Zure burua zaintzeko denbora errespetatzen ez baduzu, baretasuna gal dezakezu eta oihuka hasi

Haurtxo bat baldin baduzu, ia ziur Alvaro Bilbao Psikologiako doktore, neuropsikologo eta hiru haurren aitaren berri izango duzu. Liburu hauen egilea: El cerebro del niño explicado a los padres” (Haurraren garuna gurasoei azaldua) (2015), 34 edizio izan ditu eta 24 hizkuntzatara itzuli da; “Cuida tu cerebro” (Zaindu zure garuna) (2013), eta “Todos a la cama” (Denok ohera), (2017). Orain, ¡Hola familia! (Kaixo familia!) dakarkigu, eta bertan eguneroko eszenak aurkezten ditu eta horietan jaioberrien hizkuntza itzultzen edo argitzen du, zer gertatzen zaien eta zergatik. Berarekin hitz egin dugu, gure umetxoa hobeto ulertzeko gako batzuk eman diezazkigun.

Zer beharrizan identifikatu dituzu liburu hau idazteko?

Umetxo bat izan berri duten gurasoentzat prozesatzeko oso zaila izan daitekeen informazio asko dagoela pentsatu dut. Ulertzeko eta haurraren lekuan jartzeko modu errazagoa eskaintzen saiatzen da liburua, baita haurtxoarekin konektatzen ere, bien arteko lotura edo konexio ona oso garrantzitsua delako eta horretarako enpatia-lana egin behar delako. Oso modu errazean, haurraren emozioen bidez, lehen urteetako psikologiarekin zerikusia duena sintetizatzen saiatu naiz ¡Hola familia! liburuan.

Deigarria da zure liburuan ‘gaizki hazi eta hezi’ esamoldea aukeratu duzula, eta berriro gogoratzen duzu besoetan asko hartzea ez dela gaizki edo txarto haztea. Horrek esan gura du oraindik oso zabalduta dagoela uste hori?

Era askotako familiak daude, baita 30 urteko gurasoak ere, baina dagoeneko 70 urte beteak izango dituzten gure gurasoek bezala funtzionatzen dutenak. Besoetan hartzea umetxoari tratu ona emateko modu bat da; esklabo samarra izan daiteke, baina haurrak aitarekin eta amarekin kontaktua izatea oso gauza positiboa da, eta zenbat eta afektu gehiago, hobe. Hori bai, zentzuz, horrek ez baitu esan nahi lagunekin geratu ezin garenik zerbait hartzeko edo gure bikotekidearekin zinemara joateko…

“Iluntzea” ere agertzen da, eta kontatzen diguzu haurtxo gehienak izutu egiten direla gaua heltzean. Zer aholku emango zenituzke hobeto senti daitezen?

Gauza asko nahasten dira, Sundowning izeneko sindromea da, eta haur txikiei zein adineko jendeari eragiten die, batez ere arazo neurologikoak badituzte. Beldurtu egiten dira, eta, beraz, komeni da argi gogorrak saihestea, askotan geriza edo itzalak sortzen dituztelako; beraz, hobe da argi leun bat sabaian. Itzalek asko kezkatzen dituzte. Baina horrek zerikusi gutxiago du iluntasunarekin eguneko orduarekin baino. Ezkerreko hemisferio osoak modu positiboan eusten dio gogo-aldarteari, eta burmuinaren zati hori nekatuta baldin badago, marmartiago egoten da umea, nekatuago.

Janariari dagokionez, esperimentatzea aipatzen duzu. Benetan, ez jateak asko kezkatzen ditu familiak. Obsesionatu egiten al gaitu platerekoa amaitu beharrak, berehala denetik jaten hasi beharrak?

Gai honetan haien premia edo beharrizanak ulertu behar ditugu. Beren bizitzan ikusi ez duten leka-zati berde bat sartu aurretik, arakatu egin beharko dute, platerean utzi, eta berarekin ohitu. Haurra bular bigun-bigunetik koilara sendo, hotz batera pasatzen da. Beraz, haren lekuan jartzen bagara, ulertuko dugu hasierako errefusa. Estetoskopio hotza jartzen dizutenean bezala da, desatsegina baita. Haurrek pixkanaka landu behar dute sentsibilitate hori, uki edo testurak, zera zorrotz edo ziztatzaileak…

Nire seme-alaba guztien argazkiak ditut, aurpegi osoa tomatez beteta jaten hasi ziren lehen aldian. Esango nuke janariarekin izandako lehen kontaktu horrek positiboa izan beharko lukeela, eta gu ez gaitezela haserretu. Izan ere, ikusten dugunean haur batzuek arazoak dituztela janariarekin, beti erabiltzen den metodo terapeutikoa da hura ukitu dezatela, proba dezatela, eta, beraz, prebentzio-metodo on bat litzateke hori egitea. Ez dago elikadura-arazoak mahaian formalki eserita, mundu guztia serio dagoela… landu dituen haurrik. Normalean jolasaren bidez izaten da.

Bestalde, malguak izatera animatzen gaituzu zure liburuan, eta guraso perfektuak ez izatera.  Badirudi hori gehiago dagokigula ama garenoi, batez ere errudun sentitzen garelako.

Mezu hori gurasoek argi izango balute umetxoa besoetan dutenetik (“ondo pasatuko dugu, gozatu egingo dugu”…), dena askoz hobeto joango litzateke. Autoexijentzia oso sentimendu arrunta da. Pandemian seme-alabak zaintzen egon gara, COVIDak eragindako larritasuna jasaten, eta geure lanaren betebehar guztiak bete nahian, gure seme-alabei etxeko lanak eginarazten, eta, noski, erru-sentimenduarekin. Gozatzen ikasi behar dugu, betiere jakinda akatsak egingo ditugula.

Era berean, ‘kukuka’ jolastea ere gomendatzen duzu. Zer onura ditu umearekin ezkutaketan jolasteak?

Osagai kognitiboa eta emozionala du, haurtxoak uste baitu zerbait ikusten ez duenean ez dagoelako dela. Izan ere, ama segundo batez desagertu eta berriro agertzen bada, haurra integratuz joaten da ama badoala baina laster itzuliko dela. Hori da osagai emozionala, umetxoa seguru sentitzea ama itzuli egingo delako.

Mugei dagokienez, oso garrantzitsuak dira gure seme-alabei segurtasuna emateko, baina zein adinetatik aurrera jar ditzakegu mugak?

Nik beti azaltzen dut mugak ez daudela inon idatzita, gure barruan daudela. Adibidez, haurra sukaldean badago eta janaria botatzen hasten bada eta lurrean baldosa baldin badut eta garbitu badezaket, eta, gainera, esploratzen ari den umetxoa bada, ez da ezer gertatzen; baina haurrak 2 urte baditu eta janaria botatzen badu, baliteke ni nekatua egotea erratza pasa eta mopaz garbitzeaz, eta hor dago muga, nigan, nik ez dudalako gehiago garbitu gura; edo haurtxoak parkean geratu nahi duenean, baina nik bilera bat daukadanean eta etxera joan behar dugunean. Hori izango litzateke beste adibide argi bat.

Dena den, muga garrantzitsuenak segurtasunarena eta errespetuarena dira. Oso muga garrantzitsua da haur batek zebrabidea eskutik helduta gurutzatu behar duela, edo autoan haurrak haurtxoaren aulkitxoan joan behar duela, eta ez bere amaren besoetan. Beraz, hasiera-hasieratik agertuko dira mugak.

Badira horren argiak ez diren beste adibide batzuk, baina kontuan hartzea garrantzitsua da.   Ama batzuek dutxarik ez hartzea erabakitzen dute bitartean umetxoak sufri ez dezan eta negarrez ez uzteko, baina hori ez da horrela. Dutxa hartu behar duzu, eta ez duzu itxaron behar umeak lo hartu arte, edo beti bera besoetan duzula dutxatu. Izan ere, ama eta aita horiek, beren seme-alabek 5 urte dituztenean, hainbesteko amorrua izaten dute eta hain nekatuta egoten dira seme edo alabaren hazkuntzan hain sakrifikatuak izateagatik, non erraz nerbioak galdu eta oihu egiten dieten umeei. Eta hori gertatzen da beren burua zaintzeko denborak hartu eta errespetatu ez dituztelako.

Mugekin jarraituz, pantailen ingurukoak ere oso garrantzitsuak dira, baina gurasoentzat ere bai. BBK Family-n egin dugun ikerketa batean ikusi dugu gurasook askotan umezain gaudenean geure mugikorrari begiratu, mezuei erantzun eta abar egiten dugula. Horrek gure seme-alabekiko loturari ere eragiten al dio?

Loturari baino gehiago eragiten dio irizpide moralari: ‘Berba egiten ari natzaizu eta utzi mugikorra’. Ez baduzu prestasun hori erakusten, sentituko dute ez direla behar bezain garrantzitsuak edo ez dutela merezi inork entzutea. Mugikorrarekin edo telebistarekin gerta dakiguke. Nire amak beti izaten zuen zerbait egiteko, lisatzeko, garbitzeko, … eta nire txikitako oroitzapenak ziren ama beti zegoela oso lanpetuta, eta agian erraztu ahal izango zituen gauzak.   Oso berandu arte lan egiten duten gurasoak ere badaude, eta etxera iristea saihesten dute, ez baitakite zelan egin… Gure seme-alabei arreta traizionatzeko modu asko daude.

BBK Family gurasoei hazkuntzan laguntzen saiatzen den proiektua da, nekagarria gertatzen baitzaie. Martxan jarri genuenetik ikusi dugu bi une kritiko daudela, haurtxoaren loa eta gai horri eskaintzen diozu zure liburu bat osorik eta nerabezaroa. Zure kasuan, zeintzuk dira gehien helarazten dizkizuten kezkak?

Gehien kontsultatzen didatenari dagokionez, gehienak portaera-arazoei buruzkoak izaten dira, “semeak (edo alabak) ez dit jaramonik egiten, kasketaldiak ditu…”. Frustrazioa izango litzateke gehien kontsultatzen duten gaia; bigarrena neba-arreben arteko jeloskortasunari buruzkoa, beste senide txiki bat iristen denean; eta gero loari buruzkoa, gaueko esnatzeak eta abar.  Askok kontsulta egiten didate umea azkar lokartzea gura dutelako edo, lokartu ostean, etenik barik lo egitea nahi dutelako.

Pixaren eta kakaren gaiak, hau da, esfinterrak kontrolatzeko trebakuntzak ere kezka handia sortzen die. Nik pare bat profesionalengana bidaltzen ditut eta berehala konpontzen dute.  Horrek zerikusia du pixa eta kaka erori egiten diren sentipenarekin, eta zerbait galtzen dutela sentitzen dute; baina pixoihalean egiten badute, ez dutela galtzen iruditzen zaie. Kasu horietan, komunarekin asko ohitu behar dute, guk ere komunean egiten dugula ikusi behar dute, eta normala dela. Bi egunetan, gai honekin larrituta zeuden gurasoek konpondu egiten dute.

Haur batzuek, eskolan hasten direnean, atzera egiten dute esfinterren gaian, eta hori gertatzen da ikastetxea ingurune berria delako eta estresa eragiten dielako. Edozelan ere, hori mendebaldeko kulturetan gertatzen da; zeren eta, beste kultura batzuetan, biluzik ibiltzen direnetan, askoz lehenago ikasten dute kontrolatzen, txikitatik konturatzen baitira pixa edo kaka ateratzen zaienean, baina guk, pixoihalarekin eramaten ditugunez, ba, ez dute ikusten.

Eta loari buruz?

Nire ikuspegia oso argia da, aita edo ama bakoitzak bere estrategia aurkitu behar du, ez dago haurra lokartzeko hutsezina den modurik, baizik eta familia bakoitzera hobekien egokitzen den modua aurkitu behar da, ez bakarrik loan, oro har, hazkuntzan hobekien laguntzen diguten estrategiak bilatu behar ditugu eta, lehen esan dudan bezala, gure semeaz edo alabaz ahalik eta gehien gozatzen saiatu behar dugu, baita huts egingo dugula jakinda ere.

Laster martxan jarriko ditugu haur-masaje doako tailer bat eta jolasteko familian beste doako tailer bat Gurutzetan (Bizkaia). Parte hartu gura baduzu, idatzi mezu bat bbkfamily@bbk.eus.

 

Gai honekin harremana duen BBK Family artikulua

Normala da nire umetxoa hain sarri esnatzea negarrez gauean?

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

Menu

BBK Family Learning

×