Semea edo alaba aitarekin edo amarekin joaten denean oporrak ondo eramateko eta itzultzeko gakoak

Udako oporraldia izaten da, Gabonekin batera, familia osoak gehien espero duen urteko sasoi edo denboraldia. Itxaropen nahiko handiak jartzen ditugu gertatuko denaz, nola gertatuko den eta nola gozatuko dugun, … eta itxaropen horiek, batzuetan, ez daude errealitatera egokituta behar bezala.

Eta gure itxaropen edo espektatibak betetzen ez direnean frustrazioa iristen da, eta bat-batean gozatzeko genuen gogo hori desagertu egiten da, eta hainbeste ilusioz eraikitako plan horiek ez dizute gogoa batere asebetetzen.

Frustrazio horrek suminkorrago egotera eroaten gaitu, gatazka gehiago egotera eta zuen familiarentzat nahi duzuen errespetuzko hezkuntza ezin gauzatzera.

Gainera, familia estekatua edo berrosatua bazarete, baliteke pentsatzea lasai esango diozula agur zure txikiari, eta egun horietaz gozatuko duzula bera gabe ere. Eta litekeena da, imajinatu gabe eta horrela prestatu barik, bat-batean haren falta izugarri sentitzen duzun egoeran aurkitzea, espero baino gehiago.

Ondoez hori, identifikatu ezean, zure bikotekidearekin komunikatzen zaren moduan, edo zuk eta zure beste haurrek elkarri eragiten diozuen moduan ager daiteke; horregatik, une batez zelan zauden pentsatzeko gelditzera eta hobeto sentitzeko behar duzun zerbait ba ote dagoen pentsatzera animatzen zaitut, eta hori eskatu edo bilatzera.

Oporrek, familian askoz denbora gehiago ematen denez, berez ekartzen dituzte gatazkak; beraz, ez zaitez zu behintzat hasi.

Zuen zaintza esklusiboa bada, baliteke haurrarengandik bereizteko une hori gehiago kostatzea 15 egunetan, hori baita beste gurasoak oporrak hartzeko izaten duen ohiko denboraldia. Zein arraroa den udan jende-kopuru bat izatea, eta tarteka beste bat!

“Gogo handia dut zu ikusteko eta egiten ari zaren guztia entzuteko”

Deitu zure txikiari sarri-sarri, ez da beharrezkoa egunero izatea ere, eta dei horietan galdetu nola pasatzen ari den, eta poztu kontatzen dizunagatik. Gaizki pasatzen ari bazara haren falta sentitzen duzulako, honelako esaldiak erabil ditzakezu: “Gogo handia dut zu ikusteko eta egiten ari zaren guztia entzuteko”, baina zuzenean haren falta sentitzen duzula esateak kezka sor diezaioke zure haurrari, edo zure ondoezaren edo tristuraren erantzule senti daiteke bera.

Gure egoeran dauden familia batzuekin landu ohi dudan beste kezka bat beren txikien bizitzaren zati bat galtzen ari diren irudipena izaten da; gainera, oporretan bereziki zaila da, gozatzeko eta dibertitzeko unea baita hori.

Gogoan dut duela pare bat urteko uda. Nire senarrak proposatu zidan kanpin batera joatea gure beste bi umeekin, etxeko zaharrena bere aitarekin zegoenean hala zegokion garaian.  Erokeria iruditu zitzaidan: “Nola joango gara kanpinera bera gabe!”. Senarrak gogoeta eragin zidan horretaz. Mundua ez da geldi geratzen zure txikia bere aitarekin edo amarekin joaten denean, eta etxean geratzen garenok ere oporrak hartzeko eskubidea dugu. Lagundu zidan pentsatzeak txikia ere ondo pasatzen ari zela bere aitarekin, lehengusuekin, amamarekin, herrian… eta horrek aukera eman zidan bera gabe egun haietaz gozatzeko. Eta, batez ere, nire beste umeei beren unea emateko eta haiekin gozatu ahal izateko.

Eta horrek eragiten zidan errua atzean uztea lortu nuen, eta egun batzuetarako kide bat falta zitzaion familia batez gozatzea.

Zuen kasuan, bikoteko bi kideok aurreko harremanetatik umeak badituzue, eta guztiak aldi berean joaten badira, ikasturtean hainbeste falta zaigun eta eguneroko martxaren eta errutinaren erruz ahazten dugun bikote-denbora horretaz gozatzera animatzen zaituztet.  Baliteke errua zuek bisitatzera etortzea; kasu horretan, aurreko paragrafoan esaten nizun bezala, gogoratu zuen bikote-denboraz ere gozatzeko eskubidea duzula.

Etxera itzultzea zaila izaten da

Etxera itzultzea zaila izaten da. Pare bat egun ematen dituzte portaera arraroekin, arreta deituz edo botere-borrokarekin, eta nekagarriak izaten dira. Arau batzuk dituen etxe batean egotetik eta han familia bateko kide sentitzetik beste batera pasatzen da, non dena desberdina den, eta ez da beti erraza izaten. Emaiozu denbora eta, batez ere, munduko maitasun eta ulerkuntza guztia.

Oporraldi honetarako, hona hemen ideia batzuk kontuan izateko:

  • Lehentasuna: utziozu lehenengo berak konta ditzan zure etxetik kanpo izandako bizipenak, zu adi egon, arretaz entzun, jakin-minezko galderak egin eta elkarrekin poztu hain ondo pasa duelako. Izango duzu denborarik beste uneren batean zuk kontatzeko bera kanpoan izan den bitartean gertatu den guztia.
  • Naturaltasuna: baliteke kanpoan zen bitartean planak egin izana ez gustatzea berari, eta, bestalde, hark ere ulertu behar du mundua ez dela geldi geratzen. Ziur nago zuri ere gertatu zaizula, bi lekutan aldi berean egotea gustatuko zitzaizula, baina ez da posible.
  • Argitasuna: azaldu zer egin duzuen, errurik gabe eta molesta dezakeen ezer ezkutatzen saiatu barik. Badakizu frustrazioa emozio naturala dela, eta bere kudeaketa landu eta etsipenaren muskulua indartu egin behar dela, gero hori ulertu eta onartzeko.
  • Pazientzia: oso azeleratuta badator eta bere haserrea zure aurka ateratzen badu, ez ezazu zerbait pertsonaltzat hartu, emaiozu denbora zure etxeko erregela eta arauetara eta ezberdina izan daitekeen egoerara berriro ohitzeko; gure kasuan, bakarrik egotetik eta protagonista izatetik arreta hori bere neba-arreba txikiekin partekatzera dator.
  • Lana: beti bezala, lana gurea da, errurik eta damurik gabe, bera gabe oporrak hartu ahal izateko; eta, bestalde, gure ardura da beste etxe batetik eta beste egoera batetik itzultzean dakarren emozio-multzo horrentzako babesleku izatea.

Konpainian eta bakoitza bere aldetik gozatzekoa izan dadila uda hau, eta gogora ezazu bera ere gozatzen ari den leku batean dagoela, eta saia zaitez une bereziak metatzen gero berari kontatu ahal izateko.

Sandra Martín. Familien Hezitzailea Diziplina Positiboan

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×