Zenbateraino izan behar du ama batek ona eta sakrifikatua?

2023 urtean ere, zurrumurru horrek presente jarraitzen du ama askorengan eta gizartearen zati batean. Izan ere, oraindik perfekzioaren eta sakrifizioaren ideia daramagu amaren rol edo eginkizunean, zergatik eta zertarako oso ondo jakin barik.

“Ama ona” izatearen ideiari heltzen badiogu, Donald Winnicott gogora dezakegu. Pediatra psikoanalista bat izan zen, eta “ama aski ona” terminoa sortu zuen. Esan genezake ama hori gai dela “ama-ardura” sentitzeko, seme-alaben atxikimendu-beharrizanez ohartzeko eta horiei erantzuteko, sostengu fisiko eta emozionala emanez. Gainera, bere beharrizanez ohartzeko eta horiei erantzuteko ere gai da, bere seme-alabengandik bereizteko gai da, eta horiei ere aukera ematen die berarengandik bereizteko eta mundua esploratzeko prozesu batean sartzeko. “Fusionatuta” edo bat eginda geratu gabe eta beharrizanak nahastu barik.

Horrela, inplikatutako ama batek ez du perfektua izan beharrik, baizik eta bere seme-alabak pixkanaka ulertzeko bezain ona izan behar du, haien beharrizanei erantzunez (batzuetan akatsen batekin), segurtasun-oinarri bat emanez eta autonomiara bultzatuz. Ama erratu egin daiteke, nekatu egin daiteke, uneren batean zentzugabekeriak egin ditzake, artean nahiko edo aski ona izanda ere.

Hala ere, batzuetan, sineskizun inkontzienteak ditugu, heredatutako hazkuntza-ereduak, presio sozialak, emakume-estandar gaizki bideratuak, bizi-esperientziek eragindako larritasunak, … eta horiek (ez guretzat, ez alabentzat) osasuntsua ez den perfekzioaren muturreko bilaketara eroaten gaituzte. Hori guztia Wendyren sindromearekin ere erlaziona daiteke, hazkuntzan ere aplikatzen badugu. Sindrome hori, Peter Panen pertsonaiaren omenez, gainerakoei atsegin emateko etengabeko premiarekin dago lotuta, betiere haien onarpenaren bila, arbuioari eta abandonuari diogun beldurretik abiatuta.

Ama superperfektua izatea ez da ideia ona. Ez dugu inoiz lortuko, eta, besteak beste:

  • Distres-egoera jasanezinean jartzen gaitu, eta azkenean izan ditzakegu antsietatearen gorputz-adierazpenak, desregulazio eta zurruntasun emozionala, errua, amorrua, beldurra… bezalako emozioen nagusitasuna, min-eremuen aktibazioa, immunitate-sistemaren ahultzea, funtzio exekutiboen (plangintzaren, arazoak konpontzearen…) garapenean eraginkortasunik eza. Gainera, gehiegizko kortisolak (estresaren hormona) ez die lekurik uzten beste hormonei, hala nola hazkuntzan ezinbestekoa den oxitozinari (zaintzaren, enpatiaren, … hormonari). Eta aurrerago depresioa ager daiteke. Hori guztia ez da ona ama izateko, ezta ongizatean pertsona gisa garatzeko ere.
  • Eredu bat sortzen dugu gure seme-alabentzat: haiek ere perfektuak izan behar dute, ezin da akatsik egin, eta horrek eragina izan dezake autoestimuan.

Gainera, zer da ama perfektua izatea? Nondik ateratzen ditugu ama perfektua izateko bete beharreko gauzak? Ama perfektua izateko moduari buruzko eskulibururen batetik? Eta kontuz! Izan ere, gaur egun joera obsesibo arriskutsua dago errezetaz, eredu edo jarraibidez, arauz, ikastaroz, formazio edo prestakuntza-ekintzaz… “betetzeko” perfekzio horretara iriste aldera. Kontzientzia hartzeko, baliabideak izateko, trebetasunak entrenatzeko ikastea, bai. Baina ez hobezinak izaten saiatzeko.

Eman dezagun urrats bat gehiago “ama sakrifikatu”aren kontzepturantz. Hiztegira joanez gero, ‘sakrifikatu’ hitzak hainbat esanahi ditu, eta horietako bat da “zerbaiti uko egitea edo zerbaitez gabetzea beste zerbait lortzeko”. Orduan, uko egin behar al diogu zerbaiti edo gauzez gabetu behar al dugu gure seme-alabak ongi hezteko?

Gure bizitza ama izan aurretik eta ondoren alderatzen badugu, jakina, gauza batzuk aldatu egiten dira. Bere garaian desira kontzientez ama izatea erabaki baldin bagenuen, nolabaiteko traszendentzia-beharrizanagatik egin genuen. Eta premia hori asebetetzeko ahaleginean, gauza batzuk galdu egiten ditugu eta beste batzuk irabazi. Seme-alabei laguntzeko moduan egoteak eta haien beharrizan fisiko, emozional eta sozialei erantzuteak denbora, energia, dirua, kontzientzia, ikaskuntza… eskatzen ditu, lehen beste zeregin edo interes batzuetara erabat bideratu genitzakeen gauzak. Eta orain banatu egin behar da, orekatu… Adibidez, soldataren zati bat haurraren gastuetara bideratzen da, jada ez da kalitate berarekin lo egiten (batez ere, garai batzuetan), larunbat goizak eskola-kirolerako gorde behar dira, une batzuetan bikotearen bakea eten egiten da hazkuntzari buruzko eztabaidengatik, kontziliazioa bilatzeak energia kentzen du… Garbi aitortu behar da: ama izateak une tirabiratsuak, aspergarriak, etsigarriak… izatea dakar, baita nolabaiteko larritasuna ere.

Horrek ez du esan nahi aldaketak edo galerak konpentsatzen dituen gauza onik ez dagoenik.  Badaude une onak, oso onak. Eta ez diogu uko egin behar gure bizitza osoari, identitateari, interesei, autozaintzari, … edo ez dugu perfektuak izan edo gure seme-alabekin “fusionatu” edo bat egin beharrik.

“Sakrifizio”aren muturrera joango bagina, Alejandro Rodrigok “Cómo prevenir conflictos con adolescentes” liburuan aipatzen duen “sakrifiziozko” hazkuntza-eredua sortuko genuke.

Eredu horretan, amek (baita aitek ere) pentsatzen dute beren gurasotasun-rolak ahalegin eta “sakrifizio” ugari eskatzen dituela seme-alabei ongizatea emateko, beren beharrizan eta interesei uko egiten diete eta hori behin eta berriz jartzen dute agerian seme-alaben aurrean.

Esaldi batzuk estilo horrekin lotuta daude. Adibidez: “Nik zugatik egiten dudan guztiarekin eta horrela ordaintzen didazu?”. Zure hezkuntzan inbertitu dudan diru guztia eta orain…”. “Nik maite zaitudan bezala maitatu eta…”. “Zugatik hainbeste gauzari uko egin diot…”. “Ezin dut zapata berririk erosi ingeleseko klaserik onenak ordaintzen ari naizelako zuri…”. “Orain oporretan ondo-ondo pasatzen aritu besterik ez eta hemen nago zurekin…” .

Denok esan ahal izan dugu antzeko esaldiren bat neke, haserre eta akidurazko uneetan.  Gaitzespen edo agiraka egiteko, atentzio-dei gisa, barrua husteko… Batzuetan, modu onean, gauza batzuez jabetzeko eta gu aintzat hartzeko gonbita ere egin diezaiekegu. Erabiltzen dugun tonua da arazoa, esaldi-motak, eta hori oso errepikakorra denean eta harreman-estilo nagusi bihurtzen denean.

Egia da eredu honetan seme-alabekiko kezka dagoela atzean eta haien beharrizanei erantzuten zaiela. Baina eragin negatibo emozionalak izan ditzake beraiengan, batez ere neurriz gain agertzen bada. Haurraren inbasioan eror daiteke, larregizko babesean, seme edo alabak huts egingo duen espektatibak sortu… eta seme-alabei erruaren, zorraren, amen zorionaren “suntsitzaile” izatearen… sentipena sortzen zaie. Eta hori, emozionalki, oso itogarria da.

Horren aurrean defendatzeko, haurrek bi mekanismo izan ditzakete: edo neurriz gaineko aurkakotasun eta haserrearekin matxinatzea, edo beti amaren onarpena bilatzen saiatzea, sakonean erru-, tristura- eta haserre-zama handiarekin. Era batera edo bestera, haurrak sare horretan “preso” senti daitezke.

Horregatik, interesgarria da ikustea zelan bizitzen ari garen uko-egite jakin batzuk, eta ea “sakrifiziozko” estiloetara joaten ari garen, zeinetan, askotan, amek eurek asebete gabe dituzten beharrizanak agerian jartzen diren.

Horretaz jabetzea garrantzitsua izango da. Estilo hori ez da erraza ikusten. Lagungarri izango zaigu horri buruz esaten ditugun kanpoko edo barruko esaldiak entzutea. Ikustea ea gure alabek ez diguten inoiz ezetz esaten. Edo gure seme-alabek maiz erantzuten diguten: “Ba, mundura ez ekartzea zeneukaten”. “Ba, bila ezazu beste (seme) alaba bat hobea”. “Nik ez nizun esan lana uzteko”. “Ba, ama ez izatea zeneukan”. “Nik ez dizut eskatu zuri zera uzteko… ni zaintze aldera”.

Estilo horretara eraman gaitzaketen zenbait elementu daude, eta interesgarria litzateke horiei buruz hausnartzea:

  • Sinesmen familiar, kultural, pertsonal… batengatik estilorik onena dela sinestea.
  • Gure jatorrizko familiatik hartu eta arrastaka eramatea ia konturatu barik.
  • Gure genero-identitatea eta hazkuntzan dugun rola ideia horrekin lotzea.
  • Bizitzan uko-egite pertsonal garrantzitsuak bizi izana, amatasun-nahia ondo landu ez izana edo etengabeko estres-egoera bat izatea, nekatu eta gainezka egitera garamatzana, eta ondorioz errua besteei botatzea.

Amaituz joateko, ama garen aldetik, prest eta laguntzeko moduan egon behar dugu eta gure seme-alabak zaindu behar ditugu. Behar dute beraiek. Eta, era berean, guk ere gozamenerako tarteak ditugula ikusi behar dute, gure lagunak ditugula, gure planak ditugula, asebetez goazen gure beharrizan propioak ditugula… Oso txikiak direnean, etapa edo egoera jakin batzuetan… hazkuntzak kontaktu-plus bat eskatzen du, eta distantzia laburragoa batzuetan. Baina, gero, distantzia handiagoa hartu ahal izango dugu, edo geure momentu batzuk izan ere bai.

Haurtxo bat dugunean, jendea ospitalera, etxera… etortzen da bisitan. Begirada, laztantxo eta egoerari buruzko galdera ia guztiak harengana bideratzen dira. Eta “ni?” galdegin diezaiokegu geure buruari. Ni hori ezin da desagertu eta haurrarengatik erabat sakrifikatu, orduan ez baitugu ongi ulertuko hazkuntza eta geure bizitza bera. Eta ‘ni’ horrek ere arreta, maitasuna eta sare afektiboaren laguntza behar izaten jarraitzen du.

Badira egin ditzakegun galdera batzuk, lagungarri izan daitezkeenak:

  • Zer beharrizan ditut nik neuk?
  • Zeintzuk dira nire interesak, nire zaletasunak?
  • Zerk laguntzen dit estresa kentzen?
  • Nire ustez, zer irabazten dut hazkuntzarekin?
  • Zein unetan lortzen dut neure beharrizanak/nahiak asetzea? Zerk laguntzen dit horretan? Nola mantendu/handitu nezake?

Sakrifizioaz, perfekzioaz eta ahalguztiduntasunaz haratago, amatasun-eredu kontziente eta doitua aldarrikatzea gizarte gisa ere eraikitzea dagokigun zerbait da. Baina ez gaitezen engaina, kontua ez da erraza eta. Beti lagunduko du benetako kontziliazio-proposamenak izateak, genero-ikuspegian lan gehiago egiteak, desgaitasuna edo zailtasunak dituzten seme-alaben onerako laguntzak, familiei laguntza logistikoa eta emozionala emateko sareak izateak, … Izan ere, bakarrik eta baliabiderik gabe ezin dugu hazkuntza egin.

2023an ere hori erronka bat da oraindik. Goazen horri aurre egitera.

Begoña Ruiz, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×