Zure alabak ere gose emozionala du?

“Aita, gose naiz. Baina zerbait gozoaren gose.”“Eta zer da zerbait gozoa?”“Ba, ez dakit, txokolatea, opil bat, ‘pakete’ren bat… Ez dago litxarreriarik ontzian?”“Eta hori jan behar duzu orain? Baina gose zara benetan?” “Bai, gose naiz… Tira, ez dakit gose naizen ala urduri nagoen azterketagatik. Baina zerbait gozoa jan beharra dut, badirudi sabelak hori eskatzen didala… Badakizu zer esan nahi dizudan?”.

Beharbada, eszena hau ezaguna egingo zaizu eta antzeko zerbait bizi izan duzu zeure semearekin. Edo zeure burua “gose” horretan islatuta ikusten duzu. Tira, litekeena da zuk zeuk ere jakitea zer den hori. Agian ez zaizu oso urrun gertatuko poltsa bat litxarreria hartu, bat edo bi bakarrik jango dituzula esan eta guztiak amaitzea. Edo snack gazi edo txokolatezko palmeratxo pakete bat.

Hori guztia gertatzen zaigu familioi. Bai helduei, bai haur eta nerabeei. Desatsegina, estresagarria edo frustragarria gertatzen zaigun egoera bat janariaren bidez “baretzea edo jasatea” “gose emozionala” delakoaren “errua” da.  “Tripak” emozioekin oso lotuta baitaude.

Jan Chozen Bays idazleak bere “Mindful Eating” (Comer atentos) liburuan 7 gose-motaz berba egiten zuen. Horien artean, honako hauek zeuden:

  • Gose fisiologikoa (gosea bere horretan, gure organismoak “erregaia” behar duenean)
  • Gose “emozionala” (janarian estimulu- edo atsegin-iturri bat bilatzen denean, oro har, emozio desatsegin bat konpentsatzeko)

Zelan bereizi gose fisiologikoa edo gose emozionala den? Sagar bat (edo gustuko beste elikagai osasungarri bat) jan eta gehiago eta gehiago jan beharrik ez badut, hori gose fisiologikoa da. Ez banau “konbentzitzen”, eta gehiago eta gehiago jan gura badut, eta, gainera, beste mota bateko janaria, hori gose emozionala izan daiteke.

“Gose emozionalak” erasotzen digunean, jateari ekin diezaiokegu, eta maiz ez digu balio edozein janari-motak. Hori egiaztatu ahal izan dute elikagai-saltzaileek pandemiaren garaian, batez ere, konfinamendu-aldietan. Neurri barik, gauza gozoak, gatz askoko eta zapore biziko aperitiboak, opilak, elikagai oso prozesatuak eta kafeina edo antzeko gaiak dituztenak jateari/edateari ekin diogu. Zergatik gertatzen da hori?

Jateak bularra edo biberoia ematen ziguteneko maitasuna eta segurtasuna gogorarazten dizkigu.

Betidanik baretu gaituen zerbait da jatea, esan genezake. Ume-umetatik. Jateak beharrizan biologiko bat asetzen digu, baina, era berean, bularra, biberoia, lehen otorduak ematen zizkiguteneko maitasun- eta segurtasun-giro guztia gogorarazten digu (edo, hala izan ez bazen, imajinatzen duguna edo izan nahiko genukeena).

Ohituraz edo imitazioz egiten dugula ere esan genezake. Ia konturatu barik egiten dugu. Ez da harritzekoa gure seme edo alaba txikiak negar egiten duenean zergatik jakin barik, automatikoki jateko zerbait ematea lasaitzeko. Nork ez dio entzun amona, aitona edo tokatu den senitartekoari esaten: “Gose izango da, emaiozu jaten eta ikusiko duzu zelan pasatzen zaion?”.

Badakigu neskatilak etxean, gizartean, “publizitate-iragarkietan” ikusten dutenaren imitatzaile handiak direla. Nork ez du poz-pozik jaiki gura janez bi… publizitate-iragarkiak esaten duen hori? Zein nerabek ez ditu edan nahi modako freskagarri “energetikoak”, gerora alkoholaren kontsumoa izango denaren aurrekariak?

Pasadizo bat gogoratzen dut 11 urteko semearekin. Oso haserre igo zen parketik, lagunekin liskarra izan zuelako. Atea ireki, patinetea lurrera bota, eta amorruz itsututa, izozkailua ireki eta izozki-terrina bat atera zuen. Izozkiarekin “borrokan” hasi zen, azkar urtu eta jan ahal izateko. “Zer gertatzen zaizu?” – “Haserre nago.” – “Ikusten dut, gorri-gorri zaude, kopeta zimurtuta duzu, ahoa erabat tenkatuta eta izozkiari ‘eraso’ egiten ari zara.” – “Bai, haserre nago nire lagun ergel horiekin.” – “Eta izozkia?” – “Zer gertatzen da?  Jan egingo dut”. “Gose zara?” – “Ez dakit, haserre nago.” – “Ah… (irribarrea eta begi-keinua)” – “Izan ere, ikusi dut serietan norbait haserre edo triste dagoenean, izozkia jaten duela… (irribarrea eta keinua) – Tira, zer iruditzen zaizu izozkia biguntzen den bitartean lagunek zer egin dizuten kontatzen badidazu?” Azkenean, izozkia mahaian geratu zen erdi urturik, bere lagunak ez ziren jada hain ergelak (apur bat txotxoloak baino ez, txantxa astunak egiteagatik), eta parkera jaitsi zen berriro beraiekin berba egitera. Jakina, handik hiru ordura arte ez zen etxean berriro agertu.

Kafeinak, azukreak, gatzak eta zaporea indartzen duten beste gehigarri batzuek “menderatu” egiten gaituzte

“Presioak”, ohiturak edo imitazioak eragin diezagukete, baina zerbait gehiago egon behar da.  Zergatik mantentzen dugu dinamika hau? Ongizaterik aterako ez bagenu, ez genuke horiekiko hain “mendekotasun” handia izango. Nutrizioan adituek esaten digutenez, gure ahosabaiari eta garunari plazerezko “esnatzea” edo “goraldia” eragiten dioten elementuak dauzkate horrelako elikagaiek. Eta pertsonoi plazera sentitzea gustatzen zaigunez, hori ematen diguna behin eta berriro errepikatzen dugu… Zer osagai dira horiek? Kafeina, azukrea, gatza eta zaporea indartzen duten beste gehigarri batzuk.

Arazoa da elementu horiek neurrian kontsumitzen ez badira txantxarra, obesitatea, arazo metabolikoak, floran hesteetako zailtasunak (eta horiek nerbio-sisteman dituzten ondorioak) eta “mendekotasuna” eragin ditzaketela. Horregatik ezin dugu litxarreria bat bakarra jan, baizik eta gehiago eta gehiago gura dugu… Eta, kontuz!, askotan, jakin barik irensten ditugu horrelako konposatuak, “kamuflatuta” daudelako edo ez garelako jabetzen. Ba al dakigu zenbat azukre daraman jogurt edangarri batek, tomate-saltsa pote batek edo moldeko ogiak?  Ba al dakigu zenbat azukre, gatz eta gehigarri izan ditzakeen elikagai ultraprozesatu batek?

Hori guztia haurtzaroan hasten da. Gure seme-alabek ikusten dute zelan, noiz eta zergatik jaten dugun eta imitatu egiten gaituzte. Zoriontsuak izateko marketin-“jarraibideei” segitzeko joera izaten dute, baldin eta ez badira pentsamendu kritikoa eta erregulazioa bultzatzen. Eta emozionalki “bete” gura izaten dute aurkitzen dituzten eta eskaintzen dizkiegun aukera gutxi-asko osasungarriekin.

Hor legoke arazoaren gakoa. Zer eredu, zer aukera eskaintzen dizkiegu beren emozio desatseginak baretzeko eta dibertitzeko ohitura osasungaitz batzuekin lotu barik?

“Nahi dut-badaukat” delakoaren gizartean gaude

Pentsa dezagun, adibidez, gure alaben urtebetetze-festa bat lagunekin. Zoriontasun familiar eta sozialaren une gorena (ezkontza edo unibertsitateko graduazioen aurrerapenak dirudite). Zer dago mahaian askaldu edo meriendatzeko? Normalean, freskagarri azukredunak, ‘kakotxoak’, patata frijituak, kakao-kremazko sandwichak, olibak, tarta… Zorte apur batekin, fruitu lehorrak eta tortillaren bat. Gainera, dena bigun-biguna, zurituta eta hezur barik, azkar jan eta murtxikatzea kosta ez dadin (lastertasun eta berehalakotasunaren gizartean gaude eta). Eta dena eskura, gura adina freskagarri edan dezaten edo kakotxoez asebete egin daitezen (“nahi dut-badaukat” gizartean gaude!). Eta, azkenean, umeak ikusten ditugu mahaiaren inguruan korrika, urdaileko minez, elkarri janaria botatzen edo gauzak erdi murtxikatuta uzten…

Bai, badakit, puztu egin dut adibidea. Ohikoa da, ordea, ospakizunetan protagonismo handia ematea janariari, eta aaaasko jartzea (ez dezatela esan xuhurrak izan garela). Era berean, janari horrek plazera eman diezagula azkar, nahiz eta munduko osasungarriena ez izan. Baita egoera arautzeko zelanbaiteko diziplina falta izatea ere.

Esan gura du horrek urtebetetzeetan janari-mota hori guztia kendu egin beharko genukeela?  Edo, bide batez, zuzenean kendu ospakizun horiek? (Guraso batzuk poz-pozik egongo lirateke). Kontua ez da hori. Baina bai agian zelanbaiteko ordena jartzea, arau batzuk sortzea, plazer iturri gisa protagonismoa haurren jolasari ematea eta ez janariari (jolasak plazera ematen du eta “mendekotasuna” sortzen du, baina era osasungarrian), eta beste elikagai batzuk sartzea askarian:  fruitu lehor gehiago (4-5 urtetik aurrera), fruta naturala, fruta lehortua, guakamolea, barazki-makilatxoak, hummus-a, ogitarteko begetalak, hegaluze edo urdaiazpikozkoak, ura, etxeko limonada… Eta ez da ezer gertatzen hori jartzen duten “bitxiak” gu izateagatik.

Kontua da gure seme-alabentzat zer elikadura-mota eta zer kudeaketa emozional gura dugun jabetzea.

Horren guztiaren funtsa ez da hutsala. Kontua ez da bakarrik txarto sentitzea eta kito, saskibaloi partida baten ostean, gure alabei gurinezko opilak eramaten dizkiegunean eta aurkarien taldeak bananak eta beste fruta batzuk dituen kaxa bat ateratzen duela ikusten dugunean. Kontua da gure seme-alabentzat zer elikadura-mota eta zer kudeaketa emozional gura dugun jabetzea.

Are gehiago, zer gura dugu beraiek zoriontasunarekin lotzea? Jateak, substantzia batzuk hartzeak edo jarduera hiperestimulatzaile jakin batzuk egiteak ematen duen plazera eta igoaldia bakarrik? Ala amorrua modu egokian kudeatzen jakitea, tristura bizitzen jakitea edo esperimentatuz jakin-mina sustatzea ere bai? Izan ere, amorruaren, tristuraren, beldurraren… kudeaketa egokitik abiatuta,  jakin-minez, lasaitasunez, segurtasunez… ere izan daiteke zoriontsu. Egia esan, ez dugu esperientzia handirik emozioak kudeatzen, ez baitziguten erakutsi zelan egin, eta gure seme edo alabei horretan laguntzea egokitzen zaigunean, batzuetan apur bat hauskor sentitzen gara, eta ahal duguna egiten dugu.

Emozioen eta elikaduraren arteko harremana oso estua da, eta osasungarria izan dadin hezi behar da. Batzuetan, muturreko kasuak ─hala nola obesitatea, hainbat arazo metaboliko edo elikadura-jokabidearen nahasmenduak─ agertzen zaizkigunean soilik konturatzen gara horretaz.

Emozio atseginak elikagai osasungarriekin lotzea ideia ona da, adibidez. Halaber, emozio desatseginak elikagai osasungaitzen bidez baretzearen artean sortutako loturak haustea.  Emozio desatseginak beste modu osasungarriago batean kudea ditzakegu, eta horretan hezi behar dugu.

Emozioen eta elikaduraren arteko harremanari buruz gehiago jakin gura baduzu, zelan lotu modu osasungarrian, zure alabei emozio desatseginak kudeatzen laguntzeko alternatibak izan eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak lako arazoei aurrea hartzen lagunduko duen familia-giro emozionala sortu nahi baduzu, BBKFAMILY Elikadura eta Emozioak doako online ikastaroa egin dezakezu.

Bego Ruiz: Psikologoa eta gizarte-hezitzailea. Adimen Emozionalean espezializatua Emotional Network-en eta Nutrizio eta Dietetika Aplikatuan IDN Institutuaren eskutik Granadako Unibertsitatean.

Ezagutzen al duzu BBK Familyren “Elikadura eta emozioak” jokoa? Bizkaiko hainbat ikastetxen egongo da. Gaur, urriaren 18an Angeles Custodio ikastetxean egongo da, bihar Jesuitas-en, urriaren 19an, 13:00etatik 19:00 h arte. Gero, urriaren 21ean Portugaleteko Ballonti merkataritza-gunera iritsiko da. Urriaren 27ra arte egongo da eta doakoa da. Ez galdu eta gozatu familiarekin.

 

 

Gai honekin harremana duen BBK Family bideoak:

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×