Nola prebenitu haur eta gazteen depresioa

Normalean, depresioan pentsatzen dugunean, batez ere helduei eragiten dien gaixotasun mentalarekin lotzen dugu. Zelan egongo dira, bada, depresioa duten haur edo nerabeak? Baina errore handia da prebalentziari, hau da, eragindako kasuen kopuruari, erreparatzen badiogu. Haurren % 2k pairatzen du, baina nerabeen artean % 5era igotzen da. Eta are kezkagarriagoa dena, erdia baino gutxiago artatuko dira behar bezala, hau da, askotan ez da detektatu ere egiten. Esan behar da sintomak zertxobait aldatzen direla helduekin alderatuta, eta puntu hori azaltzen saiatuko gara artikuluan.

Beraz, funtsezkoa da gurasoek eta tutoreek ezagutzea depresioa, detektatu ahal izateko eta haurrei eta nerabeei laguntza egokia eskaintzeko.

Depresioa, beraz, haurrei zein nerabeei era nabarmenean eragiten dien gaixotasuna da. Gaixotasunaren sintomak kaltea eragiteko bezain desatseginak eta baliogabetzaileak dira, ez bakarrik pairatzen den bitartean, beste gaixotasun batzuk ere izan baititzake lotuta, hala nola anorexia edo toxikoen kontsumoa, baita bizitzan zehar ere. Gainera, kontuan izan behar da horrelako kasuen aurrean hor ezkutuan suizidiorako dagoen arriskua.

Gaur egun, suizidioa nerabeen heriotza-kausa nagusietako bat da, eta joera gero eta handiagoa da saiakerak, ideiagintza suizidak eta jokabide autolesiboa kontuan hartzen baditugu. Depresioa arrisku-faktoreetako bat da.

Haur eta nerabeen depresioaren sintomak

 Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da depresioa eta tristura bereiztea. Tristura emozio egokitzailea da, adingabeei egoera desatsegin batetik irteteko balio diena, eta beti aldi laburretan. Depresioa, ordea, gogo-aldartearen oso alterazio larria izango litzateke, tristura baino luzeagoa, eta honako azalpen-taula honetan xeheki ikusiko ditugun beste sintoma batzuek ezaugarritzen dute adinaren arabera:

  • 7 urtez beherakoak. Sintoma ohikoena antsietatea da, eta agertzen dira suminkortasuna, kasketaldiak, arrazoirik gabeko negarra, kexa somatikoak (buruko mina edo sabeleko mina, esaterako), gehiegizko nekea edo jolasarekiko interesa galtzea. Fobiak ere izan ditzake lotuta, hala nola eskolara joan nahi ez izatea, edo enkopresia edo enuresia (esfinterren kontrolik eza).
  • 7 urtetik nerabezaroa hasi arte 3 eremutan izango lituzkete sintomak: a) Emozio- eta jokabide-eremua. Suminkortasuna, agresibitatea, asaldura, astenia, apatia, tristura, asperdura, erruduntasuna eta heriotza-ideiak. b) Eremu kognitiboa eta eskolakoa. Autoestimu txikia, kontzentraziorik eza, eskola-errendimendua gutxitzea, eskola-fobia, jokabide-nahasmendua eskolan eta berdinkide edo gisakoen arteko harremanetan zailtasunak. c) Eremu somatikoa. Zefaleak, sabeleko mina, esfinterrak kontrolatzeko nahasmendua, loaren nahasmendua (insomnioa edo hipersomnia) eta pisu txikia.
  • Kolektibo honetan ezaugarri nagusiak izaten dira interes-galera (apatia) eta plazera sentitzeko ezintasuna (anhedonia). Gainera, jokabide negatibistak eta disozialak izan ditzakete, alkohol eta substantzia gehiegi kontsumitu, suminkortasun handiegia, ezinegona, etengabeko umore txarra, oldarkortasuna, etxean edo kanpoan ebasketak, ihes egiteko nahia edo saiakerak, bakartzea, norberaren garbitasunari muzin egitea, tristura eta suizidio-pentsamenduak.

Beraz, haur edo nerabe batek suminkortasun handiegia badu, besteak beste, erne jarri behar gaitu.  Helduengan desberdina da, hutsune emozionala izaten du ezaugarri, eta batzuetan tristurarekin nahasten da hori. Logikoa da pentsatzea zergatik gertatzen zaien hori adingabeei, ez baitute helduek adina emozio-kontrolik eta suminkortasunera bideratzen baitute.

Depresioa prebenitzea

 Kasu askotan, depresioa prebenitu egin daiteke. Prebentzioa da, noski, depresioari aurre egiteko metodorik onena. Hiru aholku hautatu ditugu, bestalde hezkuntza aldetik haur edo nerabearentzat oinarrizkoak direnak:

  • Autonomia sustatzea. Hezkuntzaren zutabeetako bat da haurrak ahalik eta gauza gehien bere kabuz egin ahal izatea, baliagarri eta gai senti dadin. Kasu askotan, haurren arazo psikologiko handienetako bat larregizko babesa izaten da. Asmorik onenarekin egoera askotatik babesten ditugu, eta badirudi lagundu egiten diegula, baina, aldiz, konfiantzarik eza eta ekintzak egiteko ezintasuna transmititzen ari gatzaizkie. Gehiegizko babesa da depresioaren arrisku-faktore handienetako bat.
  • Mugak ezartzea. Era berean, autonomia sustatzea bezain garrantzitsua da neska-mutikoei beren jokabideetan mugak jartzea. Mugez hitz egitea ez da zigorrez edo jarrera larderiatsu edo autoritarioez berba egitea, baizik eta haien jokabideen aurrean irmoak izatea eta, aldi berean, haientzat jarraitu beharreko eredu izatea. Zalantzaz betetako gurasoek, mugak markatzen ez dituztenek edo permisiboegiak direnek segurtasunik eza sorraraziko dute, eta, beraz, depresiorako arrisku-faktorea izan daiteke.
  • Hezkuntza emozionala. Hezkuntza emozionala babes-faktore garrantzitsua da. Txikitatik frustrazio, tristura, beldur eta funtsezko beste emozio batzuekiko tolerantzia irakatsi behar zaie. Ezagutzak ingurunearekin modu egokiagoan erlazionatzen irakatsiko die, bai eta beren burua ezagutzen ere, egoerei aurre egiteko, besteak beste, depresioari aurre egiteko, hala gertatuz gero.

Haur-depresioan laguntzeko aholkuak

 Lehenik eta behin, zalantza txikienaren aurrean, profesional bati galdetu behar zaio, esku-hartzea beharrezkoa den zerbaiten aurrean ote gauden jakiteko. Itxaroteak depresioa areagotzea eta kaltegarriagoa izatea eragin dezake. Edozelan ere, orokorrean ondo etor daitezkeen aholku batzuk emango ditugu:

  • Jokabide oldarkorrerako edo amorrurako, garrantzitsua izango da modu konstruktibo eta irmoan arbuiatzea. Emozioa baliozkotuz, baina emozioan sartu gabe. Horrek ulertuz joateko aukera emango dio.
  • Jateko gogoari edo loari begira, saiatu gustukoen dituen janariak prestatzen, aldi berean mahaian giro ona sortu, baita lotara joan aurretik ere. Inoiz ez behartu jatera edo lo egitera.
  • Interesa galtzea eta tristura. Prestatu egunero motibatzeko moduko jarduera bat, jolas bat, film bat, norabait bisita bat… Kontuan izan umearen iritzia eta aholkua erabakia hartzeko.
  • Antsietatea eta beldurrak. Sortu haurrak bere beldurrei buruz askatasunez berba egin ahal izateko elkarrizketa-gune bat, horiek baliozkotuz eta horietan sartzeko aukera emanez.
  • Kontzentratzeko zailtasunak. Sortu ingurune lasaia haurrak arreta jarri edo kontzentratu ahal izateko, eta bere hezitzaileekin hitz egizu, eta gertatzen ari zaiona azaldu, eskola-mailan aparteko laguntza jaso dezan.
  • Bere buruari buruzko ideia negatiboak, autoestimu txikia. Eska iezaiozu umeari konta dezala, ahal badu idatz dezala bere buruaz pentsatzen duena, ikuspuntu desberdinak adieraziz, eta ikusaraz iezaiozu bere buruaz zerbait pentsatzen duelako ez duela zertan egia izan eta bidera ezazu bere burua era positiboagoan ikustera.
  • Testuinguru-arazoak. Dibortzio baten, bulliying motako eskola-arazo baten edo eragiten dion beste zerbaiten mende baldin badago, eragin arazoan minimizatzen edo ezabatzen saiatuz, eta prozesu osoan adingabea kontuan hartuz.
  • Sortu lasaitasun-guneak, non haurrari edo nerabeari askatasunez adierazteko aukera emango zaion, bere emozio edo sentimenduengatik gaitzetsi gabe, eta horiek baliozkotuz.
  • Depresioak ez badu atzera egiten edo ideia suizidak ikusten baditugu, kontsultatu berehala profesional batekin, esku-hartze azkar bat irtenbide ona izan daiteke eta.

Jordi Martínez, psikologoa

*Estudio sobre Conducta Suicida y Salud Mental en la Infancia y la Adolescencia en España (2012-2022) Espainian Haurtzaroko eta Nerabezaroko Jokabide Suizidari eta Osasun Mentalari buruzko Azterlana (2012-2022)

Menu

BBK Family Learning

×