Zer jakin behar dut zesareari buruz?

Haurdun gaudenean eta amatasunari eta hazkuntzari buruzko informazioa bilatzen hasten garenean, baliteke ez pentsatzea gure haurra baginan zehar ez den beste modu batean jaio daitekeenik. Hala ere, baliteke zesarea bidez jaiotzea.

Eta zer da zesarea?

Zesarea abdomeneko kirurgia bat da, eta horren bidez erditze-kanaletik igaro gabe ateratzen da umea kanpora. Egia da, ebakuntza horri esker, haur eta ama askok bizirik iraun ahal izan dutela beren bizitza benetan arriskuan zegoen egoeretan, bai haurdunaldiarekin eta erditzearekin lotutako arrazoiengatik, bai bietako baten gaixotasunagatik.

Kirurgia denez, egin ahal izateko, anestesia erabili behar da amarengan. Azken hamarkadetan, medikuntzaren aurrerapenekin, anestesia lokorregionala (epidurala edo errakideoa) izaten da aukeratzen den metodoa; hau da, emakumea kontziente egon daiteke ebakuntza osoan, eta sabelaldetik oinetaraino bakarrik lokartzen da. Horrela, bere haurra jaio eta berehala ikusi, entzun eta uki dezake.

Zer zesarea-mota daude?

Zesareak programatuak edo urgentziazkoak izan daitezke. Programatzen direnean, amak aldez aurretik ezagutzen du zein egunetan egingo den kirurgia eta, laguntzailearekin batera, osasun-zentroan sartzen da. Urgentziazkoa denean, erditzearen faseren batean (dilatatzekoan edo kanporatzekoan) izan daiteke, edo horren aurretik, amaren (odoljario ugaria, gaixotasuna) edo umetxoaren egoera klinikoak hala adierazten badu.

Zein dira zesarea bat egin behar izateko arrazoiak?

 Haurdunaldian, badira zenbait egoera umetxoak zesarea bidez bakarrik jaiotzea eragiten dutenak, hala nola plazenta prebio edo aurretikoa edukitzea, haurdunaldi anizkoitz batzuk, baginako erditzearekin bateragarriak ez diren jarrera edo posizioan egotea umetxoa umetokian, etab. Erditze-lanean baginako erditzea eragozten duten egoerak ere ager daitezke, hala nola ordu batzuk igaro ostean dilataziorik ez izatea, haurra pelbisean zehar jaistea, uzkurdurek eragiten duten estresarekiko tolerantzia gutxi izatea umetxoak, etab.

Zer prozesu gauzatuko da osasun-zentroan ebakuntza kirurgikoan?

Ebakuntza-gelara sartzeko, zain-bide bat (seruma) kanalizatuta eduki behar dugu, eta zunda bat jarriko digute maskurian etengabe hutsik edukitzeko. Ezin ditugu metalezko objektuak eraman, hala nola belarritakoak, bitxiak edo piercing-ak. Aurretik ez badugu epidural-kateterra jarrita, anestesia lokorregionala egingo dute ebakuntzarako. Dagoeneko epidural-kateterra baldin badugu, zesarea egiteko erabil daiteke, medikamentuen dosia aldatuz mina eta mugikortasuna desagerrarazteko. Gure hankak erabat lokartuta geratuko dira.

Ebakuntza-gelan baliteke urduri egotea, egoera berria baita jende gehienarentzat, eta osasun-langileak gu lasaitzen saiatuko dira, gure bizipena ahalik eta positiboena izan dadin.

Zeintzuk dira ondorengo zainketak osasun-zentroan? Eta etxean?

Normalean, haurrak zesarea bidez jaiotzen direnean, baginatik jaiotakoan baino egun gehiago egoten gara osasun-zentroan. Lehenengo orduetan, eta egoerak aukera ematen badu, komeni da umetxoa amaren larruazalarekin kontaktuan ahalik eta denbora gehien edukitzea, amagandiko edoskitzeari arrakastaz ekiteko.

Ordu batzuk geroago gernuaren zunda kenduko digute eta pixkanaka ohetik altxatzen hasiko gara. Oso litekeena da haurtxoaren lehen zainketak (pixoihala, arropa eta abar aldatzea) laguntzaileak egin behar izatea.

Mina arrastoan mantendu behar da, agertu egin baitaiteke eta mugikortasuna asko mugatu. Osasun-langileak saiatuko dira ahalik eta erosoen egon zaitezen, eta behar dituzun sendagaiak emango dizkizute mina kontrolatzeko. Haiekin ondo komunikatuz gero, medikazioa zehatzago doitu daiteke.

Etxean, atsedenaldi on batek eta elikadura egokiak gure susperraldian lagunduko digute.  Erditze baginal batean bezala, lokioak (baginako odoljarioak zenbait egunetan) izango ditugu, eta litekeena da sabelaldea ere minduta izatea. Gure jarduera fisikoa (paseatu, denbora gehiago egon zutik edo eserita, etab.) egokituz joan gaitezke, ez gara guztiok berdinak.

Zelakoa izango da nire gogo-aldartea zesarea ostean?

 Sentimendu ugari izan ditzakegu lehen egunetan, denboraren poderioz aldatzen joan daitezkeenak: tristura, amorrua, pena; zesarearen momentuaz dugun bizipenaren mende egongo da neurri handi batean, egin zen testuinguruaren mende (premia handikoa izan zen, haurrak jaioberrien unitatean ingresatu behar izan zuen …), baita gure umetxoaren jaiotza-unearekiko gure itxaropenen eta ilusioen mende ere. Jakin behar dugu sentimendu horiek guztiak guztiz zilegi direla, eta askatasunez adierazi edo espresatzeko eskubidea dugula, kezkatzen gaituen guztia kanporatzeko.

Noiz egin ahal izango dut berriro ariketa fisikoa?

Ariketa fisiko leuna (oinez ibiltzea) indartsu sentitu eta sentsazio mingarriak kontrolatuta ditugunean has dezakegu. Komeni da hankak mugitzea, odolaren zirkulazioan konplikazioak saihesteko. Ariketa fisikoak aste batzuk itxaron beharko ditu. Puerperioaren ondoren (6-8 aste) eta gure zoru pelbikoaren eta sabelaldearen balorazioa egin ostean, gure jarduera fisikoa berreskuratzen has gaitezke. Inpaktu handiko ariketak, hala nola korrika egitea, zumba, tenisa edo pisu-zama oso handia… izango dira berriz hartuko ditugun azken ariketak.

Zesarea egiteak eraginik ba al du amaren esnearen igoeran?

Ez du zertan eragin negatiborik izan. Umetxoa egunean 24 orduz amarekin baldin badago, bularra eskatu ahala eskaintzen zaio denbora-mugarik gabe, eta ama eroso badago, minik barik, ez da faktore negatiboa izango. Bularra ematerakoan, hobekien sentiarazten gaituzten jarrera edo posizioak bilatu beharko ditugu, agian etzanda, jaioberriaren pisua gure sabelean bermatu barik.

Zesarea baten ostean, zenbat denbora itxaron behar dut berriro haurdun geratzen saiatzeko?

Gaur egun ez dago adostasunik haurdunaldi berri bat bilatzeko itxaron behar dugun denborari buruz. Profesional askok uste dute gutxienez urtebete itxaron beharko litzatekeela hurrengo haurdunaldian konplikazioak saihesteko, zesarearen orbaina ondo itxita egon arte. Gainera, denbora nahikoa izango da anemia izan badugu burdin erreserbak berreskuratzeko, baita haurdunaldiaren aurretik genuen gorputz-pisua ere.

Monica Blas eta Gorane Lozano, Amane emaginak

Laster martxan jarriko digutu haur-masaje doako tailer bat eta familian jolasteko beste doako tailer bat Gurutzetan (Bizkaian) Parte hartu gura baduzu, idatzi mezu bat bbkfamily@bbk.eus.

Haurdunaldiarekin eta erditzeareakin harremana duten BBK Family artikuluak: 

“Nahiz eta amak positibo eman COVID 19an, bularra ematea eta kontaktu fisikoari eustea gomendatzen da”

Amagandiko edoskitzea espero bezala ez doanean

Haurtxaroaren lehen hilabeteak

Ezagutu haur masajearen onurak

Erditzeari buruzko BBK Family podkast:

 

Menu

BBK Family Learning

×