Hezkuntza afektibo-sexuala. Zurekin hitz egiten ez badu, norekin egingo du?

Zaila da jarraibide batzuk ematea, nire ustez praktikoak izatea espero den gogoeta batzuk, artikulu labur baten bidez, eta are gehiago gure seme-alaben hezkuntza afektibo-sexuala bezalako gai bati buruz. Ez naiz pedagogoa, ezta irakaslea ere, baina, edozein pertsonak lez, prozesu gisa ulertzen dut hezkuntza, eta prozesu horren bidez ezagutzak, printzipioak, arauak eta balioak transmititu gura izaten ditugu, eraldaketa-prozesua bultzatu eta pertsonen hazkunde osasuntsua erraztu dezaten gizalegezko eran.

Familiaren eremuan edozein gairi buruzko transmisio hori lortzeko, geure hezkuntza-esperientziak emandako baliabideak izaten ditugu: gure erreferente pertsonalen (guraso, irakasle eta abarren) jakintzak, jarrerak eta iritziak, gure bizitzan zehar gugan sartu diren eta gu eraldatuz joan direnak. Hezkuntza informalaren eragina ere hor dago, eta horren bidez hedabideak, publizitatea edo moda-joerak barru-barruraino sartzen zaizkigu. Ibilbide horrekin, gure seme-alabengan eragiten saiatzen gara.

Gaur egun bizi dugun osasun-larrialdiaren ondorioz, gure seme-alabengandik inoiz baino hurbilago gaude, zenbat eta txikerragoak izan, orduan eta hurbilago. Aste honetan bertan, poltsikoko hiztegi batean berbak bilatzen irakasten ari nintzaiola semeari, pozarren esan zidan: “Aita, zakil bilatuko dugu, zakil bilatuko dugu”, eta sexu-organoen inguruko jakin-mina oso handia izaten den adin horretan dagoenez, han hasi ginen …, baina ez genuen termino hori aurkitu, bion harridurarako. Zeregin akademikoen denbora igarota, ematutu edo bagina eta alu edo bulba hitzen bila hasi nintzen, eta ezta, horiek ere ez zeuden, nahiz eta gorputzeko beste edozein atal ondo definituta egon.

Ez dut esan gura hiztegi guztietatik desagerturako terminoak direnik, ez da horrela, baina anekdota honek gure sexualitatearen oinarrian dagoen ezaugarri nagusietako bat ekarri zidan gogora: omisio bidezko hezkuntza. Egin dezagun balantzea, eta gogora dezagun: non ikasi dugu guk sexualitateari buruz dakiguna? Zelan eratu dira gure uste edo ideiak eta gure balioak gai honetan? Gure haurtzaroan eta nerabezaroan, nork aipatu zuen zuzenean arlo hori eta zelan? Segur aski, tailerretan itaun hau egiten diedanean nerabeek ateratzen duten ondorio berera iritsiko dira pertsona gehienak:  lagunak, Internet, pornografia… izan zirela ikasbideak.

Omisio bidezko hezkuntzak sendo eratzen ditu gure jarrerak. Ez dago transmititutako baliozko ezaupiderik, autodidakta bihurtzen gara ezkutuan, isil-gordeka bilatuz, zeren eta ezkutatzen den hori zerbaitengatik, eta ziur aski oso boteretsua den zerbaitengatik, ezkutatuko baita. Eta horrela, informazio barik, omisio bidezko heziketa horrek irmo zizelkatzen ditu gure jarrerak, eta okultismoarekin eta desinformazioarekin kolaboratzen dugu; jarrera horri, inkontzienteki, jarraipena ematen diogu guk, eta, ondorioz, gutxiago kezkatzen gaitu gure seme-alabek indarkeria ikusteak gorputz biluzi bat ikusteak baino.

Baina sexualitatea gure pentsamenduan esplizituki dagoen gai bat da, eta horretaz lehen aipatutako hezkuntza informalak inplizituki bonbardatzen gaitu: modak, iragarkiek, jostailuek, … etengabe esaten digute zelakoak izan behar dugun emakumeok, zelakoak izan behar dugun gizonok, zelan jokatu behar dugun, nola maitatu edo erlazionatu behar dugun.

Hitz egin dezagun gure sexualitateaz seme-alabekin, bestela, haiek beren jakin-mina beren kontura aseko baitute, hori ziur-ziur. Nire pubertaroan, gure informazio-iturrietarako sarbidea, pornografiara bereziki, gaur egun baino askoz konplikatuagoa zen. Abentura bat zen aldizkari bat lortzea edo film porno bat eskuratzea. Gaur egun, dena eskurago dago. Ehunka plataforma daude bideo laburrak partekatzen dituztenak, eta sexu-elkartzea, azkarra, oso azkarra, genitaltasun hutsera murrizten dutenak, eta, kasu askotan, indarkeriaz eta abusuz beteriko harremanak eskaintzen dituztenak; edozelan ere, afektu eta maitasunetik urrundutako ereduak eskaintzen dituzte. Esku horietan utziko ote dugu gure seme-alaben heziketa afektibo-sexuala?

Ez dut oinarrizko hausnarketa honetan bakarrik geratu nahi. Lerro hauek jarraibide edo gomendio batzuk ere eman gura dituzte haur eta nerabeen hezkuntza afektibo-sexualari heltzeko, ez-egite edo omisio horren ondorio batzuk behintzat gainditzeko.

Lehenengoa argia da: sexualitateariburuzko gure jarrerak zein diren behatzea, gure ideiak zelakoak diren, nondik datozen, gai horri buruz dakiguna zelan landu dugun ikustea. Gure jarrerei buruzko kontzientzia-hartze horrek lagundu egingo digu, neurri batean behintzat, gure seme-alaben itaun edo galderen aurrean geratzen zaigun susto-aurpegia baretzen, garrantzi handiagoko zerbait aitzakiatzat hartuta beste alde batera begiratu barik edo zuzenean arazoa saihestu gabe. Omisioan eta ezkutatzen kolaboratzea, esan dugun lez, hezteko modu oso boteretsua da.

Aipa dezagun gizakion sexu-gertakaria ahalik eta naturaltasun handienarekin, gure lotsak, beldurrak eta aurreiritziak gaindituz. Ez gaitezen erredukzionistak izan, hezkuntza afektibo-sexualak sexu-organo, ugalketa edo arriskuaren gertakaria nabarmen gainditzen baitu: emakume eta gizon gisa betetzen ditugun roletan kokatzen gaitu; gure organorik zabalenaren ?larruazalaren? gainean sentitzearen plazeraz hitz egiten digu; etengabe (batez ere haurtzaroan eta nerabezaroan) aldatzen den gure gorputza ezagutzen eta onartzen irakasten digu; komunikazio eta harremanen dimentsio gizabidezkoan hezten gaitu; maitasunaz eta txeraz berba egiten digu; sexua eta sexualitatea gara, aipa dezagun gertakari hori besteenganako samurtasunean heziz.

Ez ditzagun gaiak saihestu eta zerbait ez dakigunean ez dezagun eragozpenik izan esateko: “Informatu egingo naiz eta kontatuko dizut”;  sexua, sexualitatea, erotismoa, pornografia, sentsualitatea, generoa, plazera, identitatea, orientazioa, … puf!, terminologia askotarikoa da, (ziur asko izango dugun) desinformaziotik guk guztia jakin ahal izateko. Nahasmen horren aurrean, hizkuntza komun bat ezarri beharko da gure seme-alabekin elkar ulertzen dugula jakiteko.

Erabil dezagun “hezkuntzaren urrezko araua” delakoa: galderei ez erantzutea egin bezain laster. Hizkuntza bateraturik ez dagoenez, nork daki gure seme-alabek benetan zer planteatzen diguten beren jakin-min handiarekin? Sexualitateaz ari dira benetan? Zerbaitetarako baimena eskatzen ari zaizkigu? Egin duten zerbaiti buruzko balorazio morala eskatzen ari dira? Saia gaitezen ikertzen, zalantzak itzultzen, ahalik eta gehien berresteko zer ari zaizkigun galdetzen, eta erabil dezagun hizkuntza komun hori gauza berberaz ari garela ziurtatzeko… Auskalo zer pentsatzen duen bakoitzak, zer agertzen den bere iruditeria edo imaginario pertsonalean, beste barik ‘sexu’ berba esaten dugunean!

Victor Moreno. Psikologoa eta gizarte-hezitzailea. Sexu-hezkuntzako prestatzailea.

Menu

BBK Family Learning

×