Berba egin dezagun traumaz pandemian

Badakit zorabio apur bat ematen duela, baina berba egin dezagun traumaz

Hitz egin dezagun traumaz, jakin badakit ez dela erosoa gertatzen zaigun zerbait, are gutxiago emozio askorekin ari bagara, eta emozio horiek kontrolatuta izaten saiatzen ari garenean, egungo egoeran bezala, are zailagoa da traumaz berba egitea.

Badakigu etimologikoki grezierazko hitz bat dela, “zauria” esan gura duena, eta izan daitekeela kanpoko eragile batek sortutako lesio fisiko bat edo inpaktu emozionala sortzen duen egoera bat, arrastoa uzten duena gogoan, mundu emozionalean.

Kontua da trauma emozionala psikoanalisiaren eta hipnosiaren hasierako korronteetan kontuan hartu zela, baina gero denboraldi batean ez zuten kontuan hartu psikiatria edo psikologiako teoriek.

Duela hamarkada batzuk berriz ere aintzat hartu zen esperientzia traumatikoek maila emozionalean duten garrantzia, eta buruko arazoen garapenean dituzten ondorioak. Horrela, esperientzia traumatiko gogorrak faktore etiologiko esanguratsutzat hartzen dira buru-nahasmenduen garapenean, eta arreta handia eskaintzen zaie traumara bideratutako terapien barruan.

Gerra modernoetan, argi geratu da jasandako esperientzien eragina, eta ezinezkoa da horiek sortzen dituzten ondorio larriak ukatzea. Vietnamgo beteranoek jasandako ondorioak ezagutu eta aztertu izanak eragin du, hein handi batean, traumaren eragin edo ondorioak ulertzea. Hondamendi naturalak, gerrak, terrorismoa, tortura, tratu txarrak, haurren abusua, etxeko indarkeria edo genero-indarkeria lako egoerek eragin ditzaketen ondorio ikaragarriak aitortu diren neurrian, estres izugarri eta eten bakoaren aurrean giza erreakzio unibertsal bat dagoela onartu da.

Hori irakurrita, zera esan dezakegu: “Tira, nik behintzat ez dut traumarik bizi izan”, baina gauzak ez dira hain sinpleak.

Noiz bihurtzen da zauria trauma?

Egia da zauri guztiek ez dutela arrastorik uzten, eta horietako asko osatu, sendatu egiten direla, eta esperientzia horiek baliabide berriak sustatu, indartu edo sortzen dituztela, gerora traumatikoak izan daitezkeen esperientzien aurrean lagunduko digutenak; baina ez da beti horrela izaten.

Galdegin edo itaundu diezaiokegu geure buruari: “Eta hori zeren mende dago?”  Funtsean hiru gauza hauen mende: gertakariaren intentsitatearen, iraupenaren eta banaka edo familian eta taldean ditugun baliabideen mende.

Orduan, noiz bihurtzen da zauria trauma? Rachel Yehuda aipatuz, uste dugu trauma psikologikoa “mugarri bat dela, bizitza zelanbait aurrekoaren eta ostekoaren artean banatzen duen gertaera bat”. Interesgarria da, behin eta berriz entzuten ari baikara, pandemia-egoera honek aldatu egingo gaituela, ezer ez dela berriro izango lehen bezala. Traumaren arloan erreferente bat den Van der Kolk-en arabera: “Kanpoko eta barneko baliabideak kanpoko mehatxu bati aurre egiteko aski edo nahikoa ez direnean gertatzen da trauma”.

Zein da zaurgarritasun handieneko etapa?

Geure buruari galdegin diezaiokegu zein unetan garen babesgabeagoak, zein unetan eragin diezaguketen gehien gertakariek, zein unetan ditugun baliabide eta kontrol gutxiago gertatzen zaizkigun gauzen gainean. Erantzuna argi dago: haurtzaroan, eta zenbat eta txikerragoak izan, orduan eta barne-baliabide gutxiago izaten ditugu, maniobratzeko gaitasun txikiagoa eta ahultasun handiagoa.

Horrela, bada, haurtzaroa da traumarekiko zaurgarritasun handieneko etapa, eta orduan izan dezake ondorio larriena esperientzia traumatiko baten eraginpean egoteak edo eten bako estresaren eraginpean egoteak; izan ere, garuna osatu barik egoten da, eta inpaktuak garun-egitura heldu bakoetan eragiten du, eta horien garapena baldintzatu dezake.  

Horrek esan gura du pertsona heldu batentzat oharkabean igaro daitezkeen egoerek –adibidez, aitona edo amona bat galtzeak, espero den unean heldutasun-mugarri batzuk ez lortzeak, irakasleen edo ikaskideen ohartarazpen edo deskalifikazioak pairatzeak, edo helduek detektatzen ez dituzten beste egoera are larriagoek– ondoeza sor dezaketela, eta horrek eragina izan dezake bai garapen psikologikoan –haurrak bere buruaz sortzen duen irudian, edo besteengan edo ingurunean hautematen duen konfiantzan­– eta bai maila neurologikoan.  Gurasook jakin behar dugu haurtzaroa eta bere konkistak erronka handiak direla: oinez hastea, bizikletan ibiltzea, irakurtzen eta idazten ikastea, taldeko harremanetan moldatzea, atxikimendu-figuretatik bereiztea, munduan barneratzea, … jada desafiatzaileak dira eta estres-maila bat sortzen dute. Nerabezaroan ere gauza bera gertatzen da: nire gisako edo parekoen artean neure lekua topatzea, nire  barneko irudi-aldaketak ulertzea eta horiekin bizitzea, nire garuna (dirudienez, berrantolatzea eta balio ez diona botatzea erabaki duena) …, hori guztiori kezka-iturri eta estresagarri izan daiteke.

Horrekin ez dut esan gura gure seme-alaben eta nerabeen arazoak konpondu behar ditugunik. Ez, baina bai inferitu egin behar ditugula, bizi dutena antolatzen lagundu eta beren ondoeza erregulatzen eta baretzen lagundu.

Nola lagundu diezaiekegu gure seme-alabei?

Kontuan hartzen badugu haurrek eta gazteek zer jasan behar duten beren garapenean, eta horri orain estres pandemikoa gehitzen badiogu, eta, gainera, jada ez dauzkatela aurretik ongizatea ematen zieten ohiko irtenbideak, agian horrek lagundu egingo digu beste modu batera begiratzen eta oharkabean pasatzen ari zaizkigun alderdiei erreparatzen.

Helduekiko desberdintasun nagusia da gaztetxoen garunak heltzen jarraitzen duela eta, beraz, sentikorragoak eta zaurgarriagoak direla estresaren aurrean. Beren tolerantzia-leihotik kanpo badaude, hori beren jokabide eta haserre, arreta eske, amorru eta suminkortasun handiagoaren bidez transmitituko digute, eta helduoi sentiberak izatea, ikustea, jokabide horiek esanguraz hornitzea eta plazera eta segurtasuna esperimentatzen laguntzeko moduak bilatzea dagokigu; horretarako, aktiboki inplikatu beharko dugu.

Une egokia da gure buruari galdetzeko: zelan bizi dute haur eta gazteek, eta, jakina, zelan bizi dugu guk geuk, pandemiaren eta segurtasun-neurrien eragina?  Aurreratzen dut ez duela balio erantzuteak: “normal”, edo “ohitu egin dira”, edo “hori da dagoena”.

Ez du balio, denok daramatzagulako hilabete asko eten barik estres horrekin eta horren ondorioekin moldatzen, adibidez, hor dugu ‘neke pandemikoa’, OMEk deitu duen bezala, jasaten ari garen etengabeko estresaren akitze eta higadurak eragindakoa, eta ohituta gaudela uste badugu ere, ondorioak izaten jarraitzen du horrek.

Esan ohi dut, gure sorbaldan gainkarga duen bloke bat eramatera ohitu arren, nahiz eta dagoeneko sumatu ere ez egin, horrek ez duela esan gura hor ez dagoenik eta gure muskulaturan eta eskeletoan arrastoa uzten ez duenik.

Urtaroak bereizi barik continuum batean errepikatzen diren egun motel, interes bako eta gris hauetan, eskualdeko jaiak edo herri-errituak bertan behera lez geratzen dira, eta adoregabetasun- eta haserre-egoera berezi batera eroaten gaituzte, non ematen duen gure baliabideak hustubidetik joan direla; eta gurasoak baldin bagara, hainbeste jarduera asmatu beharraz ere ahituta senti gaitezke. Baliabideak eta, agian, sormena ere higatzen ari zaigu, egoera honi aurre egiten jarraitzeko. Txertoaren itxaropena lausotu egiten da, gizarte-jarduera mugatuarekin jarraitzen dugulako.

Nork bere burua zaintzera, irribarre egitera, kirola bultzatzera, naturarekin harremanetan jartzera eta intimitate seguruko espazioak bilatzera animatzen jarraitu behar dugu egunero. Gurasoak baldin bagara, azafatek esango liguketen lez, oxigeno-maskara janzteko gai izan behar dugu, lehendabizi guk geuk eta gero gure seme-alabei. Hori da umeak behar bezala artatzeko bermea. Gurasook gure seme-alaben esperientzia gogorren aringarri bihurtzen gara, gure egoera emozionalak, beldurrak eta pozak partekatzen baitituzte, izan dezaketen laguntzarik onena gara.

Desclée de Brouwer argitaletxeak kaleratu berri duen ¿Cómo puedo salir de aquí? liburuan, emozio-kutsatzearen mugimendu hori jaso dut, lorategi emozionalari buruzko kapitulu batean. Kapitulu horretan, gurasoen eginkizunetako bat gure seme-alaben lorategi emozionala arretaz jagon edo zaintzea dela deskribatu dut. Lorategi horretan belar onak eta txarrak hazten dira, onak, emozio positiboak lez, ureztatu eta jagon egin behar ditugu, eta txarrak, emozio asaldatzaileak bezala, detektatu eta ez utzi zabaltzen. Emozio negatiboen kasuan, luzatu eta kronifikatzen ez uztea lortu beharko genuke.

Beraz, guraso garen aldetik, emozioak detektatu behar ditugu, gure seme-alabak, gure ikasleak, pandemia-egoera honetan edo beste edozein egoeratan bizitzen ari diren egoerak inferitu behar ditugu, jagon edo zaindu, eta beste egoera atseginago eta seguruago batzuekin konektatu eta horietara birbideratu behar ditugu.

Cristina Cortés. psikologoa

Gai horrekin harremanetan dituzten BBK Family artikuluak

Mediatekan dauden materialak laguntza emateko

BBK Family Learning

×