Haurren transexualitateari familiatik laguntzea

Ikerketa batzuen arabera, 1.000 jaiotzatik batean, pertsonaren sexua ez dator bat jaiotzean esleitzen zaionarekin. Hori gertatzen denean, transexualitateaz ari gara.

Transexualitatea kultura guztietan eta garai historiko guztietan izan da:  hijrak Indian, muxeak Mexikon, bi espirituak Ipar Amerikan… Hala ere, hau da –Mendebaldeko kulturetan, behintzat– transexualen lehen belaunaldia haurtzarotik benetan den legez bizi daitekeena, eta horrek aldaketa historikoa ekarri du errealitate honen ulerkeran.

Oraindik ez dira zazpi urte igaro haur-transexualitatea lehen aldiz estatuko komunikabide batean aipatu zenetik eta familiek batu eta lehen elkartea ?Chrysallis? sortu zutenetik, baina oso denbora laburrean urrats handiak egin dira.

Aurreko belaunaldietako istorioek eskola-uzte, jazarpen, depresio, suizidio-saiakera, nahasmendu psikologiko eta abarren inguruko zifra kezkagarriak ematen zizkiguten, beraien nortasuna ukatzearen ondorioz; baina orain nor diren ukatzen ez zaien lehen ume hauen ongizate-indizeek beren berdinkideen ratio berberetan daudela adierazten duted.

Horren aurrean, logikoa izango litzateke pentsatzea edozein familiak bere semearen edo alabaren nortasuna errespetatuko duela. Baina errealitatea ez da hain sinplea. Haurren transexualitateari buruzko ezjakintasuna handia da, eta, lehenik eta behin, familiei eta adingabeei eurei eragozten die zer gertatzen ari den aitortzea. Zerbait existitzen dela ez badakit, zelan identifikatuko dut?

Sexuari dagokionez gure ustea okerra izan zela erakusten duen adierazle zalantza bako eta behin betiko bakarra umeak halaxe esatea da. Baina neskato edo mutikoa izatearen adierazpena oso argia izaten da batzuetan, eta ez hain argia beste batzuetan. Adierazpen hori berbazkoa izan daiteke, baina baita keinu, arropa edo jolas, ondoez, … baten bidez egindakoa ere. Halaber, ingurunearen jarrerak ukaziozkoak badira, baliteke mutikoak edo neskatoak bere burua ezkutatzea edo bere benetako sexu-nortasuna disimulatzea.

Norberaren sexu-identitatearen adierazpena argia ez denean, gertakari transexuala arauzkoa ez den genero-portaera duten neska eta mutilen errealitatearekin nahasten da batzuetan.  Baina genero-ezarpenetatik ezberdintzen diren portaera eta ezaugarriak zantzuak izan daitezkeen arren, eurek bakarrik ez dute ustezko transexualitatearen ondorio direnik esan nahi. Ezinbestekoa izango da bi egoerak bereiztea, haien beharrizanak desberdinak dira eta.

Norberaren nortasunaren adierazpena anbiguoa denean, entzute aktiboaz gain, funtsezkoa izango da aniztasun-gertakariei buruzko ezagutza transmititzea: argi eta garbi transmititu behar da izan zaitezkeela mutikoa eta atsegin izan soinekoak janztea, eta izan zaitezkeela neskatoa eta zakila izan. Argi eta garbi adierazi behar da izan zaitezkeela neskatoa eta gogoko izan futbolean jolastea, baita mutikoa izan eta alua edukitzea ere.

Laguntzeak esan gura du: beharrizanei erantzutea, beren izaera berezia hedatuz joan daitezen ahalbidetzea, eta aurrera egin dezaten baldintzak jartzea, oztopoak kenduz, baliabideak emanez eta aukerak irekiz.

Nondik nora joan behar duten esan barik, beraien alboan joan gaitezke, edo urrats bat atzetik, umea bere bidea erabakiz joan dadin, gu ondoan gaituen ziurtasunarekin, behar izan dezakeenerako. Geldiarazi gabe eta bultza egin barik.

Beraren prozesuak errespetatuz laguntzeak ez du esan gura ez egitea, izan ere, bide posible guztietara iritsi ahal izateko, egin egin beharko da eta oso aktiboki.

Gurasoen jokabidea ez da seme-alabak neskato edo mutiko izatearen arrazoia. Era berean, ezingo dute zuzendu edo aldatu neskato edo mutiko gisa duten autopertzepzio hori.  Etorkizuneko sufrimenduaren beldurrak orain sufrimendua sortzea besterik ez du egiten.  Beldurraren eraginez, batzuetan, gauzak diren lakoak ez izatea desiratzen da. Baina gauzak diren lakoak dira, eta ez gura genukeen edo gure ustez hobeak izango liratekeen bezalakoak.  Eta gauzak diren lakoak ez izateko desira horrek sufrimendua eragin dezake, ez onartze gisa biziko baita.

Lagundu ahal izateko, ulertu egin behar da.  Eta ulertu ahal izateko, ezagutza behar da.

Zer behar dute gure seme-alabek? Beraien erritmoa errespetatzea, hau da, adierazten dituzten beharrizanetan oinarritzea edozein urrats. Era berean, gainerakoek bezala, beraien jolasak, janzteko orduan dituzten gustuak, ilea zelan eroan, … errespetatzea behar dute. Baina, batez ere, guk ikustea behar dute. “Izan” beharra dute bestearen begiradaren bidez. Horrek esan gura du benetan den mutikoa ikusi behar dugula, nik lehen neskato bat (edo alderantziz) ikusten nuen lekuan, zeren eta nik neskato bat ikusten dudan bitartean, ez bainaiz ari ikusten ikusteko erregutzen ari zaidan mutikoa.

Haien nortasuna hitz edo berbaz onartu behar dugu, genero gramatikala aldatuz haien nortasun sexualarekin bat etor dadin. Hasieran neketsua izaten da, oso kontziente izatea eskatzen du eta ahalegin handia egitea inertziaz ateratzen ez zaigun hori esateko.

Gainera, irudikapen grafikoak behar dituzte, beren gorpuztasuna islatuta ikusteko eta ikus-entzunezko materialak eskuratu behar dituzte, non benetako transexualitate-egoeran dauden beste neskato eta mutiko batzuen benetako irudiak agertzen diren, “ni bezalako mutiko (edo neskato) bat” ikusi ahal izateko. Era berean, zakila duten beste neska batzuk eta alua duten mutilak ezagutzea gustatuko zaie, hobe beraien adin eta sexu berekoak badira.

Eta beraien premia edo beharrizanen arreta ez dadila atzeratu. Itxarotea egitea da; ez egitea ere egitea da. Eta ez egiteak min egiten duenean, itxaroteak min egiten duenean, agian geure buruari galdetu beharko diogu zer gura dugun sufritzen ari den neskato edo mutiko horrentzat.

Batzuetan, beren sexuari lotutako ezaugarriak nabarmendu eta azpimarratu behar dituzte agerian, eta estereotipoei heltzen diete. Nortasuna ukatzen zaienean, gainerakoen aurrean argi utzi behar izaten dute mutikoa edo neskatoa direla, eta hori da aurkitzen duten modua.  Beraien nortasuna onartzen den heinean, beharrizan hori lasaituz joaten dira, munduari “nor naiz” oihu egin beharrik jada ez dutelako izaten.

Igarotze edo trantsizioa prozesu bat da, eta transexualitate-egoeran dagoen pertsona bat bere bizitzako eremu guztietan bere nortasunaren arabera bizitzera igarotzen da. Igarotzea besteek egiten dute bereziki, eta, batez ere, begiradako igarotzea da, besteek duten pertzepzioan gertatzen dena, eta, horren ondorioz, pixkanaka, neskatoa ikusi ahal izango dugu aurretik mutiko bat ikusten genuen horrengan (edo alderantziz). Eta horrela loratzen lagunduko diogu berari.

Beatriz Sever, kazetaria, sexologoa, bi haurren ama eta Naizen Euskadiko eta Nafarroako adingabe transexualen familien elkarteko kide eta bozeramailea.

LGTBI+ Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, BBK Familyk “Beste familia batzuk ezagutuz” jolas ipuina argitaratu du, non familia, afektibitate eta sexu aniztasuna eta genero aniztasuna jorratzen diren. Jolas ipuin hau har dezakezu ekainaren 28, Kale Nagusian, Ortzadar LGTBI+k kale horretan antolatu du “zumba” ekintza bat.

Menu

BBK Family Learning

×