Errespetuz dibortziatzeko gomendioak

Divorcio

Elkarrekin bizitzeko proiektu bat aurrera eramateko parekatu edo binatzean, ilusioz, maitasunez eta desioz egiten dugu. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, bikote-harremanak ez du beti irauten eta batzuetan bere zikloa amaitu egiten da. Edozein banantze mingarria izaten da, eta dolu-prozesu batetik igarotzea ekartzen du, pertsona horri, gure proiektu komunari eta jada existitzen ez denari agur esan behar izaten diogu eta. Baina aldi baten ostean, bakoitzak bere bideari jarraitu ahal izaten dio.

Familian seme-alabak baldin badaude, egoera zailagoa izaten da eta inplikazioak bikoteaz harago joaten dira. Norberaren minari aurre egiteaz eta doluaren hainbat fasetatik igarotzeaz gain, seme-alaben ongizateaz arduratu beharko dugu, eta garrantzitsuak diren hainbat erabaki hartu beharko ditugu. Banantzea zenbat eta gatazkatsuagoa izan, orduan eta sufrimendu-maila handiagoa, eta horrek eragina izaten du erabaki-hartze egokian. Emozioek inbaditzen gaituztenean, gure arrazoitzeko gaitasuna lausotu edo lainotu egiten da eta gaitzagoa gertatzen da erabaki onak hartzea. Giro horretan, gurasook ahalegin handia egin behar dugu garrantzitsuena den horretan ?hau da, seme-alabengan eta beraien ongizatean? ardaztu edo zentratzeko.

Kasu hauetan, zalantza ugari sortzen dira prozesu horri ahalik eta ondoen aurre egiteko moduaz eta gertatuko dena gure seme-alabei azaltzeko moduaz. 

Familia eta banaketa bakoitza desberdina izaten bada ere, badira prozesu honetan kontuan izan ditzakegun eta iparrorratz gisa balio dezaketen alderdi batzuk.

1. Zelan esango diegu

Galdera edo itaun ohikoenetako bat izaten da noiz eta zelan jakinarazi seme-alabei banandu egingo garela. Umeen adinaren arabera, hizkuntza eta ematen dugun informazio-kopurua egokitu egin beharko ditugu, gertatzen ari dena hobeto ulertu eta prozesatu ahal izan dezaten.

Hobe da, albistea eman aurretik, zelan egingo dugun planeatzea, biok egongo garen une bat aukeratzea, eta une lasaia eta familia-intimitatekoa izatea. Garrantzitsua da aldez aurretik zer esango diegun adostea, zer azalduko diegun eta zer ez, dena ez baita beharrezkoa. Gainera, oso garrantzitsua da gu ahalik eta lasaien egotea eta segurtasuna transmititzea, albiste hau aldaketa handia baita eurentzat, eta oso zaurgarri eta segurtasun barik senti daitezke.

6 urtetik beherako haurren kasuan, panpinak erabili edo marrazkiak egin ditzakegu gertatuko dena irudikatzeko edo oso labur kontatzeko zelan biziko diren hemendik aurrera. Helarazi behar diegun mezua da haiekin ahalik eta denbora gehien egongo garela eta gure maitasuna eta presentzia ziurtatuko diegula. Era berean, garrantzitsua da sortzen zaizkien zalantza guztiei zintzotasunez erantzutea, bikotearen intimitatean larregi sartu barik.

Haur helduagoek hobeto ulertuko dute harreman-haustura, baina ez da beharrezkoa xehetasunetan sartzea edo errudunak bilatzea. Aurrerantzean euren bizitza zelakoa izango den, bai, hori partekatu dezakegu beraiekin: non eta norekin biziko diren eta noiz ikusiko duten beste gurasoa, … eta beraien ingurunea ahalik eta gutxien aldatzen saiatuko garela. Jakina, azaldu behar zaie banantzea ez dela euren erantzukizuna, baizik eta batzuetan bikoteetan gertatu ohi den zerbait. Eta, zelanbait, hilabete hauetan etxean ikusi eta bizi izan duten guztia aipatu eta batu dezakegu.

Haien berbazko eta berba bako erantzunari adi egon beharko dugu, eta agertzen diren emozio guztiak baliozkotu (“Ulertzen dut zuk beldurra, amorrua, tristura, haserrea, … sentitzea”).  Emoziorik ez egoteak edo itxuraz ondo hartzeak ez du esan gura axola ez zaienik edo eragiten ez dienik. Erantzun horiek denboraldi bat igaro ostean ager daitezke, agian albistea ulertu eta digeritu egin beharko dute eta.

2. Gure seme-alabak erdigunean jartzea

Sarritan, banantzeak gatazkatsuak izaten dira min emozionalaren, gorrotoaren, amorruaren eta are jelosiaren ondorioz. Batzuetan, aldeetako bat irainduta senti daiteke, eta min horrek eragotzi egin dezake banantze-prozesua ahalik eta begirunetsuena izatea. Hala eta guztiz ere, funtsezkoa da seme-alabak eta haien ongizatea lehen tokian jartzeko gai izatea gu, haiek gure arazoetatik kanpo utzita.

Batzuetan, besteari kalte egin edo “ordainarazi” gura izatera eraman gaitzake saminak. Garrantzitsua da laguntza profesionala eskatzea prozesu hori ahalik eta ondoen eroaten laguntzeko eta seme-alabak ez instrumentalizatzeko, hau da, besteari kalte egiteko arma gisa eta geure onurarako ez “erabiltzeko”.

Instrumentalizazioak kalte emozionala eta geure seme-alaben aurkako tratu txarra dakartza berekin, eta horrek ondorio larriak ditu beraien osasun mentalean (antsietatea, eta loaren, elikaduraren eta portaera edo jokabide orokorraren nahasmenduak, besteak beste). Horrek eragiten duen minaz eta kalteaz jabetuko bagina gurasook, kosta ahala kosta saihestuko genuke.

3. Jada ez gara bikotea eta elkar ulertu behar dugu

Bikote batek seme-alabak dituenean, zelanbait ere bi kideen arteko lotura hori beti mantenduko da, eta umeen hazkuntza partekatzen jarraitu beharko dute. Bestea jada ez da gure bikotekidea, baina gure seme-alaben ama edo aita izaten jarraitzen du. Beraz, aurrerantzean ama/aita rol horretatik izango dugu harremana. Horrek esan gura du akordioak lortzen ikasi behar dugula, eta hori ez da beti erraza izaten; izan ere, oso litekeena da gure bikote-harremanean gatazkak sortu izana, hain zuzen ere, adostasun edo elkarguneetara iristeko gai ez ginelako.

Helburu hori lortzea gaitza egiten bazaigu, beti dugu aukera psikologiako profesional batengana nahiz Familia Bitartekaritzako Zerbitzura jotzeko. Horri esker, eta arbitro baten bitartekotzarekin, akordioak lortu ahal izango ditugu bisitei, heziketari, errutinei eta abarri buruz, eta gatazka pertsonalak alde batera utzi ahal izango ditugu.

4. Besteaz errespetuz berba egin eta umeak gatazkatik kanpo mantentzea

Oso garrantzitsua da gure emozioak kontrolatzen saiatzea, eta seme-alaben aurrean beste aldea edo haren familia ez gaitzestea eta ez kritikatzea. Gogora dezagun haurrentzat oso pertsona garrantzitsuak direla eta mingarria dela. Gainera, anbibalentzia handiko egoera eta leialtasun-gatazkak senti ditzakete. (Hau da, “Ama/aita maite dut, baina gaiztoa dela esaten didate.  Asteburuan zein ondo pasa dudan kontatzen diodanean bati, bestea haserretu egiten da.”)

Alderdietako batek akordioak, bisita-erregimenak edo bere obligazio ekonomikoak betetzen ez dituenean, hori gure seme-alabengandik aparte laga beharreko gaia da; helduen arteko arazoa da eta gure erantzukizuna da hori konpontzea. Bi gurasoetako bat bisitetara agertzen ez bada, seme-alabei beren emozioetan (haserrea, tristura, etsipena, …) lagundu behar diegu, kritikara sartu barik.  (“Ulertzen dut zure etsipena).

5.Ez bilatu kontsolamendurik seme-alabengan

Esan bezala, banaketa dolu-prozesu bat da, eta gure seme-alabak bezala, gu ere lur jota edo haserre senti gaitezke, normala da. Garrantzitsua da seme-alabekin zintzoak izatea eta azaltzea triste samar sentitzen garela eta guk ere egoera horretara egokitu eta ohitu egin behar dugula.  Honaino dena zuzen, baina ez da berdin zintzoak izan eta beraiek jada sumatzen dutenari berbak jartzea edo gure barrua beraiekin hustea.

Kosta ahala kosta saihestu behar dugu haien aurrean lur jotzea eta kontrola galtzea, ziurgabetasun-giroa sortzen baitugu (“nire amak/aitak ezin badio bere buruari eutsi, ezingo du nirekin ere egin”), eta haiek “agintea hartzeko” egoeran jartzen ditugu, rolak alderantzikatuz:  seme-alabek gurasoak zaindu beharra. Egoera hori ez da begirunetsua haien beharrizan eta garapenari dagokienez.  Normala zera da, gurasook zaintzea seme-alabak.

Egoera oso mingarria izanagatik ere, ezinbestekoa da beraientzat guk tinko jarraitu edo irautea eta segurtasuna ematea.

6. Saiatu beraien ingurunea eta eguneroko bizitza ahalik eta gutxien alda daitezen

Ahal den neurrian, ohiko ohiturei eusten saiatuko gara, umeek banandu aurreko lagunartean, ikastetxean eta egiten zituzten gainerako jardueretan jarrai dezaten. Inguruko aldaketak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta hobeto, segurtasun- eta egonkortasun-sentsazio handiagoa sortzeko, eta horiek adinbakoen buru-antolamendua ahalbidetzen dute hain garrantzitsua den prozesu honetan. Nerabeen kasuan, horrek berebiziko garrantzia du, beren lagun-taldearekin jarraitu ahal izatea, garapen-etapa honetan haien erreferentziazko taldea funtsezkoa baita beraien ongizaterako.

7. Seme-alaben jokabide- edo emozio-aldaketei arreta jartzea

Dibortzioa oso gertaera estresagarria da bizitzan, eta, beraz, ohikoa da etxean gure seme-alabekin gatazka gehiago sortzea, haien jokabidean erregresio edo atzerakadak egotea eta umeagoei dagozkien jokabideak agertzea. Edo sumingarriago edo oldarkorrago agertzea. Hori guztia pasatzen ari diren doluaren ondorioa izaten da. Kasu horietan, garrantzitsua da haiekin eta haien minarekin konektatu ahal izatea, gertatzen ari den guztiarekin zelan sentitzen diren adierazi eta berba egin ahal izateko espazioak eskaintzea, eta sortzen ari diren emozio natural horiei leku egitea.

Bestalde, ohikoa izaten da aita eta ama noizbait berriro elkartzeko ideiarekin amets egitea umeek; horregatik, komeni da argitzea hori ez dela gertatuko.

Ama eta aita guztiok seme-alabentzat onena gura dugu; gure maitasuna, enpatia eta haienganako errespetua da gakoa egoerari ahalik eta modurik osasungarrienean aurre egiten laguntzeko. Gure begirada haien ongizatera bideratuta badago, hori ziurtatzeko berme handiagoa izango dugu.

Lorena Méndez. Osasun Psikologo Orokorra eta Psikoterapeuta.

BBK Familyk martxan jarriko du doako Egokitzen programa, banatzeko prozesuak eragiten duen estresan seme-alabengan gutxitzeko. 

Egokitzen: Guraso bananduentzako prebentzio-programa

Bideo honetan, Ana Martinez Pampliegak azaltzen du zer den Egokitzen programa:

Diziplina Positiboko Hezitzaile Ziurtatua.

 

Menu

BBK Family Learning

×