Amagandiko edoskitzea espero bezala ez doanean

Arrazoimena dudanetik, ama izateko ideiarekin amets egin izan dut. Oso argi izan dut beti nire bizitzan behar nuela hori eta, noski, bularra emango niela nire umeei.

Haurdunaldian ez nuen informaziorik bilatu. Era berean, inork ez zidan ezer esan izan nitzakeen arazoez eta, are gutxiago, zelan konpondu. Erabat sinetsita nengoen edoskitzea erditzea bezain naturala eta instintiboa zela eta ez zitzaidala ezer txarrik gertatuko. Esaten nuen neure artean: “Milioika emakumek egin dute nik baino lehen. Giza espeziea ez litzateke existituko erditzea eta titia ematea hain zaila balitz”.

Baina gertatu zen, edoskitzeari dagokionez, nik txartel guztiak izan nituela amagandiko edoskitzearen arazotzat jotzen den ia guztia niri gertatzeko.

2010ean nire lehen alaba jaio zen, eta edoskitzeak zelan funtzionatzen duen batere ideiarik izan barik, bakar-bakarrik eskariaren araberakoa dela, nire ugaztun-gaitasunetan konfiantza handia nuela abiatu nintzen.

Lehen egunetik bularra ematea mingarria izan zen, eta gero zartadura edo arrailak agertu ziren, eta titia hartu eta hartu besterik gura ez zuen umetxo bat, eta agerikoa zena ─nire alaba gose zela─ adierazi baino egiten ez zuen amaginarreba bat.

Eta zer esan amek entzun behar izaten ditugun eta batzuetan min handia egiten diguten esaldi horiei buruz? Ziur aski, pertsona horiek asmo onez egiten dute, baina, lagundu beharrean, gehiago hondoratu gaitzakete, eta konfiantzarako eta autoestimurako dugun gaitasuna galarazi diezagukete. Gizarte gisa, gogoeta egin behar dugu hainbeste estigmatizatzen duten esaldi hauen aurrean:

“Horrela ez zara ondo egiten ari”
“Berriz ere titia ematen, e?”
“Agian, zure esnea ez da ona”
“Hainbeste min ematen badizu, utzi egin beharko zenuke”
“Zelan dakizu jaten ari dela? Nik oso argal ikusten dut”
“Eta ez du txupetea erabiltzen? Horrela edukitzen zaitu egun osoan!”
“Ez da ezer gertatzen biberoia emateagatik, berdin hazten dira”
“Zuk hartu zenuen eta ez zaude hain txarto”
“Ezin bada, ba, ezin da. Hobe da zu ondo egotea”

Nire kasuan, esaldi horien guztientzako erantzuna hau izan zen: “Nik titia eman gura diot, eta ditudan baliabide guztiekin borrokatuko naiz horren alde”.

Nik titia eman gura diot,
Erditu ostekoa oso une gogorra da maila fisikoan eta psikologikoan, eta hori, dena gutxi gorabehera ondo joanda. Imajina ezazue zerbait, edozer dela ere, espero bezala ez doanean. Horregatik, bestearengandik gehien behar duguna, edonor dela ere (senidea, laguna, ezezaguna den norbait, osasun-arloko langileak, …) enpatia eta ulermena dira. Laguntza behar dugu entzutetik hasita.  Babestuak sentitu behar dugu zelan bularra ematen diodan behatzen nauen begirada goxo horretatik. Gure bizitzan oso une zaurgarrian gaude, eta adorezko eta errefortzu positiboko berbak entzun behar ditugu.

Gainera, edoskitzea zailtzen denean, batzuetan zailtasunak amaigabeak izatera irits daitezke-eta, edoskitzen laguntzeko taldeak daudela esan diezadakezu (batez ere zuk ezagutzen duzunen bat). Agian, edoskitzeari buruz dakizunetik, emagina edo edoskitzaroan aditua den aholkularia gomendatu ahal izango didazu, une hain sentikor honetan lagunduko didana.

Nire esperientzia pertsonalera itzuliz, zoritxarrez, edoskitzearen ohiko arazoak bata bestearen atzetik ari ziren gertatzen. Zartadura edo arrailak oratze txar baten adibide garbia ziren; izan ere, nire umetxoak titiburua baino ez zuen hartzen eta ahoa oso gutxi irekitzen zuen, baina inork ez zidan esan hori txarto zegoenik (pomadak ematen zizkidaten titiburuetan jartzeko, osatzeko eta kito); eta zein erraz konponduko zatekeen norbaitek esan izan balit zelan egoki edo behar bezala jarri neskatoaren gorputza, eta sakon oratzeak duen garrantzia, aurrez bilatze-erreflexua aktibatzea ahalbidetuz titiburua filtrum-ean ipinita (sudur azpiko ildoa da, sudur pean eta goiko ezpainaren gainean dagoena); hobeto uler diezadaten, amei esan ohi diet titiburua haurtxoaren bibotean jartzeko, eta itxaroteko umetxoaren bilaketa-erreflexuak hedatu arte: umetxoak aurrerantz eta atzerantz eta alboetarantz kulunkatzen hasten dira, ahoa ohi dutena baino gehiago zabalduz; baita ere esaten diet beheko aldetik areola gehiago hartzen uzteko, horrela ‘oratze asimetrikoa’ deitzen duguna egin ahal izan dezaten, eta kasu askotan hazkuntza biologikoaren jarrerak eta jarreraz aldatzeak asko lagundu ohi digu. (Zartadura edo arrailen eta minaren arazoek irauten badute, mihiaren mugikortasuna aztertu beharko litzateke, mihi azpiko frenulu mugatzaile baten ondorioz mugimendu-murrizketarik dagoen edo ez ikusteko).

Oso konponbide eraginkorra da alderantzizko presio leungarriaren
Erditu osteko hirugarren egunean, esnearen igoera gertatu zen, eta ondorioz bularreko kongestioa (nire kasu partikularrean), eta nire alaba ez zen gai bularrari oratzeko, globo puztu bat xurgatzen saiatzea legez baitzen. Baina oso konponbide eraginkorra da alderantzizko presio leungarriaren teknika, hau da, atzamarrez areolaren gainean barruranzko presioa egitea, eta horrek edema atzeraka eta barrurantz drainatzea ahalbidetzen du, haurtxoak errazago oratzeko titiari. Azaren erabilera ere baliabide zoragarria da, garbitu eta arrabol edo antzeko batez nerbioak apurtu ostean, aza bular bakoitzean jarri behar da; buztin berdea ere oso lagungarri izaten da kasu hauetan; eta eskuz ere atera dezakegu esnea bularra apur bat hustu eta bigunagoa egon dadin, umetxoak hobeto oratu diezaion. Teknika hori ez jakiteagatik zuzenean bularra ematea lortu ez nuen egun horietan, formula-esnea eman behar izan nion, eta horrek min ematen zidan barru-barruan, baina ez nuen beste aukerarik, ez baitzen pisurik hartzen ari eta hipogluzemia bat izateko arriskua baitzegoen; beraz, neure bularretik esnea ateratzen nuen eta ateratzen nuen apurra ematen nion, harik eta zuzeneko hartualdiak egin eta formula pixkanaka kentzea lortu nuen arte.

Geroago, mastitisak agertu ziren, eta perla bat, hilabeteak igaro ahala sendatzen ez zen zauri bat bihurtu zena, eta nik pentsatzen nuen: “Ai ama, zaila da gero edoskitzearen kontu hau!”. Baina nire ezaugarri bat da, zailtasunak zailtasun, nire helburua lortzeko iraunkortasun edo jarraikitasuna; berriz ere alabak bularra errefusatu eta pisua galtzen zuen, eta pediatrak formula-esnea gomendatu zidan berriro, eta orduantxe Esnearen Ligarekin topo egin nuen, eta nire salbazioa izan zen, eta ordura arte gertatu zitzaidan guztiaren erantzuna. Jarrera eta oratzeko modua zuzendu ostean, antibiograma eta antibiotikoarekin, dena bideratu zen eta, azkenean, nire edoskitzea gauza atsegingarri eta asegarri bihurtu zen.

Ez epaitzen ikasi dut
Ibilaldi horrek guztiak eraman ninduen edoskitze-aholkulari izatera, 10 urte daramatzat lanbide honetan, eta maite dut. Ehunka familiari lagundu diet, eta zerbait ikasi badut, ez epaitzen ikasi dut. Ez dakigu zer zirkunstantziek bultzatu duten ama bat biberoia ematera; beraz, mesedez, ez dezagun epaitu jakin barik. Amagandiko edoskitzea sustatzen duen gizarte batean bizi gara, eta emakume asko bularra ematera behartuta sentitzen dira, benetan gura ez dutenean ere. Erabaki hori ere errespetatu egin behar dugu. Bestalde, jakin behar dugu erakundeen aldetik oraindik ere osasun-profesionalekiko prestakuntza-gabezia dagoela edoskitzeari dagokionez, eta gabezia horrek eroaten ditu emakume batzuk gura bako abandonura. Emakumeak edo familiak erabakitzen duena erabakitzen duela, izan dadila erabaki kontziente eta informatua. Oso mingarria da gura izan zuen eta ezin izan zuen ama bat ikustea. Kalte emozional izugarria eragiten du horrek; izan ere, gure umetxoak elikatzeko ekintza nutrizio-funtzio hutsetik haratago doa, maitasun, lotura eta elkarrekiko atseginezko ekintza ere bada. Hori dela eta, edoskitze artifiziala aukeratzen duten (edo edozein arrazoirengatik bularra eman ezin duten) amak biberoia ematera adoretzen ditugu, bularra ematen zaien bezalaxe, amaren eta umetxoaren larruazalak elkar ukituz eta posturak aldatuz, eta, batez ere, begiradak zainduz, ama orok bere umetxoarentzako duen maitasun-begirada hori.

Eneka Basabe, edoskitzearen aholkularia

Ezagutzen duzu BBK Family aholkularitza zerbitzua? Sartu jakiteko zer den.

Haurdun bazaude edo haurtxoa izan baduzu, opari bat dugu zuretzat. Honako farmazia hauetan har ditzakezu:

  • Abadiño
  • Abanto-Zierbena
  • Alonsotegi
  • Amorebieta-Etxano
  • Areatza
  • Arrigorriaga
  • Artea
  • Atxondo
  • Bakio
  • Balmaseda
  • Barakaldo
  • Barrika
  • Basauri
  • Bedia
  • Berango
  • Bermeo
  • Berriz
  • Busturia

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Gai honekin lotura duten BBK Familyn artikuluak

Normala da nire umetxoa hain sarri esnatzea negarrez gauean?

Lotura ona ari ote naiz sortzen neure umetxoarekin?

Gai honekin lotura duten BBK Family bideoak

Familien Egunaren ospakizuna

 

Menu

BBK Family Learning

×