“Gure seme-alaben urtebetetzeetan edan egiten dugu eta gero alkoholik ez edateko eskatzen diegu”

Alejandro Rodrigok Adolescencias reales desde dentroizeneko liburua idatzi du. Bertan, bere ibilbide profesionalean eta pertsonalean bizipen izugarriak ekarri dizkioten nerabeei buruzko hainbat istorio kontatzen ditu, bizikidetza-arazoak jasaten ari diren nerabedun familia konplexuentzat interesgarria eta erabilgarria izango delakoan ikasitakoa. Liburuan agertzen diren izenak ez dira benetakoak, eta, batzuetan, bizipen desberdinak jartzen ditu nerabe batengan, baina neskek eta mutilek bizi izan dituzten nerabezaroak izaten jarraitzen dute.

Eta hori guztia, liburua irakurtzean arreta seme-alaben jokabideetan jar ez dezagun, baizik eta horiek laguntza-oihu bat ezkutatzen dutela ulertzeko. Rodrigok dioen bezala, “etsipen hori interpretatzeko gai izatea da familia adiskidetu eta errekuperatzeko giltza”.

Alejandro, zure liburuan seme-alabak inoiz ez abandonatzeari buruzko alegatua egiten duzu, hau da, oldarkor edo bortitz bihurtzen direnean amore ez emateko.

Niretzat ‘ez abandonatzea’ funtsezkoa izan da beti, nire kontsultatik igaro diren neska-mutilek erakutsi didate-eta. Ia bi urte igaro ostean, esaten didate: «Alejandro, saltsa ederra sortu diot aitari, eta hala ere hemen jarraitzen du».

Gurasoak kalbario batetik igaroko dira ia ziur, baina argi izan behar dugu ez abandonatzea salbazioa izan daitekeela etorkizunean. Hala ere, garrantzitsua da haiei azpimarratzea denbora horretan zaindu egin behar dutela beren burua. Ez abandonatzeak ez du esan nahi mugan egotea. Aita edo ama gisa, gelditu eta urrundu egin behar da. Liburuan kontatzen dudan kasu batean, aitak ez du abandonatzen, baina ez da berarekin bizi. Deitzen dion bakoitzean etorri egiten zaio, baina ez da beti berarekin egoten.

 “Adolescencias reales desde dentro” liburuan bezain muturrekoak ez diren kasuetan, gurasook ere asko sufritzen dugu gure seme-alabak txarto daudenean. Zelan lagun dezakegu une horietan hainbeste sufritu barik?

Prozesu horretan nola lagunduko genukeen galdetu beharrean, galdera litzateke une horretan zelan zaindu gaitezkeen gurasook, laguntza ona emateko. Zeren eta, gu oso etsita baldin bagaude, gertagarriena da azkenean nerabeari aurpegiratzea nola dagoen edo zergatik dagoen horrela. Beraz, guk geure burua sendatu edo osatu behar dugu lehenik. Saiatu gauza batzuk ez errepikatzen, eta ikusi zer egin dezakegun hain gogorra gerta ez dakigun.

Ziur nago gurasoak oraintxe bertan pentsatzen ari direla esatea oso erraza dela, baina gero egin egin behar dela. Eta horrela da. Horregatik, nik beti adibide bat jartzen dut. 2005ean Madrilgo zentro batean lan egin nuen, eta han baziren delitu oso larriengatik neurri judizialak zituzten neska-mutilak. Barneratzeko zentro hartan “kitea” izeneko zerbait egiten genuen. Hezitzaile bat txarto egiten ari zenean zerbaitengatik mutil bat birbideratzen edo zigortzen saiatuz, batzuetan biak katramilatzen zireneko unea iristen zen, hau da, begizta edo buklean sartzen ziren, eta une horretan “kitea” egiten zen, beste hezitzaile bati sarrera ematea, alegia.

Eta zuk, bestea sartzen zela ikusten zenuenean, bazenekien kanpotik detektatu zutela ‘begizta une’ batean zeundela eta irten egin behar zenuela. Gure seme-alaben kasuan, zuk jarraitu egin nahi duzu arazoa konpondu nahi duzulako, eta zuk, guraso gisa, badakizu semeak edo alabak zer behar duen, baina une batean kanpotik esaten dizute “zoaz”.

Niri ikastea asko kostatu zitzaidan metafora hori oso baliagarria da. Izan ere, ulertu behar dute ezin garela beraiekin onekin aterata egon, eta erakutsi behar diegu batzuetan joan egiten garela, maite baditugu ere. Eta uste dut oso mezu polita dela lagunak adiskidetasun- edo bikote-harreman zailetan dituztenerako, ohartu daitezen batzuetan banandu egin behar direla, ez behin betiko, agian zazpi hilabete edo sei ordutarako izango da, baina denbora hartu behar da.

Uste dut, halaber, bi pertsona ari direnean hazkuntzan errazagoa dela, eta guraso bakarreko familia batean zailagoa dela. “Honaino iritsi gara, banoa” esateko gai izan behar duzu horrelakoetan. Batzuetan bi ordu izango dira, beste batzuetan asteburu bat, adinaren arabera.

Eta gaur egun neska-mutilek ondo kudeatzen al dituzte beren doluak eta galerak?

Nerabezaroan ez dago barne-isiltasunik. Ez dute beren emozioarekin bakarrik egoteko unerik. Ni 81ean jaio nintzen, eta 16 urterekin, neska batek uzten baninduen, ni nire gelan sartu eta izugarrizko musika entzunez negarrari ematen nion. Garai hartan zure gelan geratzen zinen, eta zelanbait barne-isiltasunean egoten zinen zeure buruarekin, negarrez.

Orain jakinarazpen asko jasotzen dituzte lagundu egin nahi dietela esanez, autolaguntza-bideoak… eta ez dute pentsatzeko, negar egiteko leku hori. Gainera, gurasook, lehen esan dugun bezala, izutu egiten gaitu gure seme-alabak sufritzen ikusteak, eta orduan zerbaitek bultzatzen gaitu konpontzen, laguntzen saiatzera eta, azkenean, ez diegu sufritzen uzten.

Saioetan sarri ikusten ditut sufritzen egoteko eta aurrera egiteko, ikasteko eta huts egiteko denborarik eta espaziorik ez duten nerabeak.

Liburuan adopzioaz ere hitz egiten duzu, eta “autoprofezia betearen sindromeaz”.

Ni ez naiz adopzioan aditua, baina haur adoptatu askorekin lan egin dut, eta adopzioak oso konplexuak iruditu izan zaizkit. Nik teoria edo “autoprofezia betearen sindromea” deitzen dudan hau egin nuen, eta psikologo espezializatuekin kontsultatu dut.

Batzuetan, abandonua azaltzeko duten modu bakarra hauxe izaten da: “Amak abandonatu egiten nau, ni kaka zaharra naizelako”, ez diotelako errua amari egotzi nahi. Zein polita eta ikaragarria aldi berean. Baina adopziozko aitak edo amak hainbeste maite duenean eta bizitza hain polita denean, ez da kongruentea. Uste dute ezinezkoa dela eta lotura hori suntsitzen saiatzen dira, eta txarto portatzen dira benetan abandonatua izateko ideia bakarrarekin, eta abandonatzen duenean autoprofezia bete egiten da eta “lasai” geratzen dira, “lasai” kakotx artean, noski. Hala ere, aitak edo amak inoiz abandonatzen ez dutenean, Romanek nire liburuan egiten zuen bezala, horrek okerrago egonarazten ditu batzuetan. Eta orduan izugarria da.

Izan ere, nik haur adoptatu baten kasu bat izan nuen: bere aita jotzeagatik barneratzea nahi zuen, baina Fiskaltzarekin hitz egitera joan nintzen, fiskalari eta epaitegiari baimena eskatzeko, barneratu ez zezaten, eta egintza hori sendagarri edo osagarria izan zen berarentzat. Izan ere, eman nion mezua zen ez genuela abandonatuko, terapia egingo zuela gertatzen zitzaiona landu ahal izateko.

Eta nerabeen hainbeste kasuren artean, kapitulu oso bat eskaintzen diozu autozainketari. Baina ez hainbeste hasieran hitz egin dugunaz, baizik eta geurekoiak ez izateko eta urte asko bizitzeko mezuarekin, gure seme-alabek aita eta ama izan ditzaten.

Nik ez dut alkoholik edaten duela 2 urtetik, baina ez alkoholarekin arazoak nituelako. Asteburua iritsi eta edatera joaten nintzen, normala, ezta? Paradoxikoa da normala zela esatea. Hala ere, ni oso kontra nago orain, inor errudun jo barik, ulertzen baitut, nik ere edan dut,… baina oso arazo larria dugu gai honekin. Lehen hezkuntzako gure seme-alaben urtebetetzeetan, guraso guztiok elkartu eta edan egiten dugu, eta gero 10 urte geroago, 16 urte dituztenean, urtebetetze-egunetan eurek ez edatea nahi dugu.

Baina honetan guztian bitxiena da tratu txar psikologikoak ematen dizkiogula edaten ez duenari. Ura eskatzen baduzu, esaten dizute ez dutela eskatuko, zerbait edan behar duzula, zeren eta ura, antza, ez baita edatea. Edo xaxatu egiten zaituzte ezkutuko bizioren bat izango duzula esanez. Eta ez dizut ezer esango gainera barazkijalea bazara, orduan ez da inor zutaz fidatzen.

Beraz, zure semea edo alaba ondo ez badago eta jokabide disruptiboak, desafiozkoak edo negatiboak baldin baditu, agian egin beharko genukeen 100 gauzetako bat da etxean edozein motatako alkohola eta tabakoa kentzea da, ezinezkoa baita nik irakastea gaztetxoari ostiralean, astean zehar bizi izandakoaz lasaitzeko, edan egiten dudala.

Eta datu bitxi bat: Badakizu noiz lortu dudan gehienetan nerabeen porroen kontsumoa desagerraraztea? Ama edo aita tabakoa erretzeari uztera behartu dudanean. Erronka biei egin diedanean, aliantza bat sortzen da, mutila edo neska aliatua sentitzen da, bere amak edo aitak ere sufritu egiten duela ikusten du, eta horrek kontsumoa gainditzera eramaten ditu.

Liburuan genero-indarkeriaz ere hitz egiten duzu, eta gure seme-alabak min egin diezaieketen bikotekideengandik aldentzearen garrantziaz. Horrek ez al du batzuetan kontrako efektua eragiten?

Baina egin beharra dago. Horren arazoa da nik liburuan deskribatzen dudan pertsona matxista, sadiko eta kaskarrak neskaren familia- eta gizarte-sarea suntsitzea beste asmorik ez duela. Orduan, oso gai da buru-jate bat erraz eta azkar egiteko, bere amarengandik edo aitarengandik urrundu dadin.

Neska, hitzez hitz, harreman horrek drogatuta dauka, ez da harreman toxikoa, oso bortitza baizik. Eta hori ikaragarria da, zaila, nik hor beti egin dut lan arrisku-motak (arriskua eta perila) bereizteko. Arriskua da berak gainditu egin behar duela, kontrolatzailea den mutil bat daukazula, baina ez da maila horietara iritsi; orduan, zuk ikasi egin behar duzu, gure laguntzarekin, beste bat berdina bila ez dezazun edo etorkizunean sareetan eror ez zaitezen.

Baina perila dagoenean, atera egin behar dugu. Nik askotan gomendatzen dut autonomia-erkidegoz aldatzea, nahiz eta bi hilabetez izan. Gurasoei esaten diet Extremadurako izeba zaharrarengana bidaltzeko, eta, batzuetan, bi hilabete nahikoa izaten dira. Normalean mutilak jarraitu eta jarraitu egiten du, nekatu eta beste biktima bat bilatzen duen arte. Nik beti esaten diet gurasoei hobe dela urtebete txarto pasatzea, nahiz eta zure alabak une horretan gorrotatu egingo zaituen, bera babesten ari zarelako, haurdun uztea eta gizon horrekin bizi arteko lotura izatea eta bere haurtxoan pertsona hori islatuta ikustea baino, hori gertatzen baitzaio liburuko protagonistetako bati.

Espetxe Erakundeetako erasotzaile zigortuekin lan egiteko aukera izan dut, eta ia beti profil bera zuten, berdin zen estatus sozioekonomikoa edo kulturala, jende jantzi edo eskolatua zen, baina erdipurdikoa, sadikoa, bortitza eta matxista zen. Niri sadismoarena oso deigarria egiten zitzaidan, niretzat itzulerarik gabeko puntua den indarkeria horretaz gozatzea. Egia esan, gogorra da kapitulu hori, eta guraso batzuek esan didate ez direla irakurtzeko gai izan.

Kapitulu horretan argi geratzen da garrantzitsua dela zure historia erreparatu edo onbideratzea, ez errepikatzeko.

Kontuan izan trauma ez dela beti garrantzitsuena, traumaren ondoren gertatzen dena baizik, zuk traumari nola heltzen diozun eta nola heltzen diozun seme-alabekin... Zuk zeure burua sendatu edo osatu behar duzu haiek ondorioak jasan ez ditzaten. Horregatik, osasun mentaletik norberaren burua zaintzea ere oso garrantzitsua da. Gainera, zuk egiten duzunarekin geratzen dira seme-alabak, ez hainbeste esaten diezunarekin.

Hala ere, gure lana batzuetan beldurgarria da, uste izaten dugulako sendatu edo osatzen lagunduko dugula eta mundu guztiak ondo bukatuko duela, baina ez da beti horrela izaten. Orduan, askotan, helburuak jartzen dituzunean, azkenean izan behar du:  “Zer egin nahi dugu? Non dago arrakasta kasu honekin?”. Agian arrakasta da azkenean ez izatea heroinomano bat. Agian arrakasta amarekin berba egiteko gai izatea da, baita azalpenak eskatzea ere, ahalik eta egokiena izan dezan bizitza; izan ere, hainbeste kasu ikusi ditugu hondamenean amaitzen dutenak! Profesional gisa min handia ematen du.

Zure liburuko kasuetan, agresibitate edo oldarkortasun eta ironia handia ikusten da nerabeengan. Nola hausten duzu oskol hori?

Egia esan, desafio egiten dizute, eta modu oldarkorrean erakusten dute hori, baina zer arraio gertatzen zaien ulertzeko eskatzen ari zaizkizu. Oldarkorrak direnean, ulertu behar da gertatu zaien guztiaren aurkako erasoa dela hori. Beraz, marra gorri batzuk gainditu, etorri eta labankada bat ematen ez didaten bitartean, ni hemen nago.

«Ez naiz zure erasoan geratuko, ez naiz zure harrokerian eta nagusikerian geratuko, eta goazen hori lantzera, ez baitut gauza pertsonaltzat hartzen». Izan ere, gurasoen kasuan hori gertatzen da, gure seme edo alaba nahita gu izorratzen ari dela pentsatzen dugu. Adibide bat jarriko dizut: ikasgelan lo hartzen dutenean, etxeko lanak egin nahi ez dituztenean, ez da borroka horretan sartu behar. Hori gertatzen denean, kontrola zuk duzula ikusten dute; izan ere, harrapatuta zaituztela eta histeriko jartzen zarela ikusten badute, hortik jarraituko dute, egiten dakiten gauza bakarra da eta. Baina ikusten dutenean zu gainetik zaudela, ez zarela jokoan sartzen, orduan atzera egiten dute. Egia esan, oso-oso zaila da, % 100eko kontzentrazioa eskatzen du, eta hori etxean astearte batean gaueko bederatzietan gertatzen zaizunean, kontzentratzeko moduan ez zaudenean, gauza ez da hain ondo joaten. Horregatik da hain polita eta hain ezinezkoa aldi berean.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×