Zelan jan erru barik

  “Eguberriak igarotakoan, oso zorrotz hasiko naiz dietarekin!”

Agian inork ez zizun esango, baina hain ohikoa den pentsamendu hori, eta benetan ekidin behar genukeena, da kontrolik gabe janarazten diguna, gure gose- eta asetasun-seinaleetatik deskonektatzen gaituena, eta erruduntasunetik, eta ez gozamenetik, jatera eroaten gaituena. Beraz, sentitzen dut esatea, hori baldin bada urte berri honetarako zure asmoetako bat, gaiak ez duela horrela funtzionatzen, gorputzak ez duelako muturretako konturik ulertzen eta oreka behar duelako.

Zenbat eta noiz jan behar dugun jakiteko gaitasunarekin jaiotzen gara guztiok. Gosea eta asetasuna, berez, gure baitan txertaturik dauden alderdiak dira, baina denbora igaro ahala, haietatik deskonektatuz joaten gara: elikadura-arau askorengatik, ordutegi markatuengatik, sinesmen mugatzaileengatik, elikagai-industriagatik edo presio egiten diguten errealismo gutxiko edertasun-kanonengatik. Haurtxoak garenean, goseak gaudenean negar egiten dugu eta aseta gaudenean ahoa ixten dugu, sortzetiko gaitasuna dugu seinale horiek entzuteko, mugatzen gaituzten sinesmenak berrasieratu besterik ez dugu egin behar, eta gure gorputzari behar duena eman berarekin konektatuz.

Barne-seinale horiekin birkonektatzen hasteko eguneroko bizitzan aplika dezakegun tresnarik indartsuenetako bat “Elikadura kontzientea” da, baina, horretarako, “dietaren kultura” zer den jakin behar duzu, eta bertatik urrundu.

Dietaren kultura

Badakit artikulu hau irakurtzen ari zareten askok, nola edo hala, esperimentatu duzuela jateagatiko erruduntasuna eta konpentsazioen eta dieten ziklo amaigabea. “Dietaren kultura” da horren erantzulea, sinesmen-sistema batean oinarritutako kultura, non garrantzitsuena itxura fisikoa den, eta ez osasuna.

Gaur egun, ikerketa askok erakusten digute dietek ez dutela funtzionatzen epe luzera, ez direla iraunkorrak eta oso kaltegarriak direla bai gure osasun fisikoarentzat eta bai mentalarentzat. Argaltasuna ez da osasunaren sinonimoa, eta funtsezkoa da ulertzea gure osasuna bizi-estilo osasungarria eskatzen duen multzo integral baten parte dela: elikadura osasungarria eta hazkurritsua, ariketa fisikoa, atseden ona, estresaren kudeaketa zuzena, besteak beste.

Baina ez zeure buruari errua bota kosta ahala kosta pisua galdu nahi izateagatik; pentsamendu horrek pisuari lotuta inguratzen gaituen estigmari aurre egiten ikasi duzun modua adierazten du, beste barik.

Nire nutrizio-kontsultara pertsona berriak iristen dira egunero, pisua galtzeko helburu nagusiarekin, haratago ikusi gabe. Eta paziente berri bakoitzari, beti galdetzen diot honako hau:

– Elikatzeko duzun moduak ondo sentiarazten zaitu? Kemenez jaikitzen zara goizero? Nola hartzen duzu atseden? Harreman ona duzu janariarekin? Ematen dizkiozu zure gorputzari behar dituen mantenugai guztiak? Badakizu erosketa elikagarri edo hazkurritsua egiten etiketak irakurriz? Zure platerak osoak, askotarikoak eta orekatuak dira? Zelan daude zure analitikak? Fisikoki zein mentalki ondo sentiarazten zaituen bizimodua daramazu?

Galdera horiek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, oso murgilduta baikaude pisuari lotutako karga negatiboan eta sartu diguten narratiba horretan; horrek oker sinetsarazten digu pisu gehiago galtzean zoriontasun handiagoa lortuko dugula. Benetan garrantzitsua dena alde batera uzteraino.

Elikadura kontzientea

Ohitura osasungarriak lortzeko eta janariarekin harreman ona izateko, ezinbestekoa da dieta-zirkulutik ateratzea, horra lehen aipatu dugun “dietaren kulturak” eroan gaitu eta.

Elikadura kontzientea tresna boteretsuenetako bat da gure gorputzarekin berriz konektatzeko eta benetan behar duena emateko. Zer jaten dugun, zelan jaten dugun eta gure inguruan dagoen beste guztia bezain garrantzitsua dela ulertarazten digu.

Praktika horri esker, gure sentsazioekin, emozioekin eta barne-seinaleekin berriz konektatzen dugu.

Nola hasi elikadura kontzientea egiten?

 

  • Erabateko arreta: jaten ari garen bitartean presente egotea da, mokadu bakoitzaz gozatzea, gure gorputzaren seinaleei arreta jartzea eta distrakzioak saihestea. Praktika hau egitean, egunerokotasunaren pilotu automatikotik askatzen gara, horrek, askotan, larregi edo inpultsiboki jatera eroaten gaitu.
  • Gorputz-seinaleak: Berriz ikasi zure gorputzaren seinale zuhurrak entzuten, urteak daramatzate-eta deskonektatuta. Apurtu ezarritako arauekin eta fidatu zure gorputzaz, orekarantz gidatuko zaitu eta. Emaiozu behar duzun denbora zurekin berriz komunika dadin.
  • Ezabatu errua: Elikadura kontzienteak elikagai jakin batzuei lotutako erruduntasunetik askatzen gaitu. “On” edo “txar” gisa sailkatu beharrean, neurriz eta orekaz elikagai guztiez goza dezakegula ulertarazten digu. Errua kentzen dugunean, janariarekin dugun harremana hobetu egiten da; izan ere, baimenduta jaten dugu benetan gogoa dugunean eta gure gorputzari on egiten diona entzuten ikasten dugu.

Errua eta horren eragina buru-osasunean

 

Jateagatik errua sentitzen dugu, janariari buruzko arau batzuk irakatsi dizkigun gizarte batean bizi garelako, eta txarto sentitzen gara horiek “betetzen ez baditugu”.

Erru barik jaten hasteko, barneratu behar dugu bizimodu osasungarrian elikagai guztiek izan dezaketela beren tokia.

Baimenduta jateko eta zenbait elikagai jateak sortzen digun antsietatea amaitzeko, konpentsazioak eta zigorrak kendu behar ditugu. Honelako pentsamenduak: “gero ez dut afalduko”, “bihar erreko dut ariketa gehiago eginda”, “hau azkeneko aldiz!”, “larregi jan dut, bihar barau”, …

Horrelako konpentsazio eta murrizketek behin eta berriz Dieten zikloan sartzea eragiten dute; beraz, horren ordez, entzun diezaiogun gure gorputzari, janariaz modu kontzientean gozatuz. Janaria askotarikoa eta orekatua estimatzen ikastean, erruduntasunetik askatu eta janariarekin harreman osasungarriagoa eraiki dezakegu, ohitura onak mantenduz modu iraunkorrean.

Bizi-estilo osasungarria

Janariarekin harreman positiboa eraikitzeko, beharrezkoa da geure buruarekiko oreka eta errukiaren ideia ezagutzea. Ez genituzke elikagaiak “on” edo “txar” gisa etiketatu behar; arau zorrotzak jarraitu beharrean, elikadura askotarikoa, orekatua, hazkurritsua eta goxoa izaten ikasi beharko genuke. Izan ere, sagar batek ez gaitu pertsona osasuntsuago bihurtuko, ezta txokolate-zati batek ere hain osasuntsuak ez izatea eragingo.

Osasuna zure ohiturekin egunez egun eratzen den multzo integral baten parte da, eta funtsezkoa oreka lortzea da denboran zehar. Barietatea eta oreka zure elikadura-hautuetan.

Honekin, gogoratu gorputz bakoitza berezia dela, eta ez dagoela guztietara egokitzen den neurri bakar bat. Beraz, perfekzioa bilatu beharrean, jar dezagun arreta bizimodu osasuntsuago eta zoriontsuagorantz aurrera egiten.

Lucía Pérez Urruticoechea Dietista EHT-n aditua

Nutrizioari buruzko BBK Family bideoak:

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×