Generoaren eta sexu-orientazioaren gaiaren alde urte asko daramatzagu borrokan eta informatzeko ahaleginetan. Baina, hala eta guztiz ere, zalantza asko sortzen dira oraindik, batez ere adinekoen artean, sortzen ari diren termino berrietara egokitzen saiatzen baitira, eta, gurasoen kasuan, baita seme-alabek izan dezaketen aldaketara ere, LGBT+ komunitateko kide izanez gero.
Gaur egun gure zalantza batzuk argitzeko Internet eskura badugu ere, kasu honetan oso garrantzitsua da harremanetan jartzea eta informazioa jasotzea komunitateko bertako kideengandik. Inor ez (ezta osasun-profesional bat ere) beraiek baino hoberik beren prozesuak eta sentimenduak azaltzeko. Elkarte batera joatea edo ingurune horretako jendearekin berba egitea oso lagungarria da.
Komunitateko letrak gero eta gehiago dira; horregatik, LGBTren amaieran “+” bat gehitu ohi da. Baina has gaitezen lehenengo 4 letrekin, horiek baitira iraultza hau guztia hasi zutenak. L Lesbianentzat da, G Gayentzat, B Bisexualentzat eta T Trans pertsonentzat. Nahiko hitz ezagunak, batez ere lehenengo biak. Baina oraindik zalantza batzuk daude beste biei buruz.
Bisexualengandik hasita, bi generok edo gehiagok erakartzen dituzte hauek.
Gizonek, emakumeek eta/edo binarioak ez diren pertsonek erakarri ditzakete hauek (gai horri buruz aurrerago berba egingo da). Termino hau aldatu egin da urteetan zehar, eta komunitateak jasan dituen aldaketetara egokituz joan da. Horregatik, gaur egun pertsona ez-binarioak ere sartzen dira orientazioaren barruan. Era guztietako bisexualak daude, pertsona hauek hainbat modutan senti dezakete-eta erakarpena. Adibidez, gerta daiteke neska bisexual bat gehiago erakartzea emakumeek gizonek baino, baina gizonak ere gustatzen zaizkio, eta horregatik da bisexuala. Alderantziz ere gerta daiteke. Bisexuala izatea ez da kasurik gehienetan erdiz erdi (50/50) izaten.
Transexualitatea askoz ere gai konplexuagoa da. Orientazioa ez ezik, identitate osoa ere bada eta. Trans gizonak, trans emakumeak eta ez-binarioak diren pertsonak daude (binarioa ez den pertsona izateak trans bihurtzen zaitu automatikoki, horregatik ez zaio “trans” berba gehitzen). “Trans” esaten zaio jaiotzean esleitu zitzaion generoarekin ados ez dagoen pertsona bati. Eta etenaldi txiki bat egin behar da hemen azpimarratzeko “transgeneroa” eta “transexuala” ez direla gauza bera. Transexuala sexuan aldaketak egin dizkiotena da, hormonen, ebakuntzen edo bien bidez. Transgeneroak aldaketa hormonalik edo fisikorik jasan ez dutenak dira, baina, hala ere, jaiotzean esleitutako generoarekin ados ez daudenak. “Trans” hitza da egokiena komunitateko kide hauei buruz berba egiteko. Trans gizonak jaiotzean genero femeninoa esleitu zitzaienak dira. Trans emakumeak jaiotzean genero maskulinoa esleitu zitzaienak dira.
Agenero diren eta genero ez-jariakorrekoak diren pertsonak
Eta pertsona ez-binarioak ez dira sailkatzen ez batzuen eta ez besteen artean. Biekin identifika daitezke, ez batekin eta ez bestearekin, edo beste genero batekin. Izan ere, ez-binarioak diren pertsonen artean mota asko daude. Bi adibide jartze aldera: Agenero diren pertsonak daude, eta horiek ez dira ezelango generorekin identifikatzen. Genero jariakorreko pertsonak ere badaude, eta horiek genero batekoak edo bestekoak senti daitezke momentuaren arabera. Hau da, baliteke une jakin batean pertsona bat mutil gehiago sentitzea, beste une batzuetan neska, biak edo ez bata eta ez bestea.
Genero ez-binarioaren gaia konplexua da; izan ere, binarioa ez den pertsona bakoitza desberdina da, eta izen desberdinak ematen dizkiote beren buruari. Binarismotik (ohiko gizon eta emakume eskematik) ateratzen den guztia hartzen du bere baitan ez-binarioak. Horregatik, oso gai zabala izan daiteke. Kasu horietan, onena da pertsonei galdetzea zelan tratatuak izan gura duten. Eta garrantzitsua da izenordainei buruz jakitea ere. Gaztelaniaz, izenordain maskulinoa (Él/Ellos), femeninoa (Ella/Ellas) eta neutroa (Elle/Elles) daude. Euskaraz izenordainekin ez dugu arazorik (hura, hark, haiek), ez baitira bereizten; aditzetan hitanoaren kasuan bai (toka ala noka). Norbaiten izenordainak jakiteko (gaztelaniaz), edo hitanoa erabili gura badugu (euskaraz), bakoitzari galdetzea da onena. Izan ere, gaztelaniaz behintzat, jende askok onartzen du pertsona bat binarioa ez izateagatik izenordain neutroak erabiliko dituela, baina ez da beti horrela izaten. Pertsona bakoitzak gustukoen dituen izenordainak erabil ditzake. Hitanoarekin, gauza bera: edo solaskideari galdetu, edo hori egin gura ez bada, zuka erabili.
Asexualitatea eta arromantizismoa
Lehen aipatu dudan bezala, komunitateak plusetik haratagoko letrak hartzen ditu. Hala nola “A” asexualitatearentzat (sexu-erakarpenik sentitzen ez duten pertsonak) eta arromantizismoarentzat (erakarpen erromantikorik eza). Bi termino horiek elkarrekin nahastu ohi dira, jende askok uste izaten baitu asexuala izateak ez dizula bikotekiderik izaten uzten. Baina gauza batek ez du zerikusirik bestearekin. Pertsona asexualek zein arromantikoek izan dezakete bikotekidea. Asexualen kasuan, sexu-harremanak izatea edo ez izatea ekar dezakete harreman horiek. Asexual guztiek ez dute sexu-jarduera saihesten, ez da hori kontua. Besterik gabe, horrelako erakarpenik sentitzen ez duten pertsonak dira, eta ez dute sexu-jardueraren beharrik sentitzen. Baina ahal izan, badezakete. Badira pertsona asexualak sexu-jardueraren ideiarekiko higuina sentitzen dutenak, baina badira gai horretan neutroak direnak ere.
Pertsona arromantikoek ere izan dezakete bikotekidea. Asexualitatearekin azaldu den bezala, arromantizismoak ez du esan nahi bikotekiderik gura ez dutenik, baizik eta pertsona horiek ezin dutela norbaitenganako erakarpen erromantikorik sentitu. Baina egon daitezke norbaitekin harremanetan erromantikoak ez diren beste arrazoi batzuengatik. Egon daitezke norbaitekin pertsona horrekin gustura sentitzen direlako, beste barik.
Komunitateko letrak aldatuz joan dira eta joango dira urteen poderioz. Eta gero eta izen, termino eta horrekin zalantza gehiago sortuko dira. Ondo dago gauza bakoitzaren ideia orokorra izatea, baina gai jakin bati buruz informatu gura baduzu, jo ezazu komunitateko pertsonengana. Zure inguruko norbait armairutik ateratzen bada zurekiko, lehenik eta behin informazioa jaso behar duzu. Baliteke pertsona horrek argi izatea. Kasu horretan, eska iezaiozu informazioa emateko, eta horrela hobeto ulertuko duzu (baita zure bizitzan zehar ezagutuko dituzun komunitate horretako pertsonak ere). Edo baliteke bere sentimenduei buruzko zalantzak izatea. Kasu horretan, ikertu berarekin. Ez utzi bakarrik eta erakutsi babesa, nahikoa gogorra baita bide hau egitea, are gehiago bakardadean egiten bada. Oso garrantzitsua da laguntza eta elkar ulertzea. Giro seguruan egotea funtsezkoa da nork bere burua ezelango muga barik aurkitu edo ezagutu ahal izateko.
River McCourt
Gai honekin harremana duten BBK Family artikuluak
BBK Family mediateka dauden materialak laguntza emateko
Familia-eredu desberdinak dokumentala
Harpidetu BBK Family newsletter.
BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.