Jakin gura duzu zelan ikusten gaituzten gure seme-alabek?

“Haserretuta, alai, atsekabetuta, triste, kezkatuta, izututa, poz-pozik, lanpetuta, estresatuta, urduri, dena, erreferente, zoriontsu, larderiatsu, buruzagi, harroputz, lar babesle…”.

Horiek dira joan den martxoaren 24ko Haurren Kontseiluan neska-mutikoek eman zituzten erantzunetako batzuk.

BBK Familyn hiru iparrorratz ditugu gure bidea markatzen dutenak: hezkuntzaren eta psikologiaren esparruko profesional-talde bat, gurasoek osatutako beste talde bat, eta 4 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen talde bat, horiek ere zer norabidetan jarraitu orientatzen gaituztenak.

Hiru talde horiekin urtean bitan elkartzen gara, gutxi gorabehera 2 orduko saioetan, eta martxoan Haurren Kontseiluarekin egin genuen bileran oso informazio baliotsuak eman zizkiguten.

Atera ahal izan genuen ondorio nagusietako bat da haurrek ez dutela beharrizan handirik ikusten beren gurasoek gauza handiak ikasi behar izateko aita-amak izate aldera; horrela esan ziguten beren berbetan:

  • Uste dut ez dutela eskolarik behar
  • Nik ez dut uste eskola bat behar dutenik, ez dudalako alda daitezen gura
  • Gutxi gorabehera ondo egiten dute, eskola-errefortzu bat, eskolaz kanpoko ekintza bat bezala
  • Ondo dago, apur bat hobetu baino ez dute egin behar
  • Ondo egiten dute, baina pixka bat hobetu
  • Oinetakoen lokarriak hobeto lotu diezazkiguten
  • Ez du EZER ikasi behar

Badirudi, zenbait alderditan hobetu ahal izateko, eskolaz kanpoko ekintzaren bat baloratzen zutela umeek. Baina asko dugu ospatzeko guraso garen aldetik; izan ere, badirudi hobetzeko eta hezkuntza-joera berriekin egunean egoteko gure eskakizuna handiagoa dela gure seme-alabek gutaz duten pertzepzioa baino. Aditu handi horien arabera, beren familian gehien estimatzen duten gauzetako bat familian denbora pasatzea da.

Baina hori ez da beti erraza arretaren ekonomiaren garai hauetan, non input ezberdinak, adibidez Netflix, HBO edo beste edozein plataforma, sare sozialak eta abar, gure arreta mantentzeko borrokatzen diren. Horregatik, garrantzitsua da pantailetatik alde egiten ahalegintzea, gure seme-alabekin elkarrizketak izateko edo jolas egiteko eta modu kontzientean egoteko.

Edozelan ere, eurentzat erreferente izaten jarraitzen dugu, eta esan bezala, gu, emakumeok, gara –izan ere, oro har, BBK Familyren tailer eta hitzaldietan parte hartzen dutenen % 90 emakumeak dira– geure burua hobetu gura dugunak, hazkuntza kontzienteagoa eta hobea egiteko trebetasun eta baliabide gehiago eskuratu nahi ditugunak.

Larregizko babesa

Gehiegizko babesaz ere berba egin behar dugu, batzuetan seme-alabekin ez egotetik larregi babestera pasatzen gara-eta. Eta hori beraiek esan ziguten.

Asko berba egin da azken bolada honetan larregizko babesaz, eta argi dago mesede eskasa egiten diegula gure seme-alabei mundura irteten, huts egiten, esperimentatzen, entsegu-errorea praktikatzen uzten ez badiegu. Gehiegi babesteak haien ikaskuntza mugatzen du, eta, aldi berean, autoestimua gutxitzen die, beldurra eta segurtasunik eza garatzen dituzte eta porrotarekiko ezinegona eta intolerantzia agertzen dira, Aritz Anasagasti Lotura Emozional Kontzientean adituak dioen legez.

Zer gustatzen zaizu zure familiatik?

Haurren Kontseiluan jorratutakora itzuliz, beste itaun edo galdera bat egin genien: ea zer gustatzen zitzaien beren familiatik, eta oso modu desberdinetan erantzun zuten, nahiz eta ia guztien erantzunetan zegoen jarduera bat familian egitea. “Ipuin bat konta diezadatela, txangoak egitea, askariak egitea, telebista ikustea, futbolean ibiltzea, igerilekura edo hondartzara joatea, kili-kili egitea, eskulanak egitea, barre eginaraztea, jolastea, afaltzea, jatea…”.

Eta, azkenik, galdera batzuk egin genizkien 1etik 10era puntuatzeko, puntuaziorik baxuena 1 izanik (nahiz eta baten batek nahiago izan taulatik ateratzea), erantzutera beharturik ez bazeuden ere:

Zenbat gustatzen zait aitarekin eta amarekin jolastea?  10, 8, 9

Zenbat gustatzen zaizue gauean gurasoek musu ematea oheratzen zaretenean? 6, 5, 10, 2…

Zenbat gustatzen zaizue zerbait gertatzen zaizuenean gurasoek zuei entzutea?  100, 8,9, 10, 0

Zenbat gustatzen zaizue errieta egitea zerbait ondo egin ez duzuenean?  0, 1, 2, edo -5….

Batzuetan gurasoek ez dakite zer egin. Zer egin dezakete guri errieta egin beharrean?  Hitz egin, berba egin…

Zenbat gustatzen zaizue ohea egiteko, arropa zikina jasotzeko… esatea? Gutxi…

Gurasoei, aita-ama gisa, nota bat jarri behar badiezue?  10, 10, 10, 8, 8, 8, 11, 8

Zer egin beharko lukete puntu bat hobetzeko?  Izozki gehiago eman, ez lotsarazi ni, bakean utzi ni, gehiago entzun, hain kuxkuxeroa ez izan, astunak ez izan, ondo portatu, gauzak ez kendu.

Hori da ume eta nerabeek esaten digutena. Eta zuk, zelan egon gura duzu beraiekin, nola lagundu nahi diezu?

BBK Family

 

 

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×