitonak ere eginkizun bat gauzatzen du: amonatasuna/aitonatasuna. Baina amatasunarekin eta aitatasunarekin ez bezala, aitonak eta amonak biek bete dezakete eginkizun edo funtzio berbera, eta hor ez dago sexu-bereizketarik. ‘Aitona-amonatasuna’ berbak zentzu osoa du; izan ere, aita eta ama, beraien alaba erditzen denean, aitona/amona izatera igarotzen dira, eta ondo baino hobeto dakite zer egin behar duten, berez ateratzen zaie. Lagun egiten diote, zaintzak ematen dizkiete, bai amari eta bai umetxoari, eta, gero, oso ondo zehaztuta ez dauden zereginak gehitzen zaizkie (aztertuko ditugu zeregin horiek), baina beti “maitasuna da nagusi”.

Umetxo bat jaiotzen denean, bere aurretik dagoen istorio bat ekartzen du, bere nortasuna markatuko duen abizen bat. Bere familia-historiarekin egituratzen da, gurasoengandik seme-alabengana transmitituriko arbasoen bizipenekin, baina horiek zuzenean aitona-amonen bidez transmititzerik baldin badago, askoz aberasgarriagoak izaten dira.

Aitona-amonen erreferentziak oso garrantzitsuak dira umetxoarentzat, eta falta direnean, bai amari, bai haurrari, bai aita berriari, oso garrantzitsua den norbait falta zaie une horretan. Izan ere, guraso izatearen zoriona ilundu egiten da, eta haurtxoa hazten denean falta zaion erreferentzia hori eman egin behar zaio: aitona-amonak zelan deitzen ziren, non jaioak ziren, zertan jarduten zuten, haien historia, … kontatu behar zaie. Beren benetako leinu edo jatorriaren zati bat falta zaielako, eta beren leinu sinbolikoa falta ez dakien egiten da, baina berba egin behar zaie haiei buruz, horrela ez baita katea eteten. Gaur egun, aitona-amona ia guztiok gozatzen dugu une horretaz, eta biziki ospatzen dugu. Sarrera honen ostean, zera esan dezakegu:

AITONA-AMONATASUNA FAMILIAREN HISTORIA- ETA MAITASUN-ONDAREA DA.

Zer da aitona-amona izatea?

Aitaren lekua beste norbaiti ematea, aita izateari utzi barik.  Amaren lekua beste norbaiti ematea, ama izateari utzi barik. Aitona-amonek, egun batean, seme bat, alaba bat izan zuten, beren leinuaren barnean, euren familia-historiaz elikatu zituzten, eta euren ohiturak, euren bizi-espiritua, euren familia-ikurrak transmititu zizkieten.  Beren ondorengoak (seme-alabak) izateko eta familia osatzeko prestatu zituzten. Pertsona bakoitza helburu bat da berez, baina, aldi berean, belaunaldi-katean, hirugarren belaunaldi honekin, aitona-amonek belaunaldien arteko aliantzak betetzen dituzte, norberarenak eta seme-alabenak, baina aitak eta amak ez bezala, aitona-amonak ez dira zuzenean bizi-sortzaile izaten, baizik eta euren seme-alabak guraso izateko aukera ezartzen dute. Hori zati teorikoa, egiturazkoa da, zelanbait esateko, familia, etorkia irudikatzen duen zuhaitz genealogikoa sortuz joateko modua.    

Baina zer da eguneroko bizitzan aitona-amona izatea? Bilobak behar zaituenean hor egotea da, haren ondoan egotea, atsekabeturik dagoenean, arazo bat duenean, tolerantziaz, irekitasunez, berotasunez, … entzuteko prest egotea, baina errieta egin, zigortu edo lezioak emateko beharrizana sentitu barik. Horretarako beraien gurasoak daude. Ez dago gauza antipatikoagorik umeentzat, bihurrikeriaren bat egindakoan lezioak ematen joatea edo salatari, kontakatilu izatea baino.              

Aitona-amonek badakite bilobak txoratu egiten dituela detaile berezi bat jasotzeak, gustuko duten zerbait topatuz. Hori ez da txarto heztea; txarto heztea da zerbait egiten uztea, jakina denean aitak edo amak ez diela hori egiten uzten. Gurasoak ez daudela aprobetxatuz, familia-arauak hausten uztea da txarto heztea. Zelanbait gurasoei balioa kentzeko modu bat baita, errespetu falta bat.      

Aitona-amonen entzuteak bilobei barrua askatzeko balio behar die, barneko atsekabea, larridura garbitzeko; izan ere, haiek badakite txarto egin dutela, eta min handia ematen die, damututa daude, baina ezin dute aldatu, egindakoa egina dago, eta gehien gura dutena maitatuak izatea denez eta huts egin dutenez, gurasoen maitasuna arriskuan jarri dutela uste dute.  

Maitasuna

Berez maite izaten al da biloba, ala beste zerbaitengatik maite izaten da? Biloba berez maite izaten da, seme edo alaba bat nire seme edo alaba delako maite izaten den bezala. Ez du zertan azkarra izan, ederra izan, familiaren antza izan, …  beti aurkitzen baitiogu liluratzen gaituen zerbait. Baina beste arrazoi batzuengatik, nartzisistak dei genitzakeen arrazoiengatik, ere maite izaten da, baina ez dugu horietaz hausnartu gura izaten.

Biloba berez maite izaten da, baina aitona-amonek beren burua ere maite izaten dute. Aitona-amonok sarituak sentitzen gara, eta harro, bizitzak kategoria berezi bat eman izan baligu bezala da, ondasun partikular, berezi, maitagarri bat merezi izan bagenu legez, barru-barruan aberastu eta asetzen gaituena.

Gainera, joan zena maite izaten da. Aitona-amona izatea gure seme-alabei gurasoen tokia ematea da, gure seme-alaben aita-ama izateari utzi barik, baina gure menpeko izan zen seme edo alaba horrek bere bideari ekin dio, beraz, guk bete dugu geure misioa. Seme-alabentzat maitagarria den istorio hori errepikatu egiten da, baina gurasoentzat, gaur egun aitona-amona direnentzat, esperientzia eta bizipen aberasgarriz beteta daudenentzat, urruneko eszena horren nostalgiaz betetzen da. Bilobentzat altxorra da esperientzia- eta maitasun-ondare hori izatea.       

Autonomia

Haurtxoek, dena ondo badoa eta ondo joan bada, etorkizunean amaren edo aitaren funtzioa betetzeko gaitasuna lortu beharko lukete. Umetxo berriak tratamendu bera jasotzen du gaikuntzan, etorkizuneko eginkizunak betetzeko. Gurasoek lez, umeak bere aitak eta amak aita- edo ama-eginkizunak zelan betetzen dituzten ikusten du, eta haiek imitatzen saiatzen da, aita eta ama izatera jolas egiten du. Haurrek heldutasunean aurrera egiten dute, eta ohartzen dira gurasoek errespetatu egiten dituztela beren erabakiak, adinaren arabera betiere, lehenik nerabe gisa eta gero heldu gisa. Gaitze hori oso goiz egiten den lana da, hasieratik.

Belaunaldi-katean hiru maila ditugu, eta lekukoa hurrengo belaunaldiari pasatzen diogun neurrian, eginkizun bat galdu eta beste bat irabazten dugu. Posizio-galtze hori modu anbibalentean bizitzen da, alde batetik pozez, gauzak ondo egin ditugula adierazten duelako, eta, bestetik, atsekabe apur bat batekin, lehen urteetako mendekotasun-etapa hori, hain polita dena, galdu egiten delako. Galera hori gurasoek sentitzen dute lehendabizi, baina aitona-amonek ere bai, bai beren guraso garaian, bai aitona-amona diren garaian. Katebegi batek bizitzaren aldapa jaitsi egiten du, kate bereko beste batek igo egiten duelarik.                  

Kontuan izan behar da bikote askok ez dutela kate horretatik pasatu gura, erabaki horiek errespetatu egin behar dituzte gurasoek, ez baitira aitona-amona izango, baina ez dira seme-alabak presionatu behar eta falta edo gabezia hori elkar ulertuz eta maitasunez bizi behar da.            

Itxaropena

Itxaropena, esperotako biloba bat agertzean betetzen dena. Gure aitona-amonatasunaren funtzio berri eta garrantzitsuaren subjektu adierazgarri pribilegiatu gisa agertzen dira bilobak, aitona-amonei leku bat emanez, bizi-zikloak ekartzen dituen galera eta gabeziak konpentsatzeko. Iraganean bizi izandako maitasun-istorio baten oroigarri gisa agertzen da, eta egungo maitasun-istorio berri eta lasai batera eroaten gaitu.                            

Belaunaldi-kateko kide berri baten agerpenarekin itxaropen faltsuak zertzeak bilobaren etorkizuna hipotekatzera eraman gaitzake, fisikoki ez bada ere, bai irudimenez, eta gure itxaropenak betetzeko erantzukizuna egoztera. Kate hori saihestu egin behar da eta bilobei aske aukeratzen utzi behar zaie. Ezin dugu huts egin eta honelako berbarik esan: “Nire semearekin lortu ez nuena, nire bilobak egingo du”. Kontua da “aitona, aitaita, aitajaun …”, “amona, amama, amandre …” berbei duintasun eta erantzukizun osoz aurre egiteko kemena izatea, horien benetako eginkizuna ezkutatzen saiatu barik.                          

Ausardia

Aitona-amonatasuna fundatzailea da, ez bakarrik aitona-amonek beren bilobekin, seme-alabekin, duten harremana, baita beren buruarekin, beren istorioekin, orainarekin eta familia- eta gizarte-taldeko gainerako kideekin ere. Ez dezagun ahaztu belaunaldien arteko lotura berri eta konplexu bat dela, metamorfosia eskatzen duen aldaketa handi bat. Krisi batekin, “aitona-amonatasunaren krisiarekin”, agertu ohi den metamorfosia. Krisi horrekin batera, larritasuna edo antsietatea egon ohi da, aurreko eginkizun edo funtzioak galtzearen ondorioz, eta min ematen du, eta dolua egin behar izaten da, identifikazio berriak sortzeko, horiek beste mota bateko harremanak, helburuak eta ilusioak, horiek ere atsegingarriak, ahalbidetu ditzaten.            

Krisi hori, batzuetan, sozialki agertzen da, estatus berri hori ukatuz edo ezkutatuz, ondoez edo sintoma bat islatuz. Horregatik, ulergarria da beti topatzea “aitona/amona” berba saihestu gura duen norbait, biloben maitasunari uko egin barik. Onik atera daiteke, berba aldatuta ere. Bitxia da beste hizkuntza batzuetan berba espezifikorik ?amona, aitona? ez egotea eta “aita handi” (grandfather) edo “ama handi” (grandmother) legez izendatzea; arabiar munduan, berriz, “gadd” hitzak ordezkatzen du, eta errespetagarria esan gura du.                   

Baina, zein da aitona-amonen funtzio edo eginkizuna? Esan dugun lez, zaintzak ematea, baina zaintza horiek aldatu egiten dira adinaren arabera: gure seme-alabek beren umetxoa uzten badigute jagoteko, zaintzak oso atseginak eta errazak dira, konplikazioren bat agertzen ez bada behintzat.3 eta 9 urte bitarteko haurren zaintza uzten badigute, zailagoa da; izan ere, adin horietan, umeek badituzte beren familia-guneko ohitura eta arau espezifiko batzuk. Aitona-amonek ez dute zertan jakin arau horiek; horregatik, komeni da aitari edo amari galdetzea zein diren, gutxienez, garrantzitsuenak, eta, hala badagokio, bilobekin berba egitea gaizki-ulertuak saihesteko. Une horretan aginpidea dute, maitasun osoz erabilia.

Baina zaintza jarraitua denean, adibidez, eskola-garaian asteko egun guztietan bilobez arduratzen direnean, kontua konplexuagoa da, berez dagokiena baino harago doan zeregina ari direlako betetzen; hainbeste ordu utzi dira beraien esku, ezen jagole eta hezitzaile izatea baitagokie. Gurasoek dute zeregin zail horretarako aginpidea, eta, horregatik, seme-alabekin berba egin behar dute, batez ere jada aurre-nerabeak edo nerabeak direnean, eta argi utzi behar zaie, inguruabarrak edozein direla ere, aitona-amonen ardurapean geratuko direla, eta, une horretan, eurek, guraso legez, aitona-amonen esku uzten dutela aginpidea, aitari edo amari dagozkien zereginak.

Aitona-amonengandik datozen arauak, batzuetan, txarto betetzen dituzte bilobek, ziur asko badakitelako zeregin hori ez dagokiela eurei, eta egoera horietan desatsegin bihurtzen dira, errespetua galtzeraino ere bai. Une horretan, ausardia behar da eta zigorrei buruzko araudia ezarri, bai, baina zigor horrek proportzionatu edo neurrizkoa izan behar du. Une berean izan behar du, gainera. Eta ez du umiliagarria izan behar. Bilobak, edozein ume bezala, gurasoak ez daudela aprobetxatuz, mugak kentzen saiatzen dira. Orduan, aitona-amonek ordena jarri behar dute bizikidetza harmonikorako, malgutasun apur batekin, eta betiere elkarrekiko errespetua nagusi dela. Denok entzun dugu: “Ba, gurasoek uzten didate!”. Kontuan izan behar da gurasoak iristen direnean, normala den legez, haien besoetara joango direla, eta aitona-amonak soberan daudela. Hori denok egin dugu, eta orain badakigu min ematen duela.     

Esklabotasuna

Kasu batzuetan aitona-amonak zerbait gehiago dira.Alde batetik, gurasoek ezin dituzte bateragarri egin lan-ordutegia eta eskola-ordutegia, eta gastuak asko igotzen dira zeregin horietarako norbait kontratatu behar denean, eta are gehiago krisiarekin eta gaur egun pandemiarekin. Aitona-amonen estatusak erantzukizun batzuetatik salbuesten ditu. Gogora dezagun gurasoen ardura legea betetzea eta betearaztea dela, muga jartzen jakitea hezteko du(t)en modu pertsonalarekin. Baina aitona-amonen funtzioak ere arau batzuk betetzea eskatzen du, hau da, seme-alaben (orain guraso direnen) egiteko modua errespetatzea, … ondo edo txarto egin, egiten dutenarekin ados egon edo ez egon, baina beraien irizpidea hori delako. 

Are gehiago, ona da bilobek ulertzea aitona-amonek agian ez dutela haien seme-alabek, orain guraso direnek, bezala pentsatzen; orduan eurek ere sentituko dute agian ez dutela beren gurasoek lez pentsatzen, horregatik txarto sentitu barik, eta edozelan ere sakon errespetatzen jarraituko dute. Errespetua elkarrekikoa izan dadila. Bilobek ez dute sentitu behar aitona-amonek gurasoen erabakiak epaitzen, baliogabetzen edo gaitzesten dituztenik. Aitona-amonek eurekiko eta gurasoekiko errespetua transmititu behar diete bilobei. Aitona-amonen eta biloben arteko harremanak ez ditu gurasoak saihestu behar, gurasoen bidez komunikatu behar dute elkarrekin. Horrek egonkortasuna ematen die haurrei.  

Aitona-amona batzuentzat zeregin horiek zama astuna dira, larregizko erantzukizuna, eta antsietatea eragin diezaiekete, hainbat sintoma sortuz: akidura, estresa, larritasuna, baita depresioa ere. Dilema bat sortzen zaigu: Zelan atera sintoma horietatik eta, aldi berean, zelan jarraitu geure gain hartu dugun zeregin gehigarriarekin? Guztiarekin ahal zuten aitona-amona indartsu eta boteretsu haien oroitzapenak geratzen al zaizkigu? Larregi baloratu ote ditugu gure indarrak? Gai izango ote gara herentzia hori hautsi edo urratzeko? Gure osasuna dago jokoan. Gaur egungoa baino askoz gogorragoa izan zen lan-bizitza baten ostean merezi dugun aintzatespena kontuan hartuta, sari baten ordua da, geuretzako astiaren garaia da, aurrerapen berriez gozatzeko maila guztietan, geure gain hartu gura ditugun zereginekin, batzuetan beharrezkoak ez diren eginbeharren zama hartu barik. Azkenik: noren esklaboak gara?     Bilobenak. Seme-alabenak. Geure buruarenak.                                                                                                                                                 Mesede kaskarra egingo diegu gure seme-alabei leher egin eta pot egiten badugu, gero gu ere zaindu beharko gaituzte eta.

Juana de Julián, psikoanalista

Gai honekin harremana dituzten BBK Family artikuluak

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/zelan-eragiten-du-iraganak-zure-gurasoekiko-harremanak-zure-seme-alabekin-orain-dituzun-harremanetan-eta-zein-da-haziera-haren-legatua/

                           

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/nola-babestu-ahal-ditugu-aitite-amamak-bakardadean-sartu-gabe/

            Gai honekin harremana dituzten BBK Family bideoak

https://www.youtube.com/watch?v=XlIfqTqQrIQ&t=3s
https://www.youtube.com/watch?v=fvIRmJCS1lk

BBK Family Learning

×