Umeek haur-psikologo bati irakatsi ziotena

Haurrek tolerantzia handia izan behar dute helduekin. Antoine de Saint-Exupery.

Zaila egiten zait hazkuntzari eta haren desorekei buruzko mezu argia paperera ekartzea.  Gogoan dut ez dudala itxaropen faltsurik sortu behar eta, are gutxiago, erru-sentimendurik. Ahal duguna egiten dugu aitatasunarekin/amatasunarekin (eta hor neu sartzen naiz lehena neure malabarismo eta neurosiarekin). Edozelan ere, ihes egizue mesiasetatik eta iluminatu edo argieginetatik.

Helarazi beharreko oinarrizko ideia (eta lortzeko oso-oso konplexua) da ez duela balio edozein hazkuntza-motak: zaintzaren elementu nagusiak eta ezinbestekoak denboraz kanpokoak eta kulturaz gaindikoak dira. Gura ala ez, gurasook gara adingabeen ongizatearen eta etorkizunaren arduradun nagusiak (baina ez bakarrak). Hala ere, ez dut berba egingo tratu txarrezko jokabide agerikoez (zigor fisikoaz, sexu-abusuaz, etab.), baizik eta sotil eta pozoitsuak direnez, horiek garaiko izpirituarekin (zeitgeist) dutelarik zerikusia.

Psikoterapiaren testuinguruan, adingabeek erakutsi zidatena da garesti ordaintzen dutela (osasun mentalari dagokionez) azken hamarkadetako gizarte- eta familia-aldaketen ondorioak (oso laburtuta: adingabeen bakardadea eta gurasoen gaitasun emozional murriztua). Adin txikikoak dira garamatzan ibai honetan ahaztutako handiak, non ongizate materiala ongizate emozionalarekin nahastu dugun. Iraultzailea eta gizatiarra hor egotea da, begietara so egiteko.

Bart dokumental bat ikusi nuen Australiako kasuario (casuarius) izeneko hegazti bati buruz. Bere kumeak zelan zaintzen zituen erakusten zuen, eta barruan daramagun animaliaz erabat “ahaztu” garela pentsatu nuen. Hegazti horrek automatismotik jarduten zuen, eta emaitzak zentzuz eta arrazoiz betea zirudien: presentzia, gainbegiratzea, mugak, eredu izatea eta trebatzea, … kumeak beren kabuz moldatu arte. Diferentziak alde batera utzita, hazkuntza-modu eraginkor bat zen, aspaldi-aspalditik datorrena eta inprobisazio barregarririk onartzen ez duena (kasuarioak ez zuen ugazabarik, “Gaur bi ordu beranduago aterako zara” bururatuko zitzaionik). Gu, gurasook, aldatzera, inprobisatzera, moldatzera edo gaixotzera bultzatzen gaitu inguruneak. Testuinguruak gure seme-alaben beharrizanetatik aldentzen gaitu.

Gauza jakina bada ere, haurren garapenak (jaioberrien zaurgarritasunetik) denbora-pila handia eskatzen du, modu berezian kudeatu beharrekoa. Mundura ekartzen dugun programazio psikogenetikoak ezin du ulertu (eta ez du ulertu behar) ama edo aita egunero 8 orduz edo gehiagoz kanpoan egotea. Natura ez dator bat eskolaz kanpoko jarduera amaigabeekin (egun luze bat igaro ostean prestakuntza-denbora eta gurasoen absentzia-orduak bat etorrarazten diren leku horretan). Naturak ez du ulertzen gehiago (eta aire zabalean) ez jolastea, etorkizunean ezinbestekoak diren trebetasunak (sozializazioa, enpatia, psikomotrizitatea, …) sortzeko eta indartzeko. Gure haurren beharrizanek ez dute onesten hiperpresente dagoen kanguru bat, bihotzak eskatzen diguna aitarekin/amarekin egotea baita (maitatuak, familiako kide, babestuak, … sentitzea).

Egin dezagun tarteki bat. Ez dira gutxi izango mundu ez oso errealista batean bizi naizela leporatuko didatenak (“Beharrera joan behar dugu! Zer pentsatzen ote du horrek?”). Edo Erdi Aroan bizi naizela, agian anarkiara bultzatzen dudala, idealismo zaharkitu batek kontsumitzen nauela edo zuzenean babo hutsa naizela. Unetxo bat: arrazoi duzue. Gurasook ere biktimak gara.Badira lan-baldintza gaitzesgarriak. Edo familia-testuinguru konplexu eta heredatuak, umeak era osasungarrian hazi eta hezteko kaka zaharra (zergatik ez erabili adierazitako berba?) baino egoera okerragoan murgilduko gaituztenak. Testuinguru sozioekonomiko-afektibo-pertsonalak maniobra-tarte txikiarekin utz gaitzake (eta tratu txar emaile izan), baina tarte hori nekez izango da hutsaren hurrengoa. Badakigu horrek arrisku-faktoreak sortzen dituela haurrentzat, eta hor politika sozioekonomikoak, prebentzioa eta psikohezkuntza bihurtzen dira ume eta gazteen psikoterapiarik onena (hori gure gaurko asmoa gainditzen duen beste gai bat da).

Sen edo instintutik, begiradatik, larruazaletik, geure baitan egotetik, geldo eta itxurazko asmo bako denboratik urrundu gaituzte/gara. Eta hori gertatzen denean, bizimoduak familiaren eta norbanakoaren esperotako garapena zauritzen duenean, adingabea gaixotu egiten da eta sufritu egiten du.

Orain, hezkuntzari/hazkuntzari buruz eztabaida-gai batzuk plazaratuko ditut. Hiru taldetan banatuta daude, modu generiko eta erradikalean. Gogoan izan akuilatzea baino ez dudala gura. Hau ez da pertsonala!

a)a)     Txarto deituriko haurren eta gazteen nahasmenduei buruzko gogoetak.

Ez dago umerik: familiak daude. Adingabeak ez dira txanpinoiak zelai baten erdian.  Haurraren arazoak familiako disfuntzioek eragiten/areagotzen dituzte (salbuespenak badaude —izaerak, gaixotasunak—, baina ez begizkorik!).

Umeek sufritzen dutenean, gorputzaren, portaeren eta emozioen bidez komunikatzen dira.Ez bilatu berbak txikerrengan. Mina trebetasunen galeran, geldialdian, kasketaldietan, ikasteko zailtasunetan, txarto lo egitean, desobeditzean, … islatzen da. Ez da tarot igarle izan behar beraien ondoeza eta horren zergatiak asmatzeko.

Eskandalu handia da, eta praxi txar izugarria, familia-dinamika disfuntzionalak ia kontuan hartu barik adingabeak artatzen dituzten profesionalak egotea. Ezin dira (oro har) umeak tratatu, esku-hartzearen pisua gurasoek hartu barik. Haur-psikoterapia helduentzat da.  Bestela, oineko zauri batean pomada eman eta, harria kendu barik, oinetakoa berriz janztea bezala da. Jendea espetxeratu dute gutxiagogatik.

b)a)     Gurasotasunari buruzko gogoetak

Semea edo alaba ez da inoiz jabegotzat hartu behar, ezta bikotekidearen aurkako arma gisa erabili ere. Ikusi ahal izan ditudan sufrimendu-dosi handienak botere-borroka horren (banaketa gatazkatsuen) ondorio izan dira. Eta biek uste dute umearen ongiaren alde dabiltzala!

Hazkuntza zeregin kolektiboa izan da gizadiaren hastapenetatik. Itzul zaitezte harremanetara, komunitatera, iritziak trukatzera, laguntza eskatzera eta lankidetzan aritzera. Iragazkortu ezazue familia:  sar daitezela nonahitik zentzutasuna, denbora eta maitasun-loturak.

Guraso legez axolagabeak bagara, bila dezagun geure haurtzaroan bertan gaitzak ulertzeko bidea. Hala ere, inoiz ez da baztertu behar ondare pozoitu hori ezabatzeko irrika. Edo askoz ere modu erradikalagoan esanda: aita edo ama izatea erabaki aurretik, norberak bere burua barrutik ikusi beharko luke, bere burua saneatu edo onbideratu, hausnartu, eta eginkizunik handiena zelan egin daitekeen baloratu. Batzuek prestakuntza horretan ekipajea (maleta ertain bat) egiten baino denbora gutxiago ematen dute.

Gurasook osatzen ditugu pertsonaren, zaintzailearen eta familiaren oinarrizko ereduak. Ez du ezertarako balio predikatzeak, gure etsenplu edo jarraibidearekin ez bada. Haxixa erretzen dugun bitartean drogei buruz ohartaraztea, alabaren autonomia emozionala sustatzea bikote-harreman toxikoa dugunean, edo beraiekin gutxi gaudenean zenbat maite ditugun xuxurlatzeak erotu egiten du umerik zentzudunena ere (eta bonba guztiak jasateko gai jaiotzen dira, e!).

Adingabearekin modu aktiboan egotea: gainbegiratzea eta ondorioak beharrezkoak dira. Haur eta nerabeek mugak irrikatzen dituzte (nahiz eta itxuraz horrek sumindu), horrela aitari eta/edo amari begira ikusgarri eta garrantzitsu sentitzen dira eta. Aitaren/amaren absentzia eta utzikeriaren (kontzientea izan ala ez) ondorio izaten dira autoestimu baxua, beti abandonaturik daudeneko sentimenduak edo inork maitatuko ez dituen ideia mortala (edozein bikote-harremanetarako kondenatuta geratzen direlarik).

C) a)     Egungo garaioi eta hazkuntzari buruzko gogoetak

Adingabeentzat oso kaltegarria den elementu bat gurasoen ezintasuna izaten da beren beharrizanak haurren premien mende jartzeko. Umeak hazi eta hezi gura badituzu, pasa zaitez bigarren mailara. Eskuordetu itzazu proiektuak seme-alabak hazten direnerako. Seme-alabek behar duten moduan jokatzea iradokitzen da, ez zuk behar duzun moduan. Hori ulertzen ez baduzu, zure plana ez bada, hobe duzu kaktus bat erostea (baratzezain ahazkorrenen etxean ere bizirik irauten dute).

Seme-alabak txikerrak izanik, bikoteko bi kideek (edo erreferentziako pertsonak) beste guztiaren gainetik beren garapen profesionala edo pertsonala bilatzea suarekin jolastea da. Umea izaten da galtzaile. Afektu-hutsunea, partekatu bako denbora, lotura- eta atxikimendu-anomaliak, … ez dira jostailu, opor eta jantzi dotoreen bidez konpentsatuko. Inoiz ez. Hori bai, maiatzeko zubiren batean seme-alabak dotore ibiliko ziren Parisko kaleetan barrena, euren hutsunea eta bakardadea arrastaka eramanez.

Familian bidaia dezakete, baita Bora Bora-ra ere, lan, garapen profesional, nagikeria, inkontzientzia edo beste aitzakia batzuengatik izandako urtebeteko absentzia konpentsatzeko. Baina umeak gehien gogoratu eta baloratuko duena ez da berde eta urdinen paleta infinitu batean margoturiko itsasoa, baizik eta txokolatezko izozki bat, ukondoz ukondo, edozein plazatako harmailetan jan zutenekoa. Berriro banandu baino lehen elkarrekin egon zinetela gogoratuko du, eta denborarekin zuen absentziari ez dio garrantzirik ere emango. Adingabeek denbora pasa gura izaten dute gurasoekin, berdin dio Meñaka inguruan edo Acapulcon den (badira kalitatezko denborak kantitaterik eza konpentsatzen duela pentsatzen dutenak ere). Inoiz ezingo dute, nahiz eta oso aberatsak izan, galdutako denbora partekatua erosi, ezta itzuli ere iragana konpontzera DeLorean sinesgaitz batean.

Bittor Arnaiz Adrián. Psikologoa.

Bilboko Udalaren esku-hartze psikosozialeko programa. Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatiba.

Menu

BBK Family Learning

×