Koronabirusa: familientzako erronka bat

Gizarteak, oro har, eta familiok bereziki, egunotan, oso erronka interesgarri bati egin behar diogu aurre. ‘Interesgarri’ diot, ez koronabirusak dakarren onuragatik, baizik eta, alde batetik, denbora bat pasaraziko digulako elkarrekin, eta, bestetik, adinekoek gure bizitzan eta familia gehienetan duten balioa aitorrarazten digulako.

Salbuespenezko kasuetan bakarrik, eta beste aukerarik ez dugunean, aitona-amonak ari dira neska-mutikoen kargu egiten eskolak zarratu dituzten honetan. Horrek aukera ematen digu ohartu eta aitortzeko maite ditugula, babestu gura ditugula, gai garela orain arte erabiltzen genituenak baino alternatiba gehiago topatzeko.

Gainera, esan bezala, familia gehienei ahaztu egin zaigu zer den 15 egun elkarrekin pasatzea, bakarrik, etxean, … Aukera ematen digu kolpean gelditzeko, erritmo frenetikoaren gurpiletik jaisteko, astiroago ibiltzeko, denbora eta zereginak partekatzeko eta osasunaren garrantzia balioztatzeko, betiere preziatuagoa baita galtzen denean edo arriskuan dagoenean.

Eskolak itxita, eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera lagata, bizitza soziala aparkatuta, aisialdirako guneak mugatuta, …  Beldurra ematen du, ezta? Zer egingo dugu neska-mutikoekin hainbeste egunetan? Nork entretenituko ditu hainbeste denbora? Zelan sortuko ditut lan-guneak haiekin etxean? Zelan egingo dute aurrera arlo akademikoan etxean eurak bakarrik?

Zorabio apur bat sentitzen dugu

Egia da zorabio pixka bat eragiten duela, baina, zenbat aldiz aurkitu naiz azken hilabeteetan nire alabekin egoteko denbora urriarekin? Eta irakurtzeko asti barik? Zenbat egunetan kexatu naiz bizitzaren erritmoaz? Zenbatetan pentsatu dut eskolaz kanpoko ekintzetara joan beharrean hobe nuela etxean geratzea? Zenbat aldiz aurkitu naiz gauean leher eginda, pentsatuz nire parterik onena beharrean ematen nuela eta ez familian?

Gaur, zelanbaiteko beldurrez nire desirak bete egin direlako, lan-gune partekatua dugu aurrean, eta eskerturik eta pribilegiatuta sentitzen naiz etxetik lan egiteko aukera izateagatik. Hezkuntza-eredu berri bat, homeschooling, esperimentatzeko aukera da hori. Baina, aldi berean, lan-gune horretatik kanpo ere, elkarrekin jarraitu beharrean gaude gero.

Nire lehen bulkada entretenimendurako artilleria guztia ateratzea izan da: mahai-jokoak, eskulanetako tailerrak, umeekin egiteko errezetak, kirola etxean tutorialekin, … Gero, zenbait autore, artikulu eta gogoeta etorri zaizkit burura, neska-mutikoak aspertzeak duen alde positiboaz, eurek egin, sortu, eraiki, … behar dutela senti dezaten, asmatzeko eta beren burua berrasmatzeko aukera izan dezaten, eta itxarotea erabaki dut.

Itxaronaldi horretan murrizketa edo muga bat baino ez dut jarri gura: pantailen erabilerari dagokiona. Gure arriskurik handiena baita 15 egun hauetan, hau da, haurrei denbora luzez eta egun askotan konektatzen uztea.

BBK Familytik zerbait behar baduzue egun hauetan zuen seme-alabei buruz, orientazio-zerbitzua irekita utziko dizuegu, behar dituzuen kontsulta guztiak egin ahal izan ditzazuen.

Ainhoa Allende. BBK Family

Menu

BBK Family Learning

×