ARTEA IKASBIDE 2022

Start date: 14 June, 2022
End date: 18 September, 2022
Time: 00:00 - 00:00
Agenda EUS

Guggenheim Bilbao Museoak erakusketa berri bat aurkezten du udaro, eta haurrak dira bertan ikusgai jartzen diren artelanen egileak. Erakustaldi hori Artea ikasbide ekimenaren azken urratsa da, ikasturtean zehar BBKren babesari esker garatzen den hezkuntza-programa artistikoarena, hain zuzen.

Elssie Ansareo, Ibon Garagarza, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona, Maider López eta Ibon Saénz de Olazagoitia dira lehen hezkuntzako ikasleek 2021–22 ikasturtean zehar abentura honetan bidelagun izan dituzten sei artistak.

Programari esker, ia 140 ikaslek izan dute aukera curriculumeko gaiak ohikoa ez den ikuspegi batetik lantzeko. Gizarte eta Natura Zientziak, Hizkuntza eta Matematika izan dira artearen bidez landutako arloetako batzuk.

Artistek diziplinarteko proiektuak planteatu zituzten hainbat gairi heltzeko, nola diren Ukrainako gerra eta migrazioak, hizkuntzak eta komunikazioa, planetaren zaintza eta etorkizun utopikoa, unibertsoaren edertasuna, eta emakumeek historian izandako rola. Gaurkotasuneko gaiak dira denak, lehen hezkuntzako curriculumarekin lotutakoak gainera.

Hezkuntza-programa horretan galderak egiten dira, jakin-mina pizten da eta bide ematen zaio inprobisazioari, jolasari, esplorazioari, ikerketari eta esperimentazioari. Hala, prozesu horiek pentsatzera, balioestera, aukeratzera, probatzera, zikintzera, zalantza egitera eta dibertitzera bultzatzen dituzte haurrak; zenbaitetan, baita galtzera ere, eta, jakina, huts egitera, hutsegiterik gabe ez baitago aurrerapenik.

Menu

BBK Family Learning

×