Ea hau den azken artikulua

“Asko hitz egiten dut haiekin berdintasunari buruz. Are gehiago, webgune bat egin nien, gauetan kontatzen dizkiedan istorioak igotzen ditut bertara, eta istorio horietan eurak dira protagonistak. Beren burua emakume independente, erabakitzeko gaitasuna duten, ausart eta enpatiko gisa ikus dezaten saiatzen naiz”. 

Erantzun hori aita batek eman digu, berdintasunari buruz ia ehun gizoni bidali diegun inkestan.  Aurten jakin gura genuen zelan ikusten duten eurek M8a, zenbateraino inplikatzen diren berdintasuna lortzeko, ekintzara igarotzeko…

Badakigu horrelako inkestei gaiarekin sentsibilizatuta dauden pertsonek erantzuten dietela, eta beraz ezin dugu errealitatera estrapolatu; izan ere, hala balitz, agian ez genuke martxoaren 8an kalera irten beharrik izango. Edo bai, zeren eta hurrengo belaunaldiei buruzko erantzun batzuek kezka handia sortzen baitute:

“Bai, berba egiten dugu berdintasunaz etxean. Nire alaba kontziente da gaiaz eta apur bat sentiberagoa dirudi. Semearen kasuan, ordea, joan den mendekoak diruditen komentarioak entzun behar izan ditut. Alde horretatik, kezkatzen nau, bai.”       

Gero eta irakasle gehiagok ohartarazten dute horrelako portaerez mutilen zein nesken aldetik, eta horregatik adi-adi egon behar dugu, zeren eta inkestari erantzun dion beste gizon batek esaten duen bezala:

“Gutxiago kostatzen da eskubideak galtzea lortzea baino. Jarraitu beharra dago, diskriminazio-egoerak jasaten dituen kolektibo gisa, emakumeek dituzten aldarrikapen berberekin”.

Beste aita batek inkestan adierazi zuen ez duela etxean berdintasunari buruz berbarik egiten, “eskolan ematen dizkieten ‘alamen’ gogaikarriekin lotzen dutelako, ia irakasgai bat balitz bezala”.              

Hala ere, nerabe asko jabetzen dira desberdintasunaz, beste aita honek kontatzen duen legez:  “nire alabek 12 eta 13 urte dituzte, baina jakina, kontziente dira, telesailak eta filmak ikusten dituzte eta gizartearen isla da, adibidez, kirola ikusten dute eta gizonezkoen kirolaz bakarrik hitz egiten da; eskolan ere gaia jorratzen dute. Egun batean Zararen kanpaina bat erakutsi zieten, eski-arropari buruzkoa, guztiz sexista, eta etxean komentatu genuen”.

Beste batek gaineratu du: “Ikusten dituzte desberdintasunak, noski, gauetan irteten dira-eta.  Emakumea bazara, gizon batek behar ez dituen neurriak hartu behar dituzu eta kontuz ibili.  Hori bada desberdintasuna”.

Horretan gizon gehiagok ere egiten dute bat, horri buruz beste batek hauxe erantzun baitzuen: “Gaztetan etxera itzultzerakoan ‘eroso’ joaten nintzen neska baten atzetik oinez, ez bainintzen konturatzen agian berarentzat mehatxu bat izan zitekeela. Orain, saihestu egiten dut hori, espaloia gurutzatzen dut deseroso ez sentiarazteko edo beldur izateko arrazoirik ez emateko”.

Jarrera matxistak geldiarazteak tirabirak sortzen ditu    

WhatsApp-taldeei buruz ere galdetu diegu, lagunekiko elkarrizketei buruz, ea txantxa matxisten aurrean planto egiten duten… Horrelako egoerei galga jartzeak egoera deserosoak sortzen dizkie emakumeei zein gizonei, “baina beharrezkoak” dira, erantzun du gizon batek inkestan.

Momentuak eta duten konpainiak ere eragiten du zentzu horretan:

“Ba, testuinguruaren arabera dago. Harreman-une batzuetan hain barneratuta daudenez jarrera horiek, nahiz eta okerrak izan, lotura sortzen dute taldean. Horixe dago, egia esan. Sentitzen dut zintzotasuna”.   

“Egoeraren arabera. Saiatzen naiz oso bizi edo erraietakoa ez izaten ezerekin. Iruzkinak egiten dituen pertsonaren atzean gauza asko egoten dira ez dakizkigunak: bere bizitza, esperientziak, hezkuntza, bizipenak Horrek ez du esan nahi zenbait iruzkin edo komentario barkatu behar direnik, ezta haiekin bat etorri ere. Esan gura du batzuetan ez dela eraginkorra une horretantxe ekintza/esaldi zehatz bat berba bidez menderatzea”.       

 “Testuinguruaren arabera. Uste dut jakin behar dugula zeintzuk izan daitezkeen une egokiak tentsio edo tirabirarik ez sortzeko”.         

Beste batzuei askoz gehiago kostatzen zaie: “Normalean ez dut ezer esaten”.       

Baina zer iruzkin edo jarrera matxista ikusi dituzte edo ikusten dituzte oraindik, izan dituzte edo dituzte oraindik?

Txiste eta konparazio pentsaezinak, adibidez, oiloa dela dagoen emakumerik onena, txitak zaintzen dituelako trukean ezer eskatu barik; inplikatzea eta etxeko lanak gehiago partekatzea; rolak eta espazioak berdintasunezkoak eta guztiek partekatuak izan behar dutela onartzea; seme-alabei baldintza bako laguntza ematea arlo guztietan”.

“Txantxetan egindako esaldiak (“Ez dut alabarik izan nahi, kezkatuta biziarazten zaituzte-eta”), umore matxista, emakumeen esaldiak berrinterpretatzea (“XX-ek esan nahi duena da…”), espazioak, diskurtsoak… monopolizatzea (Hori guztia ikusita eta, tamalez, inoiz protagonizatuta)”.              

“Etengabeko mikromatxismoak (tonuz kanpoko iruzkinak; tresnekin, teknologiarekin… zerikusia duten etxeko kontuez arduratzea)”.         

“Asko. Niretzat esanguratsuena azken hilabete hauetan lan-arloan egiaztatzen ari naizena da, alegia, elkarrizketa edo bilera profesionaletan parte hartzen duten emakumezko lankideekiko dugun entzute-maila desberdina”.           

“WhatsApp-taldeak emakumeen kontuak dira. Edo etxeko gauzak (opariak, hezkuntza…) buruan edukitzeko ardura dutela, nahiz eta gero lanak banatu”

“Gidatzerakoan zera esatea: ‘Horrek ere emakumea izan behar!’”.

 “Batez ere txisteak, lehen komentario kaltegabeak iruditzen zitzaizkidan isekak, baina orain matxistak eta diskriminatzaileak direla ulertu dut”.      

 “Orain askoz ere kontzienteagoa naiz gizon izateagatik izan ditudan pribilegioez. Lehentasuna lanpostu jakin batzuetan, askatasun handiagoa…”.           

Eta badira hau luzerako izango dela uste dutenak ere:

“Bai horixe, eta jarraitzen dut ikasten, eta radarra piztuta (gaixo kroniko baten sendabidea bezala). Baina, egia esan, zigor-karga barik. Lasaiago, mugez jabetuta”.  

Edo itxaropen apur bat galdu dutenak:

“Uste nuen zaila zela aldaketa batzuk eragitea, baina ikusten dut pertsona gehienok bat gatozela funtsean. Pentsatzen hasia naiz hori ez dela horrela, eta gizon askok (eta emakume batzuek) desberdintasun horri eustea gura dutela beren pribilegiozko egoerak bermatzeko”.            

Matxismoa sotila ere bada

Argi dago bide luzea dugula aurretik, enpresetako zuzendaritza-taldeen argazkiak ikusi besterik ez dago. Inkestan, % 99k uste zuen emakumeentzako ‘kristalezko sabaiak’ eta ‘zoru itsaskorrak’ daudela. Eta hori beren erakundeetan egiaztatzen zuten, non zuzendaritza-postuak gizonek hartzen dituzten eta bitartekoak emakumeek.

Baina mikro mailan ere lan handia egin behar da. Gizon batek bere erantzunetako batean dioen bezala: “Uste dut 10 urte hauetan lan handia egin dela alderdi batzuk askoz gehiago zehazteko. Lehen gehiago zen eskubideetan berdintasunaz hitz egitea, baina orain gauza sotilagoak dira, gizartean gauza normal gisa txertatuta daudenak, eta orain gehiago konturatzen gara ez direla normalak”.

Izan ere, pixka bat aurrera egin dugula eta estereotipo batzuk gainditzeko zorian gaudela ematen duenean, Inditex bezalako enpresa handi bat agertzen da eta bere ski-kanpaina ateratzen du, inkestari erantzun dion batek aipatu duena, eta begiak zabal-zabal uzten dizkigu. Ongi jantzita eta gauez eskiatzen dute gizonek, “abenturazaleak dira-eta”; emakumeak, ordea, praka barik, bainujantzian edo elastiko gardenarekin eguzkia hartzera doaz, zeren eta, irudiak ikusita, badirudi eskiatzera ezetz. Horrelako kanpainek erakusten digute zein erraza den atzera itzultzea, eta argi uzten digute ezin dugula zaintza jaitsi.

Beste adibide bat inaugurazio edo aurkezpen ofizialak dira, non ez den emakumerik agertzen.  Edo eskolako patioak, non ia gizonik ez den egoten; edo hazkuntzari buruzko hitzaldiak, non bertaratzen direnen % 85 emakumeak diren.

Era berean, gure seme-alaben heziketan, gure alabari gauez kontuz ibiltzeko, bakarrik ez etortzeko, diskotekan edalontzia estaltzeko… esaten diogunean, eta gure semeari ezer esaten ez diogunean. Edo emakume bati eraso egiten diotenean eta berak frogatu behar duenean biktima izan dela, edo kalte-ordainari uko egin behar dionean, munduak begi onez hartu eta sinets diezaion.

Egoera askotan gertatzen dira mikromatxismoak, edo matxismo hutsa, argi eta garbi. Horregatik, kontuz ibili behar dugu egiten dugunaz eta zelan egiten dugun, esaten dugunaz eta nola esaten dugun. Horrekin bakarrik, aurrerapauso handia emango dugu. Izan ere, aita batek esan duen lez: “Gutxiago kostatzen da eskubideak galtzea lortzea baino”.

Ea hau den berdintasuna aldarrikatzeko idatzi behar dugun azken artikulua.

Andrea Alfaro. BBK Family

M8ko manifestazioak Bilbon

Gai honekin harremana duen BBK Family artikuluak 

“Jagon edo zaintzen duten erreferente maskulinoak behar ditugu”

Familien esku ere badago aldaketa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×