Zure seme edo alaba nerabeak irakur dezan, trikimailu batzuk ezagutu nahi dituzu?

Miguel Salas, Díaz (En) plan lector liburuaren egilea, elkarrizketatu dugu. Bertan azaltzen du gure seme-alabek zergatik ez duten irakurtzen, eta irakurketaren plazeraz goza dezaten jarraibideak ematen saiatzen da. Etxean zergatik ez duten euskaraz hitz edo berba egin nahi, motibatzeko zer egin eta irakurketari esker eskola-porrota zelan murriztu ere hizpide izan dugu.

Miguel, nik irakurtzen badut, nire seme-alabak ere irakurriko dute?

Ez dago formula magistralik. Faktore askok eragiten dute haur batek irakur dezan. Egin dezakeguna eraso konbinatu bat da haur hori irakurle bihurtzeko aukerak gehitzeko, baina ez dago benetan hori egingo duen bermerik.

Eraso konbinatua aipatu duzu. Zertan datza hori?

Gure seme-alabek irakurtzea nahi badugu, hori egitera gonbidatu behar ditugu, baina irakurtzeko esanez, baizik eta irakurtzea gauza natural gisa ikusiko duten uneak sortuz. Hau da, telebista itzaltzen bada, telefonoak familiako kide helduengandik urrun baldin badaude eta umea egongelan sartzen bada eta helduak irakurtzen aurkitzen baditu, askoz errazagoa izango da berak ere liburu bat aukeratzea telebista piztea baino.

Umeak liburu-denda eta liburutegietara eroatea ere gomendatzen dut, han liburuez dakitenek aholku eman diezaieten. Etxean, txikerrak direnean, ipuinak beren irispidean egon daitezela, ez dezatela gure laguntzarik behar izan liburuak hartzeko eta gura duten bezala ordenatuta egon daitezela. Utzi irakurtzen gura duten bezala: lurrean etzanda, ahoz gora, maindirearen azpian linterna batekin… Eta liburu edo ipuin bat eskatzen badigute, erosi edo liburutegira joan haren bila. Ez dago irudimena gehiago garatzen duen jarduerarik irakurtzea baino.

Irakurtzeko ohitura sortzeko moduari buruzko aholku batzuk sakonago azaltzen ditut liburuan, baina batzuk aipatzearren, guri gustatu zitzaizkigun liburuak irakurtzeko ahaleginik ez egitea gomendatuko nuke, irakurtzeagatik saririk ez ematea, ezta ez irakurtzeagatik zigorrik ere, eta beraiei ozen irakurtzea.

Esan behar dut azken horrek funtzionatu egin zidala. Nire alabari ez zitzaion batere gustatzen irakurtzea, zuk esandako aholkuak praktikan jarri nituen arren, eta azkenean bururatu zitzaidan nik berari ozen irakurtzea, ez bakarrik ipuinak, baizik eta liburu osoak. Wonder-en liburua irakurria nuen eta asko gustatu zitzaidan, beraz horixe irakurtzen hasi nintzaion. Berehala lotu zitzaion irakurketari, eta askotan berak hartu eta irakurri egiten zuen, eta horrela irakurtzea gustatzen hasi zitzaion

Bai, izan ere, ahaztu egiten zaigu irratia iritsi zen arte familia asko elkartu egiten zirela aitonak, amak… kontatzen edo irakurtzen zituen istorioak entzuteko. Nobela herrikoiaren une nagusia XVIII. mendetik aurrera gertatu zen, aldizkaria iristen zelako, Sherlock Holmesen ipuinekin adibidez, eta familia osoa biltzen zelako irakurtzen zuenari entzuteko. Tribuetan suaren inguruan zeudeneko eta tribuaren mitologia kontatzen ari zireneko mekanismo bera da.

Istorio on batek liluratu egiten zaitu, gure burua narratiboa delako eta, beraz, beti funtzionatuko duen zerbait delako; kontua da zelanbaiteko lotsa dagoela. Nire kasuan, 35 haurren aurrean ipuin bat kontatzen jartzeak inposatu egiten du. Lau edo zortzi urte dituztenean, ez da ezer gertatzen, baina hanketan ileak dituzten mutilekin topo egiten duzunean, pixka bat inposatu egiten du, eta pentsatzen duzu pikutara bidaliko zaituztela bi minututan, harik eta konturatzen zaren arte ezetz, bat-batean zuri adi daudela eta zuk galdetzen badiezu, zentzuzko gauzak erantzuten dizkizutela, hau da, entzuten ari direla… eta oso esperientzia polita da irakasle batentzat, jolas-ordua iristea, txirrina jotzea, zuk ipuina amaitu ez eta haiek protesta egitea.

Izan ere, telebistako telesailek bezala egin behar da, une goren batean moztu edo eten, interesa manten dezaten. Okerrena da nik bizitza pasatuko nukeela ikasleei irakurtzen eta haiek liburutegira eramaten, irakur eta idatz dezaten. Baina bigarren hezkuntzan bete beharreko gai-zerrenda bat dago, azaldu beharreko hainbat gauza, nahiz eta nik uste dudan hizkuntzari astean ematen zaizkion lau orduetatik hiru, adibidez, norberak irakurtzeko eta ozen irakurtzeko izango balira, haurrek hobeto irakurriko luketela eta ondo idazten jakingo luketela.

Liburuan ere aipatzen duzu multiatazarik ez dagoela, eta pantailetatik kanpo atzeman behar dugula haien arreta edo aditasuna

 Guk zortea izan genuen sakelako telefonorik ez zegoen mundu batean hazteko, eduki hutsal batzuen inguruan arreta etengabe bereganatzeko diseinatutako tresnak baitira telefono horiek.

Izan ere, pertsona batzuk pentsatzen aritzen dira zelan egin haurrak eta nerabeak denbora gehiago egon daitezen arreta mugikorrean jarrita eta horrela publizitatea sartu etengabe gauzak saltzeko. Nik neuk, irakurle sutsua izanik, lehen irakurtzen nuena baino askoz ere arreta gutxiagorekin irakurtzen dut orain, edo askoz denbora gutxiagoan. Gregorio Luri filosofoak oso ondo esaten du, arreta adimenaren giltza dela azaltzen baitu, hau da, zuk adimen-koziente oso-oso handia izan dezakezu, baina adimen hori denbora jakin batez zeregin jakin batera bideratu eta mantentzeko gai ez bazara, adimenak ez dizu ezertarako balio.

Kontzentratzeko gaitasuna galtzen ari bagara, autoezagutza, pentsamenduaren sakontasuna, irudimena galtzen ari gara, zeren eta horrek gure arreta mundu horietan barreiatuta egotearen eta ideiak konektatu ahal izatearen bidez funtzionatzen baitu, baina telefono mugikor batean barreiatuta baldin badago, non pentsatzeko aukerarik ematen ez digun estimulu iraunkor bat dagoen, ba, ez digu ezertarako balio.

Eta hori guztia orain daukagun harreman-sistema hau (sare sozialak eta telefonoak) ari zaigu birrintzen. Eta, gainera, beste tranpa bat egiten dute: telefonoan oso gauza erabilgarriak sartzen dituzte, baita lanekoak ere, ihes egiterik izan ez dezagun. Telefono mugikorra ez da lan-tresna bat, pala, bai, lanabes bat da, erabili eta gorde egiten duzu, baina ez zaio zure arretari etengabe deika ari.

Orduan, zer gertatzen da irakurketarekin? Horrek plazer handia sortzen du, ihes handia, irudimena topera jartzen du, adibidez, zinemak baino askoz gehiago, munduak eraiki behar dituzulako. Baina gogoa bildu edo kontzentratzeko gaitasun jakin bat eskatzen du, eta, beraz, hasierako proba hori gainditzen ez duenak ez ditu ezagutzen irakurketaren plazerak eta, jakina, ezta gugan oso positiboak diren ondorio guztiak ere. Horregatik hasi dira oraingo haurrak liburu bat hartzeko eta irakurketaren gozamenera eramango dituen kontzentrazio-denbora hori eskaintzeko gai ez izaten.

Egitea merezi duen gudua dela uste dut, zeren eta, bertan behera uzten badugu, gure haurrak galduta baitaude. Uste dut jende asko, edo agian gero eta gehiago, ez dela jabetzen oso larria dela gure seme-alabak hiru orduz hogeita hamar segundoko bideoak ikusten egotea, eta, gero, zer bideo ikusi dituzten galdetu eta bakar bat ere ez gogoratzea. Nik nire ikasleei galdetzen diet zenbat denbora eman duten telefonoaren aurrean, eta esaten didate egunean lau ordutik zortzi ordura sare sozialak, bideo laburrak eta abar ikusten.

Gogoan dut igande batean hamasei orduz egon zen neskato baten kasua: hortik hasten bazara kentzen lotarako orduak, familia-harremanak, adin horietan funtsezkoak direnak, eta… Argi dago zerbait garrantzitsua uzten ari direla, kirola edo irakurtzea, edo gurasoekin hitz egiteari uzten ari direla, edo… Hor badago zerbait ondo ez dabilena. Telefono mugikorra ez da berez txarra, txarra da zure bizitzan garrantzitsuak diren gauzak egiteari uzten badiozu.

Egiten duzun beste jarduera bat, eta atentzioa eman didana, da lehen eskola-egunean ordubetez isilik egonarazten dituzula

Bai. Beti egiten dut, baina zerbait erakusteko asmoz. Lehenengo egunean iristen naiz eta ez dut neure burua aurkezten, idazmahaian esertzen naiz, isiltzen naiz eta isiltasuna eskatzen diet eta orduan isildu egiten dira. Oso zaila da orain. Ez da gure garaietan bezala, irakaslea klasean sartu eta mundu guztia eseri egiten zen. Orain eskatu egin behar zaie. Eta bat-batean, aurkeztuko naizela espero dute, baina nik ez dut ezer egiten klaseko berrogeita hamar minutuetan, hitzez hitz, ezer ez.

Hitz egin gura dutenek eskua altxatzen dute eta itxaroteko esaten diet, eta klasearen amaieran galdetzen diet ea noiz izan zen isilik egon ziren azken aldia, isiltasun horrek esan nahi baitu pantaila bati ez begiratzea, musika ez entzutea… Isiltasun horretan beren buruarekin bakarrik daude, eta erantzunik orokorrena ‘inoiz ez’ izaten da.

Horrek ni kezkatu egiten nau irakasle gisa, aspertzen zarenean gertatzen baitira gauzak. Hau da, asperdura oso gutxietsita dagoela uste dut. Pertsona bat aspertzen denean, liburu bati heltzen dio edo disko bat jartzen du eta musika berri bat aurkitzen du, paseo bat ematera joaten da eta, bat-batean, naturarekin harremanetan jartzen da, aurretik esperimentatu ez duen zerbait, eta loreak edo animaliak gustatzen zaizkiola ohartzen da. Eta batez ere pentsatu, hausnartu, bere burua ezagutu… egiten du. Baina haurrei aukera hori saihesten edo lapurtzen badiegu, beti estimulatuta daudelako, ez dute beren buruarekin topo egingo, ez dute beren burua ezagutuko.

Hori arriskutsua iruditzen zait niri. Uste dut pedagogia moderno bat badagoela, ez guztia, estimuluarena. Haurrak intelektualki estimulatuta egon behar du, eta arazoa da ez dutela estimulatzen, ez dutela eskolan motibatzen. Gure bizitzan lan intelektuala batzuetan nekeza dela ulertzea ere garrantzitsua da. Eta sakrifizio batek plazer handiagoetara eraman zaitzakeela. Matematika bezalako arloetan arrakasta izan zutenei galdetu nahi nieke ea irakasgai horrekiko grina berehalakoa izan zen ala hura menderatzeko esfortzu-aldi bat igaro behar izan zuten, zeren eta, uste baitut, ulertzen hasten zarenean gozatu egiten duzula eta hor hasten dela grina edo irrika.

Niri irakurketarekin edo literaturarekin gertatu zait hori. Ni filologoa naiz, eta kosta egin zait ikasi beharreko gaiak ikastea, eta azkenean konturatu naiz izugarri gustatzen zitzaizkidala. Baina hori asperdura, frustrazio eta apunte batzuen aurrean egon nahi ez izateko fase bat gainditu ostean, mundu guztiari gertatu zaigu hori. Grina hori sortzen den egunean betiko gordetzen duzu.

Grina horrekin ez zara jaiotzen; jateko, edateko, lo egiteko… esaten diguten instintuekin jaiotzen gara, baina pasio edo grina batzuetan pixka bat behartu egin behar den gauza da, eta bat-batean agertzen da eta erabat liluratu eta bereganatu egiten gaitu. Eta orduan bai, bokazio bat duzu, baina bitartean haurrak bere burua sakrifikatzen ikas dezan saiatu behar dugu, oso modan ez dagoen hitza. Hau da, guraso eta irakasle garen aldetik, gure seme-alaben munduaren mugak pixka bat behartu egin behar ditugu, mugak zabal ditzaten.

Familiaren maila sozioekonomikoaren arabera ere oso alde handia dago; zenbat eta maila handiagoa, orduan eta hitz edo berba gehiago bereganatzen ditu haurrak

Hemen arazo bat dugu, baina irakurketak programa nazional gisa eten soziala murriztu beharko luke, oso frogatuta dagoen zerbait baita hori. Familia batzuetan irakurri egiten da eta beste batzuetan ez da irakurtzen. Eta askotan etxean dagoen liburu-kopuruarekin, egiten den irakurketarekin, familiaren kultura-testuinguruarekin eta, batzuetan, testuinguru ekonomikoarekin lotuta dago.

Bada une bat, txikitan, haurrek irakurtzen ikasteari utzi eta irakurketa beste ikasgai batzuk ikasteko tresna gisa erabiltzen dute; hau da, biologia, ingurunearen ezagutza edo matematika ikasten hasten dira, eta horretarako hizkuntza behar dute. Puntu horretara hiztegiari, irakurmenari, norberaren sentimendu eta ideien adierazpenari dagokionez gabeziarekin iristen badira, ikasgaiekin arazo akademikoak izaten hasiko dira, ez dituztelako ulertzen edo ez direlako gai ikasten ari direna zehaztasunez adierazteko, eta hori pena da, hor bai ari zarelako pasio edo grinak zapuzten.

Biologoa izan daitekeen haur batek biologiarekin sufritzen du, ez duelako ulertzen zer den testuliburuak edo irakasleek esaten dutena, eta ate hori itxi egiten du, errefusatu egiten du. Horregatik, ulertu behar dugu haurrekin eguneroko irakurketa, egunean ordu erdi, ez da gehiago behar, txikitatik, ahal bada, etxean, noski, baina baita ikastetxean ere, funtsezkoa dela gizarte-arrakala murrizteko.

Zenbait ikerketak frogatu dute etxean dagoen liburu-kopuruak lotura duela ondorengo arrakasta akademikoarekin. Deigarria da haur bat 100 edo 500 edo 1.500 libururekin haztea, eta horrek hasieratik alde edo diferentzia hain argia markatzea. Orduan, zer egin dezakegu?

Atzerritik etorri, gure eskola-eremuan sartu eta beste hizkuntza bat hitz egiten duten herrialdeetatik datozelako hemengo hizkuntza kontrolatzen ez duten haurren kasuan, pazientziaz irakurri, irakurri eta irakurri egin behar zaie, jakinda epe ertain eta luzerako inbertsioa dela, irakurketa ez baita egun batetik bestera fruituak ematen dituen zerbait. Baina gizarteratzea bezain garrantzitsua da hizkuntza-integrazioa, horrek ematen baitizkie tresnak ingurunearekin harremanetan jartzeko. Eta hori neurri bateraino lor daiteke, oso modu mugatuan, gramatika azalduz. Baina irakurriz, hiztegia zabaltzeaz gain, hizkuntzarekiko lotura afektiboa sortzen zaie, eta hori funtsezkoa da. Hunkitu zaituzten, iritsi zaizkizun eta beraiekin identifikatu zaren istorioak kontatu badizkizute, normalena da lotura afektibo horrek hizkuntza hori gehiago maitatzen, herrialde hori gehiago maitatzen eta zure bizi-mugak zabaltzen laguntzea.

Horri dagokionez, Euskadin arazo bat dugu, haur askok ez dutelako eskolatik kanpo euskaraz hitz egin gura, hizkuntza hori ikasketekin lotzen dutelako

Ama-hizkuntzarekiko lotura pertsona osatzen duen zerbait da, ia sakratua da, hizkuntza horretan hitz egin duzu amarekin, aitarekin, hizkuntza horretan irakurri duzu, hori ez da ezabatzen, eta hori egin behar duzu beste hizkuntzarekin.

Leku elebidun batean egotea zorte handia da. Galego, euskaldun edo katalan jaio izana eta baten ordez bi hizkuntza eduki ahal izatea altxor bat da. Haurrak emozionalki hizkuntza horrekin lotu daitezen saiatu behar da. Eta literaturaren bidez egin daiteke lotura hori.

Badira Frantziara bizitzera joan diren haur afrikarrei buruzko ikerketak, eta liburutegira maiz eramaten dituzunean, irakurtzera bultzatzen dituzunean, gustuko izan ditzaketen testuak proposatzen dizkiezunean…, hobekuntza akademikoaz gain, kultura berrian integratzeko gogoa areagotu egiten dela frogatu da.

Komunitate elebidunen kasuan gauza bera egin behar da, bestela, hizkuntzak galdu egiten baitira. Hau da, lotura emozional hori existitzen ez bada, zuk behartu dezakezu haur bat hizkuntza bat ikastera, ikas dezake behartuta edo derrigorrean, baina ez du inoiz etxean erabiliko.

Ondo erabiltzen, ulertzen, hunkitzen zaituzten gauzak irakurtzen eta entzuten… hasten zarenean, orduan hasten zara hizkuntza hori maitatzen; adibidez, bat-batean Beatles-ak ulertzen dituzula konturatzen zarenean, orduan gustatzen zaizu (ingelesa). Jakina, gramatika ere beharrezkoa da, baina gogaikarria da, orduan asko entzun behar da eta asko irakurri behar da neska-mutilekin.

Gauzen erabilgarritasunak eta gugan pizten dituzten emozioek mobilizatzen gaituzte gizakiok. Funtsezkoa da guraso eta irakasleok haurrei irrikaz eta grinaz irakurtzea hunkitzen gaituzten testuak, gustuko ditugun testuak. Eta klasean On Kixote irakurri behar baldin badute, jar iezaiezu testuinguruan, aukeratu zati erakargarrienak, irakurri ozen, egin galderak eta lortu ezazu testuak beraien bizitzarekin konekta dezan.

(En) plan lector

Idatzi familiari buruzko kontakizun bat eta aukeratu zure oparia

Gogoratu BBK Family mediateka duzula liburuak eta ipuinak aukeratzeko:

Mediateka

 

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×