“Jagon edo zaintzen duten erreferente maskulinoak behar ditugu”

Iria Marañón Educar en el feminismo hamabostgarren edizioan doan best seller-aren egilea da, baita Libérate de la carga mental” liburuarena ere,eta honetan emakumeok gainean zelako zama mentala daroagun jakiteko hainbat ariketa egitera animatzen gaitu. Marañonek zainketak erdigunean jartzea eskatzen du, lan horiek balioestea, eta emakumeak etxetik kanpora lan egitera atera diren bezala, badela garaia gizonak etxean sartzeko ere, guk egiten ditugun zeregin berberak egin ditzaten.

Iria, zure liburuaren izenburua da “Libérate de la carga mental”, zertaz ari zara zama mentalaz berba egiten duzunean?

Zama mentala plangintza da, antolaketa, kudeaketa, datak, hitzorduak, xehetasunak, … gogoratu beharra eta, batez ere, emakumeok geure bizitza eta gure mendeko pertsonen bizitza antolatzeko egiten dugun lan ikusezin guztia. Normalean, zama hori seme-alabak, mendeko pertsonak edo adinekoak zaintzean jasaten ditugun familia-arduretatik etortzen da.

-Zure liburuan agertzen diren ariketak egitean, taldean harrituta geratu ginen, gure etxeetan erantzunkidetasuna ez zelako hainbestekoa. Maindireak eta eskuoihalak noiz aldatu behar diren jakitea bezain gauza sinplea, gure buruan baino ez zegoela ikusi genuen, ez gure bikotekideen buruan. Zer egin dezakegu zama mental horretatik askatuz joateko?

Hasteko, lehenik identifikatu egin behar dugu non dagoen daukagun karga edo zama. Seguru asko gu gara etxearen, haurren eta familiaren arduradun nagusiak; beraz, zereginetako bakoitza identifikatu ostean, onena paper batean idaztea da, paper luze batean, eta ardura hori banatzen hastea. Adibidez, ez du ezertarako balio zure bikotekideak kuzinatzea zuk pentsatu behar badituzu eguneroko menuak, zuk egiten baduzu erosketa-zerrenda, zu joaten bazara supermerkatura edo zuk egiten badituzu online erosketak, gero zuk erosketa jaso eta erositakoa sukaldean antolatzen baduzu. Sukaldearen inguruko zeregin guztiez jabetuta egon behar dugu, ez baita janaria prestatzea bakarrik. Eta zeregin guztiak identifikatu ostean, ikusezinak barne, ongien komeni bezala banatu behar dira. Horretan ez da bikotekidea bakarrik sartu behar, erabat erantzunkide izan behar duen arren; gure seme-alabek ere, helduak badira, zeregin batzuez arduratzen hasi beharko lukete.

Patioak, ikastetxeko bilerak, hazkuntzari buruzko hitzaldiak, … amaz beteta egoten dira, hamar amako aita bat dagoela esango nizuke. Eta, batez ere, hitzaldien gaian, ematen du amok garela “zama mental” hori dugunak, hau da, hobetzeko, ikasteko, … beharra dugunak, zeren eta datuak (hitzaldietara joaten ez diren aitak) ikusita, badirudi eurek ez dutela zama hori sentitzen. Zelan egin dezakegu interpelatuta senti daitezen?

Aitatasunari balioa eurek eman beharko liokete. Hezkuntzaren bidez soilik lortu genezake gizonak interpelatuta sentitzea; horretarako, normalizatu eta sustatu egin behar da komunikabide, entretenimendu, kultura eta abarren bidez, bitarteko horiek eragin handia baitute. Aita izatea ez da zure umea parkera eroatea edo matematika-lanetan laguntzea: aitatasuna zertan datzan ulertzeko, inguruan egin beharreko lan edo zeregin guztiak eurek ezagutzea bezalakorik ez dago: ikastetxean bilerak, arropa, eguneroko garbiketa, otorduak, aisialdia, …  baita ere laguntza emozionala, lagun egitea, …  hori guztia idatziz jaso behar da, horrela jakingo dute hazkuntza zertan datzan eta eguneroko premia edo beharrizanak zein diren.

Duela gutxi, dokumental batean gizon bati entzun nion esaten publizitate-kanpainak emakumeei zuzenduta daudela beti, beren lan-bizitzari uko egin ez diezaioten, kristalezko sabaia hautsi dezaten, … baina ia ez zegoela gizonei zuzenean dei egiten zien kanpainarik erantzunkide izan daitezen. Ados zaude horrekin?

Bai, erabat. Oso lotuta dago aurreko puntuarekin. Emakumeok enplegu ordainduak izateko kalera atera gara, baina gizonak ez dira etxera sartu etxeko lanak egitera, eta, beraz, balantza are gehiago desorekatu da; izan ere, orain emakumeok lan edo behar bat dugu etxetik kanpo eta beste bat etxe barruan; gizonek, berriz, ez dituzte beren gauzatzat hartzen etxeko lanak eta zainketak.

Mendekotasuna duten seme-alaben eta mendekotasuna duten gurasoen zainketak, …  ikusezinak direla esan dezakegu, ez direla balioesten, eta gehienetan emakumeek egiten dituztela. Zelan irauli dezakegu egoera hori?

Alde guztietatik egin beharreko lana da: jagon edo zaintzen duten erreferente maskulinoak behar ditugu, zaintza-lanaren garrantzia normalizatzea eta ikusaraztea behar dugu. Zergatik dago sozialki ondo baloratuta enpresa bateko CEO izatea, baina ez umetxo bat edo mendekotasuna duen pertsona bat jagon edo zaintzea? Gainera, horiek dira benetan ezinbestekoak diren lan bakarrak. Gizarte osoak, bete-betean, zaintza-lanaren garrantziaz jabetu behar du, eta pertsona guztiona da hori horrela izatearen ardura.

BBK Familyn berrikuntzako esperientzia berritzaileen lehiaketa bat antolatzen dugu, gizarte-erakundeek eta enpresek kontziliazioaren aldeko ekintzak proposa ditzaten. Hala ere, ia ez da enpresarik aurkezten lehiaketara. Zer edo zelan egin dezakegu kontziliazioak dakartzan onurez jabetu daitezen enpresak? Eta zelan bultza dezakete enpresek erantzunkidetasuna?

Pizgarri ekonomikoak eskainiz hori ezartzen duten enpresei. Sistema kapitalistak desabantaila bat du, hots, diruak agintzen duela bertan. Beraz, enpresa batek onura ikusten duenean, orduan abiaraziko ditu berdintasuna sustatzeko benetako kontziliazio-politikak. Baina alferrik da enpresek malgutasuna eskaintzea, lanetik irtetean gizonak padelean jolastera joaten badira; erakunde guztiek bultzatu behar dute gurasoen ardura edo erantzukizuna % 50ekoa izatea.  Horregatik, PPIINA (baimen berdin eta besterenezinei buruzkoak) bezalako legeek berdintasun hori pixkanaka lortzen laguntzen dute.

Menu

BBK Family Learning

×