Konplexuak haurtzaroan eta nerabezaroan

Complejos adolescencia

“Ama, ni ergela naiz, …”, “Ez dut hondartzara joan gura, lodi nago eta”, “Eskolan esan didate belarriak oso puntazorrotzak ditudala”, “Nire lagunak baino askoz altuagoa naiz”, “Jende guztiak uste du umeagoa naizela txikerra naizelako”, eta abar, eta abar.

Bazirudien dena ondo zihoala gure seme edo alabari horrelakoak esaten entzun diogun arte, eta bat-batean beldur eta kezka asko etorri zaizkigu burura. Autoestimu apala izango du? Nondik datorkio segurtasun-falta hori? Harreman-arazoak izango ditu eskolan? Zergatik ditu orain konplexu horiek? Eta garrantzitsuena, zelan lagundu diezaiokegu familiak horiek murrizten?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da konplexuak ez direla fisikoak bakarrik, beste arlo batzuetan ere gertatzen dira, hala nola intelektualean (ergel, ezgai, motel, … sentitzea, ‘gutxiegi’ ateratzea, etab.) edo gizarte-harremanetan (totelka aritzea, lotsatiegia izatea, lagunak mantentzen ez jakitea, etab.). Konplexu horietako gehienen oinarrian gutxiagotasun-konplexua egoten da. Baliteke gure seme-alabek beren bizitzan esperientziaren bat izatea non akatsen bat egin duten edo beste pertsona batzuekin alderatu diren (baliteke konparazio horiek kanpotik etortzea ere). Kontua da, bizipen horien ostean, agian zera ondorioztatu dutela: “EZ NAIZ NAHIKOA”. Hortik aurrera bi aukera dituzte:

  • Larregizko ahalegina egitea perfektuak izateko (eta, horrela, nagusitasun-konplexua izatea, non segurtasunik eza dagoen oraindik ere, nahiz eta “kamuflatuta” egon).
  • Benetan nahikoa ez direla sinestea eta konplexuekin bizitzea.

Puntu horretara iritsita, zelan lagun diezaiekegu familiok beren burua onartzen?

  1. Baldintza bako maitasun-mezua bidaliz

0 urtetik 6 urtera atxikimendu-lotura ezartzen da, eta garrantzitsua da atxikimendu hori segurua izatea eta baldintza barik maite ditugula sentitzea gure seme-alabek.  Akats batzuk egitean gutxiago maite ditugula sentitzen badute, ez dira seguru sentituko eta zaurgarriak izango dira. Maitasuna baldintza bakoa denean, segurtasun-oinarri bat sortzen da, eta horrek eragin zuzena (eta positiboa) du beraien autoestimuan.

Adibidez, ume batek ikasi ez duelako ‘gutxiegi’ ateratzen badu, esan diezaiokegu: “Zelan sentitzen zara? Zure ustez, zer egin behar duzu beste batean emaitza hobea lortzeko? Zein da zure plana?”. Baina ez da komeni honelako esaldiak erabiltzea: “Espero nuen, bai, ez duzu ezer egiten eta! A zer etorkizuna duzun!”. Izan ere, horrelakoek, portaera aldatu beharrean, baliteke bere buruaz ezgaitasun-irudia sorraraztea eta konplexuen agerpena bultzatzea.

  1. Onarpen eta errespetuaren eredu izanda

Posible da zure seme edo alabak ikustea zelan kritikatzen duzun zeure gorputza udan bainujantzitan jartzen zarenean? Zer mezu entzuten dizkizu zeure buruari esaten?  Horren ildotik, zer iruzkin entzuten dizkizu beste pertsona batzuei (baita pertsona ospetsuei) buruz edo beste gorputz-mota batzuei buruz? Eta haratago joanez gero, gurasoen WhatsApp taldeetan (helduen taldeetan, azken batean) aniztasuna errespetatzen da ala, aitzitik, horri iseka egiten diogu?

Edonork bere burua onartzen ikas dezan, mundua askotarikoa dela ulertu behar du, eta inork ez duela erabakitzen zein gorputzetan jaio, eta ulertze hori pertsona helduengan moldatzen da.

  1. Zintzo berba eginez

Geure burua onartzeak ez du esan gura geure burua engainatzea, ezta dena zoragarria denik pentsatzea ere. Gure semea gelako txikerrena bada, ez da komeni kontrakoa esatea, ezta “haziko zara” esatea ere, ez baitakigu benetan zein izango den bere behin betiko garaiera edo altuera.

Gakoa da aitortzea gelako baxuena izan daitekeela eta, era berean, ondo dagoela horrela izatea, ez dagoela ezer txarrik horretan. Era berean, kilo batzuk soberan badituzu edo zure oinak oso zabalak badira, onargarria da horrelakoa izatea.

Horren haritik egin ditzakegun gauza batzuk honako hauek dira:

  • Zelan sentitzen den balioestea: “Iruditzen zait txikiena izatea mingarria gertatzen zaizula”.
  • Zer gertatzen ari den hobeto ulertzen saiatzea, esku hartu behar izanez gero: “Berba egidazu gehiago kezkatzen zaituenaz”, edo “Zerbait gertatu al da honek zu horrela larritzeko?”.
  • Desberdintasunaren aldeko mezua ematea beti: “Pertsona bakoitza bakarra da, garrantzitsua zara niretzat”.
  1. Ez alderatu zure seme edo alaba beste pertsona batzuekin

Hain zuzen ere, pertsona bakoitza bakarra delako, konparatzea ez da inoiz aukera ona.  Askotan, anai-arreben edo berdinen arteko konparazioengatik edo jartzen dizkiegun etiketengatik sortzen dira konplexuak. Horren haritik, haurra etiketatu beharrean, portaera deskriba dezakegu. Hona hemen adibide batzuk:

  • “Bihurria da” esan beharrean, “asko mugitzen da”.
  • “Motela da” esan beharrean, “denbora behar du gauzak egiteko”.
  • “Arreta bakoa da” esan ordez, “batzuetan despistatu egiten da”.
  1. Kontrolatu zer eduki digitaletara duen sarbidea

Zein dira Instagramen jarraitzen dituen kontuak? Zer pertsona-prototipo agertzen da horietan? Edukira sartu aurretik, gomendagarria da familian norberaren irizpidea eta pentsamendu kritikoa trebatzea. Haurrek eta nerabeek jakin behar dute ikusten dituzten irudi gehienak iragazki bidez prozesatuta daudela, eta, beraz, urrundik ere ez direla benetakoak. Larruazalak poroak, orbanak eta testurak ditu. Esertzen bagara, oso litekeena da gerrialdean txitxiak agertzea. Eta  abar, eta abar.

Horregatik, dibertsitate edo aniztasuna modu errealistagoan erakusten duten beste kontu batzuk ezagutaraz diezazkiekegu.

Eta horrekin guztiarekin, noiz kezkatu behar da?

Konplexuak izatea maiz gertatzen da eta pertsona guztioi jazotzen zaigu; gutxi gorabehera 6 urterekin hasi ohi dira, orduan kontzienteagoak baitira neska-mutikoak besteengandik bereizten dituenaz. Era berean, nerabezaroan konplexu gehiago izaten da, eta hori ere normaltasunaren barruan sar daiteke. Ildo horretan, beti egon daitezke geure alderdi batzuk gustatzen ez zaizkigunak edo aldatu gura genituzkeenak, eta hori edozein adinetan gerta dakiguke. Hala ere, garrantzitsua da honako alarma-zeinu hauek ezagutzea, eta laguntza profesionala eskatu behar da baldin eta ikusten bada seme edo alaba(k):

  • … planak egiteari uzten diola, ez duela eskolara joan gura, eta abar. Hau da, konplexuek eragin zuzena dutela bere bizitzan egiten duen edo ez duen horretan.
  • … triste dagoela eta apatiarekin, eta gogo-aldarte horrekin hilabete baino gehiago daramala.
  • … askotan izaten duela solasgai konplexuen gaia, eta benetan eragiten diola/asko kezkatzen duela ikusten bada.
  • … bere buruari mezu oso negatiboak ematen dizkiola behin eta berriro, errespetua galtzera iristeraino.
  • … konplexu horien ondorioz, kosta egiten zaiola sozializatzea…

Azkenik, hona hemen intereseko bibliografia-erreferentzia batzuk:

  • Haurtzaroan:
    • Orejas de mariposa, Luisa Aguilar.
    • Yo voy conmigo, Raquel Díaz.
    • No pasa nada, Xabi López.
  • Nerabezaroan:
    • Biografía de un cuerpo, Mónica Rodríguez.
    • Tu cuerpo es único, Jessica Sanders.
    • Persona normal, Benito Taibo.

Beatriz Alonso Sánchez. Pedagogoa eta psikologoa

Menu

BBK Family Learning

×