Nola aurre egin erru-sentimenduari hazkuntzan

Hazkuntza gurasoek beren bizitzan aurre egin behar dioten erantzukizun garrantzitsuen eta desafiatzaileenetako bat da. Umetxo bat jaiotzen den unetik, etengabe iristen zaizkie zer eta zelan egin beharko luketen adierazten dieten mezuak, gurasoengan erru- eta frustrazio-sentimenduak sor ditzaketen gauzak. Errua oso sentimendu ohikoa da, eta eragin negatiboa izan dezake bai gurasoengan, bai seme-alabengan.

Erru-sentimendua aldaera askok eragin dezakete. Batzuetan, desegokitzat jotzen den ekintza baten emaitza izan daiteke sentimendu hori, eta, beste batzuetan, gehiegizko sentimendu irrazional bat, itxaropen edo espektatiba handietatik eratorria. Horregatik, garrantzitsua da bereiztea zein den sentimendu horren jatorria eta nola kudeatu behar den modu egokian, gurasoen buru-osasunean eta seme-alabekiko harremanean eraginik izan ez dezan.

Hazkuntzarekiko itxaropen ez oso errealistak izatea izan daiteke erru irrazional samarra eragin dezakeen arrazoietako bat. Askotan, sare sozialek edo komunikabideek “familia perfektu”aren irudia erakusten dute, errealitatearekin zerikusi gutxi duena. Gurasoengandik espero da maila afektiboan laguntzeko prest egotea uneoro haurren jardueretan parte hartuz, eta, gainera, lotura segurua eskaintzea. Hori guztia saiatu beharreko zerbait izan arren, ezin da alde batera utzi egunerokotasuna estresagarria eta konplexua izan daitekeela.

Erruaren kudeaketa on baterako kontuan har daitezkeen alderdiak honako hauek dira:

  1. Arduratu beharrean jardutea

Garrantzitsua da jakitea erru-sentimendua normala dela eta askotan gertatuko dela, eta, horregatik, garrantzitsua da zer egoeratan eta zer unetan gertatzen den aztertzea. Horrela, erru-sentimendua alda daiteke, eta horren ordez egoera jakin batzuen aurrean zerbait desberdina egiteko ardura edo erantzukizuna hartu. Ez dago guraso perfekturik, baizik eta dituzten tresnekin ahal dutena egiten duten gurasoak. Tresnak falta direla nolabait sentitzen bada, garrantzitsua da erantzukizunaren zati hori hartzea eta laguntza eskatzea tresna osasungarriagoak sortzeko.

  1. Ikaskuntza-prozesua errespetatzea

Hazkuntza lan gogorra da, esan ohi den bezala, pikotxa eta pala eskatzen dituena, eta haurrek eboluzionatu ahala ikasten da hori egiten. Beraz, garrantzitsua da onartzea askotan akatsak egingo direla eta gurasoak ez direla horiekin eroso sentituko.

  1. Zenbat eta gehiago jakin orduan eta errudunago sentitzen zara

Hazkuntzari dagokionez, normalena da gurasoek informazioa jasotzea eta egoera batzuetan zelan jokatu behar duten irakurtzea. Horren ondorioz, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta errudunago senti daitezke, ezin dutelako egin nahi luketen moduan. Horretarako, garrantzitsua da kontuan hartzea liburuak eta orientabideak teorian oinarrituta daudela eta, horiek jarraitzea oso garrantzitsua den arren, kasu bakoitza bakarra dela.

  1. Mugak ezartzea

Errua etor daiteke hazkuntzan muga egokiak ez ezartzetik. Askotan, pertsona atsekabetuta eta errudun senti daiteke, ez dagozkion erantzukizunak bere gain hartzen ari delako. Alde horretatik, interesgarria da norberaren burua errespetatzen eta erantzukizun egokiak hartzen ari den edo ez aztertzea.

  1. Pentsamenduak arrastoan sartzea

Ezagutu eta desafia itzazu pentsamendu negatiboak: askotan, errua pentsamendu negatibo eta gehiegizkoetan oinarritzen da. Identifika itzazu pentsamendu horiek eta desafia itzazu ebidentzia zehatzarekin. Adibidez, pentsatzen bada “Aita (edo ama) txarra naiz, nire semeak (edo alabak) negar egiten duelako haurtzaindegian uzten dudanean”, gogoratu behar da banantzea normala dela eta zure umea azkar egokituko dela.

Beraz, erru-sentimendua sentimendu normala da hain zeregin gaitz edo zaila den hazkuntzan. Normalizatzea da hori kudeatzeko lehen urratsa. Horrela, dinamika jakin batzuk aldatzeko beharrezkoa den erantzukizuna hartu ahal izango da. Gainera, hazkuntza etengabeko ikaskuntza-prozesu bat da, non garrantzitsua den norbere buruarekiko erruki edo gupida praktikatzea, kontuan izanda ez dela beti norberak nahiko lukeen bezain ondo egingo.

Patricia Agirre Rodrigo, psikologoa

Hor zaude?

Gogoratzen duzu azaroan aurkeztu genuen Familien beharizanei buruzko BBK Family ikerketa? Horretan kontatu ziguten seme-alagekin nola egon behar dugun jakin badakizula; hala ere, praktican jartzea zailagoa zela. Horrez gain, 10 gurasotik 8k aitortzen zuten mugikorraren mende egoten zirela seme-alabekin zerbait egiten zuten bitartean.

Hori dela eta, “Hor zaude?” kanpaina jarri dugu martxan, fisikoki egoteak ez baitu esan nahi prest gaudenik. Etengabeko interferentziak ditugu, eta horiek ez digute gure seme-alabak bizitzen ari diren emozioei, ezta geure emozioei ere, arreta jartzen uzten, eta gatazkak ondo konpontzea eragozten digute.

Horregatik, bultzatu gura ditugu noiz eta zelan egon erabakitzera, egunerokoaren testuinguruak edo presak arrastaka eraman barik. Web honetan hainbat materiala topatuko dituzue, artikuluak, irakuri berri duzuna bezala, podcastak, bideoak, seme-alabekin prestasuna edo laguntzeko moduan egotea hobetzeko asmoz.

Era berean, astero kanpainan zehar erronka bat proposatuko dizuet. Pepa Horno psikologoak, Eva Bach pedagogoak edo Xabier Madariaga kazetariek, besteak beste, animatuko zaituztete egitera.

Eta bukatzeko, ez galdu prestatu dugun jaia. Maiatzaren 14an, Doña Casila parkean. BBK Family haur eta nerabeen kontseiluak diseinatu du. Tailer eta ekintza batzuk egongo dire, haiek gurasoekin jolastu nahi dutelako. Etor zaitezte ondo pasatzera! Sariak ere egongo dira; 4 sarrerako 3 lote BBK Klimara sartzeko eta gau bat 4 lagunentzako Zuhaitz-etxeetan (Zuhaitz-etxeak) zozketatuko dira. Baina zozketa parte hartzeko BBK Family newsletter-ean izena eman behar da.

Dena den, maiatzearen 25an Hor zaude? doako tailer presentziala egingo da. Informazio gehiago hemen.

Eta hona hemen lehen erronka. Pepa Horno psikologoak eta Bego Beristain kazetariak proposatzen dizuete:

 

“Hor zaude?” tailerra, seme-alabekin laguntzeko prest egoteko

Jaia ospatzeko “Hor zaude?” kanpaina

Mediatekan dauden materialak:

Las madres no

 

BBK Family Learning

×