Eta kontatzen badiogu? Familia-sekretuak eta zelan eragiten dieten

“Gurasoek ez zioten inoiz esan alaba biologikoa ez zenik, baina Aldanak zenbait egoera identifika ditzake, zeinetan bere hazkuntzako amaren hitz egiteko moduak susmarazi egiten baitzion. “Sos una villera, volvé a la villa”, bere hazkuntzako amak inoiz erabilitako esaldiak ziren, edo bere itxura fisikoari buruzkoak: “Indiarra ematen duzu, ijitoa dirudizu […]. Nik egin ezin nituen gauzak egiten nituen, adibidez, txirikordak egitea, nik ezin nuen txirikordarik egin, etnikoegia ikusten bainuen neure burua, zelanbait esateko, edo ezin nituen plastikozko poltsak erabili etxeko enplegatuek plastikozko poltsak erabiltzen dituztelako, orduan zuk ezin dituzu erabili, esaten zidan”.  (Aldanaren kasuaren berreraikuntza, 2012ko apirilaren 26an egindako elkarrizketa)”

Soledad Gesteira: “SOLEDAD SECRETOS, MENTIRAS Y ESTIGMAS. LA BÚSQUEDA DEL ORIGEN BIOLÓGICO COMO UN TRÁNSITO DEL COMO SI AL CÓMO FUE” in Antípoda. Antropologia eta Arkeologiako aldizkaria, 21. zka., urtarrila-apirila, 2015, 165-184 orr., Andeetako Unibertsitatea, Bogota, Kolonbia

Familiak loturen, istorioen, leialtasunen eta traizioen zuhaitzak bezala hazten dira. Sustrai trinko samarrekin, adar berri bakoitzak berritasun bat bezala hasten du bere ibilbidea, loratzeko eta fruitua ematen jarraitzeko nahiarekin. Bizi-igarotze horretan, familia-enborreko kide izateko beharrizana adar bakoitzaren patua zuzentzen duen grabitatearen lege gisa formula daiteke. Kide izateko beharra dugu. Eta kide izate horretatik aldentzen gaituen jokabide, jarrera, isiltasun edo obra oro desleialtasun, min, tristura, erru gisa biziko dugu. Pertenentzia edo kidetzan jokatzen dugu izatearen zentzua. Eta kontzienteki, eta batez ere inkontzienteki, edozer gauza egiten dugu kide izaten jarraitzeko, dela adar garaile eta elikatu gisa, dela zuhaitzaren fisonomia gogortzen duen baina aldi berean eratzen duen adabegi gisa.

Lotura-bilbe horretan, familia-sekretuek adar bakoitzak heredatzen duen kontakizunaren zati garrantzitsu bat jokatzen dute. Familia-izkinetan kontatuaren, ezkutatuaren, mundu guztiak dakienaren, baina inork berbaz adierazi gabearen… bidez. Sekretuak familiaren berezko osagaiak dira. Familia baldin badago, sekretuak daude.

Familiako abusuen iragana kontatu ala ez ez dakien aita edo ama, gurasoetako baten desleialtasunaren berri nerabezaroan izaten duen seme edo alaba, aitaren edo amaren familiaz ezer ez dakiela ohartzea, arrazoia zein den ez dakigun abandonu bat, jakinarazi gabeko adopzio bat, aitortu gabeko anaia edo neba baten egotea, gaixotasun bat kontatzea edo ez kontatzea, zerk eragin zuen inork ez dakien heriotza bat, aurreko bikotekide baten egotea, zergatik urrundu garen anaia edo nebaren familiatik, lehengusu-lehengusinengandik… Ahapeka izendatutako edo armairuetan giltzapean ezkutatutako istorio horiek familia-geografiak zeharkatzen eta eratzen dituzte.

Sekretuak hor daude, eta, agian, lehenengo gauza da ulertzea gure bizitzaren parte direla eta gure bizitzako bihurguneetan jarraituko dutela. Kontua ez da sekreturik gabeko familiak sortzea. Baizik eta ulertzea zer eginkizun jokatzen duten, zelan eragiten diguten, zer ondorio dituen horiek gordetzeak edo ezagutaraztera ausartzeak, eta, batzuetan, nola egin kutxa hori ireki ahal izateko, garen kimu horri edo eratzen gaituen zuhaitz horri osasuna emateko asmoz.

Nagusi den gizarte-moralaren aurrean geure burua ezkutatzea.

Sekretuaz ari garenean, norbaitek nahita ezkutatzea erabakitzen duen errealitate edo bizipen bati buruz ari gara, ezkutatzen duen pertsona horrentzat edo horientzat funtzio bat betetzen duelarik. Sekretuak intimitatearekin, pribatutasunarekin, norberaren eta familiaren irudiarekin du zerikusia, eta irudi hori aldatuz eta egokituz joaten da nagusi diren gizarte-arauetatik abiatuta.

Zer ezkutatzen dugu sekretu baten bidez?Duela belaunaldi batzuk “ama ezkongabea” izatea  ezkutatzen zen, edo arraza arteko harremana, “ezkontzatik kanpo”ko seme-alabak, familiak onartu bako ezkontzak, harreman homosexualak… Gaur egun, sekretuez ari garenean, indarkeriaz, delituez, erasoez, desohoreez, suizidioez eta, gero eta gehiago, abusuez, egoera ekonomiko txarrez, jokabide xenofoboez, homofoboez… hitz egiten jarraitzen dugu.Eboluzionatu egin dugu eta, bilakaera horretatik abiatuta, bizipen asko daude gaur egun ezkutatu beharrik ez dutenak.Sekretu horiek ezagutaraztera gonbidatzen gaituzte sozialki.Eta beti gertatuko den bezala, beste egoera edo esperientzia batzuk tabu berri gisa agertzen dira, ezkutatu beharreko sekretu berriak sortzen dituzten isiltasunak sustatuz.

Sekretua eta pribatutasuna.

Garrantzitsua da azpimarratzea sekretuak pribatutasunarekin lotuta daudela. Horregatik, ez dago zertan osagai negatibo gisa ikusi, baizik eta babes gisa, kasu batzuetan beharrezkoa dena. Pribatutasuna norberaren nortasuna osatzen duen elementua da, ezinbestekoa gure nortasun-egiturak eratzeko. Adierazi nahi ez ditugun ekintzak, egoerak edo gure nortasunaren zatiak azaldu ditzakegula edo ezkutuan gorde ditzakegula sentitu behar dugu. Beste pertsona batzuen iritzi eta begiradaren aurrean, geure burua erakusteko edo ezkutatzeko gaitasuna dugula sentitu behar dugu. Garrantzitsua da premia edo beharrizan hori babestearen garrantziaz jabetzea familiok. Gure seme-alabek jakin dezatela nahi dutena konta diezaguketela edo ez, ez ditugula euren mezuak irakurriko edo zelatatuko, salbuespenezko arrisku-egoeretan izan ezik, edo konta dezaketenaren edo ez dezaketenaren erantzukizunean pixkanaka hezteko prozesuaren parte gisa.

Testuinguru horretan, sekretuak babestu egiten gaitu eta gure seme-alaben intimitatea babesten du. Geure intimitaterako eskubideaz jabetzea, baita horrek alderdi, egoera edo bizipen jakin batzuk ezkutatzea dakarrenean ere, urrats garrantzitsua da gure heltze-garapenean.

Era berean, funtsezkoa da sekretuak mantentzeak, bai pertsonalki, bai harremanei dagokienez, zer eskatzen digun eta zelan eragiten digun jabetzea. Egoerak, nire bizitzako alderdiak edo bizipenak nahita ezkutatzea ez da doakoa izaten. Kostu bat du, batzuetan oso handia. Bai maila pertsonalean, bai harremanetan, gu ez garenean nahasita edo  tartean gauden pertsona bakarrak. Ezkutatzen dudanak eragin egiten dit, eta beste pertsona batzuei ere eragiten die.

Nire edo beste pertsona batzuen zerbait ezkutatzen dudanean, nire energiaren zati bat sekretu hori gordetzen gastatzen dut, utzi egiten diot neure burua erakusteari, eta, ziur aski, neure burua desonest, ezkutatzaile, ez-zintzo… gisa jotzearen errua jasan beharko dut. Bestalde, lotsatzen nauen egoera bat edo egin dudan ekintza bat ezkutuan edukitzeko beste pertsona batzuk, modu adiskidetsuan edo behartuta, inplikatzen ditudanean sekretua gorde diezadaten, ekintza horren ondorioez jabetu behar dut.Bai neuretzat, bai nire konfiantza duten edo sekretuaren gordetzaile diren pertsona horientzat.

Batzuetan isileko itunak izango dira, beste batzuetan esplizituak eta adostuak. Batzuetan, egoera anekdotikoak izango dira, eta ez dute zertan kalterik eragin, adostuak badira, eduki larririk ez badute edo emozionalki modu bizi eta trinkoan lotzen ez badute. Beste egoera batzuetan, sekretuei eusteak, bai mehatxuz edo behartuta, bai leialtasunez eta elkar estaliz, denboran zehar ondorioak, batzuetan larriak ere bai, ekarriko dituzten egoerak sortzen ditu. Horrela, ondoez eta gaixotasun mentaleko egoera askok lotura zuzena edo zeharkakoa izan dezakete batez ere familia-eremuan sekretuak gordetzearekin.

Sekretuari egindako bi begirada horien (babesten nauenaren eta mantentzen edo sortzen dudan zamaren) arteko jokoan dago sekretuak ezagutarazteko edo ezkutatzen jarraitzeko erabakia.

Jarrera ezberdinak  sekretuaren eta bere funtzioaren aurrean.

Gordetzen dugun sekretuaren aurrean, edo familiako kideren batek edo gehiagok gordetzen dutenaren aurrean, posizio desberdinetan aurki gaitezke. Biktima edo erasotzaile (erasotzaile, abusatzaile…) posizioan gertatu den egoera baten aurrean,  lotsaz ezkutatzea erabakitzen dugunean edo ezkutatzera behartzen gaituztenean. Beste pertsona batzuen sekretuen, modu konplize edo behartu batean jakinarazten zaizkigun sekretuen, eramaile ere izan gaitezke. Azkenik, modu esanguratsuan inplikatzen gaituzten sekretuetatik (guraso ezezagunak, guretzat garrantzitsuak diren pertsonen suizidioak, ezagutarazi gabeko adopzioak, …) baztertutako pertsonak ere izan gaitezke. Era berean, eremu intrasubjektiboan (gutako bakoitzarekin lotura estua duena), eremu intersubjektiboan (familia-eremuekin eta hurbileko harremanekin lotutako sekretuak) edo transubjektiboan (gizarte- eta kultura-arloko kidetza-harremanen eremu ez hain hurbilean) dauden sekretuez ere hitz egingo dugu.

Posizio horietako bakoitzak inplikazio desberdinak ditu, eta posizio-ekosistema horretan has gaitezke geure buruari galdetzen zein diren sekretuaren funtzioak. Zertarako gordetzen ditugun. Balizko erreakzio baten beldurretik babesteko? Familiaren irudia ez desohoratzeko? Pertsona batenganako edo bestearenganako leialtasunez? Neure burua defendatzeko truke-txanpon gisa? … Sekretua boterearen edo ezintasunaren, balioaren, eroatea kosta egiten zaigun pisuaren… elementu bihurtzen da, ez askatzeagatik gure gorputzak zigortzen dituena, edo lotzen gaituen elementu bat, aliantzak sortzen dituena, edo hutsune bat zelan azaldu ez dakidana, baina bazterkeria-modu bat bezala sentitzen dudana. Sekretuak elkartu eta banandu egiten gaitu, zama gisa edo nahasten gaituen laino lauso gisa betetzen gaitu.

Sekretuak leialtasun-“joko” gisa.

Aurreko paragrafoan adierazi dugun bezala, sekretuek loturak sortzen dituzte eta leialtasunez gordetzen dira. Izan ere, familietako harreman-harien elementu lotesleenetako bat izan daitezke. Argi dago mafia edo sektak bezalako “familia-elkarteetan” sekretuak funtsezko elementuak direla doktrinari eusteko eta disidentzia gaitzesteko. Gauza batzuei buruz ezin da hitz edo berba egin. Eta hitz egiten duenak itun bat hausten du, askotan isilekoa, baina gupidagabea. Horregatik da batzuetan hain ariketa garestia sekretu bat argitara zabaltzea. Ezin da gauza jakin batzuei buruz berbarik egin, eta hori egiteak zigorra du.

Ikuspuntu eraikitzailetik, garrantzitsua izango da ulertzea eta geure buruari galdetzea nori ari garen leial izaten sekretu horiek ezkutatzen ditugunean. Gure seme-alabei adoptatuak direla ez esatea  ona al da beraientzat, ala gure gurasoenganako leialtasuna da? Edo heredatu dugun familia zoriontsuaren edo mota, estilo… jakin bateko familiaren irudiarekiko leialtasuna da? Edo familian gauza jakin batzuei buruz hitz egiteko moduak isiltasun-leialtasunak haustarazten dizkigu, guretzat esanguratsuak eta garrantzitsuak diren pertsona jakin batzuekin lotuta.

Nori naiz leial sekretu hau ezkutatzean? Eta izurra izurtuz… Nori diot leialtasuna sekretua ezagutarazten dudanean? Leialtasuna eta sekretua txanpon beraren bi aldeak dira.

Zer ondorio izan ditzake sekretu bat gordetzeak edo ez ezagutarazteak?

Sekretuak mantentzearen ondorioak askotarikoak izan daitezke, eta, batzuetan, sufrimendu psikiko handiko bizipenak ere ekar ditzakete. Izan ere, ez da gauza bera duela 20 urteko desleialtasun bat ezkutatzea, edo bere aita ez dela semeari ezkutatzea, hori, nolabait ere, bere aitak onartua sentitzen ez den semearen inkontzientean islatzen baita. Edo ama batek erruz eta hoztasunez ezkutatzen du nahiago zukeela erditu ez balitz, gurasoek edo bikotekideak behartu zutelarik horretara, horrek esan nahi duenarekin bere semearekiko distantzia, gehiegizko konpentsazio edo agresibitateari dagokionez.

Horrek eskatzen du, maila pertsonalean, bizitzaren zati bat, nortasunaren zati bat, ekintza puntual edo errepikatu bat ezkutatzen duen fatxadari eustea. Gure zatiak, batzuetan bananduta, ahaztuta edo disoziatuta daudenak, beste batzuetan kontzienteki ezkutatuta. “Onura handiago” baten (familiaren ohorearen, lotsaren, seme-alabak ez ikaratzearen…) izenean zerbait ezkutatzeko manipulatu izanaren, isiltasun-sare bat sortzearen, are jatorrizko sekretua estaltzen duen gezur-sare bat eraikitzearen… higadura psikikoa. Edo mehatxupean isiltzera behartua izatearen beldurra. Barruan min ematen duten bizipenak,  amatatu barik erretzen duten suak bezala.

Eta familien esparruan harreman-mailan ere inplikatzen duena. Leialtasunak, aliantzak, presioak, isilik egon edo ezkutatu beharrak akastutako loturak. Familiako egitura eta dinamiken zurruntasuna; egitura eta dinamika horietan guztiek dakite elefante bat dagoela aretoan, eta inork ez du izendatzen. Horrek esan nahi du harreman estereotipatuak direla, eta horietan ezin garela geu izan, geure burua kontatu, naturaltasun eta arintasunez ikus gaitzaten utzi.

Sekretua, izendatu gabekoaren eta inkontziente familiarraren zati gisa.

Garrantzitsua da azpimarratzea, sekretuek, ezagutarazten ez badira ere, isiltasunetan “esan gabekoaren” bitartez beren hari ikusezinak ehuntzen jarraitzen dutela. Batzuetan, esaten edo kontatzen dugunaren bidez baino modu erabakigarriagoetan ere bai. Iceberg edo izotz-mendietan bezala, garrantzitsuena, bermatzen gaituena, ezkutuan dago eta enborretik isilik dabilen izerdia bezala transmititzen da. Izendatzen ez dena, baina hor dagoena, eta, izendatzen ez bada, familiako inkontzientearen parte ere bihurtzen dena. Neba-arreben arteko liskarrak, eraso estali edo ezkutatuak, lehentasunak, ikusezin bihurtutako leinuak, bizitza paraleloak, aitortu gabeko neba-arrebak, argitu gabeko inguruabarretan gertaturiko heriotzak…

Gura izan edo ez, sekretuek askotan gainditu egiten dute izendatutakoa. Horrela, gure gorputzetan eta gure seme-alaben gorputzetan pausatzen dira, modu zehaztugabeetan, baina presente. Arroztasun bat, hutsune bat, hitz edo berbaz adierazi behar ez dena bezala, baina sentsibilitateak zauritzen dituena. “Ez dakit zergatik, baina nire familian beldurra dago gizonekiko”. Edo “ez dakit zergatik, baina sentitzen dut aitak ez nauela amak bezainbeste maite, arbuiatzen banindu bezala”. “Ez dakit zergatik, baina familia honekiko arrotz sentitzen naiz”.

Literatura psikologikoan, azterketa askotan oinarritzen da ebidentzia sekretuen transmisioan. Horri dagokionez, oso interesgarriak dira adibidez, adoptatutako seme-alabekin egindako ikerketak, eurek ez zekitelarik adoptatuak zirela, eta zelan beren bizitzako uneren batean erabakitzen duten zer den ez dakiten zerbait bilatzea, baina, azkenean, ezkutatutako identitate bat ezagutuz amaitzen dena.

Izan ere, sekretuek ez dute soilik familian ezkutatutako “elefante” gisa irauten, baizik eta belaunaldietan zehar transmititzen dira. Gai jakin bati buruz ez hitz egitea, familia-adar batzuk ezkutatzea, gai batzuekiko larregizko sentsibilitatea, transmititu nahi ez duguna transmititzeko modu nabarmenenetako batzuk baino ez dira. Bitartean, beste modu askoz ere sotilago eta inkontzienteago batzuen bidez, beren leialtasun- eta isiltasun-bidea egiten jarraitzen dute.

Eta kontatzen badiogu? EdoEdo zelan babestu edo jakinarazi familia-sekretuak gure seme-alabei.

Leialtasun “joko” horren guztiaren bidez mantentzen ditugu seme-alabak ezagutzen edo susmatzen dugun sekretu-mordoilo horretatik urrun. Uste izaten dugu ezjakintasun esplizituak libre uzten dituela zera itxurazkoak eta errealak batzuetan distantzia handiak dituzten mundu horri eusteko kargatik. Haiek babesteko beharrezkoa den modu bat da, eta beraiei dagozkien eta ezagutu eta integratu beharko dituzten bizipen eta errealitateei buruz jakiteko beharrizana eta eskubidea errespetatzearen progresibitate edo gehikortasunarekin uztartu beharko dugu. Konturatu behar dugu hutsuneak eta isiltasunak, batzuetan, egiak baino kalte handiagoa egiten duela.

Izan ere, nerabezaroarekin batera, askotan beraiek hasten dira gero eta konplexuagoa eta agian nahasiagoa den baina, bestalde, errealagoa eta helduagoa den mundu hori ezagutu eta bertan barneratu nahi izaten.

Puntu honetan, Pandoraren kutxa hori modu argi eta progresiboan, eta asimilatu ahal izateko moduan, zelan ireki planteatzen dugu. ‘Kontatuko diogu?’ galdetzen dugu geure artean. Jakina, inoiz ez dago ‘bai’ edo ‘ez’ bezain erantzun sinplerik. Faktore askoren araberakoa izango da hori, baina garrantzitsua da geure buruari galdera batzuk egitea.

Adibidez: Zer sekretu gordetzen ditut nire seme-alabei buruz? Zertarako? Nor edo nortzuk defendatzeko? Norekin edo nortzuekin naiz leiala, eusten diodanean? Norekin lotzen nau edo norengandik urruntzen nau sekretua kontatzeak edo mantentzeak? Zer suposatzen dit sekretu horiek gordetzeak? Nor inplikatzen du zuzenean sekretuak eta nor ez? Nor da zuzenean erantzule edo inplikatua eta norentzat izan daiteke botere, posizionamendu edo jakingurazko elementu bat? Zer egoera, errealitate ez ditut ezagutzen, baina ezagutzen ez dudan ezkutuko zerbaitekin zelanbaiteko harremana badutela susmatzen edo sentitzen dut? Zer egingo dut nire seme-alabei buruzko sekretu-egoera horiek neure gainean eroatea saihesteko? Zer ari ote zaie suposatzen ez jakite hau?

Sekretu bat jakinaraztea ez da ekintza sinple bat, ezta une bakar batean ere. Bai mugarri bat aurrekoaren eta ondorengoaren artean.

Sekretu bat jakinarazteak edo ez jakinarazteak ez du esan nahi arduratsuagoa izatea edo ez izatea. Faktore askoren mende egongo da beti. Sekretua gordetzea, berekin dakarren guztiarekin, aukera kontziente eta egokia izan daiteke, esaten ari garen zentzu guztietan suposatzen edo inplikatzen duena kontuan hartuta. Betiere, nolabait, sostengatu eta kontrastatze aldera izendatu, babestu eta ireki ahal izateko guneak baldin badaude. Noski, jakinaraztea ere beharrezko ausardia-ekintza bat izan daiteke, minak gorabehera sendatzen duena. Ekintza horrek, lurrikara, inausketa mingarria eragin arren, kimu edo pujarako agertoki berri bat eratzen laguntzen du, min ematen duen lurra haizatzea da, eta indar handiagoz finkatzen eta hazten laguntzen du.

Horregatik, sekretu bat jakinaraztea erabakitzen badugu, egingo dugunaz ongi jabetu behar dugu. Oro har, familia-eremuan emozio-karga handiko sekretuak jakinarazten direnean, zirrara handiko egoerak gertatzen dira, eta egoera horiek modu esanguratsuan berreratzen dituzte familia-geografiak. Familietan mugarri bat planteatzen duten bonbak izaten dira. Akusatuen eta akusatzaileen artean polarizatzen dira familiak, biktima, errudun, laguntzaile eta konplizeen artean. Bonba jareginda dago. Orain, familia-paisaia zelan berreraiki ikusi behar da. Horregatik, garrantzitsua da, nahiz eta batzuetan larregi eskatzea izan, sekretuak jakinarazten ditugun agertokiak zaintzea. Batez ere geurekiko erantzukizun gisa. Bonbari jaregin ostean, batek ez daki zerekin topo egingo duen. Eta batez ere, zer sostengatu beharko den geroan. Biktimari errua egoztea. Arbuioa. Iritziari beldurra, ukazioa. Aliantza berriak.

Zer gertatzen da gure seme edo alabari esaten diogunean adoptatua izan zela edo emaile anonimo baten intseminazioz jaio zela? Esaten diogunean banandu aurretik bikotekide izan nuen gizonak, zeinarekin nire semeak harreman ona baitu oraindik, anaiaz abusatu zuela eta horregatik desagertu zela berehala gure bizitzatik? Noiz azalduko dugu aitonaren edo amonaren tratu txar sentitua eta benetakoa, haiek bilobekin lotura handia baina gurasoekin distantzia handia dutenean?

Egia eta hitz horiek min ematen dute eta familia-errealitate berriak sortzen dituzte. Egia horiek leherrarazi behar izan ditugun bonbak bezala sortzen dira, jada ezin genuelako jasan. Beste batzuk… jaurtitzen ditugun aiztoak, mendekuak edo familia-dinamikak eta -aliantzak ezkutatzen dituzten jaurtigaiak bezala dira, familientzat bereziki esanguratsuak diren uneetan. Jabetzen gara egiten dugunaz, baita gainditzen gaituzten dinamikek eroaten gaituztela ere, eta dinamika horiek oharkabean era batera edo bestera bultzatzen gaituztela.

Horregatik, sekretu bat jakinarazi behar dugunean, garrantzitsua izango da planteatzen ari garen elementuetako batzuen kontzientzia izatea.

  • Une egokia itxarotea adinaren, jakinguraren… arabera, edo galderak sortzen direlako.
  • Haien hutsuneei, segurtasun-gabeziei, sintomei eta errepikapenei adi egotea sekretuarekin modu inkontzientean lotuta egon daitezke eta.
  • Zer ezagutarazi nahi dut?
  • Zenbateraino kontatu?Agian galdetu zenbateraino jakin nahi duten?
  • Nor inplikatzen du sekretu honek eta nor ez?Zerk inplikatzen ditu nire seme-alabak eta zer ez dute jakiteko “eskubidea”?
  • Zer ondorio ditu niretzat eta beste batzuentzat sekretua ezagutarazteak?
  • Noiz azalduko zenuke eta zelan, ahalik eta onuragarriena, seguruena eta arduratsuena izan dadin, bai neurekiko eta bai inplikatuta daudenekiko?Zein agertokitan egin dezaket?
  • Nola presta ditzaket elkarrizketak eta kontatuko dudana zelan kokatu testuinguru batean, ulertua izan dadin?
  • Zelan egokitu dezaket kontatuko dudana nire seme-alaba bakoitzaren adinera?
  • Zer behar dut nik egoera honi eta ondorengoari eusteko?Norengan bermatu naiteke?
  • Nola lagun egin ondorengoan?Gerta daitekeena onartuz.Urrundu, itxita geratu, haserretu egiten dira.

Dentsitate horren guztiaren aurrean, garrantzitsua da geure buruari gogoraraztea ahal duguna egiten dugula eta kontua ez dela erruak, errudunak edo biktimak bilatzea. Bai agian isiltasunen mundu honen konplexutasunaz jabetzea. Eta kontatzeko, itxaroteko edo sostengatzeko ardura geure gain hartzea. Eta hori ahalik eta arreta, kontzientzia eta kontraste handienarekin egitea. Eta, batzuetan, sekretuek karga emozional handiko istorioak dauzkatenean, agian beharrezkoa izango da espezialistekin kontsultatu ahal izatea, egoera askatasun handiagoz edo atxikimendu txikiagoz baloratzen laguntzeko.

Raúl Castillo, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

Menu

BBK Family Learning

×