vinculo bebe

Lotura ona ari ote naiz sortzen neure umetxoarekin?

Gurasook poztasuna, jakin-mina eta beldurra nahasturik ditugula hartzen dugu gure haurren etorrera, “gauzak ondo” egiten asmatuko ote dugun zalantzaz beteta. Pixkanaka, hazkuntzan segurtasun handiagoa aurkituz eta beldur batzuk kudeatzen ikasiz joaten gara.

Atxikimendua bizitzako lehen urteetan gurasoen eta umetxoen artean sortzen den lotura afektiboa da. Bizirik iraun dezaten beharrezkoa da. Emozio atseginen funtsa eta autoestimu osasuntsua sortzen ditu, hazteak dakartzan autonomia-erronkei aurre egiteko.

ATXIKIMENDUA ERRAZTEN DUTEN ELEMENTUAK

Atxikimendua umetxoak ama eskura duela eta bere beharrizanei modu egokian erantzuten diela sentitzen duen neurrian sortzen da. Horretarako badaude oinarrizko elementu batzuk: 

1-Beharrizanera egokitzea

Haurtxoek oinarrizko forma batzuk dituzte zerbait behar dutela adierazteko. Negarra izaten da horietan garrantzitsuena, baina hotsak, mugimenduak edo keinuak ere egin ditzakete. Garrantzitsua da horiei arreta jartzea eta dituzten beharrizan eta emozioekin sintonizatzea.

Hasieran, agian ez dugu ondo jakingo haurtxoa gose edo logura den, azalean narritadura duen, bakardade-sentsazioa duen, jolasteko gogoa duen, … Pixkanaka, probak egiten joango gara eta beraien beharrizanak identifikatzen, eta horietara zelan egokitu ikasten. Horrek denbora pixka bat eskatzen du, entzuteko prozesu bat, beste pertsona batzuekin kontsultatzea eta lasai samar egotea.

Eta hainbat eratara erantzuten saiatu eta negar egiteari uzten ez badiote? Orduan, garrantzitsua izango da bi gauza egitea. Lehenengoa, gaixotasun-sintomarik (adibidez, sukarra) dagoen egiaztatzea. Bigarrena, edozer dela ere, kontuan izatea, lasai egotea lortzen badugu, hobeto lagunduko diegula balizko ondoez horretan, eta entzutea beste modu batera egin ahal izango dugula. Eta harrituta ohartuko gara, denbora igaro ahala, gero eta gehiago ulertzen ditugula.  

Gogoan ditut zenbait une txar semetxoa besoetan hartzen nuenean zer egin ez nekiela. Joan nintzen ikasten, zernahi zela ere, lasai egoteak dena hobetzen zuela.

2- Azkar samar erantzutea

Lehen hilabeteetan, haurtxoak ez dira gai molestia txikiak jasateko. Beraien minaren atalasea desberdina da pertsona helduen edo ume nagusiagoenarekin alderatuta. Gose-sentsazio txiki batek edo etiketa batek eragindako hazkura arin batek negar handia eragin dezake, eta horri “azkar samar” erantzuten ez bazaio, gero lasaitzeko zailagoa den “kasketaldia” ekar dezake.

Horregatik, garrantzitsua da azkar samar erreakzionatzea. Gainera, erantzun horrek oso gertuko gorputz-kontaktua eskatuko du, besoetan hartzea, adibidez. Gero, pixkanaka-pixkanaka, apur bat gehiago itxaron ahal izango du (hizkuntzak eta objektu jakin batzuek lagunduko digute horretan), eta distantzia handixeagoaz erantzun ahal izango diogu.

Pentsatu nuen sekula ezingo nintzela berriro bakarrik dutxatu, eta “ziztuan” atera beharko nintzela semeak kexa-hotsik txikiena egin bezain laster. Pixkanaka, konturatu nintzen jateko apur bat itxaroteko gai zela, lasai esaten nion bitartean: “Badakit gose zarela, bai, larri zaudela, … laster amaituko dut purea prestatzen eta oraintxe emango dizut”, begiratu egiten nion, keinuak egiten nizkion eta abesti bat kantatzen nion. Badakit ez zituela nire berbak ulertzen, baina bai nire ahotsaren doinua eta nire “seinaleak”.

3-Kanal sentsorial edo zentzumen-bideak erabiltzea

Pertsona guztiok hainbat kanal sentsorial ditugu informazioa prozesatzeko eta … lasaitzeko!  Bakoitzak bat edo bi ditu gustukoen. Horregatik, garrantzitsua da gure haurtxoarekin egiten dugun edozein ekintzatan (elikatzea, bainatzea, lokartzen laguntzea, jolastera eta mugimendura bultzatzea, …) zentzumen-formula ezberdinak erabiltzea. Ikusiko dugu zer forma gustatzen zaion gehien.

Adibidez, bularra edo biberoia ematen diogunean, kontuan izan dezakegu:

  • Gure gorputz-usaina sentitzeak baretu egiten duela.   
  • -Ohiko gustu jakin bat duen esnea hartzeak ere segurtasuna ematen duela.
  • Haurtxoari besoetan eusteak ere, gorputz-tentsioan egon barik, bizkarretik ondo eutsita elikatzen den bitartean, lasaitasuna kutsatzen duela.
  • -Bularra hartzen duen bitarteanberari begiratu eta irribarre egiteak ere bai (nahiz eta itxura batean hura bere gauzekin entretenituta egon).
  • -Hartzen duena kontrako eztarrira joan ez dakion, gure bihotz-taupadek, gure xuxurlek, melodia txiki batek, ahots ezti eta maitekorrez piropo bat esateak … kontsolatu egiten dutela. 

Laztanak, masajeak, begiradak, irribarreak, imintzioak, lo-kantak, urrumak, besoetan paseatzea…

Pediatraren kontsultan nengoen bularra ematen … Orduan telefonoz deitu zidaten, eta elkarrizketa bat hasi nuen, esaten zidaten zerbait paperean apuntatzen saiatzen nintzen bitartean … Umea protestatzen hasi zen … Erizaina ondotik pasa zen, eta begiratu egin zidan … Ez zen begirada “zorrotzegia” izan, baina nahikoa izan zen konturatzeko zein garrantzitsua den bularra emateko prozesua une kontziente bat izatea eta emozio- eta gorputz-doikuntza egiteko une bat izatea zentzu zabalean …Deia eten egin nuen eta geroagorako laga.

4-Esperientziak integratzen laguntzea

Haurtxoek askotariko esperientzia sentsorial eta emozionalak izaten dituzte beraientzat hain ezezaguna den mundu honetan. Esperientzia horiek integratzen joan behar dute, eta gorputzean gertatzen zaiena beren emozioekin eta munduko “kontzeptuekin” erlazionatu behar dute.

Horregatik, garrantzitsua da hitzak jartzea sentitzen eta esperimentatzen doazenari, batez ere ondoezen bat dutenean. Adibidez: “Negarrez ari zara… baliteke kaka eginda egotea eta ipurdia erreta izatea … Orain begiratuko dut pixoihala … Ba, bai, kaka egin duzu”, “Ai ene, janaria beroegi zegoen eta mihia erre duzu, … erre, ezta, maitea?”, “Barrez ari zara eta zizaka… pozik zaude … pilotarekin jolastea gustatzen zaizu…”

Jakina, hori egin ahal izateko, entzute ona praktikatu behar dugu, emozioarekin sintonizatu, gertatzen dena gutxi gorabehera ondo interpretatu eta tonu positibo eta afektiboan egin. Ez da gauza bera “Negarrez ari zara, agian pupa duzu azalean” tonu lasaiarekin esatea,edo “Negarrez ari zara, zeurekoi hutsa zara zu, ezin negar egin barik egon!” haserre-tonuarekin esatea. Haurra integratzen joango dena desberdina izango da kasu batean eta bestean.

Horren haritik, gure umetxoek “mentalizazio-prozesu” on bat egin dezaten laguntzeko, guk ere geurea egin beharko dugu, barrutik entzunez zein diren gure emozioak eta modu egokian erantzunez. “Urduri jartzen ari naiz, beldur naiz ez ote dudan asmatuko serumaz sudurra ondo garbitzen, beldur naiz ez ote den eten barik negarrez hasiko, …Arnasa hartu eta lasaitu egingo naiz. Ez naiz ama txarra horrengatik. Ikasten ari naiz“.

Gogoan dut semearekin “elkarrizketak” izaten hasi nintzenekoa bera zaintzen nuen bitartean, zer gertatzen ari zen edo zelan senti zitekeen esaten nion … Baita neure buruarekin zelanbaiteko elkarrizketa egiten ere ahapeka. Bere garaian, uste nuen horrek lagundu egiten zidala nire pentsamendua antolatzen eta lasaitzen, … eta berari ere laguntzen ziola.

5-Ziklo edo ohitura batzuk sortzea

Beharrezkoa izango da giroan errutina batzuk sortzea, zer eta zelan gertatuko den “aurrez jakin” dezaten umetxoek. Katuka ibiliko diren zorua gutxi gorabehera berdintsu egongo da, janaria gutxi gorabehera ordu berean prestatuko dugu eta erritual berari jarraituko diogu lokartzen laguntzeko (bainua, masajea, biberoia, ipuina, musika, …). Adibidez, pixkanaka, aldaketa batzuk sartu ahal izango ditugu autonomia-erronkak bultzatzeko.

Ohitura horiek sortzeko, garrantzitsua izango da haurtxo bakoitzaren erritmora egokitzea.  Bakoitzak berea du. Eta horren haritik, garrantzitsua izango da familiaren eta lagunen “aholkuak” edo garapen-taulak kontuan hartzea, jakinda erritmo bakoitzerako malgutasun bat dagoela.

Uste izan nuen nire semea ez zela gai izango berak eskatu ahala bularra hartzeari uzteko, eta ohitura arautu batzuekin beste elikadura bati ekiteko. Berriro ere … harritu egin ninduen. Uste dut horretarako hain prestatua ez zegoena neu nintzela, eta pixka bat atzeratu egin nuela. Gogoan dut, hala ere, pixoihala kentzea proposatu nionekoa. Hor argi geratu zen aurreratu egin nintzela eta apurtxo bat gehiago itxaron behar izan genuen. Zein konplexua den batzuetan ohiturak sortzeko orduan beharrizanak eta erritmoa entzutea! Eta zer aukerak ematen dizkigun horretatik ikasi eta egokitu ahal izateak!

6-“Babesa” eta autonomia konbinatzea

Neskatoak ziurtasuna lortzen eta hazten joan daitezen, haien premietara egokitze honek dimentsio bikoitza izan behar du: hurbilagotik babestea eta pixkanaka esploratzera eta urruntzera animatzea. Horren haritik, hazkuntza markatuko diguten bi lerro daude:

  • HURBILETIK BABESTEA: hurbiltzea, ukitzea, berba egitea, sendatzea, azalpenak ematea, ulertzea, harekin geratzea, arauak jartzea, ohiturak sortzea, … beraren mimo, kontsolamendu, ulermen, gertutasun, atseden, babes, egitura … beharrizanei erantzuteko.

URRUNAGOTIK ESPLORATZEA: zenbait premia edo beharrizan (jolastea, ikertzea, erabakitzea, banantzea, ikastea, bere kabuz egitea, …) asetzeko, animatu, konfiantza eman, pixka bat lagundu, zelan egiten duen begiratu, poztu, gozatu, bakarrik egiten utzi,

Hori nabarmenagoa bihurtzen da 6 hilabetetik aurrera eta, batez ere, bertikaltasuna lortu eta ibiltzen hasten direnean. Adibide bat besoetan edukitzea litzateke, beldurra edo molestiaren bat sentitzen dutenean kontsolatzeko (“babestea”), eta lurrean uztea, jostailuak ukitzeko edo, herrestaka edo katuka hasten direnean, lekuz aldatzeko (“esploratzea”).

Ez zegoen gauza gozagarriagorik nire semea urruntzen ikustea baino gero itzultzeko …, Niregandik apur bat urrunduta jolas egitea eta besoetan ere eduki ahal izatea mimoak gura zituenean … Aurrerago, sentsazio hori bera errepikatu egiten zen eskolan uzten nuenean pozik, eta irteeran berriro jasotzen nuenean, orduan ere pozik ni ikusteaz.

ZERK LAGUNTZEN DU LOTURA OSASUNTSUA SORTZEN

Aurrekoa kontuan izanda, hona hemen atxikimendu seguruan laguntzen diguten ideia batzuk:

  1. Konfiantzazko segurtasun-ingurune bat sortzea, non umetxoek eskema mental jakin batzuk sortu ahal izango dituzten, ziur egoteko beraien beharrizanak asebeteko direla eta forma jakin batzuetan, gainera (lekuak, ordutegiak, formak, …).
  2. Haien premia edo beharrizanak asetzerakoan gorputz-doikuntzako dimentsio osobat, berba bakoa, sartzea (begirada samurrak, irribarreak, gorputz-tonu lasaitua, urrumak, bere hotsen errepikapena, laztanak, mugimendu leunak, …). 
  3. Konpondu bako premia edo beharrizan baten aurrean, molestiak, estualdiak edo estresa dutenean, laguntza ematea. Azkar samar eta, pixka bat atzeratzen bada, itxaronaldia baretuz.
  4. Umetxoak esploratzen eta jolasean ibil daitezen bultzatzea. Erritmoak behartu barik, saiakerak atzeratu gabe, testuinguru segurua sortuz, erronka mailakatu eta onargarriekin, …
  5. Autonomia-ahaleginak aitortzea, eta lortzen dutenaren “ispilu” izatea. Hasieran berbak guztiz ulertzen ez badituzte ere, tonuari antzematen diote.  “Biberoiaren zain egon zara!”,  “Buelta eman duzu!”, “Hartu duzu pilotatxoa!”, …
  6. Norberaren ongizatea zaintzea. Horrela, haurtxoak ondo zainduko ditugu.  Horretarako, interesgarria da erlaxatzeko, distraitzeko, beste gauza batzuekin une atseginak igarotzeko, … uneak izatea. Gure historiatik dakartzagun larregizko eskakizun, beldur eta larritasunak berrikusteak ere laguntzen du. Ezinbestekoa da sostengua eta berotasun emozionala emango digun jendeaz inguratzea. Eta hazkuntzaren logistikarekin lagundu ahal badigute, askoz hobeto.
  7. Gure seme-alabei egunero maitasuna erakustea, gauez 6 aldiz esnatzen bagaituzte ere onartzen ditugula erakustea, maitatuak eta desiratuak diren familia bateko kide direla sentiaraztea, ohiturak zaintzea eta arauak jartzen joatea, aldi berean beraien autonomia bultzatuz. 

ATXIKIMENDUAN SEGURTASUNA FALTA DENEAN

Garrantzitsua da atxikimendu segurua sortzea, bi dimentsio kontuan hartuta: hurbiltasunetik babestea eta hazi ahala esploratzera animatzea. Lehen hilabeteetan, oso gertu eta hurbil egoten gara, eta, gero, autonomian “aurrerapen” txikiak eginez joaten dira (beren gorputza edo objektu batzuk ukitzen dituzte, lekuz aldatzen dira, errutina berriak egoten dira elikaduran, loan edo bestelako gauzetan, …). 

Edozelan ere, adinean aurrera egin ahala, garrantzitsua litzateke honako hauek egin ahal izatea guk:

  • Haien babes-premiei hurbiltasunetik erantzutea, behar dutenean. Kontuz ibili behar da, halaber, garaia baino lehen esploratzera ez “bidaltzeko”, testuinguru seguru barik  edo, seguru sentitzen ez direnean, “jaso” gabe.
  • Esploratzeko eta batzuetan gure albotik “banantzeko” aukera ematea. Denbora guztian gure gorputzari itsatsita baditugu, beste estimulurik izan barik eta “ikertu” eta mundua ezagutzeko aukera barik, ez diegu segurtasunik emango. 
  • Argitasuna ematea, eta ez nahastea, babesari eta esplorazioari buruzko honetan mezu kontraesankor eta ausazkoak bidaliz.  

Hori denboran zehar modu zabal eta etenbakoan betetzen ez badugu, zalantzazko atxikimendu-loturak sor genitzake. Batzuetan, hori gerta daiteke zera dagoenean: 

  • -Gaixotasun edo gogo-aldartearen nahasmenduren bat.
  • -Norberaren edo jatorrizko familiaren barruan indarkeria-egoerak.
  • -Oro har, edo arreta zehatzagoa eskatzen duten seme-alaben zenbait egoera organikoren aurrean, zelan egin ez jakitea.
  • -Bakartze edo isolamendua.

Kasu horietan, laguntzarik ez badago, haurrak segurtasun eza garatzera irits daitezke zelanbait larritasunean kokatuz, eta hori gorputzean agertu ohi da hainbat eratara edo arlotan: negarra, jolas-estiloa, mugimendua, elikadura, loa, gaitasun soziala eta kognitiboa … 

LOTURA “HAUSKORRAK” SENDOTZEA

Eta posible al da “ahul” samar dagoen edo egon den lotura bat sendotzea? Erantzuna baiezkoa da. Hori lortzeko modu bat hezkuntza-laguntzak izatea da. Bilboko Udalarekin hitzartutako Bidegintza Koop. E.aren Inurri programatik familia-jarduera batzuk identifikatu eta proposatzen ditugu hori lortzeko:

1-Lotura lantzea gorputzaren ikuspegitik

Atxikimendu-lotura gurasoen eta umetxoen arteko gorputz-doikuntzatik hasten da, eta, beraz, harremana sendotzeko berebiziko formula da. Adibidez:

Haur-masajeko tailerretan parte hartzea, horrela familiak larruazalaren bidez eta gainerako zentzumen-bideetatik harremanak izan ditzan, hezitzaileen orientabideekin behar den doikuntza edo egokitzapenera iristeko.

Familia-jolaserako jarduerak eta lekuak partekatzea. Horrela, bat-bateko jolasaren, mugimenduaren, lanketa plastikoaren edo narrazioaren bidez doikuntza horretan saiatu eta dimentsio bikoitz hori praktikan jar dezakete: hurbil-urrun / babesa-esplorazioa. Osagarri bat da neskatoek Aucouturier psikomotrizitate-saioetan parte hartu ahal izatea, emozionalki beren burua segurtatzeko beren historiaz.

2-Beste guraso batzuekin iritziak erkatzeko eta elkarri laguntzeko guneak partekatzea

Kasu honetan, aberastasuna ematen duten funtsezko bi aldagai daude. Batetik, babestu eta laguntzen duen taldearen ahalmena (funtsezkoa, esan bezala, hazkuntzarako). Bestetik, hazkuntzaren zentzuari buruzko hausnarketa, esperimentaziotik eta gaikuntzatik abiatuta.  Adibidez, Comillasko Unibertsitateak diseinatutako Primera Alianza programak, Inurritik eskaintzen denak, talde-gune bat du oinarri iritzi-erkatzea eta laguntza, atxikimendu-loturaren dimentsioei buruzko gogoeta eta familiako harreman-uneen bideo-feedbacka ahalbidetzeko.

3-Norberaren zaintza lantzea

Ingurune eta atxikimendu-lotura seguruak sortzeko, gurasook ere seguru eta zainduta sentitu behar dugu geure burua. Batzuetan, lan pertsonala edo taldekoa egin behar da malgutasun emozionala lortzeko; beste batzuetan, norberaren bizitzaren historia aztertu behar da; eta, beste batzuetan, oinarrizko biziraupeneko gai ekonomiko eta sanitarioak “konpondu” behar dira lehenik…

Pepa Hornoren esaldi honekin amaituko dugu: “Ez dugu esaten dugun horretan hezten, bizi dugun horretan baizik.Haur (eta heldu) batek ez daki maitatua denik, sentitu egiten du maitatua dela”.  

Trini Cajide ,Mónica Morante,Gorka Vicente y Bego Ruiz. Bidegintza kooperatibaren Lotura Goiztiarrak Indartzeko Inurri programako hezitzaile taldea

Gai honekin lotura duen BBK Familly bideoak:

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×