Suediak eskola-digitalizazioa geldiarazi du; gauza bera egin beharko genuke?

Suediako Gobernuak testuliburuak berreskuratu ditu, ikastetxeetan digitalizatzeko plana geldiarazi ostean. Zergatik? Herrialde horretako ikasleen irakurmena jaitsi egin delako.

Zoritxarrez, gaur egun zerrendak, rankingak… egiten dira etengabe. Mundu guztiak goi-goian egon nahi du eta lehia gupidagabea da. Hala ere, kasu honetan, zenbakietatik haratago begiratuz gero, gure seme-alaben heziketa da jokoan dagoena.

Suedian alarma guztiak piztu dituen txostena Irakurmenaren Aurrerapenari buruzko Nazioarteko Azterlana (Progress in International Reading Literacy Study, PIRLS) izan da. Hezkuntza Lorpena Ebaluatzeko Nazioarteko Elkarteak (AIE) txosten bat egiten du Lehen Hezkuntzako 4. mailako 400.000 ikasle ingururen ─hau da, mundu osoko 57 herrialdetako ikastetxeetako bederatzi eta hamar urte bitarteko haurren─ irakurmena eta ikaskuntza-mailako joerak ebaluatzeko.

Zertan datza Irakurmenaren Aurrerapenari buruzko Nazioarteko Azterlana (PIRLS)?

Bost urtean behin egiten da, eta proba kognitibo bat burutzen da. Bertan, ikasleek literatura- eta informazio-testuak ulertzeko dituzten gaitasunak ebaluatzen dira, bai eta testuinguru-galdetegi bat ere, parte hartzen duen herrialde bakoitzeko haurren familia- eta eskola-egoera ezagutzeko. Era berean, azken txostena egiteko, kontuan hartu dira ikasleak interneten informazioa aurkitzeko eta identifikatzeko dituen gaitasunak, bai eta eskoletan digitalizazioa ere.

Eta horrelako txostenetan gertatzen den bezala, puntuazioarekin eskala bat egiten da, non ikusten den zein herrialde dagoen hobeto eta zein dagoen okerrago. Konparazioa EBko eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) herrialdeen artean egin da.

Emaitza izan da Irlanda dagoela buruan, bertako ikasleek irakurtzeko gaitasun edo irakurmen hobea dutelako. Zehazki, 577 puntu lortu dituzte eta maila altua. Suedia bederatzigarren postuan dago 544 punturekin tarteko maila batean; 11 puntu jaitsi da aurreko txostenarekin alderatuta. Espainia hogeita hirugarren postuan dago, 521 punturekin eta baita ere tarteko maila batean. Eta erkidegoen artean, Asturiasek 550eko puntuazioa du, Estatuko batez bestekoa gaindituz. 2016an, Euskadi oso gaizki geratu zen txosten honetan, zerrendako azken postuetan, eta, beraz, 2021eko edizio honetan ez parte hartzea erabaki zuen.

Eta gelditu eta gogoeta egiten badugu zertan hobetu dezakegun ikusteko?

Argi dago ez dela ona bero-beroan jardutea, baina kontua da urteak daramatzagula eskoletan digitalizazioarekin bueltaka. Eta PISA txostenak ere ohartarazten du, edizioz edizio, irakurmena huts egiten ari dela, eta hori oinarrizkoa da gero irakasgai bakoitzean dagoen gai-zerrenda ikasi ahal izateko.

Frogatuta dago pantailek ez dutela irakurketa errazten, are gehiago, oztopatu egiten dutela. Ez gara gai bertan testu luzeak irakurtzeko, eta ez dute kontzentrazioa edo gogoa biltzea ere laguntzen. Pablo Garaizar Informatika Ingeniaritzan doktore eta Psikologian lizentziadunak dioen bezala, garrantzitsua da teknologiak erabiltzea balioa ematen dutenean, ez bai ala bai.

Francesco Tonucci pedagogoak ere ohartarazi zuen pandemia garaian: “Ez ditzagun idazmahaien ordez pantailak jarri”. Horretaz hausnartzeko, Garaizarrek idatzitako artikulu hau aipatu nahi nuke: Una adecuada alfabetización digital implica conocer cuándo prescindir de la tecnología (Alfabetatze digital egokiak teknologia noiz alde batera utzi jakitea eskatzen du). Bertan azaltzen du ez dela hobeto ikasten IKTekin, eta ebidentziak daudela erakusten dutenak garrantzitsua dela eskuz idaztea, marrazketa edo paperean irakurtzea lantzea; izan ere, horiek alde batera uzten baditugu, “funtzio betearazleen garapenarekin lotura handia duten jarduerak kentzen dizkiegu”.

Halaber, Garaizarrek PISA 2018 proben emaitzak aztertu ditu, eta ondorioztatu zuen “erabilitako gailu-motak nabarmen aldatzen duela ikaskuntzaren emaitza: Interneterako sarbidea duten proiektagailuak eta ordenagailuak ikasgelan erabiltzea goragoko ikasmaila baten pareko hobekuntzekin korrelazioan jartzen den bitartean, ikasgelan ordenagailu eramangarriak eta tabletak erabiltzen dituztenek emaitza txarragoak lortzen dituzte erabiltzen ez dituztenek baino. Tableten erabilera bereziki problematikoa da; izan ere, tabletak erabiltzen dituztenek urte-erdi akademikorainoko atzerapena erakusten dute irakasgai guztietan, erabiltzen ez dituztenekin alderatuta”.

Atentzioa ematen duen beste alderdi bat da matematikan emaitza hobeak lortzen direla teknologia ezertarako erabiltzen ez denean. Hala ere, Garaizarrek ez du teknologia ezabatzearen alde egiten, baina ohartarazten digu zuhurrak izan behar dugula enpresa teknologikoetatik iristen zaizkigun promesak, “beren produktuen eta zerbitzuen onura pedagogikoei buruz” hezkuntza-komunitateari egiten dizkieten promesak, jasotzerakoan.

Waldorf-ek eta Montessorik ez dute teknologia erabiltzen

Gogora dezagun Waldorf eta Montessori metodoa erabiltzen duten eskolek ez dutela teknologiarik erabiltzen, eta horrelakoetara joaten direla Silicon Valleyko eliteen seme-alabak. Aurreko artikuluetan ere aipatu izan dugu hori. Gaur egun, erratza erabiltzea bezain erraza da teknologia erabiltzea, oso intuitiboa baita. Erabilera kritikoa egitea edo pentsamendu kritikoa izatea da zailena.

Hala ere, teknologia oro ezabatzea eta aurrerapena ezabatzea gauza bera izango litzateke. Gakoa ondo erabiltzea da, zentzuz. Kasu askotan, hainbeste desiratutako digitalizazioa Google Classroom erabiltzea bilakatu da, lanak hodeira igotzea, irakasleek zuzentzea eta ikasleek berriro jasotzea.

Ikastetxe gutxik, eta are gutxiago publikoek, dute plan integral bat hezkuntza kritikoa lantzeko, “fake news” delakoak bereizteko, gure datuak nora joaten diren ezagutzeko… Kontuan izan behar dugu adingabeak direla, eta ez dutela gaitasunik zer tresna erabili behar duten erabakitzeko, helduok baikara beraien izenean erabakitzen dugunok. Nire kasuan, nire alabak eskola publikoan ikasten du, han Google Classroom erabiltzen dute eta berarentzat Internet Google da.

Digitalizazioaren benetako erronkaren bila

Horri dagokionez, Xabier Bonal Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologia-irakasleak hezkuntzaren etorkizunari buruzko gogoeta eginarazi digu, eta garrantzitsuena zer den gogorarazi digu: “Euskarri digital handia izango duen arren, ez duela inoiz aurrez aurrekoa galdu beharko. Batzuetan azpiegitura eta ekipamendua helburu bihurtzen ditugu. Digitalizazioa bitarteko bat da, helburua da ikasleek ikastea eta sozializatzea. Helburu horiek lortzeko digitalizazioaren erabilera egokia nola egin, hori izango da gure eginbehar handietako bat etorkizun hurbilean”.

Egia da lasterka bizian goazela digitalizazioarekin, oraindik ez dugunean aurkitu sistemarik onena ikasleak ahalik eta modurik osoen eta egokienean prestatu ahal izateko horretarako. Gobernu bakoitzak lege berri bat ezartzen dio hezkuntzari, eta badirudi orain teknologiak berrikuntza dakarrela per se, baina hori euskarri bat besterik ez da. Era berean, oraingo eta etorkizuneko beste helburuetako bat da ikasleek teknologia horien erabilera kritikoa egiten jakitea, egiazkoa eta faltsua bereizten jakitea, zer erabili gura duten erabakitzeko aukera izatea eta erabiltzen dutena segurua dela ondo jakitea. Ikuspegi filosofikoagoa, etikoagoa behar dugu zer nahi dugun jakiteko, nora goazen jakiteko. Pandemia amaitu den honetan, hezkuntza arloan, zer dugu? Google Classroom-en edo Microsoft-en oinarritutako hezkuntza? Hori izango da mundu mailako hondamendi honetatik aterako dugun guztia? Horrela eboluzionatu nahi dugu gizarte gisa? Teknologia handiei are handiagoak izaten utzita? Beraien mende egon gura dugu? Gure datu guztiak AEBetako zerbitzarietara joatea nahi dugu?

Ez gaitezen izan digitalizaziotik kanpo geratuko ote diren beldur

Nora Salbotx-ek, Amaiurko (Nafarroa) eskola integral bateko irakasleak, 2020ko irailean El Salto Diario egunkariari azaldu zion bezala, “uste dut ezin dela jarrera neoluditoa izan teknologien aurrean, izan ditzaketen alde txar guztiak gorabehera. Akatsa ez da hezkuntzan txertatzea, baizik eta ikaskuntzan eragina duten gainerako elementuak ordezkatu eta konpentsatu ditzaketela pentsatzea. Beraz, ikaslea ordenagailu hori erabiltzeko formalki gaituta egon arren, ez da nahikoa izango gainerako guztiak huts egiten badu: etxeko egoerak, motibazioak, ikaskideek, …”.

Izan ere, politikaren alorretik beldur handia dago ─edo, behintzat, hori transmititzen digute─ haurrak alfabetatze digitaletik kanpo geratzeko, nahiz eta, gaur egun teknologia hain intuitiboa denez, bi urteko haurtxo batek ere badakien erabiltzen. Beraz, tresna bat aukeratzerakoan, geure buruari galdetu behar diogu ea hautatutako aukera onena ote den jakintzagaia menderatzea, ezaupide pedagogikoak eta aukera teknologikoak elkartzeko.

Beraz, begira diezaiogun Suediari eta pentsa dezagun: Zer gura dugu? Eta behin helburua jakinda, erabaki dezagun teknologia sartu ala ez.

Andrea Alfaro. BBK Family

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

BBK Family Learning

×