“Ez zait neure burua gustatzen, ezberdina izan nahi dut”

Hitz horiek, maiztasun handiago edo txikiagoarekin, intentsitate handiago edo txikiagoarekin, nerabe guztiek adierazi ahal izango lituzkete une jakin batean. Eta nerabezaroaren prozesu naturalaren parte dira. Zergatik? Aldaketa askoko (fisikoak, kognitiboak, emozionalak, harreman edo erlazionalak…) bizi-aldia delako, eta beren segurtasuna eta autoestimua proban jartzen dituzten erronka askori egin behar dietelako aurre gazteek. Denboraldi esanguratsua da norberaren nortasuna definitzeko: nor naizen, nolakoa naizen, nor izan nahi dudan, zelan ikusten nauten besteek, zein erakargarria naizen, zenbat gustatuko ote natzaien besteei… Eta prozesu natural horretan une batzuetan beren buruaz zalantza egiten dute, beren buruaz hain atseginak ez diren alderdiei gehiago erreparatzen diete eta beren ezaugarri positiboak ikusteari uzten diote.

Prozesu hori indartu egiten da nerabezaroan oso ohikoak diren eta, aldi berean, autoestimuarentzat kaltegarrienak diren dinamiketako baten bidez: konparazioa. Nerabeak, eguneroko bizitzako une askotan (arlo akademikoan, kirolean, alderdi fisikoan, harremanetan duten arrakastan, bizimoduan…) , berdinekin edo beren gisakoekin alderatzen dira, eta konparazio-dinamika horrek atsedenik ez izatea ahalbidetzen dute sare sozialek (baina hau beste gai bat da).

Horrela, ziurtasunik gabe sentitzea, beren buruaz zalantza egitea, alderatu edo konparatzea…  nerabezaroan gertatzen diren prozesu naturalen parte dira, eta horiek zeharkatzen lagundu beharko diegu, beren buruaren azterketa edo “txekeo” horrek hazten eta beren izaera positiboki balioesten lagun diezaien, lagunak baino gutxiago edo okerragoak direla ondorioztatu beharrean.

Beste batzuekin alderatze horretan, gorputza eta gorputz-irudia jokaleku nagusia izaten da.  Lodia naiz, txikiegia, zangoak itsusiak ditut, ez naiz gihartsua, bularrak txikiak ditut, ez zait nire sudurra gustatzen, ipurdi handia dut… beldurgarria naiz, hobeto estaltzen banaiz, ez dut nahi ikus nazaten, arbuioa eragingo dut… Jakina, irudia larregi baloratzen duen, arketipo estetiko jakin batzuk planteatzen dituen, lehia sustatzen duen eta ‘Ni’ idealizatu bati buruzko mezu etengabeak zabaltzen dituen gizarte batean bizitzeak asko zailtzen du gazteentzat berez ere zaila den egoera. Hainbeste, ezen nerabe batzuek sufrimendu handiz bizi baitituzte beren ezaugarri fisiko batzuk, “ebakuntza egin nahi dut” eskatzeraino. (Egin dezagun hausnarketarako geldialdi bat: zer motatako mezuak ari naiz nire seme-alabei ematen estetikari buruz? Zer ikusten dute nigan eta neure gorputza bizitzeko dudan moduan? Nik onartu ala arbuiatu egiten dut nire gorputza?).

Zeri erantzuten dio hain eskaera zorrotzak?

Logikoa denez, sufrimendua amaitzeko eta hobeto sentitzeko ahalegina da. Gogora dezagun nerabezaroan emozioak oso biziak direla, une askotan ezin dute arrazionaltasunez eta patxadaz pentsatu, eta dramatismo handiz bizi dituzte helduentzat garrantzi txikiagokoak izan daitezkeen egoerak.

Aldi berean, oraindik ez dute beren ekintzen (edo desioen) benetako ondorioak baloratzeko gaitasunik. Horrela, nerabe baten buruan hausnarketa logikoa dirudi honek: “Nire pisuagatik traumatizatuta nago, liposukzioa egingo banu askoz zoriontsuago izango nintzateke, beraz, ebakuntza egin nahi dut”. Izan ere, beren ondoeza amaituko dela eta askoz hobeto sentituko direla irudikatzen dute, eta errealistak ez diren fantasiak nerabeen pentsamenduaren parte dira.

Kontuan izan behar dugu, halaber, beren gorputzari buruz adierazten dutena nerabezaroko ziurtasunik ezaren prozesu orokorrago horren adierazgarri dela. Nor diren diseinatzen ari dira, beren burua zelan ikusten duten baloratzen, beren nortasuna sortzen eta, askotan, beren gorputzari dagokionez sentitzen dutena beldur edo segurtasun gabezia sakonagoekin lotuta dago, “estetiko-itxurazkoaz” haratago. Eta, beste behin ere, eskaera horrek ziurtasun-gabezia hori desagertzea bilatzen du, baina fisikotik haratago entzun beharko dugu.

Zelan erantzun horrelako eskaera bati?

Lehenik eta behin, lasaitasunez, lasaitasun handiz.

Lasaitasuna gure erreakzio emozionalari dagokionez. Entzun haien eskaera, ulertu adierazten dutena beren gorputza bizitzeko modua dela eta eman balioa bizipen subjektibo gisa.  Nerabezaroa autodefinitzeko beharrizana ere kontuan hartu behar da: adierazi zer gustatzen zaien eta zer ez zaien gustatzen, zer gura duten eta zelan nahi duten. Ez epaitu eta ez kritikatu.

Erritmoari dagokionez ere, lasai. Nerabezaroan, gaur ziur-ziur uste dutena, bihar guztiz kontrakoa izan daiteke. Honelako erantzun bat baliagarria izan daiteke: “Ebakuntza egin nahi duzu. Hori oso erabaki garrantzitsua da. Arriskuak eta onurak aztertuko ditugu 6 hilabetez, eta edozein erabaki atzeratu egingo dugu poliki pentsatu arte”. Alderdi medikoak, psikologikoak, sozialak… baloratu beharko ditugu. Erabaki garrantzitsua denez, merezi du denbora eta gogoeta eskaintzea. Eta horrela esango diegu.

Ikuspegia zabaltzen lagundu behar zaie. Beren eskaerari buruz, beraientzat erreferente izan daitezkeen beste pertsona batzuekin hitz egin ahal izatea sustatu behar da. Pertsona helduak, gazteak, berdinkide edo gisakoak… familia-eremukoak eta familiatik kanpokoak. Nerabeen premietako bat (osasungarria eta naturala) gurasoen aurrean beren burua baieztatzea denez, baliteke etxetik kanpokoen iritziak irekitasun handiagoz entzutea. Beraien kirurgia-eskaera kidego-talde jakin bateko mezuekin edo eragin sozialekin lotuta baldin badago, aukera eman diezaiegun begirada desberdinak dituzten beste gazte batzuei entzun ahal izateko.

Pentsatzen eta itxaropenak egokitu eta doitzen lagundu behar zaie. Esan bezala, nerabeek modu idealizatuan amesten dute beren buruarentzat zer nahi duten. Eta aldaketa horretan askoz gehiago jartzen dute: Bularrak, belarriak… aldatzen baditut, ni desberdina izango naiz eta nire bizitza desberdina izango da. Arriskuak, gertatuko liratekeen benetako aldaketak ikusten lagundu behar zaie, baita  azpian zer dagoen ikusten ere, zein den kirurgia-nahi horren azpian dagoen amets ezkutua (ezkutua, agian, beren buruarentzat) ere.

Informazioarekin. Bila dezagun arrisku eta onurei buruzko aholkularitza medikoa eta psikologikoa. Era berean, baloratu behar dugu gure seme edo alabak eskatzen digunak zerekin duen zerikusia: kirurgia konpontzailearekin (benetako malformazioak, sortzetikoak edo istripu edo patologiaren baten ondorioz sortutakoak, ziurrenik haurtzarotik sufrimendua eragin diotenak zuzentzen dituenarekin) ala kirurgia estetikoarekin (berak itsusitzat hartzen duena “konpontzearekin”). Kirurgia aukera ona dela erabaki dezakegu edo errefusatu, baina erabaki hori hartzeko informazioa behar dugu.

Hain erasokorrak eta behin betikoak ez diren beste aukera estetiko batzuk ere baloratu behar dira. Eskatzen digutena ematen ez badiegu ere, beraien premia edo beharrizanari (“honekin zerbait egin behar dut”) erantzuten ari gara, eta entzunak eta kontuan hartuak sentituko dira. Aldi berean, horrek denbora gehiago ematen digu kirurgia-eskaera horren benetako motibazioa zein den baloratzeko, bere nahia denboran mantentzen den edo ez, eta aukera ona den edo ez ikusteko.

Eta prebentzio eta oinarrizko jarrera gisa hazkuntza osoan zehar…

Neskato, mutiko, nerabe batek mezu asko jasotzen dituenean bere buruaren hainbat alderdiri buruz, pertsona desberdinengandik jasoak, bere bizitzako esparru desberdinetan… “gogoko zaitut, zurekin egotea gustatzen zait, estimatzen zaitut, baloratzen zaitut, maite zaitut”, segurtasun-oinarri ona garatuko du, eta oinarri horrek lagundu egingo dio, baita beregan aldatu nahiko lituzkeen “zatitxoak” badaude ere.

Yarima Etxeberria Ibáñez, Psikologoa – Psikoterapeuta

Ba al dago seme edo alaba nerabearekin komunikatzeko “une egokirik”?

Gurasoentzako lehen gimnasioa ireki du BBK Familyk

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

Menu

BBK Family Learning

×