Ezagutu haur masajearen onurak

Nire semetxoarekin izandako masaje-uneak dira, zalantza barik, ama bezala dudan oroitzapenik onenetako bat. Eta hala izaten jarraitu dute haurtzaro osoan (adinari egokitutako beste masaje-mota batzuekin). Orain ere, nerabezaroan sartzen ari denean, nire semeak noizean behin bizkarreko masaje bat eskatzen dit, “korapiloak kentzeko”. Ez dakit oso ondo “gihar-korapiloez” ari den edo beste era batekoez. Toalla, olioa, musika lasaia, izpiliku-olio esentzialaren erregailua, … prestatzea eskatzen dit (tira, “bultzatu egiten nau” horretara, nerabezaroko tonu eskatzaile horrekin). Eta 12 urterekin ere, inurritxoak, armiarma txikiak, sugeak eta elefanteak bizkarrean lasterka ibiliko zaizkion jolas batekin amaitu gura izaten du beti bizkarreko masajea.

Nire bizipena haur-masajearekin lagun baten gonbidapenarekin hasi zen, umetxoei masajea emateko gurasoentzako tailer batera joan nendin. Han, Espainiako Haur Masajearen Elkartean hezitako emakume harekin, masajearen oinarrizko nozioak eta beste gauza batzuk ikasi nituen.

Esan behar dut nik izaera barnerakoikoa dudala eta umetxo bat hazteak suposatzen duen emozio eta zereginen “maremagnum”arekin, ez neukala oso argi joan ala ez joan. Badirudi ondo erabaki nuela eta tailerrera joan nintzen.

Haur-masajearen onuretako batzuk egiaztatu ahal izan nituen han:

Atxikimendua eta lotura afektiboa indartzen ditu

Masajean larruazalarekin kontaktu fisikoa egoten da, baita ere begiradak, besarkadak, gorputz-sostengua, irribarreak, urrumak, jolas-mugimendu txikiak, … Horrek guztiorrek bien arteko lotura berezi hori sortzen laguntzen du.

Umetxoarekiko harremanean, hari entzuten ikasten da, haren beharrizanak ikusten, zelan adierazten dituen eta zelan erantzun haiei. Mugimendu bat gura duen edo ez, gose den eta bularra/biberoia emateko gelditu egin behar den, pixoihala aldatu behar zaiolako haserre dagoen, … Eta gorputzez gorputz pixkanaka egokitzen joaten gara. Hasieran kosta egiten da elkar ulertzea. Kosta egiten da, bai.

Eta atxikimendu-lotura horretatik abiatuta, segurtasun emozionala ematen joango gara, eta haurraren autoestimua sustatuko dugu, prest eta “adoretsu” sentituko delarik hazteko eta mundu honetako erronkei aurre egiteko.

Min batzuk arintzen laguntzen du eta funtzio biologiko batzuk estimulatzen ditu.

Batzuetan, gasek, errefluxuek edo kolikoek eragindako min txikiak sortzen dira, eta neurri batean arindu daitezke horiek teknika on bat erabilita. Gainera, immunologia-sistema indartzen du, muskuluak tonifikatu eta lasaitzen ditu, idorreriarekin lagun dezake eta beti desiratua den loari “deitzen dio”. Arnasketa-sistema indartzen eta mukiek eragindako kongestioa hobetzen ere lagun dezake.

Gainera, umetxoei beren gorputz-mugez jabetzen laguntzen die, eta horrek garrantzia du maila fisikoan eta psikologikoan.

-Haurtxoari erlaxatzen eta tentsioak askatzen laguntzen dio.

Umetxoek ere jasaten dute zelanbaiteko estresa. Beraientzat berria den mundu batean daude, lehen amaren umetokian sentitzen ez zituzten estimulu askorekin. Pixkanaka ohituz joango dira, baina hasieran edozein aldaketak, edozein eragozpen txikik, … zelanbaiteko larritasuna eragin diezaieke. Masajeak, ezaugarri jakin batzuekin (eta are gehiago maite duzun eta zure konfiantza duen pertsona batekin lotuta bada), gure nerbio-sistema parasinpatikoarekin (lasaitasunarenarekin) konektatzen laguntzen digu pertsonoi eta ongizate-substantzia batzuk, estresatzen gaituzten faktoreen aurrean “antidoto” lez balio dutenak, jariatzen. Haurtxoen kasuan ere hori gertatzen da.

Esan behar dut, etxekoaz bestelako ingurune batean egon arren, nire umetxoak, haur-masajeko tailerrean, erlaxatzea lortzen zuela (eta hori haren estiloa oldartsu samarra izan arren). Eta, oi, sorpresa!… nik neuk ere lortzen nuen berarekin lasaitzea sortzen zen giroan. Izan ere, haur-masajeko tailerretan ez da soilik zure umeari masaje bat ematen irakatsi eta ikasten. Era berean, zure bizitza azaldu edo kontatu beharrik barik, kontura zaitezke ez zarela nekatuta edo akituta dagoen bakarra, ez zarela zure umetxoarekin gauzak zelan egin batzuetan jakiten ez duen bakarra, …  Aldi hau zaila dela, ez dela maitagarrien amets bat, txarto lo egiten dela, eragozpenak eta ziurtasunik ezak daudela, … Eta tailerreko hezitzaileari eta beste guraso batzuekin han sortzen den giroari esker, umetxoen mundua gehiago ezagutuz joaten zara, zelan jokatu bularra emateaz, loaz, higieneaz, negarraz, … dituzun zalantza horiekin. Eta, une batez, tentsioa, eskakizunak eta itxaropenak murrizten dituzu, eta zeure burua zaintzeko beharrizanaz ere pentsatzen duzu apur bat.

Egia esan, beharrezkoa izango litzateke emakume guztiok, haurdunaldian edo erditu ostean, bizitzen ari garena, biziko dugula uste duguna, … partekatzeko guneak izatea, baita gure umetxoa zelan jagon edo zaindu eta geure burua ere zelan zaindu jakiteko orientabideak jasotzeko ere, bai haurdun gaudenean edo bai erditu ostean etxera iristen garenean, gure umetxoarekin harreman berezi hori hasten edo jarraitzen dugunean.  

Adibidez, haur batek amaren umetokian jasotzen dituen lehen estimulazioak larruazalaren bidezkoak direla jakin behar da. Eta gure egoerak segurtasunezko “bilgarri” bat sortzen lagun diezaiokeela, geure burua zaintzen badugu. Eta, jaio ostean, sentitzen dugun maitasuna larruazalaren bidez komunika diezaiokegula, eskuen berotasunarekin laztanak eta masaje samur eta errespetuzkoa emanez. Larruz larru ukitzeak erraztu egiten du amarengan oxitozina (maitasunaren hormona) jariatzea, baita prolaktina ere (esnea ekoizteko beharrezkoa).

Ez du balio edozein kontaktuk edo edozein masajek. Hori zelan egin jakin eta ikasi behar da.  Osagai garrantzitsu batzuk daude:

Entzuteak eta errespetuak lehentasuna izan behar dute beti. Umetxoak logura, gosea, pixoihalean zikinkeria, … baldin badu edo ez badago zerbaitetarako prest, masajea gelditu egin behar da beste beharrizanei erantzuteko. Eta tailer batean baldin bagaude, gero ekingo diogu berriro masajeari, edo taldetik “elikatu” eta zelan egiten den ikusiko dugu.

Mugimenduak ezin dira zakarrak edo inbaditzaileak izan. Eta masaje jakin bat egin gura badugu, adin-tarte jakin batzuetan egin behar da eta teknika zehatz batzuk jakin behar dira, adibidez, tentsio-distentsioaz, mugimenduen norabide eta ordenaz, etab.  Horregatik, garrantzitsua da ondo egiten ikastea.

-Amaren/aitaren berezko prestasun emozional hori “atera” behar da, ukimenarekin “emateko” zelanbaiteko lasaitasunean. Eta horrek estresa gaitzakeen horretan kontzientzia jartzea eskatzen du, eta joaten “uztea”, gure seme edo alabarekiko lotura-une hau ukimenaren bidez bizitzeko. Estresatuta bagaude, estres hori gure umetxoari pasako diogu erraz.

AEMIren ziurtagiria duten haur-masajeko tailerrak dinamizatzen dituzten pertsonak, hain zuzen ere, horretan guztian laguntzeko prestatuta daude. Entzuteko, errespetatzeko eta emozionalki prest egoteko dituzten jarrerei esker, egoteko eta laguntzeko modu horiek lortu eta imita ditzakegu.

Egia da masaje bat ez dela dena ondo joateko makilatxo magikoa:  gurago nuke horrela balitz!  Baina bada gure umetxoarekin beste era batera egoteko aukera ematen digun lotura-modu bat, berari arreta osoa eskainiz elkarrekiko plazer eta ongizate une horretan. Eta nire esperientzia da, kontzientzia jartzen badugu, zure haurtxoari masajea ematen diogun bitartean doitze eta presentzia emozional mailan gertatzen dena hazkuntzaren beste une eta gune batzuetara ere eroan daitekeela… are haurtzaro osoan, …nerabezaroan eta haratago ere. 

Bego Ruiz, psikologoa

Haur-masaje tailerra

Menu

BBK Family Learning

×