Zer ikasi dugu familiok 2020an, 2021ean bete edo gauzatzeko modukoa

Aurtengo balantzea egitea urte askotako balantzea egitea lez da. Badirudi 365 egun baino gehiago bizi izan ditugula 2020an, eta, beraz, artikulu hau ez da gai izango gertatu den guztia batzeko, ezta zuk bizi izan duzuna, sufritu ahal izan duzuna, aurtengo urteak erakutsi dizuna edo datorren urtean aurrean izango duzuna jasotzeko ere.

Horregatik, BBK Familyren webgunean horma-irudi edo mural bat egin gura genuke, bizi izan dituzun eta partekatu nahi dituzun esperientziekin, zure ustez 2021ean izango ditugun erronkekin, beharko dugunarekin, … Horretarako, idatzi mezu bat bbkfamily@bbk.eus helbidera, denon artean horma-irudi hori osotu dezagun, eta bizi izan dugunaz eta 2021erako beharko dugunaz jabetu gaitezen.

Zuen ekarpenen zain, gu hasiko gara…

BBK Family-n Roberto Aguado psikologoarekin hasi genuen urtea, eta irakasleek haurrentzat duten garrantziaz berba egin zigun; izan ere, irakasle on batek bizitza alda diezaieke.

Oraindik ez genekien zein garrantzitsuak izango ziren aurten irakasleak, azkenean hezkuntza, zelanbait ere, berrasmatu egin behar izan baita. Hala ere, agerian geratu da ez zegoela prestatuta erronka berri hauetarako; eskola digitalizatzea ez dela bakarrik liburuen ordez pantailak jartzea, eta hezkuntza oraindik ere pribilegio bat dela, ez beti eskubide bat. Nork ikasi ahal izan zuen errazago konfinamendu edo itxialdian? Pertsona bakoitzeko gailu bana izan zutenek, ingelesa edo matematika edo fisika eta kimika zekien eta irakatsi eta azaldu ahal zien guraso bat zutenek. Hezkuntza, kasu askotan, ikasturtea aurrera ateratzeko gurasoek egindako ahaleginean oinarritu zen. Baina, baita ere, egia da irakasle batzuk inplikatu egin zirela, ikasi egin zutela, ikasleen egoera emozionalaz arduratu zirela, …

Hezkuntzan erronka asko ditugu aurrean, frogatuta geratu baita eskubide hori ez dela oraindik gizarte osora modu berean iritsi.

Seme-alabekin lotura sortzea

Pandemiaren aurretik, Pepa Horno psikologoarekin ere izan ginen, eta gure seme-alabekiko lotura eraikitzearen garrantziaz berba egin zigun berak: denbora barik ez dago loturarik”, esaten zuen, eta gauzak argi jarri zizkigun “kalitatezko” denborarekin ezarria zen mantraz, errudun ez sentitzeko koartada lez balio zigunaz.

Eta konfinamenduak denbora edo astia ere eman zigun. Ez zegoen eskolaz kanpoko ekintzarik, ez zegoen ia joan-etorririk, baina bai kezka handia ziurgabetasunagatik eta estres handia lana eta zaintza bateragarri egin behar izateagatik. Seme-alabek eskertu egin zuten gurasoekin etxean egotea. Eta etxe askotan mahaiko jokoak, errotuladoreak, tenperak eta pintzelak … atera ziren berriro. Eta batzuetan bizikidetza hobetu egin zen eta beste batzuetan okerragotu.  Izan ere, txarto sartu ginenok txarto atera ginen eta ondo sartu ginenok ondo atera ginen.

Baina, era berean, konturarazi gintuen ezin garela bakardadean bizi, besteen beharra duen komunitate edo erkidego bat garela. Pepa Hornok zioen lez, garrantzitsua da “tribuan hazi eta heztea, sarean haztea”. Sare bat eraiki behar dugu elkarri laguntzeko, elkartasuna garrantzitsua dela ikasi baitugu pandemia honetatik. Eta denon artean elkar zaintzen badugu, denok irabazten dugula. Ea konfinamenduan sortu zen elkartasun hori gure artean geratzeko etorri den!

Zaintzearen eta abandonatzearen arteko marra mehea

Eta zer esan galerei buruz? Bidean geratu ziren pertsona maite edo kutunak. Beren maiteei agur esaterik izan ez zuten familien sufrimendua, ama edo aita alargundua besarkatu ezin izan zutenena. Beren dolua etxean, inorekin partekatu ezinik, igaro behar izan zutelarik, oraindik zauriak sendatzen ari dira horiek.

2021ean pertsona horiei laguntzeak lehentasuna izan behar du, galera horietako askorentzat oraindik ezin izan baita duelua egoki egin. Eta orain, Gabonak iritsi direnean, beraientzat une gogorra eta zaila da hau, horregatik gure maitasun eta babes guztia helarazi gura diegu.

Eta ez dugu urtea amaitu gura adinekoengan pentsatu barik, pertsona horiek jagon edo zaindu nahi ditugu, baina ez dakigu oso ondo zelan, Ana Tejedor Urra psikologoak zioen bezala, “familia-harremanak saihesten ditugu, baina, aldi berean, agian konturatu barik, edo agian horretaz jabetuta baina kostuak onartuta, bakardade- eta zaurgarritasun-sentsazioa elikatzen dugu, presentzia kentzen dugu eta belaunaldien arteko topaketak murrizten ditugu, adinekoentzat eta txikerrenentzat onuragarriak direnak, baina baita  erdian gaudenontzat ere …”.Ea topatzen dugun eta laguntza ematearen arteko oreka hori!

2020an jazo edo gertatu den guztia prozesatzeko uste baino denbora gehiago beharko dugu, batez ere 2021 oraindik ziurgabetasunez inguratuta datorrelako eta jakin badakigulako gizakia ez dela egoera horretan ondo bizi. Beraz, egoera hau hobeto bizi ahal izateko eta, Ana Martínez Pampliega Psikologiako katedradunak zioen lez, hazkunde post-traumatiko bat izateko, tresnak geureganatuz joatea beste erremediorik ez dugu izango, hau da, sufrimenduaren eta larriminaren aurrean ikuspegi baikorra izatea.

BBK Family

Menu

BBK Family Learning

×