Eliteak “hazkuntza naturala”ren ideia zabaltzen ari dira, eta horrek errudun sentiarazten ditu ama asko.

Foto de Roser Ninot

Eliteak “hazkuntza naturala”ren ideia zabaltzen ari dira, eta horrek errudun sentiarazten ditu ama asko.

Eva Millet kazetaria elkarrizketatu dugu, bere azken liburua, “Madres mamíferas” (Ama mamiferoak), argitaratu duela eta. Liburu horretan, “naturala” deituriko amatasun-eredu berriaren mitoak desmuntatzen ditu. Eredu horrek hazkuntza intentsiboa darama berekin, eta amengan jartzen du erantzukizun osoa.

Eva, liburu honetan zalantzan jartzen duzu hazkuntza-sistema bat, kutsu aurrerakoia duena baina eliteekin eta emakumeak etxera itzularazteko jarrerarekin lotuago dagoena.

Lehengo amek ez zuten errurik sentitzen, oraingo asmakizuna da hori, eta ama perfektuenak, begirunetsuenak eta dibertigarrienak izatera garamatzaten itxaropen edo espektatibek sorrarazten dute. Azken batean, errua iristen zaigu argi eta garbi ezin gauzatuzkoak diren postulatu batzuei jarraitzeagatik, emakumeok ama garelako eta beste gauza batzuk ere bai. Eta ezin gara egunean hogeita lau orduz lotuta egon. Horregatik idatzi dut liburu hau, eta oinarri zientifiko oso txikia duten teoria eta ikerketa asko desmuntatu ditut.

Amagandiko edoskitzeari dagokionez, liburuan diozu aukera bikaina dela ahal bada betiere, baina ezin ditugula gaizki sentiarazi seme-alabei bularra ematen ez dieten amak.

Asko harritu ninduen datuek erakusten dutenaren eta esaten denaren artean dagoen deskonexioak, bularra ematea gomendatzen duten kanpaina oso oldarkorrak baitaude. Lehen onurei buruz hitz egiten bazen, orain bularra emandako eta bularra eman gabeko umeen arteko ezberdintasunaz hitz egiten da, eta hori maltzur samarra iruditzen zait. Hala ere, ez da esaten amagandiko edoskitzeari buruzko ikerketetan alborapen garrantzitsua dagoela, zuk ezin baitituzu amak bularra ez ematera behartu azterketa bat egin nahi duzulako; beraz, behaketazko saiakuntzak dira, ez ausazkoak, farmakologikoak diren bezala, adibidez. Gainera, amagandiko edoskitzea klase ertain eta altuen artean gauzatzen da, eta logikoa da klase horietan haurrak osasuntsuagoak izatea, errendimendu akademiko hobea izatea, argalagoak egotea… Baina arrazoia ez da edoskitzea bera, baizik eta maila sozioekonomikoa, Emily Oster ekonomistak ─TIME aldizkariaren arabera, 2022ko eragin handieneko emakumeetako batek─ egin zuen azterketan egiazta daitekeenez. Hala ere, ondorio hori eta liburuan azaltzen ditudan beste azterlan batzuenak ez dira kontatzen, eta baieztapen horiek, azkenean, min egiten diete amei.

Egia esateko, Espainiako Pediatria Elkartera deitu nuen, oso gomendio oldarkorrak dituztelako eta honelako baieztapenak egiten dituztelako:

“Bizitzako lehen hilabeteetan haurtxoaren elikadura eta garapenerako amaren esnea beste edozein elikagai (formula artifizialeko esne) baino hobea dela ondo frogatuta geratu da hainbat ikerketa zientifikotan. Ikerketa horien arabera, amaren esnez elikatzen ez diren haurrek osasun-arazo ugari izateko arrisku handiagoa dute; besteak beste, bularreko haurraren bat-bateko heriotza eta bizitzako lehen urtean hiltzeko arrisku handiagoa, baita infekzio gastrointestinalak, arnasketakoak eta gernukoak jasateko eta gaixotasun horiek larriagoak izateko eta ospitaleratzeak eragiteko arrisku handiagoa ere.

Epe luzera, bularra eman gabeko haurrek maizago izaten dituzte dermatitis atopikoa, alergia, asma, gaixotasun zeliakoa, hesteetako hantura-gaixotasuna, obesitatea, Diabetes Mellitusa, esklerosi anizkoitza eta minbizia. Bularra eman gabeko neskatoek helduaroan bularreko minbizia izateko arrisku handiagoa dute. Bularra hartuz elikatu gabeko umeek emaitza txarragoak dituzte adimen-testetan, eta arrisku handiagoa dute hiperaktibitatea, antsietatea eta depresioa izateko, bai eta umetako tratu txarrak jasateko ere. Bestalde, amen artean areagotu egiten da erditze ondoko hemorragia, menopausia ondoko aroan bizkarrezurreko eta aldakako haustura, obulutegiko minbizia, umetokiko minbizia, artritis erreumatoidea, gaixotasun kardiobaskularra, hipertentsioa, antsietatea eta depresioa izateko arriskua”.

Hori ikusirik, biberoiarekin umetxo osasuntsu bat hazi ote daitekeen galdetu nien, eta baietz erantzun zidaten. Izan ere, biberoia lehen aurrera ateratzen ez ziren umetxoak ateratzeko tresna bat izan da, eta emakumeoi geure burua askatzen lagundu digu. Beraz, amagandiko edoskitzea da aukerarik onena, baina ez dezagun deabrutu bularra ematen ez duen ama.

Liburuan erditzeaz eta azken urteetan izan duen bilakaeraz ere hitz egiten duzu.

Gauzak demokratizatzen direnean, bereizteko modu berriak bilatzen dituzte eliteek.  Emakumeek, XX. mendearen hasieran, erditzean ez sufritzea eskatzen zuten, eta orduan hasi ziren erabiltzen metodo anestesikoak, baina erreginen, adibidez Britainia Handiko erreginaren, esku soilik zeuden.

Espainian, epidurala 90eko hamarkadaren amaieran hasi ziren erabiltzen, eta, orain, ama guztiengana hedatu denez, beste ideia hau orokortu da: etxean erditzeak ama hobea egiten zaituela. Eta oinarri zientifikorik ez duten mezuak zabaltzen hasi dira, hala nola mina zure buruan dagoela… Hollywooden modan jarri da etxean erditzea, baina, noski, anbulantzia atean edo helikopteroa lorategian dutela.

Gainera, mundu guztia ezin da etxean erditu, sor daitezkeen konplikazioengatik. Berriz ere alborapenaz hitz egin behar dugu, hori bai, zuk etxean erditu nahi baduzu, primeran, baina horrek ez zaitu ospitalean erditzen direnak baino hobea edo txarragoa egiten.

Eta etxera itzultzen garenean, lorik ez egitea amesgaizto bihurtzen da askotan.

Sei urte lo egin barik daramatzaten seme-alaben amen testigantzekin topo egin dut. Uste dut loaren ondorio onuragarri guztiak kondentsatuko lituzkeen pastilla bat balego, munduko botikarik salduena izango litzatekeela. Baina loarena konpon daiteke.

Nik, ama izan nintzenean, argi nuen lo egingo zuela, ongizateari eragiten baitio. Baina mugimendu naturalista honek deabrutu egin du loaren gaia, eta esaten dute zure haurrari lo egiten irakasteak burmuina kaltetzen diola. Eta, noski, gurasook ez dugu hori nahi. Nire ustez, gurasoek eta seme-alabek atseden hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen da.

Bada haurrarekin lo egite erreaktiboa, hau da, gure ohean sartzea gaixorik daudenean edo amesgaiztoak dituztenean. Izan ere, haurrarekin lo egitearen gaian adituek ez dute gomendatzen bizitzako lehen sei hilabeteetan ohe berean lo egitea, lekurik seguruena sehaska dela esaten baitute. Ni arriskatzen naiz harrika egin diezadaten, baina lo egitea funtsezkoa da eta zure seme-alabei lo egiten irakasteak ez die kalterik egiten.

Nolanahi ere, nik banekien liburuak oso agerian jartzen ninduela; baina ikerketa zientifikoetan oinarrituta daudela diruditen bizimodu berri horiek hazkuntza hobea dela sinestarazi digute, atxikimendua, naturala, errespetua… bezalako hitz edo berbak berenganatu dituztelako.

Atxikimenduak urduri jartzen ditu amak, eta argi utzi behar da, noski, gai izango dela bere seme edo alabari atxikita egoteko. Gozatu egin behar dugu, eta ez saiatu gehiago zailtzen.  Atxikimendu estu-estu hori egin dezaketenak, doktrina horiek jarraitzen dituztenak, lan-merkatutik kanpo daude beren seme edo alabarekin etengabe (24/7) egon ahal izateko. Baina zuk zure inguruabarren arabera hazi behar dituzu umeak.

Atzera egiten ari gara?

Atxikimenduaren ideologoetako bat, attachment parenting terminoa asmatu zuen William Siers doktorea, zortzi seme-alaba dituen gizon bat da, ultrakontserbadorea, apaiz izan nahi zuena, baina azkenean medikuntzan aritu zena. Eta erditze naturalaren aldekoak, Ingalaterran 1890ean jaio zen Grandy Dick-Read doktoreak, esaten zuen emakume modernoei erditze naturalaren bizipena itzultzeko eginkizuna zuela berak. Ziur zegoen esperientzia horrek gizartea aldatuko zuela.

Dick-Read-ek ere pentsatu zuen eliz artzain izatea, baina azkenean Cambridgen medikuntza ikastea erabaki zuen. Berehala interesatu zen obstetriziaz eta oinazearen fisiologiaz. Hura konbentziturik zegoen, “lege natural”aren arabera, emakumeak prestaturik zeudela erditzean ez sufritzeko. Mina gizarte modernoak sartutako beldurraren eta tentsioaren ondorio zela. Eta zenbat eta gizartea aurreratuago, orduan eta min handiagoa, esaten zuen hark. Eugenesiaren jarraitzailea zen, eta artean inperiala zen Ingalaterrako populazio zuri eta heziaren gainbeherak kezkatzen zuen. Hark argudiatzen zuenez, emakume britainiar “zibilizatuen” (berarentzat, klase ertain eta altuko emakumeen) arteko jaitsiera demografikoa erditzean sufritzeko beldur zentzugabeen emaitza zen. Eta premisa horretatik abiatuta eraiki zuen bere teoria.

Hala ere, feminismo gazteak hazkuntza natural horren alde egiten du, esanez emakumeok ahalduntzeko modu bat dela. Eta ez dira konturatzen zein zama handia den amentzat seme-alabak hainbesteraino egotea beraien mende. Gainera, datu gutxi dago hazkuntza hori hobea dela frogatzeko, eta ikertzen jarraitu beharko da.

Nire ustez, ez da etengabeko hurbiltasuna edo bularra ematea atxikimendua ahalbidetzen duen gauza bakarra; beraz, ez ditzagun errudun sentiarazi zesarea bat izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik bularra eman ezin duten amak, jakingo baitute zelan ezarri lotura beren umetxoarekin.

Idatzi familiari buruzko kontakizun bat eta aukeratu zure oparia

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×