Zein da gure seme-alabek prest sentitu aurretik sexu-harremanik EZ izateko gakoa?

Pepa Horno psikologoak Bilboko aireportuan lur hartzearekin konparazio bat eginez hasi zuen bere hitzaldia: “Hegazkinean nentorrela, hiri honek ohituta gauzkan lurreratze zoragarrietan pentsatzen ari nintzen, gure seme-alabekin sexuaz hitz egiten dugunean antzeko zerbait gertatzen baitzaigu: oreka bilatzen saiatzen zara hegazkina alde batera edo bestera joan ez dadin, eta badirudi lur joko duzula, baina azkenean ez duzu lur jotzen. Beraz, hau ere antzekoa da. Seme-alabak hazi egiten badira, modu naturalean, zelanbait, egitea lortzen dutelako da”.

Hornok gogorarazten zigun sexualitateak gu geu geure historiarekin aurrez aurre jartzen gaituela, eta horregatik bihurtzen dela arazo sexualitatea. Baina garrantzitsua da konturatzea gizakiaren garapenaren parte dela, eta, beraz, hezi egin behar dugula.

Sexualitatea giza eskubide bat da, eta hori bete-betean bizitzeko aukera gure seme-alaben eskubidea da. Horrek esan nahi du sexualitate babestua eta babeslea izateko eskubidea, hau da, bere autonomia, erabakitzeko gaitasuna eta segurtasuna, askatasunerako eta sexu-hauturako eskubidearekin zerikusia duena, mantendu ahal izatea. Izan nahi duten eta pertsona gisa garatu nahi duten identitatea ez ezik, bikotekidea nahi duten edo ez, seme-alabak izan gura dituzten edo ez, eta zenbat seme-alaba, zein ordenatan edo noiz eduki nahi dituzten ere bai. Ezkonduko diren ala ez, harremanak izango dituzten ala ez. Sexu-hautaketaz hitz egiten dugunean, benetan aukeratzeaz ari gara.

Sexualitateak geure historiarekin aurrez aurre jartzen gaitu gu

Era berean, Pepa Hornok azpimarratu zuen sexualitatea bizi ahala hezten dugula, hau da, batzuetan beldurrez, beste batzuetan isilik. “Hau da kontzientzia jartzea eskatzen duen elementuetako bat, kontua ez baita sexuaz hitz egitea, hots, mundu guztiak saihestu nahi duen elkarrizketa hori izatea, gure seme-alabak jaiotzen direnetik egiten da hori. Beraien sexualitatea hezten ari gara, plazerarekiko lotura, kontaktu fisikorako gaitasuna eta gorputz-sentsazioekin barnetik konektatzeko gaitasuna hezten ari garelako. Hainbat alderditan ari gara hezten, eta horiek eratzen dute pertsona baten sexualitatea. Horregatik, planteatu behar da ea transmititzen ditugun mezuak benetan transmititu nahi ditugunak diren edo ez. Sexualitateak aurrez aurre jartzen gaitu beti, bai gure intimitatean, bai gure seme-alaben intimitatean. Sexualitatea aukera bat da beste modu batera sentitu, beste modu batera pentsatu, eta beste era batera hautematen duen beste pertsona batekin topo egiteko, eta, horrela, batzuetan aurrean gertatzen dena ez ulertzearen sentsazioa izaten dugu. Beraz, kontua ez da soilik denbora-diferentziarena, ezta gizarte-aldaketena ere; kontua da sexualitateak bestearengana hurbiltzen gaituela, eta bestearengana hurbiltzean beldurra sentiarazten digula, bizitzen ari garena ulertzeko erreferenterik gabe sentiarazten gaitu eta. Beraz, sexualitatean hezteko badago oinarrizko elementu bat: gure bizi-historia integratzea.”

“Sexua genitalitatea baino askoz konplexuagoa, sotilagoa eta zoragarriagoa da”

Hornok azaldu zuenez, bi gako oso garrantzitsu daude: lehenengoa, jaso dugun hezkuntza afektibo-sexuala, zer kontatu ziguten eta zelan kontatu ziguten; eta, bigarrena, sexualitateari buruz guk geuk dugun bizipena. Geure sexualitateaz hitz egin ahal izatea behar dugu, eta hori muga bat da, guraso gisa daukaguna. Halaber, afektibitatea sexualitatearekin, aniztasunarekin eta babesarekin lotzen zuen, sexualitatea ez baita sexua. “Sexua genitalitatea baino konplexuagoa, sotilagoa eta zoragarriagoa da”, gaineratu zuen. Eta hezkuntza afektibo-sexuala segurtasun emozionala ematen diguten loturekin eta presentzia fisikoarekin lotzen zuen. Pornografiak dituen arazoen artean, presentzia fisikorik ez egotea da bat. Sare sozialen bidezko interakzio guztiek bezala, presentzia fisikorik gabe uztean, gorputz-sentsazioekiko barne-konexioa zailtzen dute. “Sare sozialen barruko irudiek gure seme-alabak inbaditu ditzakete, irudi horiek eragiten dizkieten gorputz-sentsazioak ezin hauteman izateko moduan, eta, jakina, ezin dituzte ulertu irudi horietan agertzen diren pertsonek dituzten gorputz-sentsazioak”, zioen Hornok.

 “Sexualitatearen arrisku guztiak bi beldur nagusitatik datoz: ezberdintasun eta arbuioaren beldurra, eta bakardade eta abandonuaren beldurra”

Horregatik, haurren gorputz-sentsazioei, barne-bizipenei izena jarri behar zaiela esan zuen behin eta berriro. Muga babesle argiak ezartzea eta transmititzea, sexualitatearen inguruan moldatzeko eta sare afektibo eta babesle bat, zeinetan mugitu ahal izango diren, sortzeko aukera izan dezaten. Izan ere, azkenean bi gako egongo dira sexualitatean: lehenengoa, barne-konexioa, eta bigarrena, beste pertsona batekin intimitatea ezartzeko gaitasuna. “Neure burua sentitzeko modua da, neure nortasuna sortzeko modua, eta beste pertsona batzuekin harremanak izateko nire modua. Hori dela eta, sexualitatearen gakoetako bat izango da gai garen edo ez harreman posibleen sare askotariko, afektibo eta babesle bat eskaintzeko gure seme-alabei. Afektibitatera, sexualitatera, aniztasunera eta babesera itzuli gara. Gure seme-alabak mugitzen direneko jende-sarea, gure seme-alaben lagunak, maitasunez tratatzen dituzten pertsona afektiboak dira. Pertsona anitzak dira, gure inguruko munduaren aniztasuna islatzen dutenak, eta arazo bat dutenean laguntzeko eta babesteko gai izango diren pertsona babesleak dira. Pertsona batek hezkuntza afektibo-sexualean pentsatzen duenean egin behar duen galdera da hori; izan ere, azkenean, sexualitatearen arrisku guztiak bi beldur nagusitatik datoz: desberdintasun eta arbuioaren beldurretik, eta bakardade eta abandonuaren beldurretik. Sexualitatearen esparruan egiten dugun guztia bakarrik ez egoteko eta integratuta sentitzeko egiten dugu”.

Onartua izateko… zure nortasunari uko egitea

Psikologoak ohartarazi zigun gure seme-alabek, abandonatuak ez izateko eta baztertuak ez izateko, egin nahi ez dituzten gauzak onar ditzaketela, beren nortasunari uko egin diezaioketela, beren nortasunaren gauzak ―besteek onartzen eta ulertzen ez dituztenak eta desberdinak izatera eramaten dituztenak― ezkutatu eta disimula ditzaketela. Arbuioaren eta abandonuaren beldurra da. Bi beldur nagusiak dira, eta hortik batez ere hiru arrisku sortzen dira: Gehiegizko esposizioarekin eta komertzializazioarekin zerikusia duen arrisku bat dago. Beste arrisku bat gauza bihurtzearekin lotuta dago, zeure burua erosten eta saltzen den gauza gisa tratatzearekin. Eta arrisku bat dago larregizko babesarekin zerikusia duena, zer nahi dudan eta zer ez, nola sentitzen naizen eta nola ez naizen sentitzen erabakitzeko autonomia zailtzen duena. Bizitzaren beste alderdi batzuetan ere gertatzen da hori, baina sexualitatean ezinbestekoa da.

Horregatik esaten zuen ez garela genitalitateaz ari, baztertua izateko eta bakartuta sentitzeko beldurraz baizik. Hortik aurrera, modu babestuagoan edo giza harremanetan arrisku handiagoan jarriko zara.

“Ez ditugu sare sozialetan ikusgai jarri behar, erakusteko produktu polita balira bezala”

“Gu gara sare sozialetan ikusgai jarri behar ez ditugun lehenengoak, erakusteko produktu polita balira bezala; gu gara seme-alabei beren buruaz transmititzen dizkiegun mezuak zeintzuk diren pentsatu behar dugun lehenak. Haiei buruz hitz egiten dugun bakoitzean… gu gara”, gaineratu zuen.

Eta seme edo alaba hori harro sentiarazten nauen gauza bihurtzeko tentazioaz ohartarazi zigun. Harro erakutsi nahi ditugu, eta harro erakutsi gura ditugunean objektu bihurtzen ditugu. Horregatik, familia gisa egin behar dugun oinarrizko gauzetako bat gure seme-alabei buruz zelan berba egiten dugun planteatzea da, eta gure seme-alabak nola aurkezten ditugun planteatzea.

Eta sexualitate babeslera itzulita, loturaren, afektibitatearen eta babesaren gaiari heldu zion berriro, sexualitatea bi gakoetan oinarritu dadin: barne-konexioa eta babes-sarea.

“Nire gorputz-sentsazioak ezagutzeko eta horiekin konektatzeko gaitasuna funtsezkoa da sexualitate osoa eta betea izateko. Eta bi adibide oso argi jarriko ditut, ez badut nire gorputz-sentsazioekin bat egiten, ez dut jakingo nola bizi plazera. Horrela, pertsona batekin harreman genitala izatera iristen naizenean, pertsona horrek nahi duena egiten dut, nik ez baitakit berari azaltzen belarrietan ukitzea gustatzen zaidan edo ez, lepoan ukitzea gustatzen zaidan edo ez, oinetan ukitzea gogaikarri zaidan edo alderantziz.

Plazera legitimatu egin behar da, eta sortu egin behar da, eta pertsonari horrekin konektatzeko gaitasuna eman behar zaio jaiotzen denetik. Ez da genitalitatean eta nerabezaroan iristen den zerbait. Eta, bestetik, aipatu dudan sare afektibo eta babesle hori sortzeko gaitasuna, bakardadearen beldur hori eta arbuioaren beldur hori eragotzi eta ni neu moldatzeko sare sendo bat izateko”, zioen Hornok.

Edozer egiten dugu sufri ez dezaten

Larregizko babesari dagokionez, hamsterra hiltzen deneko adibidea jarri zuen: beste bat erosten diogu berehala, sufri ez dezan eta pentsa dezan hamsterrak bizirik dirauela. Burbuila batean sartzeko joera dugu, eta beldurra, mina, nazka, bakardadea eta sexualitatearekin zerikusia duten gauzak ezagutzeko gaitasuna kentzen diegu. Izan ere, “harreman genital osoa eta betea izateko, nik beste pertsonari esan behar diot zerk ematen didan plazera, zer ez zaidan gustatzen, zerk ematen didan beldurra, zerk ematen didan nazka, zer ez dudan gura. Eta hori adierazi ahal izan behar dut, eta adierazi ahal izateko aitortu ahal izan behar dut, bestela, nazka ematen didan zerbait iritsiko zait eta geldirik geratuko naiz, zeren eta, nire barruan nazka aitortzen jakin ez dudanez, besteak nik egin nahi ez ditudan gauza jakin batzuk egin ditzan uzten dut, bizipenak inbaditzen nauenean nik ez dudalako gertatzen ari zaidana aitortzeko gaitasunik”.

“Sexualitate babeslea beste pertsona bati mina ez eragitean oinarritzen da, eta ez dut genitalitatera iritsi beharrik. Hori askoz lehenago hasten da. Nik gai izan behar dut aitortzeko, adibidez, norbait biziki maite dudala baina egun horretan ez diodala musurik eman nahi. Eta horrek ez du esan nahi maite ez dudanik. Horrek esan nahi du, agian, nire amonak, andre bikain eta zoragarri horrek, biloak dituela kokotsean, uxatu egiten nautenak, eta nazka ematen didatenak muxu ematerakoan, eta biziki maite dudala, baina ez diot musu eman nahi, eta biak dira bateragarriak. Baina nik bizipenak eragozten baditut eta ez badiet umeei hori aitortzen laguntzen, aipatuko ditugun gauzak gertatzen dira. Beraz, plazerarekiko lotura legitimatzea da zati bat”, azaldu zuen Hornok.

Lehen esperientzia genital eta sexualei buruz, esan zuen batzuetan normala dela neba-arrebekin, lehengusuekin, lagunekin hastea. “Bi seme-alaba izatea eta medikutan jolasten aurkitzea giza garapen sexualean dagoen gauzarik normalena da”, zioen.

Larregizko babesera itzuliz, Hornok azaldu zuen 7 eta 8 urterekin haur batek bakarrik dutxatu behar duela, bakarrik lo egin behar duela eta bakarrik egin behar duela kaka. Izan ere, hazkuntza-eredu jakin batzuk luzatzen baditugu, aitarekin edo amarekin egiten jarrai dezaten, zailtasun bat sortzen ari gara horrela.

Genitalitatean sartzen direnean, estali egiten dira

Eta genitalitatean sartzeari buruz, adibide bat jarri zuen: hondartzara joaten gara, eta orain dela gutxi arte inolako arazorik gabe biluzik ibiltzen ziren txikiak; bat-batean arropa aldatzeko eskuoihala eskatzen hasten zaizkizu, eta harritu egiten gara. Hala ere, horrek horrela izan behar du, genitalitatean sartzeak babeslea izan behar duelako, norberaren gorputzarekiko begirunetsua eta pertsona helduengandik bereizia.

Sexualitate osasuntsua izateko, testuinguru seguruan gertatu behar da. Hori da nerabeekin lan egiten denean azaldu behar zaien alderdietako bat: sexualitatea ez dela norekin dituzun harreman genitalak edo zenbat edo noraino, baizik eta onik eta osorik sentiaraziko zaituzten pertsonekin izatea, ondo sentiaraziko zaituztenekin. Hori aukeratu behar dute. Ez dituzte sexua ez ezaugarriak aukeratu behar. Eta, jakina, plazerarekiko lotura errazten duten elementuak: mugimendua, jolasa, musika, dantza, ura eta kontaktu fisikoa.

Nazka-emozioa ezagutu eta aitortzea sexu-abusua identifikatzeko

“Zuen seme-alabekin dantzatzea gomendatzen dizuet, abestea eta ura, gorputz-konexiorako izugarrizko elementua baita; horregatik, bainua atsegingarria gertatzen zaie umeei, eta helduoi asko gustatzen zaizkigu jacuzziak eta spak. Eta ospakizun-jarrera izan behar dugu. Plazera legitimatu egin behar da, eta ez da plazer sexual hutsa, nahi duzun jendearekin egoteko, ospakizunak egiteko, biltzeko, txangoak egiteko, irteteko, airea hartzeko… plazerra da. Hori guztia hezkuntza afektibo-sexuala da, guk uste ez izan arren.

Koito-harreman osasuntsu, babesle eta atsegingarrietara iristeko, behar den gauzetako bat da haurrek hasieratik beldurra ezagutu, nazka antzeman eta mina sentitu ahal izatea. Eta adibide tentel bat jarriko dut, baina beti kontatzen dudana: zero eta sei urte bitartean, funtsezko gauzetako bat nazka, babes-tresna gisa, ezagutzen irakastea da, sexu-abusuaren emozio bereizgarrietako bat nazka baita.

“Sexu-abusua normalean beraiek maite dituzten pertsonengandik etortzen zaie”

Haur batek ez du ulertzen abusua zer den; gainera, normalean beraiek maite dituzten pertsonengandik iristen zaie abusua, eta manipulatuta sentitzen dira. Sexu-abusua abusu gisa aitortzeko modu bakarra sortzen dien nazka identifikatzea da. Orduan, 0tik 6ra bitarteko haurrekin oso tresna eraginkorra da esatea: denok ditugu nazka ematen diguten gauzak, niri labezomorroekin gertatzen zait, ume askori dilistek edo arrainak ematen diete nazka. Beraz, zure seme edo alabarekin hitz egin eta esan behar diozu: norbaitek inoiz zerbait egiten badizu eta zu dilistekin bezala sentiarazten bazaitu, etorri eta kontatu niri. Hori prebentzio-estrategia eraginkorra da 6 urtetik beherako ume batentzat, ezin duelako abusua ulertu, ezin duelako aitortu berak maite duen norbaitengandik datorkiola, baina dilistek sortzen dioten nazka eta oka egiteko gogoa identifikatu ahal ditu.

Semeak edo alabak esaten badit dilistek nazka ematen diotela eta esaten badiot: “Ez zaitez mizkina izan eta jan itzazu!” Zer ari natzaio esaten? Bota duzuna irentsi, aguantatu goragaleak eta jan egingo duzu. Genitalitatera eramanda, hitzez hitz gauza bera, goragaleak irentsi eta jan egingo duzu. Beraz, kontu hau harreman genitalekin eta minarekin hasi baino askoz lehenago hasten da.

Garrantzitsua da, anestesiatzen baditugu, min txikiak kentzen badizkiegu, min handiak iristen direnean paralizatuta geratuko dira. Izan ere, gazte asko paralizatuta daude, eta autolesioetara eta agertzen ari den patologia horretara guztira jotzen dute, izugarri igo den zerbait”, azaldu zuen Pepa Hornok.

Psikologoak adierazi zuen anestesiarekin zerikusia duela horrek, hau da, lar babestuta hazi izanarekin, eta, ondorioz, mina iristen denean, paralizatuta gelditzen direla.

Inoiz ezin gara gure seme-alaben lagunak izan

Sexualitate babeslearen bigarren elementua den sareari dagokionez, intimitatea, sexualitatea eta genitalitatea lantzera bultzatu gintuen. Eta loturen garrantzia azaldu zuen, bertikalak eta horizontalak direnak bereiziz. “Imajina ezazue zuhaitz bat. Zuhaitzak enborra, sustraia eta adar batzuk ditu. Enborra eta sustraia lotura bertikalak dira, gure biziraupena bermatzen dutenak. Normalean, guretzat guraso izan direnak, eta, aldi berean, gu gara gure seme-alabentzat. Bizitzan bi lotura bertikal baino ez daude: parento-filiala (guraso eta seme-alabena) eta profesionala. Harreman horietan maitasuna zaintza eta biziraupenarekin batzen da. Guraso bat ez da inoiz bere seme-alaben lagun, eta zuen seme-alaben lagun izan gura baduzue, porrotera kondenatuta zaudetela esaten dizuet.

Mugak jartzea dagokigu, haiek zaintzeko eta babesteko ardura dugu, eta, beraz, ez gara inoiz figura horizontalak izango, eta ez dugu izan behar, gainera. Profesionalak garen aldetik, inoiz ez gara haien lagunak, lotura bertikal gisa mantendu behar dugu geure burua, guk lan egiten dugun eremuan ingurune segurua bermatzeko ardura baitaukagu. Beraz, eskola batean hezitzaileak bagara, aisialdiko eta denbora libreko begiraleak bagara, ez gara umeen lagunak, eta ez dugu inoiz izan behar, ez dugu haien telefono pribatua izan behar, ez ditugu haien irudiak gure sare sozialetan jarri behar, eta ez ditugu auto pribatuan eraman behar. Gu ez gara harreman horizontalak, harreman bertikalak baizik. Eta gero adarrak daude, eta haietan txoriak, loreak, hostoak. Erabateko garapena lortzeko, lotura horizontalak izan behar dira, neba-arrebekin hasi, lehengusuekin eta lagunekin jarraitu eta bikotean amaitzen direnak.

Zein baliagarria den bizitzan jakitea nire bikotekidea ez dela nire ama edo aita, baizik eta nire bikotekidea dela, hau da, nire bizi-laguna, berdina. Bere kasa ibiltzen da eta bere bizitzaren ardura du, eta nik nirearena, eta denbora batez eskutik helduta ibiltzen gara. Sexualitateak eta genitalitateak lotura horizontalen artekoak izan behar dute beti. Eta hori oinarrizko babes-arau nuklearra da, horregatik abusua abusu da, eta horregatik intzestua delitu da, hau da, sexualitatea eta genitalitatea ez dira bizi behar lotura bertikaletan” azpimarratu zuen Hornok.

Guk irakasten diegu pertsonak aukeratzen

Familia garen aldetik, gu gara gure seme-alabei modu jakin batean mundura irtetea eragiten dieten lotura-ereduak sortzen ditugunak, azaldu zuen Pepa Hornok; izan ere, gu gara autonomiaren ordez gehiegizko babesa sortzen dugunak, sustraiak eta hegoak ematen dizkiegunak, eta pertsonak aukeratzen irakasten diegunak, bizitzan maiteko dituzten pertsonak, on egingo dieten pertsonak. Eta azaldu zuen bizitzan jendeak on egiten dizula edo min egiten dizula, eta normalean une jakin batzuetan sakon maite zaituen jende guztiak on egingo dizu eta une jakin batzuetan min egingo dizu. Gainera, maite zaituen pertsona batek ez zaitu ezkutuan mantentzen, ez dizu egun batzuetan hitz egiten eta beste batzuetan ez, batzuetan zurekin jolastu nahi du eskolan eta beste batzuetan ez. Zure aldeko hautua argi eta garbi egingo duen jendea aukeratzen saiatu behar duzu, zure bizitzan egoteko prest dagoena, libre edo prest eta zuretzat eskuragarri egongo dena.

Hornok argitu zuenez, garrantzitsua da haurrei intentsitatea, elkarrekikotasuna eta konpromisoa bereizten irakastea. Izan ere, harreman bat oso bizia eta oso polita izan daiteke, baina ez harreman lotu osasuntsua, ez dakarrelako beste pertsonaren bizitzara ezelango integrazio sozialik. “Nik seme edo alaba bat dudanean munduari aurkezten diot, aspergarriak izaten gara ‘aski da!’ esan arte. Baina zer gertatzen da desgaitasuna duen haur bat jaiotzen denean? Ba, familiei askoz gehiago kostatzen zaiela ume hori mundura ateratzea, erakustea.

Harreman afektibo osasuntsua harreman publikoa izaten da. Gure seme-alabez lotsatzen bagara, arazo bat dugu eta zerk lotsatzen gaituen begiratu behar dugu, eta gutxiengoen sexu-identitateekin dagoen arazoa azaldu zuen. “Zer gertatzen da nire seme edo alaba ez bada nik gura nuena, ez bada nik berarentzat definitua nuen pertsona-proiektua? Nola egiten diot aurre desberdintasun horri, zelan egiten diot aurre dolu horri, nola egiten diot aurre frustrazio horri, zelan aitortzen dut. Nondik ari da eratzen nire bizi-historia pertsonala?”, galdetzen zuen Hornok.

“Aldea dago homosexuala izatearen edo heterosexuala, bisexuala edo pansexuala izatearen artean. Aldea dago edo ez dago. Izan ere, baldin badago, arazo bat dut. Aniztasunez eta lasaitasunez bizi ez baduzu, huts egiten dizutela sentitzen hasten dira zure seme-alabak, porrot egin dutela zuk beraiekiko zenuen bizi-proiektu horretan. Beraz, berrikusi beharreko gauzetako bat hau da: Zer gertatzen zaigu guri gure seme-alabei esleituta geneukan bizi-proiektu horrekin?”, galdetzen zien bertan zeudenei.

Maite zaituzten pertsonak une txarretan eta une onetan egongo dira zurekin

Era berean, benetan maite zaituen jendea identifikatzeko oso elementu interesgarri bat dagoela azaldu zuen, hau da, zure pozarekin pozten dena. Ez bakarrik une txarretan zurekin dagoena, baita zure pozarekin benetan alaitzen dena ere. Adibidez, pertsona bati beste norabait bizitzera edo ikastera joateko aukera sortzen zaionean. Zein dira erreakzioak? Ondo maite duen aita edo ama bat poztu egiten da seme edo alaba joateaz, eta ez dio xantaiarik egiten esanez: “Zer egingo dut nik zu barik?”.

Zenbait elementu, harremanetan egiten dutenarekin zerikusia dutenak, landu egin behar dira mutil eta neskekin. Jendeak tratu txarren prebentzioaz hitz egiten duenean, mundu guztiak biktima posible gisa pentsatzen du bere seme-alabengan, baina inork ez du pentsatzen bere seme-alaba horiek erasotzaile izan daitezkeenik, eta gure ardura edo erantzukizun direla biktimak bezainbeste. Alde horretatik, erantzukizun afektiboaren funtsezko ezaugarri bat dago: abandonuarekin ez mehatxatzea. Harreman afektibo osasuntsuaren eta erantzukizun afektiboaren ezaugarri bat da hori. Hornok, beraz, honelako esaldiak saihesteko eskatzen zuen: “Hau egiten ez baduzu, amonarekin bizitzera bidaliko zaitut, edo horrela jarraitzen baduzu, edozein egunetan barnetegi batera bidaliko zaitut”.

Sexu-abusuaren beste modu bat pertsona bat, berak nahi baino lehen, harreman genitalak izatera behartzea da. Hori sexu-abusua da, eta hori erantzukizun afektibotik ezagutu eta aitortu behar dut eta ezetz esan, “niri ez didazu mehatxurik egingo, eta alde egin nahi baduzu, ba, alde egin”.

Zintzoki hitz egitea sexualitateaz

Sexualitateaz hitz egiteari dagokionez, Pepa Hornok zintzotasunez hitz egitea gomendatzen zuen: “Neure beldur, nazka, ikara, ziurgabetasunei, … buruz hitz egiteko aukera behar dut, ez nire seme-alabenei buruz. Eta, jakina, sexu-organoak izendatzea. Eta gutaz esan dezaketen gauzarik onena da nekagarriak garela. Horrek esan nahi du dagoeneko jakinean daudela”.

Eta amaitzeko, gogoratu zuen afektibitateaz eta aniztasunaz hitz egiten dugunean, ez dugula erabateko tolerantziaz eta dena baliozkoa izateaz hitz egiten, baizik eta babesaz ari garela, eta babesaren barruan oinarrizko babes-mugak daudela, saltatu ezin ditugunak.

Hortik aurrera, galdera-erantzunen txanda etorri zen:

Lehen galdera: Nire ustez, familiok kezkatzen gaituen gauzetako batek sexualitatetik genitalitatera pasatzearekin du zerikusia, eta hori kontzientziaz, poliki egitea esaten zenuen; eta uste dut hori dela daukagun kezka handietako bat, ez dakidala gure seme-alabek igarotze hori egiten duten aipatzen zenuen bezala, poliki eta kontzientziaz.

Pepa Hornoren erantzuna: Erantzuna da ez dutela egiten, noski, ez dutelako ez poliki ez kontzientziarekin bizi, eta hori da azaltzen saiatzen naizena. Hau da, zure seme-alabak kontzientziaz eta lasaitasunez genitalitatera pasatzea gura baduzu, lasaitasunez bizi behar dute hori. Baina gure gizartean jendea lasterka egitera eta bere buruari exijitzera eta besteren eskariari erantzutera bultzatzen dugu, ez bere eskaerarekin eta bere beharrizanarekin konektatzera. Eta, gainera, hori guztiz bat dator abandonuari eta arbuioari diogun beldurraz esandakoarekin.

Norberak ahal duen neurrian kontzientziaz eta lasaitasunez ibiltzen pixkanaka irakatsiz lantzen da hori; izan ere, kontua ez da munduarekin borrokatzea, baizik eta pixkanaka, ahal duzun neurrian, barne-konexioa eta autonomia lantzea, esateko gai izan daitezen, zeren eta, besteek jada egin izanak, ez du esan nahi ni okerragoa naizenik.

Gu gara, familia gisa, lasterketa hori bultzatzen ari garen lehenak. Ea nor den garaiena, ederrena, argiena, nota onenak ateratzen dituena, gol gehien sartzen dituena, eta gero haiek lasai eta poliki ibiltzea nahi dugu. Ba, honek ez du horrela funtzionatzen.

Galdera: Kezka handia dago eta galdera asko BBK Family-n honetaz: 12-13 urterekin genitalitatean sartzen ari direla eta ez ditugula prestatuta ikusten.

P.H. erantzuna: Nik kontzientziaz funtzionatzen badut 12 edo 13 urterekin, ez naiz genitalitatean sartuko. Bai, ez dudalako harremanik izango neuk nahi izan eta ondo sentiarazi baino lehen, besteek esan eta esan egin arren. Baina horretarako ez dudala nahi sentitu behar dut eta hori defendatu eta hori babestu behar dut gainerakoen aurka. Beraz, zure galderan garrantzitsua da bi adin-mota daudela. Badira ume batzuk, eta nire ustez bereiztea garrantzitsua da, kalte bat dutenak eta nahastuta dabiltzanak honako hauei dagokienez: nor naizen, normala zer den edo ez den, gauza bat edo bestea gustatzen zaidan…

Eta bada kalte bat, hertsiki kaltea ez dena, baina larrimin handia sortzen duena. Orduan, hainbat koadro ditugu gaur egun neska-mutilen artean, gainezka egiten dien larriminarekin, antsietatearekin… zerikusia dutenak.

Nerabeen larritasun arruntari, aipatzen ari garen honek guztiak sortutako larrimina gehitu diogu. Horrek, birbideratzen bada, ez du kalte iraunkorrik uzten, nerabezaroa zaildu egiten dizu, beste barik.

Gero, beste kalte-mota batzuk daude, hala nola sexualitatearen esparruan indarkeria-esperientziak izatea, non azkenean esperientzia traumatikoa izaten duzun, eta horrek esku-hartze terapeutikoa eskatzen duten kalte batzuk dakartza berekin. Horregatik diot oinarrizko babes-mugak bigarrena eragozteko direla. Lehenengoa zaila da eragotzi ahal izatea. Bertan, presente, egon behar dugu larrimin horretatik jaisten laguntzeko.

Uste dut horregatik hitz egiten dugula afektibitatea, sexualitatea, aniztasuna eta babesa lotzeaz, sexualitatearekin lotutako indarkeria-esperientziak ahal dugun guztia eragozten edo murrizten saiatuko garelako. Baina, beste aldetik, kontura gaitezen bide oso bat dagoela egiteko barne-konexioko prozesu hori erraztearekin zerikusia duena, larritasuna iristen denean horrek ahalbidetuko baitie esatea: “estu eta larri nago”, eta laguntza eskatzea eta une horretan ezer ez erabakitzea.

Galdera: Zintzotasunaz ari izan zara; abusua jasan duen ama batek, zer adinetan uste duzu hitz egin dezakeela horretaz? Oso txikiak baldin badira, beldurra ere sar diezaiekezu.

P.H. erantzuna: Oso-oso galdera egokia da. Bizitzan arau garrantzitsu bat dago: inork ez du galderarik egiten erantzuna entzuteko prest egon arte. Kontsultan, zuk badakizu jendeak badituela gai batzuk, baina ez dute haietaz berbarik egiten prestatuta egon arte. Beraz, hazkuntzan bada arau orokor bat: egiten dizkizutenean, orduan erantzun behar diezu galderei. Hau da, giro bat sortzea, zernahiri buruz galdetu ahal izateko, eta jakin dezatela hori ez dela arazoa. Abusuaz hitz egiten denean, haurtzaroan abusuaren biktima izan den pertsona batek bere seme-alabei kontatu egin behar al die? Zalantza barik.

Galdera: Nola ateratzen duzu gaia?

Erantzuna: Oso formulazio erraza eta garbia dago: “Niri min egin zidaten”. Jakin behar duzu nik zuri hitz egiten dizudanean, niri min egin zidatelako hitz egiten dizudala. Ez duzu jakin behar ez nork, ez noiz, ez nola, ez zein eratara, … hori ez baita beharrezkoa. Baina hasieratik hitz egin diezazuket pertsona batzuek on egiten dutela eta beste batzuek min egiten dutela, niri ere min egin zidatelako txikia nintzenean, eta nik oso txarto pasa nuelako. Eta zure esperientzia zein izan zen kontatzen diozu. Izan ere, abusuaren kasuan ez du axola zer gertatu zen kontatzeak, baizik eta gertatu zen horrek zer esan nahi izan zuen zuretzat.

Arazoa da abusuaren biktima izan den jende askok ez duela horretaz inorekin berba egin. Ez baduzu inoiz abusuaz hitz egiten, ezin duzu zure seme-alabekin abusuaz hitz egin, datu hori barik zutaz ulertzen ez diren gauzak daude eta. Eta erreakzio batzuk dituzu, beldurrak, gertatzen zaizkizun gauzak, eta zure seme-alabek ulertu behar dute ez dela haien gauza, baizik eta zure gauza dela eta zure esperientziarekin zerikusia duena; izan ere, haiei minik ez egiteko jarraibideak ematen saiatzen zara, esperientzia beretik igaro beharrik izan ez dezaten. Orduan, zuk formulatzen duzu min egin zizutela, eta zure esperientzia afektiboaz hasieratik berba egiten duzu, zeren eta hori hiru, lau edo bost urterekin oso ondo kontatu ahal diezu. Ipuinak daude, eta ez dute zertan sexu-abusuez hitz egin, baina bai min egiten dizun jendea dagoela. Eta gero, berak bizitzan zehar galdetzen duen neurrian, erantzun egingo diozu, erantzuna entzuteko prest egon ahala galdetuz joango zaizu eta.

Galdera: Nire galdera irakaskuntzaren ikuspegitik doa, ez ama gisa; baina hitzaldi hauek interesatzen zaizkit, bai, sentitzen baitut zuen seme-alabek egunean ordu asko pasatzen dituztela gure eskuetan, eta uste dut guk betetzen dugun rola hirugarren amarena bezalakoa dela, begirune guztiz esanda.

Batzuetan, elkarrizketa batzuk sortzen zaizkigu, eta beldurra sentitzen dugu ez ote dugun ondo egiten jakingo, … Nire galdera da ea sexualitateari edo horrelako edozein gairi buruz galdetzen didatenean, erantzun egin behar diedan ala ez. Izan ere, batzuetan, ez dakit bere familian gauza horiei buruz hitz egiten duten edo ez, edo familia horrek pentsatzen duenarekin bat ez datorren moduan azalduko ote dudan…, baina gaia saihestu ere ez dut egin nahi.

Erantzuna: Galdera bat baldin badago, beti egon behar du erantzun bat ere. Eta erantzun horrek zintzoa izan behar du. Ez dago salbuespenik horretan. Esaiozu familiari galdetu egin duela. Erantzun nahi badute, eurek ere erantzun ahal izan dezaten, baina jakinaren gainean daudela egin dezaten. Hori bai, ez izan inoiz leku publiko batean genitalitateari buruzko elkarrizketarik, beren esperientzia jakin bati buruzkoa bada, eraman itzazu leku pribatu batera; zeren eta, askotan gertatzen da, zuk hezkuntza afektibo-sexualari buruzko solasaldi bat egiten duzunean abusuak azaleratzen baitira, horregatik jendeak ez du hezkuntza afektibo-sexuala eskolan sartu nahi, zuzendariei beldurra ematen dielako; izan ere, bat-batean gure eskolan abusu asko dagoela ematen du, azterlanetan agertzen diren zifrak handitzen ari dira, eta ez gehiago dagoelako, hobeto egiten ari garelako baizik.

Hona hemen Pepa Hornok erabili zuen aurkezpena.

Jardunaldian egon bazinen, eta oraindik baloratu ez baduzu, eskertuko genizuke baloratzea, hurrengoan hobeto egiteko. Balorazio inkesta.

Pepa Hornoren hitzaldi osoan, hemen duzu:

Eta hone hemen Family Lab Heziketa afektibo-sexualaren tailerren laburpena:

“En realidad no existe ese momento-charla sobre sexualidad”

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×