Ez da nire gorputza, zure begirada da

“Oso txikia da jakiteko”, “Fase bat da, pasatuko zaio”, “Arreta erakartzeko egiten du”, … horrelako esaldiak entzun izan ditugu zakila duten neskatoak edo bulba duten mutikoak ditugun familiok, espero genuenarekin bat ez datorren zerbait ikusten hasten garenean.

Batzuetan, argiago edo ilunago berbaz adieraziko dute esanez “mutikoa naiz”, “neskatoa naiz”, edo hori “ezinezkoa dela” argi utzi diegunean, “handitan mutila izango naiz” edo “neska izan gura dut” esanez adieraziko dute beren desira edo guraria. Beste batzuetan estereotipoak erabiliz adieraziko dute, azken finean, neskatoa banaiz, baina inork ez badu ikusten, zer egin dezaket ikus nazaten? Horrela, ohikoa da zakila duten neska askok soinekoak gura izatea, buruan ile luzea imitatzeko edozer gauza janzteko joera izatea edo makillatzeko aukerak bilatzea. Eta bulba edo alua duten mutil asko soinekorik ez janzteko borrokatzen dira, ilea motz-motz ebakitzeko, eta zutik pixa egiten ere saiatzen dira. Baliteke, halaber, identifikatzen diren sexuaren rola hartzea beren jolasetan eta horren araberako izen bat bilatzea. Ipuinetan, marrazki bizidunetan edo filmetan esango dute pertsonaia bat edo bestea direla, beren sexukoak beti, jaiotzerakoan esleitutakoaren kontrakoa.

Familiok jokabide horiek ikusten ditugunean, ohikoena da pentsatzea arauaren aurkako genero-portaerak direla, hau da, mutiko femeninoak eta neskato maskulinoak. Eta batzuetan horrela izango da. Baina kasu askotan transexualitatearen errealitatearen aurrean egongo gara, eta horretarako ez gaitu inork prestatu.

Horregatik, familiok gara, oharkabean, gure seme-alaben prozesuen oztopatzaile handienak. Kosta egiten zaigu ikustea gertatzen ari denak ez duela hainbesteko zerikusirik soineko bat janztearekin edo ilea moztearekin, baizik eta begirada-aldatze bat dela, ordura arte mutiko bat ikusten genuen tokian neskato bat ikusteko edo alderantziz. Eta hori ez da erraza. Beldur, zalantza, erru, … asko izaten ditu berekin lotuta. “Kasu egiten badiot, agian neuk bultzatuko dut ez dena izatera”, hori da beldur ohikoenetako bat. Baina ez dugu hainbeste botere. Norbait neskatoa bada, haren eskaera oso kontuan izan eta maskulinoan tratatzen baduzu ere, ez duzu mutil bihurtuko. Hori bai, adierazten duen bezala mutila bada, eta den bezalakoa ikusia eta tratatua izateko duen beharrizanaren aurrean ez jakinarena egiten baduzu, ondoeza areagotuz joango da, eta denborarekin sintomak ager daitezke, hala nola jokabide autolitikoak, antsietate-koadroak, depresioa, suizidio-ideiak eta suizidio-saiakerak. Horrela erakusten dute benetan diren bezala ezin bizi diren pertsona transexualen arteko nahasmendu-kopuru handiek.

Hala ere, haurtzarotik entzuna eta lagundua izaten ari den lehen belaunaldiaren aurrean gaude. Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak ikusten ditugu, diren bezala izan daitezkeenak 3, 4, 5 urtetik aurrera, eta haien garapena behatuta gauza asko ari gara ikasten.

Lehenik, ohartzen gara, ikusten eta onartzen ditugunean, haien haurtzaroak eta haien berdinkideenak ez direla desberdinak. Ukapena amaitzen den unean, loratu egiten dira eta izan daitezke benetan direnak. Batzuetan, estereotipoak alde batera uztea eskatzen du horrek; soinekoak bakarrik gura zituen neskatila hori, zalantzan jarria ez denean, galtzak eskatzen hasten da. Arrosa gorroto zuen mutiko horrek jada ez du arazorik koloreekin.

Bigarren, ikerketek erakusten dute zenbat eta lehenago hasi benetan diren legez bizitzen, orduan eta hobea dela beraien garapena. Hau da, aurreko belaunaldietako eskola-porrotak, jazarpenak, depresioak eta marjinaltasunak markatutako bizitzak ez dira horrelakoak transexuala izateagatik, beren nortasuna ukatzeagatik baizik.

Horregatik da hain garrantzitsua aktiboki entzutea. Eta adierazten digutena ulertu ahal izateko, ezagutza izan beharko dugu. Ezagutza hori gaur egun oraindik ez da orokorra, eta akademian baino gehiago etxeetan dago errealitate hori. Familiak gara gure bizipenak partekatuz joan garenak, jakintza sortzeko eta hori zabaltzeko eta transexualitatea, aniztasunaren beste gertaera bat legez, ulertzen laguntzeko.

Asko aurreratu dugu 2013an lehen familiak elkartu zirenetik transexualitatea ikusgarri egiteko, baina oraindik asko dago aurrera egiteko. Gure seme-alabek jazarpen-indize handiagoak pairatzen dituzte oraindik, beraien nortasuna errespetatzen ez deneko egoerak, legezko oztopoak, eta, batez ere, gizartearen zati baten ulertu ezina, ezjakintasun horren ondorioz.

Eta oraindik ere haur batzuei ez zaie entzuten, ezin dira izan, ezta garatu ere, beren benetako sexuaren arabera, ziur asko familiek ez dutelako tresnarik esan gura dietena ulertzeko.

Horrek guztiak ondorio larriak ditu, eta batzuetan amaiera tragikoa. Horregatik, Naizen-en 200 familia baino gehiago ari gara lanean transexualitatea den bezala uler dadin: aniztasunaren beste gertaera bat. Egoera hau bizi dugunon artean laguntza-sare bat osatzen dugu, beldurrak, zalantzak, dueluak partekatzeko leku bat, baina baita lorpenak, aurrerapenak eta pozak partekatzeko ere. Elkarri laguntzeaz gain, haur eta gazteen transexualitatea ikusarazten dugu komunikabideetan eta herritarrentzako hitzaldi irekien bidez, non gure bizipenak partekatzen ditugun. Era berean, transexualitate-kasu baten aurrean ote dauden oraindik ez dakiten familia askori laguntzen diegu.  Entzuteko jarraibideak ematen dizkiegu, eta gure prozesuen esperientzia eskaintzen diegu. Hezkuntza, osasun, gizarte, kirol, … arloetako profesionalak ere prestatzen ditugu, eta erakundeekin lan edo behar egiten dugu gure seme-alaben eskubideak bermatuko dituen lege- eta arau-esparrua lortzeko.  Ezagutzaren bidez eta maitasunetik, gizartea ulertzea lortuko dugu, neska-mutiko horiek pertsona gisa bizi ahal izan daitezen.

Bea Sever. Sexologoa eta arreta-arduraduna Naizen-en

Naizen Zer da: Euskadiko eta Nafarroako adin txikiko transexualen familien elkartea. helburua: Familien arteko laguntza-sarea izatea, transexualitatearen errealitatea ikusaraztea haurtzaroan eta nerabezaroan, eta kolektibo horren eskubideak aldarrikatzea. Non dago: Lehendakari Agirre 131, etxabea. Bilbo Harremanetarako: 688 72 80 55, info@naizen.eus
Argibide gehiago: www.naizen.eus

 

Mamá, soy mujer: Diario de una chica trans

Guía para la atención a la transexualidad infantil y juvenil en deporte y tiempo libre

Menu

BBK Family Learning

×