Gure gizartean familiek duten erronka handienetako bat banantzea eta dibortzioa dira. Familia Politikako Institutuaren (2019) datuen arabera, familien % 60 inguru dibortziatzen dira urtero, eta gehienek seme-alaba adingabeak edo adineko pertsonak dituzte beren menpe.
Banantzea eta dibortzioa ohiko fenomenoak dira, baina ez horregatik hutsalak. Prozesu mingarriak dira, familiaren berrantolaketan aldaketa sakonak eragiten dituztenak, eta kide guztien ongizatean eragin dezaketenak, batez ere seme-alabenean, kide ahulen edo zaurgarrienak baitira. Baita modurik baketsuen eta adostuenean gauzatzen bada ere horrelako prozesu bat. Normala da seme-alabengan duen eragina izatea gurasoentzat kezkarik handienetako bat (Nola eragingo die? Noiz da hobe? Zelan lagun diezaiekegu? Zer esan behar diet? Noiz? Zelan? Eskolan jakinarazi behar dut? Eta bikote-kide berri bat badago?). Une horretan, gurasoek beharrizan handia sentitzen dute prozesuari buruzko informazio gehiago izateko, eta orientazioa eta laguntza eskatzen dituzte aldaketa horiei guztiei aurre egiteko.
Gaur egun badakigu ongizateari dagokionez problematikoa ez dela haustura bera, prozesu hori gauzatzeko modua baizik. Izan ere, familia batzuek etsipenez ikusten dute, dibortzioaren ostean, aurretiko arazoak, murriztu beharrean, areagotu ere egiten direla. Hori gertatzen da gatazkak behar bezala kudeatzen ez badira, ezin baita ahaztu gurasoek, seme-alabak txikiak diren bitartean, aldizka elkartzen jarraituko dutela eta erabakiak hartu beharko dituztela, seme-alabei eragiten dieten gaietan.
Gainera, batzuetan, asmorik onenarekin, umeentzat nahasbide diren akatsak egiten dituzte gurasoek, haiek prozesatzeko gaitasunik ez duten xehetasunak kontatzea, adibidez. Beste batzuetan, gurasoak oso minduta egon daitezke eta seme-alabekin jolasteko behar besteko indar barik; edo ez daude umeen kezkak kontuan hartzeko aldarte onean; edo gatazkan hain murgilduta daudenez, elkarri begirunea galtzen diote seme-alaben aurrean. Ez dezagun ahaztu semeak edo alabak guraso biak behar dituela, harentzat pertsonarik garrantzitsuenak baitira. Horrelako akats edo okerrak saihets daitezke.
Horren ondorioz, profesional askok pentsatu izan dute zelan babestu gurasoak eta seme-alabak, eta zelan lagundu dibortzioaren ostean harreman osasuntsuak berreraikitzen.
Gaur egun, hainbat hamarkadatako azterketaren ostean, baditugu zenbait tresna norabide horretan. Tresna horietako batek Egokitzen du izena, hainbat testuingurutan (klinika, eskola, komunitate, zuzenbide, … arloetan) aplika daitekeen jarduera-gida.
Honako tresna hau, Deustuko Unibertsitateko Deusto FamilyPsych ikerketa-taldeak garatu zuen “Familiaren Ebaluazioa eta Esku-hartzea” (http://www.deustofamilypsych.es). Programa horrek Egokitzen du izena, eta trantsizio horretan familiei laguntzera bideratuta dago, familiari berrantolaketa berrira egokitzea erraztuz. Esku-hartzearen ardatza beti dago seme-alabengan jarrita. Hau da, gurasoek (inoiz ez bikotekidearekin), antzeko baldintzetan dauden beste pertsona batzuekin gogoeta eginez, trebetasunak eta estrategiak eskura ditzakete estres-maila murrizteko eta gatazkak eragin ditzakeen ondorio negatiboetatik seme-alabak babesteko. Seme-alabentzat ez dago ezer onuragarriagorik eztabaida eta gatazka bako eta bi gurasoen arteko harreman oneko ingurune batean bizitzea baino.
Umeentzat antzeko baldintzetan dauden beste ume batzuekin egotea ere onuragarria izan daiteke, beren emozioak maneiatzen ikasi edo kezkatzen dituzten egoeretan jarduteko estrategiak ikasten dituzte eta.
Gure mezua positiboa da gurasoentzat, zeren eta, dibortzioa seme-alabentzat gertaera gaitz eta estresagarria den arren, epe luzera saihets daitezke arazoak. Horregatik, arlo honetan lan egiten dugun profesional guztiok ?psikologo, psikiatra, gizarte-langile eta abokatuok? badakigu horrelako esku-hartzeak babestu eta lagundu egin behar direla. Horrela, familiaren egitura aldatu bada ere, azken helburua familiako kide guztien artean harreman osasuntsuak bultzatzea da, eta bi gurasoak egotea seme-alaben hazkuntzan inplikatuta.
Ana Martínez Pampliega, Deustuko Unibertsitateko Psikologiako katedraduna.
Ana Martínez Pampliegak Egokitzen programa aurkeztu eta azalduko du BBK Familyk antolatutako “Garapen psikologiko iraunkorraren familia sustapena” jardunaldian.
Ez galdu BBK Familyk antolatzen duen doako online jardunaldia, non Enrique Arranz, Ana Martínez Pampliega, Susana Corral eta Lagungok familian garapen psikologiko iraunkorra sustatzeko moduaz hitz egingo diguten. Hainbat unibertsitatetan garatutako programa batzuk ere ezagutaraziko dizkigute, banantze- eta adopzio-prozesuetan dauden familien arteko harremanak eta loturak hobetu ditzaketenak.
Seme edo alaba txikiak badituzu, BBK Familyk Imanol Ituiño aztiaren ikuskizuna eskainiko dizu, zuk hitzaldian parte hartzen duzun bitartean ondo pasa dezaten.
Hizlariak:
– Enrique Arranz, EHUko Psikologia katedraduna
– Ana Martínez Pampliega, Deustuko Unibertsitateko Psikologiako katedraduna.
– Susana Corral Gilsanz, Deustuko Unibertsitateko Psikologiako doktorea.
– Monica Taibo, psikologian doktorea Deustuko Unibertsitatean. Lagungoko ikerketa-arloko arduraduna.
Eguna: maiatzak 14
Ordua: 18:00 h
Lekua: Zoom plataformaren bidez. Aurreko egunean mezu elektroniko bat jasoko duzu hitzaldira sartzeko estekarekin.
Gurasoentzat eta profesionalentzat zuzenduta.
Jardunaldiaren edukia:
18:00: ongietorria jardunaldiko parte-hartzaileei
18:05: Garapen psikologiko iraunkorraren familia sustapena. Enrique Arranz
- Familia garapen psikologiko osasungarria prebenitzeko eta sustatzeko eremu gisa: gurasotasun positiboa eta familia-politikak.
- Gurasotasunaren dimentsioak: giza hazkuntza gizarte-erantzukizun gisa.
18:30: Deustuko Unibertsitateko programen erakusketa.
Pertsona helduak Egokitzen. Ana Martínez Pamplona
Banandutako edo dibortziatutako gurasoentzako programa psikohezitzailea, seme-alabengan dibortzioaren ondoriozko estresa eta prozesu horrek dakarren guztia minimizatzeko ezagutza eta trebetasun egokiak garatzekoa.
Haurren Egokitzen. Ana Martínez Pampliega
Programa honen helburua da adingabeei laguntzea gurasoen dibortzio- edo banantze-egoeraren ondoriozko prozesu emozional eta kognitiboak kudeatzen, egoera berriari behar bezala aurre egin ahal izateko.
Harremanak eraikitzen adopziozko familietan. Jatorriari buruz hitz egiten. Susana Corral Gilsanz
Programaren helburua guraso adoptatzaileei seme-alabekin jatorriari buruz komunikatzeko tresnak ematea da, komunikazio hori erraztuko duen irekiera-giroa erraztuz.
19:00: Lagungoren esperientzia Primeros Pasos programa abian jartzen (Comillaseko Unibertsitateko Familiaren Institutua) Monica Taibo
Lagungok “Primeros Pasos” programa aplikatzean lortutako emaitzak azalduko dizkigu. Programa hori familietan atxikimendu-harremanak sendotzeko eta konpontzeko garatu da.
19:15: galderak hizlariei.
19:30: jardunaldiaren amaiera.
Seme edo alaba txikiak badituzu, BBK Familyk Imanol Ituiño aztiaren ikuskizuna eskainiko dizu, zuk hitzaldian parte hartzen duzun bitartean ondo pasa dezaten.
Egokitzen doako programa banatzeko prozesuak eragiten duen estresa gutxitzeko seme-alabengan da.