Duela hogeita hamar urte etorri zitzaidan hilekoa lehen aldiz kanpamendu batean. Amak hiru egun inguru irauten zuela esan zidan, eta nik, estu eta larri, gauero pentsatzen nuen: “Bihar bukatuko zait, bihar bukatuko zait”. Baina zortzi egun luze iraun zidan, eta egun haietan ezin izan nintzen igerilekuan bainatu, ez bainintzen inori kontatzeko gai izan, eta goizeko seietan jaikitzen nintzen lagun batek (premia higieniko hutsagatik jakinean jarri nuen bakarrak) emandako konpresak aldatzera, inork ikus ez nintzan.
Pentsatu gura nuke hau ez zaiola berriro inongo neskari gertatuko. Hala ere, badakit ez dela horrela. Eta badakit, zeren nire alabak, hilekoa lehen aldiz etxean zegoela etorri zitzaion arren, ustekabean harrapatu baininduen zera galdetzean: “Ama, etorriko zait hilekoa kanpamenduan?” eta egutegira joan zen egunak zenbatzera. Berehala konturatu zen kalkulatzea oso zaila zela, batzuetan atzeratu egiten zitzaiolako, beste batzuetan aurreratu, eta denbora dezente geratzen zelako kanpamendura joan arte. Beraz, hilekoa kudeatzeko moduari buruz solasaldi bat izan genuen, konturatu bainintzen ez nuela berarekin nahikoa berba egin gai honi buruz.
Askotan uste dugu informazio asko dutela, jada ez dela tabu bat, gauzak aldatu egin direla, baina pixka bat urratzen badugu, ez dira hainbeste aldatu zenbait alderditan. Horregatik, Amane-ko emaginei galdetu diegu zalantzak argitzen lagun diezaguten, gero guk gure alabei ere argitu ahal izateko.
Hilekoari buruzko funtsezko galderak
–Zein adinetan da gomendagarria hilekoa zer den azaltzea?
Familia barruan, gomendagarria litzateke naturaltasunez lantzea, adin guztietan. Jakinguragatik edo egin diezazkiguketen galderengatik, 8 edo 9 urtetik aurrera une egokia da sentitzen hasiko diren edo lagunengan sumatuko dituzten aldaketei buruz gure seme-alabekin elkarrizketa sustatzeko.
– Zelan heldu diezaiokegu gai honi?
Amak hilekoa duenean eta seme-alabek jakingura sentitzen badute, zer den azaltzen hastea, telebistako iragarkiak aprobetxatzea edo hilekoaren egunetan erabiltzen diren produktuak supermerkatuan erosterakoan berba egitea… ideia onak izan daitezke. Batez ere, hilekoaren zikloa normalizatu behar da, eta emakumearen bizitzan naturala den zerbait bezala ikusten lagundu behar zaie txikienei.
Gaur egun, gai horri buruzko material asko dago, eta liburu horiek beraien eskura jar ditzakegu, hortik ere galderak sor daitezen.
–Zer azaldu beharko genieke?
Informazioa neska edo mutikoaren adinera egokitu behar da beti. Helduok badakigu nesken gorputzetan oso aldaketa fisiko nabarmenak (pubis eta besapeetan ilea agertzea, bularreko botoia, garaiera handitzea, etab.) gertatu ostean agertzen dela lehenengo hilekoa. Hormonen eraginez gertatzen dira aldaketa horiek, eta, beraz, adi egon behar dugu.
–Normalean, neskek ez diete ikaskideei kontatzen hilekoa etorri zaiela, ezkutatu egiten dituzte konpresak… Zuen ustez, zergatik jarraitzen du tabua izaten gai honek?
Jarrera horiek inguruan dituzten beste emakumeengan ikusten dutenaren isla dira. Gu gara egitate hori lantokietan, eguneroko bizitzan eta abarretan ezkutatzen dugun lehenengoak.
Normalizazioak eskaintzen diegun etsenplu edo jarraibidetik hasi behar du, eta hor sartzen da ez bakarrik produktuen erabilera, baita zelan gauden, egun horietan zer sentsazio ditugun, sentikorrago gauden edo ez, molestiak ditugun edo ez, … partekatzea ere.
–Hilekoa neskei esplikatzen zaie, baina ez hainbeste mutilei. Haiekin ere hitz egin beharko genuke?
Bai, hilekoaren gainean dagoen tabua desagertzeko, denek, neskek eta mutilek, jakin behar dute zer den, hilekoaren zikloa zelakoa den, eta abar.
–Zenbat urterekin etortzen da?
Menarkiaren (lehenengo hilekoaren) adina 10 eta 13 urte artekoa da. 16 urte bete baino lehen agertzen ez bada, azterketa bat hasi beharko litzateke. Pediatria-arloko profesional sanitarioek egindako osasun-jarraipenarekin eta kontrolekin, pubertaroari dagozkion aldaketen hasieran atzerapen edo aurrerapen bat detektatu egingo da eta azterketapean jarri.
–Zer ondorio izan ditzake garapen oso goiztiarrak (8-9 urte)?
Kasu bakoitzaren azterketa espezifikoa egin behar da. Ez da beti patologikoa izango. Lehen Arretako pediatria-kontsultan egindako zaintzak eta aldaketak oso goiz hasi direla hautemateak azterketa sakonagoa egitera eroango ditu, eta beste espezialitate batzuk ere sar daitezke hor, endokrino pediatrikoa, adibidez.
Bada patologikoa ez den koadro bat, baina ondorio negatiboak izan ditzake pertsonaren azken altueran, pubertaroko garapenaren hasiera 8-9 urte artean ematen bada nesketan eta 9-10 urte artean mutiletan.
–Eta 15 urte baino geroago etortzea zerbait txarto doan seinale izan liteke? Profesional bati galdetu beharko genioke?
14 urtetik aurrera, bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzen hasi ez badira (bularren garapena, pubiseko edo besapeko ilea …) edo 16 urterekin lehen hilekoa agertu ez bada, pubertaro berantiartzat hartzen da. 15 urtetik aurrera, neskak oraindik ez badu bere lehen hilekoa izan, gomendagarria litzateke osasun-profesional batekin kontsultatzea, oso-oso ezohikoa baita hori eta patologia batzuk baztertu behar baitira.
–Lehen urteetan erregulartasunik ez izatea, arazo bat al da?
Oso ohikoa da obulaziorik gabeko zikloak izatea eta hilabete batzuk igarotzea zelanbaiteko erregulartasuna agertu arte. Azaldu egin behar diegu, eta aurreikusita izan behar dute edozein egoeratan ager daitekeela; beraz, gomendagarria da ordezko barruko arropa eta hilekorako produktuak eskolara edo institutura eramatea. Gauza bera, kirola egiten badute.
–Normala al da lehenengo aldietan 6 egun ere irautea?
Normala da, hilekoaren odol-jario anormala 7 egun baino gehiago edo 2 egun baino gutxiago irauten duena da.
–Behin hilekoa iritsita, hazkundea amaitu da ala hori mito bat da?
Ez da egia. Neskek gutxi gorabehera beste 3 urtez hazten jarraitzen dute. Hazkunde-erritmoa txikiagoa da, eta 5-8 zentimetro gehiagora irits daiteke. Mokor edo aldaken zabaltze bat ere agertzen da.
–Jardueraren bat saihestu behar dugu hilekoa daukagunean?
Emakume bakoitzak bere jarduera fisikoa egokitu behar du hilekoak irauten duen egunetan daukan egoeraren arabera; aire zabalean ariketa fisiko moderatua egitea, yoga egitea, estresa gutxitzea… gomendatzen da. Ez dago emakume guztientzako gauza bera esaterik. Geure erritmoek gidatu behar gaituzte.
–Zer da hilekoaren aurreko sindromea?
Emakume batzuek hilekoa iritsi baino astebete lehenago sentitzen duten sintoma-multzoa da. 100 sintoma baino gehiago daude, horietako asko hantura zelularrarekin lotuak, faktore emozional, fisiko eta genetikoen elkarreragin konplexuaren ondorioz. Hauek dira horietako batzuk: aknea, gozokiak jateko irrika, nekea, sabeleko hantura, ezegonkortasun emozionala, suminkortasuna, etab. Aldaketa dietetiko batzuekin hobetu daiteke, azukrea eta produktu finduak ezabatuz, kafeina kenduz, gantz-azido esentzialen (fruitu lehor, arrain eta abarren) kontsumo handiagoa eginez, estresa murriztuz eta ariketa aerobikoa eginez (gutxienez 20 minutu, astean 3 aldiz).
–Zelan bizi izaten dute neska nerabeek une hori emozio-mailan?
Emozio- eta izaera-aldaketa handiko uneak izaten dira: sentimendu eta sentsazio berriak izaten hasten dira. Dena nahasiago bihurtzen da, zalantzatiagoa sentitzen dira, eta haien sentimenduak konplexuagoak eta gatazkatsuagoak dira. Desberdintasun fisikoak oso nabarmenak izan daitezke: neskato batzuk erabat garatu diren bitartean, beste batzuek oraindik ez dute garapen-prozesua hasi. Lagun-taldean baztertuak izateko arrazoia izan daiteke hori, eta pubertaroan oso garrantzitsua da zure lagunekin “bat zatozela” sentitzea.
–Zer egin dezakegu familiok haiei laguntzeko?
Geure bizipenarekin transmititzen dugu aldaketa kudeatzeko modua. Geure buruari entzun behar diogu, eta hilekoa izateak guretzat zer dakarren hausnartu behar dugu.
GOGORATU, BARNERATU zein ona den geure buruari Obeditzea, Errespetatzea, Entzutea, EZAGUTZEA… beren burua EZAGUTZEN laguntzeko.
–Eta kontu praktikoez ari garela, lehenengo hilekotik erabil daitezke tanpoiak edo bagina-kopa?
Ez da ohikoa izaten. Lehenengo hilabeteetan konpresak erabiltzen dituzte, eta pixkanaka, neskek nahi izanez gero, beste produktu batzuk probatzen dituzte. Beren gorputza hobeto ezagutzen dutenean edo uda iristeagatik, kirola egiteagatik eta abarrengatik beharra dutenean, maiz tanpoiak edo hilekorako kopa aukeratzen dituzte.
–Eta mingarria bada, zer egin dezakegu?
Dietan zenbait aldaketa egin daitezke, hala nola azukreak eta irinak gutxitzea (zerealak egunean 2-3 anoa baino gehiago ez), barazki eta fruta fresko eta gihar-proteina (oilasko, arrain, arrautza, lekale) gehiago jatea, gantz-azido esentzialak (omega-3 eta DHA) gehitzea: sardinak oliotan, oliba-olioa, berdela, izokina, fruitu lehorrak,…
–Profesional bati galdetu beharko genioke baldin eta…
Hilekoak 7 egunetik gorako edo 2 egunetik beherako iraupena badu, FLUXUA 80 ml-tik gorakoa edo 5 ml-tik beherakoa bada ziklo bakoitzean, 21 egun baino lehen edo 45 egun igaro ostean GERTATZEN BADA, eta hilekoen artean odoljario irregularra baldin badago (spotting).
Mónica Blas eta Gorane Lozano, AMANEko emaginak
Gai honekin harremana duen artikuluak:
Harpidetu BBK Family newsletter.
BBK Family Telegram Kanalean egon zaitezke. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu.