Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena

Zenbat aldiz ikusi ditugu gurasoak entrenatzailearen eginkizunetan partida batean? Edo umeak blokeatuta larregizko autoexijentziagatik edo ama edo aita atsekabetzeko beldurragatik?

Kirolak emozio asko sortzen ditu, eta batzuetan ez dakigu horiek kudeatzen: lehiaketa baten aurretik tripako mina duten eta zergatikoa ulertzen ez duten haurrak, arreta guztia garaipenean jarrita duten eta emozio horiek kudeatzen zelan lagundu ez dakiten entrenatzaileak, beren laguntza-rolaz zalantzak dituzten gurasoak, etab.

iñigo AguinagaHorregatik, “Kirola, gaitasun emozionalak bultzatzeko” jardunaldia antolatu dugu, gaitasun emozionalak garatzen eta emozioak modu osasungarriagoan kudeatzen laguntzeko helburuaz. Jardunaldi horretan, BBK Familyk eta Deusto FamilyPsych-ek argitaratutako liburua aurkeztuko da:Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena”; liburua Iñigo Aginagak idatzi du, Psikologian graduatua Deustuko Unibertsitatean, eta Kirolaren Psikologian masterra UNEDen.

Gazteenei, kirolaren bidez, gaitasun batzuk garatzen laguntzeko asmoz sortutako liburua da “Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena”, eta gaitasun horiek, pertsona gisa, garapen integrala lortzen lagunduko diete. Zehazki, kapituluetan zehar hainbat kirol-esperientzia aurkezten dira, protagonistari bere emozioak ezagutzen eta haiekin modu egokian harremanetan jartzen lagundu diotenak.

Deustuko Unibertsitatean eta, bereziki, Deusto FamilyPsych ikerketa-taldean garatutako ikerketa-proiektu zabalago baten barruan kokatzen da liburua. Ikerketa-proiektu horren barruan, Hunkitzen prestakuntza-programa sortu da, eta kirola bitarteko gisa erabiltzea du helburu, gazteen gaitasun emozionalak garatzeko eta, horrela, gazteen ongizate psikologikoa areagotzeko. Programa hori funtsezko premisa batetik abiatzen da: kirola, berez, ez da nahikoa nerabeen garapen positiboa bermatzeko. Aldiz, testuinguru egokiak sortu behar dira, prestakuntza-etapetan dauden neska-mutilek kirol-esperientzia osasungarri eta atsegingarriak izan ditzaten. Horren haritik, entrenatzaileen eta familien zeregina funtsezkoa da, eta, horregatik, figura horiek ere Hunkitzen programaren barruan sartzen dira. Programa horren barruan, liburua tresna bat da irakurketaren bidez gaitasun emozionalak eta harreman-gaitasunak sustatzeko kirola egiten duten haurrengan.

Gaur egun paradigma aldatzen ari den arren, alderdi psikologikoak eta emozionalak gai tabua izan dira, baita kirolaren munduan ere. Askotan, alderdi tekniko, taktiko eta fisikoak lantzea azpimarratu da, baina zer gertatzen da alderdi psikologikoekin? Zer gertatzen da kirolari batek zailtasun emozionalak dituenean?  Alderdi horiek duten garrantziari buruzko ezjakintasunak, baita horiei dagokien konplexutasunak ere, zaildu egin dute kirola izatea kirolariek beren esperientzia emozionalak adierazteko eta/edo partekatzeko testuingurua. Horrekin batera, eskola-adineko kirolean sarritan ikusten dira formakuntza-testuinguru bati ez dagozkion praktika edo jardunbideak. Adibidez, garaipenean eta, ondorioz, lehian larregizko arreta jartzeak, ingurune hezitzaileekin batera, formalki aurreikusi bako kudeaketa emozionala eskatzen duten egoeren aurrean jartzen ditu haurrak. Hori guztia ikusita, agerian geratzen da haurrek beren emozioak modu osasungarrian ulertu eta horiekin erlazionatu ahal izateko moduko kirol-jarduerak garatzeko premia edo beharrizana dagoela.

Aipatutako beharrizanak asetzeko helburu nagusiarekin, “Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena” liburuaren helburua da kirol-ingurunean eta, ondorioz, eguneroko bizitzan izaten dituzten emozioez jabetzen laguntzea kirolari gazteei. Liburuko pertsonaiek kontatutako esperientzien bidez, hainbat jarduera proposatzen dira kapitulu bakoitzaren amaieran, irakurleak lortutako ezaupideak praktikan jar ditzan. Testuan azaltzen diren narrazio gehienak gaur egun oraindik ere bizitzen diren benetako esperientziei buruzkoak dira. Horrela, gazteak identifikatuta sentitzea eta liburuko protagonisten bizipenekin konektatu ahal izatea espero da.

Kirolari gazteei zuzenduta egon arren, entrenatzaileak eta familiak ere bertan parte aktibo izan daitezen sortu da liburuaren edukia. Eskola-adineko kirola ezin da ulertu eragile horiek umeengan duten eragina kontuan hartu barik. Hori dela eta, zenbait kapitulutan entrenatzaileek kirolariekin dituzten egoerak azaltzen dira, eta familiek seme-alabekin dituztenak. Era berean, proposatutako jarduera asko elkarrekin partekatu eta landu ahal izateko pentsatuta daude, emozioei buruz askatasun osoz berba egin ahal izateko inguruneak sortzen lagunduz.

Laburbilduz, “Futbolaz inoiz kontatu ez zidatena” liburuak helburu hau du: prestakuntza-etapetan kirolean antzemandako premia edo beharrizan jakin batzuk asetzea eta, zehazkiago, kirolari gazteen garapen emozionalean laguntzea. Horretarako, funtsezkoa da entrenatzaileek eta familiek kontzientzia hartzea alderdi emozionalek haurren ongizatean duten garrantziaz. Horrela, lan hau ez da soilik garapen emozionala bultzatzeko tresnak eskaintzera mugatzen, baizik eta kirol-testuinguruko eragile guztiak sentsibilizatzea ere bilatzen du, gazteenen emozioen adierazpen eta ulermena ahalbidetuko duten gune seguruak sortzeko.

liburuaEta familiei dagokienez, irakurketaz gain, liburu honek QR kode bat ere badarama BBK Familyren “Tratu ona: kirola eta familia” online ikastarora doan sartzeko. FFFamiliak semeari edo alabari kirolean laguntzeko duen eginkizuna jorratzen da bertan, baita kirol-inguruneetan dauden familiei gaitasun batzuk eman ere, esparru horretan Tratu Ona garatzeko eta umeen eskubideen ikuspegitik jarraibide batzuk emateko.

Amaitzeko, mahai-inguru bat izango da. Oscar de Marcosek eta Irene Ogizak, Athletic Club jokalariek, Isabel Iturbek Bilbao Basket eta bere fundazioa presidenteak, eta Arantza Remirok, gizarte hezkuntzan diplomatua, eta CD Derion jokatzen duen 11 urteko ume baten amak parte hartuko dute. Beren esperientziak kontatuko dizkigute eta gaitasun emozionalak garatzeko gako batzuk emango dizkigute.

Norentzat: Familia, kirolari eta entrenatzaile, gorputz-hezkuntzako irakasle eta psikologoentzat.
Liburua oparituko da jardunaldiaren amaieran.
Lekua: Ellakuria aretoan, Crai Eraikuntza Liburutegian, Desutuko unibertsitatearen aurrean. Ramón Rubial kalea, 1. Bilbon.
Noiz: Martxoak 23, 18:00 h

Jardunaldira joan gura baduzu,  hartu zure plaza doain hemen

Jardunaldia online ikusteko asmoa baduzu, hartu zure plaza doain hemen

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Hona hemen, kirol jardunaldiaren bideoa:

Menu

BBK Family Learning

×