“Gizaki batek bere sufrimendua edertasun bihur dezakeenean, salbatuta dago”

Núria Mompín Bustos, psikologo sanitarioa, Arte Terapia Clínica. El uso terapéutico de las artes expresivas y creativas aplicadas a niños y adolescentes hospitalizados” (Arte-terapia klinikoa. Ospitaleratutako haur eta nerabeei aplikatutako arte espresibo eta sortzaileen erabilera terapeutikoa) liburuaren egilea, elkarrizketatu dugu, arte-terapiaren lana azal diezagun. Lanbide horrek urte askoko bidea du beste herrialde batzuetan, eta gero eta gehiago eskatzen da gure osasun-sisteman eta gure inguruko beste esparru batzuetan.

Núria, zer da arte-terapia?

Arte espresibo eta sortzaileen erabilera terapeutikoa da, eta hor sartzen dira marrazketa, pintura, collagea, argazkigintza, musika-adierazpena, gorputz-adierazpena edo dantza, idazketa, poesia, narrazioa edo txotxongiloekin dramatizazioa, besteak beste.

Arte-terapiarekin pertsonak bere emozioak eta barne-mundua zeharka adieraz ditzake, bere bizitzako une bakoitzean gertatzen ari zaionaz jabetu ahal izateko, eta, horrela, arte-terapeutaren laguntzarekin, hobetu daitezkeen zenbait alderdi landu eta kudeatu ahal izateko, edozein prozesu terapeutikotan bezala.

Zure liburuan Frida Kahlo, Isabel Allende edo Ana Frank bezalako pertsonen adibideak jartzen dituzu, gertatu zitzaiena exorzizatzeko bide hori erabili baitzuten

Artea terapeutikoa da mundu guztiarentzat, eta ezagunak diren pertsona horiek oso une zail eta txarretan arteak sendatzeko duen ahalmenaren adibide garbia dira. Nola bihur dezakete oinaze hori, sufrimendu hori bizipen estetiko eta edertasun? Arte-terapian bada esaldi bat esaten duena gizaki batek bere mina edo sufrimendua edertasun edo sorkuntza-ekintza bihur dezakeenean salbatuta dagoela, aldaketa dagoelako, eraldaketa, eta horrek bere buruari hobeto eutsi eta egoera igarotzeko aukera ematen diolako.

Emaitzak ikusita, ez da harritzekoa 2020ko apirilaren 15ean Osasunaren Mundu Erakundeak artea eta kultura osasun-sistemetan sartzea gomendatu izana. Izan ere, arteak, musikak, pinturak, dantzak… osasunari mesede egiten diotela baieztatzen du

Duela gutxi samar onartu dira ofizialki arteak osasun-testuinguruan dituen onurak. Hori posible izan da Estatu Batuetan, Ingalaterran, Australian edo Alemanian arte-terapiarekin lan egin dutelako aspaldidanik, eta pertsonengan onurak eta inpaktua ebidentzia zientifikoz bermatzen dituzten ikerketak egin direlako. Zehazki, Alemanian pediatriako ospitaleek arte-terapeutak dituzte 1984tik, beste herrialde batzuetan Hezkuntza Ministerioan sartuta daude, eta Kanadan, adibidez, 70 urte baino gehiagoko ibilbidea duen lanbidea da.

Hala ere, hemen lanbide berriagoa da, 20ren bat urte besterik ez ditu, eta horregatik da hain garrantzitsua ikertzea, pertsonengan eragina duela bermatzeko eta ebidentziaz frogatzeko.

Izan ere, minbiziaren tratamenduan arte-terapiaren ekarpenetako bat gazteei beren gaixotasunetik emozionalki “osorik” eta ahalik eta osasungarrien irteten laguntzeko aukera da

Arte-terapiak dimentsio emozionalari heltzeko aukera ematen digu.Izan ere, ospitalean medikuek eta osasun-sistemak gaitzaren zainketa mediko fisikoak ematen dituzte, baina alderdi emozionala ere lantzen bada, eta pertsonak maila horretan ongizatea lortzen badu, tratamenduen ondorioak eraginkorragoak izango dira eta osatze edo suspertze fisikoa azkarragoa ere bai. Eta hori da arte-terapiak egin nahi duena. Horri esker, gogo-aldartea hobetu egiten da, eta murriztu antsietatea edo trauma osteko estresa, beldurtuta sentitzen direnean.

Arte-terapiaren ondorioz, haurrek senti dezakete erabakiak hartzen dituztela, egoeraren kontrola dutela, ahaldundu egiten direlako, eta horrek komunikazioa eta integrazioa hobetzen ditu, eta gorputzaren bizitasuna aktibatzen ere laguntzen du, jarduera atseginen bat egitean, materialekin kontaktua adibidez, ongizatea, plazera senti dezakete-eta. Tratamenduen ondorioek gorputza desbitalizatu egiten dutenez, immunitatea indartu eta suspertze-prozesuan bertan jarrera sortzaile eta aktiboa indartu dezake terapia honek.

Sormenari eragin diezaioketen edo hura blokeatu dezaketen elementu asko daudela diozu, hala nola kanpo-kritika, aurreiritzi pertsonalak. “Ez dut ondo egiten, ez dakit margotzen”

Askotan, arte-terapiako saioetan laguntzen diogun pertsonarengan agertzen dira blokeo horiek. Eta gure eginkizuna, prozesu terapeutikoaren laguntzaile gisa, desblokeatzen laguntzea da, aurreiritziak gelatik kanpo uzten laguntzea.

Beti esaten dugu arte-terapian denok barruan dugun barne-epailea gelatik kanpo utzi behar dugula, helburua ez baita ekoizpen artistiko edo estetikoki polita edo perfektua egitea, baizik eta iritsi eta gozatzea.Obrarekin eta terapeutarekin elkarrizketan, saioaren amaieran pertsonak bere buruaz deskubritzen duena da garrantzitsua, obrak zerbait itzultzen diolako.

Asko kostatzen al zaizue lan egitea, pertsonak dagoeneko aurreiritzi bat duenean, adibidez, margotzen oso txarra dela?

Bai, hor autoestimuaren gaia ere badagoelako landu beharrekoa. Gure zeregina da pertsona gustura eta seguru sentitzeko baldintzak sortzea, eta irtengo denaren beldurrik gabe espresatu ahal izatea, edozein adierazpen positiboki indartuz.

Liburuan aipatzen duzun beste oztopo bat da gaur egungo haurrak teknologietan murgilduta hazten ari direla eta jada ez dakitela jolasten lehen egiten zen bezala. Kosta egiten zaie jolasak sortzea, asmatzea…

Horrela da. Haurrek eta nerabeek ospitalean denbora asko ematen dutenean, hor arriskua da ordu asko egotea, eta asperdura handia.Hor garrantzitsua da aitak edo amak argi izatea teknologien erabilera hori mugatu egin behar dela eta beste modu aktiboago batzuetan jolasten ere ikas dezaketela.

Ospitalean dagoen umearengan jolasteko gogoa berreraikitzeaz ere hitz egiten duzu

Jolasa haurrak bere burua ezagutzeko, ikasteko eta ingurunea aurkitzeko aukera ematen dion ekintza-eragilea da. Baina ospitalean ez dute beste neska edo mutil batzuekin elkarrekintza edo interakzioan jarduten, beraz, hor jarri behar da arreta. Txotxongiloekin jolastea aitzakia bat da haurrak pertsonaiei ahotsa emateko eta, horrela, irudimena eta fantasia suspertzeko. Horrela, gaixotasuna ahaztu egiten zaie, askotan bakartze-garaiak igaro behar izaten baitituzte geletan transplante edo prozedura medikoen ondorioz. Jolasa burua beste leku batean jartzeko modu bat da. Eta uste dut tresna ahaltsua dela egoerari aurre egiteko.

Lehenago ere esan dugu arte-terapia ez dagoela ofizialki ezarrita osasungintzan, baina eska dezakegu?

Bai, arte-terapia gero eta gehiago sartzen ari da osasun-arloan. Ez dago ospitale guztietan, baina handietan bai, eta doakoa da, ospitaleko beste zerbitzu baten parte delako; hala ere, arte-terapeutak ez ditu beti ospitaleak berak kontratatzen, baina bai kanpotik laguntzen duten elkarte edo fundazioen bidez.

Arte-terapeuta diziplina anitzeko talde baten barruan dago, psikologia edo erizaintzako profesionalekin eta gizarte-langileekin batera. Erizaintzatik proposatu ohi da, edo, batzuetan, senide batek egiten du. Hori ospitalean dauden haurren kasuan, denbora luzez egoten baitira, baina arte-terapia edozein pertsonak ere egin dezake, hazkunde pertsonaleko prozesu batean. Adinekoen egoitzetan ere aplikatzen da, edo genero-indarkeria jasan duten emakumeentzat edo mendekotasunak pairatzen dituztenentzat. Arte-terapia mundu guztiarentzat da.

Arte terapia clínica: El uso terapéutico de las artes expresivas y creativas aplicadas a niños y adolescentes hospitalizados

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×