Gure seme-alabak adin batera iristen direnean, sexualitateaz berba egiteko premia edo beharrizan handia sortzen zaigu gurasooi. Une garrantzitsu bat hurbiltzen ari dela ikusten dugu eta prest egotea gura dugu, baina galdera da… Prestatuta al gaude gurasook? Zer eskatzen ari gara beraiei?
Batzuetan, egoera intimoak kontatzeko eskatzen diegu, gu geu ere gai ez garenean… masturbatzeko moduaz hitz egiteko, adibidez. Gainera, animatuko balira eta euren esperientziak kontatuko balizkigute, prest egongo ginateke ez epaitzeko?
Guraso-talde bati galdetu diogu zer helburu zuten seme-alabekin sexualitateaz hitz egitean:
“Bere sexualitatearen erantzule izatea nahi dut. Sexu-harremanak dituenean, beste pertsona ezagutzea, leku seguruetan egitea, bi pertsonek elkar maitatzea, errespetua egotea, obligazioz ez izatea.”
“Nik nituen tabuak berak ez edukitzea. Ez diezaiotela minik egin, ez dadila txarto sentitu, zoriontsua izan dadila, eta nik bere muga zein den jakin ez arren, berak izan dezala eta jakin dezala”.
“Naturaltasunez hartzea, bere gorputzaz eta beste pertsonarenaz gozatzea eta antisorgailuak erabiltzea. Jakin dezala zer nahi duen eta ez duen nahi eta adierazi ahal izan dezala, aske senti dadila. Gelditzen jakin dezatela, eta jakin dezatela gustatzen zaiena eskatzen, zer gura duten eta ez duten gura”.
Zer, noiz eta zelan egiten duten jakiteak gutxitan ematen digu ezeren bermerik. Gazteak ginenekoaz pentsatzen badugu, harremanak batzuetan taberna batean ezartzen ziren, begiradekin, elkarrizketa pixka batekin… Orain, berriz, hilabete eman dezakete txateatzen elkar ezagutu eta elkartzeko geratu baino lehen. Baina zer da seguruagoa? Ezin jakin.
Alde horretatik babesteko ahalmenik izan ez arren, segurtasun-gako edo -faktore batzuk eskain diezazkiekegu, beraiek izan daitezen gai beren burua babesteko.
Beren burua babesteko segurtasun-gakoak
- Norbaitekin harremanetarako geratzen direnean, garrantzitsua da beste norbaiti kontatzea. Norbaitek jakin dezala beti non zauden. Pertsona hori, ziurrenik, ez gara inoiz bere aita edo ama izango, baizik eta lagun bat, neska nahiz mutila…
- Elkarretaratzeko hitzorduak beti hobe leku publiko batean izatea, ez inoren etxean, edo lonja batean … eta dauden tokian daudela, lokalizazioa bidaltzerik izan dezatela ligatzeko plan bat dutela dakien lagun horri.
- Seinaleren bat, koderen bat izan dezakete kuadrillakoen artean, zerbait gertatzen bazaie ere. Whatsappa seinaleren batekin, Instagrameko mezu bat, … horrela, uneren batean handik irten gura badu, kanpotik eta modu sotilean lagun dakioke.
- Oso galdera interesgarria, eta garrantzitsua da beraiei egitea, hau da: ea sexu-transmisiozko gaixotasunei buruz informazio argia, benetakoa eta egiaztatua duten. Uste dute gu ahoberoak garela, eta ez digute sinesten, adin horretan ahalguztidun sentitzen dira eta inoiz ez dute uste beraiei gerta dakiekeenik. Informazioa eta prebentzioa dira gure aliaturik onenak, plazera sentitzen jartzen dute arreta guztia eta ez dituzte egon daitezkeen arriskuak ikusten.
- Guk baino arrisku handiagoak dituztela uste izaten dugu, baina, egia esateko, askoz informazio gehiago dute, eta gezurra badirudi ere, gu beraien adinean baino zentzudunagoak dira. Gogorarazten dizuet gu edonoren autoan sartzen ginela autostop eginez, edo gidari mozkorrekin itzultzen ginela jaietatik…
- Sexualitateari dagokionez, askotan emakumeok bizi dugun arriskuari erreparatzen diogu, baina zenbat hitz egiten dugu gure semeekin emakumeekiko harremanaz? Gure semeei besteak errespetatzen eta beren burua errespetatzen irakastea da lehen urratsa.
- Gure jarrera irekia izatea komeni da, gu prest egotea, hitz egin behar baldin badute, aurki gaitzaten.
Beren burua zaintzea nahiko genuke
Mezu hau helarazi ahal diegu: ulertzen dugula esplorazio-une batean daudela, harreman berrietara irekita, … baina nahiko genukeela beren burua zaintzea; horregatik segurtasun-gako horiek, inoiz ez daudelako soberan, imajinatzen dugulako agian inoiz ez dituztela beharko, baina behar izango balituzte, prest egon daitezela egoera zailari aurre egiteko eta beren burua babesteko.
Badakigu eredu garela eta gugandik ikasten dutela eta gai honetan ere bai. Zer harreman dut nik sexualitatearekin? Zer harreman dut nire bikotekidearekin? Zelakoa da nire feminitatea edo maskulinitatea? Zer musika-mota entzuten dut? Edo zer film ikusten ditugu? Etengabe erakusten ari gara eta, aldi berean, ikusten dutenetik ikasten ari dira.
Ba al dakizu zein den leku segurua zure seme edo alabak sexu-harremanak izan ditzan? Prest gaude gure semea etxera joateko? Tunel batean izatea nahiago duzu? Edo auto batean? Galdera horrek niri kirrinka egin dit… eta artikuluaren hasieran argi neukan nire erantzuna izango zela “nire etxean inoiz ez edo gutxienez 35 urte bete arte ez”… baina hausnartutako guztiaren ondoren aukera bat izaten hasi da.
Esperientzia honetatik igaro diren beste guraso batzuekin hitz eginda, bikotea ezagutzeko, konfiantza sortzeko, gertuago egoteko… aukera gisa bizi dute. Nik aukera gisa hartu nuen, eta ez gomendio gisa. Beraz, prozesua egingo dugu eta ikusiko dugu.
Ainhoa Allende, BBK Family
Hauxe da Heziketa afektibo-sexualari buruzko ikastaroaren lehen bideoa. Online eta doako ikastaroa egin gura baduzu, sakatu hemen.
Artículos de BBK Family relacionados con este tema
Educación afectivo sexual. Si no lo habla contigo, ¿con quién lo va a hacer?
Material de la mediateca de BBK Family que te puede servir de ayuda
BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu? Harpidetu gure newsletterrera!
Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.