Alabak 6 irakasgai suspenditu ditu: zer egingo dut?

Imajinatu pertsona heldu bat, hilean salmenta-helburu batzuetara iritsi behar duena lanpostu batean txosten ekonomikoak agintzen diona lortzeko. Zer pentsatuko genuke hilabete batzuetan ez bada horietara iristen? Pentsa genezake:

  • Helburuak altuegiak dira.
  • Ez da egokitzen lan egiteko erara.
  • Alfer edo nagi samarra da, gutxienekoarekin konformatzen da.
  • Lan egiten du, baina beste gauza batzuetarako denbora utziz.
  • Ez zaio lan hori gustatzen.
  • Ez dago ondo, agian gaixorik dago.
  • Bota edo kaleratu dezaten nahi du.

Desberdintasunak gorabehera (ezin baitugu helduen lana haurtzaroko eta nerabezaroko estudio edo ikastearekin alderatu), gure seme-alabak antzeko egoeran egon daitezke. Ez dira ondo iristen helburu akademikoetara, gutxieneko notak dituzte edo 6-7-9 irakasgai suspenditzen dituzte.

Notak espero daitekeen ikaskuntza-prozesuaren martxaren adierazle erlatiboak dira, jakinda ume bakoitzak bere erritmoa eta berezitasunak dituela. Edozelan ere, ume batek irakasgai asko suspenditzen dituenean, bai eskola, bai familia, bai umea bera (nahiz eta itxuraz “ez axolarena egin”) txarto sentitzen dira eta kezkatuta egoten dira. “Porrot” sentsazioa ere izan dezakete (zilegi da hori sentitzea, baina ez du laguntzen).

Faktore eragingarriak

“Gutxiegi” edo suspentso asko daudenean, esan dezakegu alferrak direla edo “ez dutela balio ikasteko”.  Hala ere, arrazoiak beste toki batzuetan egon daitezke:

  • Lotutako ikaskuntza-arazo bat dago

Adibidez, dislexiarekin lotutako zailtasunak, TDAH, Asperger sindromea edo beste batzuk… Kasu honetan, funtsezkoa izango da errealitate hori kontuan hartzea. Ez hainbeste “etiketa” jakin bat ezartzeko, baizik eta beharrezko laguntza eta egokitzapenak izateko edukietan, metodologian, ikaskuntza-erritmoetan, … baina errealitate inklusibo batetik eta haurren eskubideen ikuspegitik.

  • Estudiatzeko edo ikasteko metodo desegokia dago

Denbora gutxi ematen da ikasten (eskolaz kanpoko ekintza gehiegi dagoelako, bideojokoak luzaroan erabiltzen direlako, beste gai batzuekiko distrakzioengatik, …). Ez dago estudiatzeko teknikarik (leku egokia, plangintza, gorputz-zentrazioa, kontzentrazioa, bilaketa-metodoak eta informazioaren analisia, …). Estudiatzeko eta ikasteko kanal bat lehenesten da, zeinetan trebetasun gutxiago daukan umeak (adibidez, haur bisualago bat ikasgaia ozen errepikatuz ikasten tematu daiteke, baina eskemak egiten dituenean, post-itekin edo irudiekin ikasten duenean, informazioa hobeto bereganatu eta prozesatu dezake).

Kasu horietan, interesgarria izango litzateke haurrari eta familiari beharrezko elementuak zelan indartu jakiteko aholkuak eta laguntza ematea.

  • Desmotibazioa dago

Motibazioa funtsezkoa da bizitzan erronkei ekiteko, batez ere denboran zelanbaiteko ahalegina, iraunkortasuna eta borondatea eskatzen dutenean, estudioaren kasuan bezala. Ikasteko motibazioa familiatik, eskolatik eta haurrengandik beraiengandik sustatu behar da. Batez ere, barne-motibazioa izan dezatela interesatzen zaigu, eta ez hainbeste kanpoko motibazioa (sariak lortzera edo zigorrak saihestera baldintzatua, adibidez). Motibazioa suspertzeko, hainbat gai har ditzakegu kontuan:

Ikastea eta estudiatzea jakin-mina, segurtasuna, lasaitasuna… bezalako emozioetatik egiten saiatzea. Eskola higuinarekin, porrotaren beldurrarekin, kudeatu gabeko frustrazioak eragindako amorruarekin… lotzen bada, zailagoa izango da. Horren haritik, horretan lagunduko duten esperientziak eta ikaskuntza-egoerak bilatu behar ditu eskolak. Eta irakasleek ere emozio egokiak transmititu eta konfiantza eman behar dute. Etxetik ere, emozio horietan kokatu beharko dugu geure burua (batzuetan etsigarria dela jakinda!).

Gure seme-alabengan gogokoen dituzten interesguneak identifikatzea eta horiek edukietan, estudiatzeko moduan… sustatzea. Matematika agian ez da interesgarria nire alabarentzat, baina biziki maite duen artearekin nahasteko modua aurkitzen badugu, egoera aldatu egingo da pixka bat. Ildo horretan, irakasgai batzuk, lanak egiteko moduak, buruz ikasteko bideak… hautatzeko aukera ematea lagungarria izan daiteke. Ikaskuntza-metodo desberdinak eta curriculum-bide desberdinak ere kontuan hartu behar ditugu (pedagogia aktibo askotarikoak, dibertsifikazioak, graduak…).  Bigarren mailako ikasketak/batxilergoa/unibertsitatea eskematik irtetea, adibidez, askatzailea da askotan.

Beren hezkuntza-ibilbidean, helburuen eta erronken diseinuan, egiteko proposamenetan, beren buruaren ebaluazioan, eskola eta familiaren arteko bileretan… inplikaraztea, protagonista eta partaide senti daitezen. Hori bultzatzen saiatzen ari dira eskolan, eta etxetik osatu egin dezakegu, bai ikasketetan, bai etxeko bizitzan.

Berehalako sariekin, kontsumituz eta alaitasun euforikotik soilik zoriontasuna azkar lortzeko sortu dugun gizarte-korronteari “aurre egitea”. Izan ere, ikaskuntzak alde batetik etengabeko ahalegina eskatzen du denboran, sari geroratuak eta ez materialak, erronka txikiei ekitea erronka handiak lortzeko, eta frustrazioa toleratu behar da. Hori etxetik sustatzea oso nekagarria da askotan, baina guraso gisa egin dezakegun ekarpen handietako bat da.

Bizi duten etapa ulertzea. Esate baterako, nerabezaroan, interes eta motibazio arloak berdinkideen sarea izaten du ardatz, lagunekin irtetea, helduen mundua ezagutzea, helduen “aginduei” aurre egitera “ausartzea” eta horien aurka egitea ere bai. Horregatik, adin horietan batzuetan errendimendu akademikoa jaitsi egiten da aldi batez. Horrek ez du esan gura nerabezaroan ikasteko motibazioa piztu behar ez dugunik, baina bai kontuan izan behar dugula beraien emozioa beste alde batzuetan egon daitekeela (eta hori neurri zuzen eta egokian ona da).

  • Ondoez emozionala dago

Batzuetan, berezko ondoez emozionalak bizi ditzakete gure seme-alabek, dagokien bizitza-etaparengatik, edo “despistarazi” egiten dituzten beste egoera batzuengatik (dibortzioa, maite duten norbaiten heriotza, bizileku-aldaketa…). Batzuetan, biziagoak izaten dira ondoezak, eta osasun mentaleko zailtasunekin edo indarkeria-bizipenekin lotuta egon daitezke (adibidez, eskola-jazarpena jasatea). Kasu horietan, zera emozionalak garuneko funtzioak, ikaskuntzaren zati batez arduratzen direnak, blokeatzen ditu. Hori askotan gertatzen da errendimenduan edo eskolakoari aurre egiteko moduan bat-bateko aldaketak daudenean.

Suspentso edo ‘gutxiegi’ orokortu bat gure seme edo alabek botatzen diguten mezu bat izan daiteke:  “Txarto nago”, “Kasu egidazu, lagundu, nahiz eta ez dakidan zelan adierazi”, “Ezin dut presio gehiago jasan”, “Heldua izan gura dut eta zure aurka egin behar dut, eta zuri asko axola zaizkizunez ikasketak, irakasgai asko uzten ditut gainditu barik” …

Beharrezkoa da ondoez-egoera horiek detektatzea eta horiei erantzutea. Batzuetan, etxean sumatu dezakegu, beste batzuetan mezu bat bota diezaiekegu badaezpada…  Askotan, eskolak, kirol-klubak edo beste baliabide batzuek ohartarazi gaitzakete.

Eta zer egin dezakegu?

Inplikatutako faktoreen arabera, kontuan hartu beharreko gogoeta edo kontsiderazio batzuk ikusi ditugu. Askotan ez dago faktore bakarra, baizik eta nahastu egiten dira. Oro har, lagungarri izango diren ideia batzuk har ditzakegu kontuan:

Emozioak baliozkotzea

Lehen kontzientzia-hartze bat egin behar da. Seme edo alaba batek 9 irakasgai suspenditu edo ez gainditzea ez zaigu gustatzen edo emozio desatsegin batean jartzen gaitu inplikatutako guztiok: irakasleak, gurasoak eta neska-mutilak eurak. Haserrea, tristura, beldurra, arbuioa, errua… ager daitezke. Eta, hortik, ohikoa da “errua elkarri botatzea” (“Eskolak ez du ezer egiten”, “Gurasoei ez zaie ezer axola, inoiz ez daude etxean”, “Irakasleek ezin naute ikusi eta zuek ahobero hutsak zarete…”).

Sortzen zaizkigun emozioak aitortu behar ditugu, sakonean dagoena, beren bizipen emozionalekin lagundu behar diegu (“Zelan sentitzen zara horren aurrean?”)  eta emozionalki nola kokatzen garen ikusi behar dugu lagundu ahal izateko, konponbideak planteatu ahal izateko.

Eskola, Familia eta Seme-alaben arteko aliantza

Aurreko ideiarekin jarraituz, funtsezkoa da familia eta eskola seme-alabekin batera talde gisa kokatzea, haiei laguntzeko. Gertatzen ari denaz ideia desberdinak ere izan ditzakegu. Eskolak pentsa dezake familiak ez duela segurtasun-oinarri on bat ahalbidetzen, ez duela ikasteko adore ematen, edo ahalegin falta nabaria justifikatzen duela. Pentsa dezakegu eskolak ez duela ikasteko zailtasunik antzeman, gertatzen denaz berandu ohartarazten digula, ez dituela errespetatzen erritmoak helburu altuegiekin edo ez duela aintzat hartzen ikasleen balizko egoera emozionala. Desberdintasun horien barruan ere, beharrezkoa da seme-alabekin batera lan kooperatiboa egitea eta irtenbide posibleak bistaratzea.

Konponbideak bilatzen zentratzea

Konponbideak kausa posibleekin erlazionatu beharko dira, alde batetik. Nolanahi ere, beti izango litzateke interesgarria horretarako ideia batzuk kontuan izatea:

  • Konponbideak ezin dira eskolan edo eskolaren eta familiaren artean bakarrik “kozinatu”. Seme-alabek ere parte hartu behar dute prozesu horretan, eta entzun egin behar diegu. Eta gerta liteke eurek konponbideak izatea, nahiz eta lehen begiratuan guri ez iruditu konponbideak direnik, baina gero haien zentzua ikustea edo negoziatu ahal izatea.
  • Egoera porrot edo arazo gisa ikusteak ez du laguntzen. Gu ezdeus hutsak garela sentitzeak ere ez. Baliagarriagoa da ikasteko trebetasunetan irabazteko formulak sortzeko aukera gisa ikustea.
  • Hainbat aukera bistaratzea, betiko aukera edo hautabidean bakarrik ez zentratzea. Eta aukera horiek laguntzaileekin aztertu eta kontrastatu ahal izango dira, behar izanez gero. Eta aukeren artean egon daiteke “airez aldatzea”, prestakuntza motaz, ardatzez, curriculumez… aldatzea. Batzuetan, bide bakarrarekin itsutzen gara eta ez dugu arrakastarik izaten.
  • Gure seme edo alabek irakasgai batzuetan, ikastaro batzuetan, lan batzuetan… izan dituzten arrakastak kontuan hartzea, etaikustea zerklagunduahalizanzienhorretanetazerateradezakegunhortikgureegungoalternatiba edo aukerentzat.

Zigorrak/sariak erabiltzea?

Irakasgaia gainditu arte bideo-kontsolarik gabe zigortzeak zelanbaiteko eragin positiboa izan dezake. Gauza bera, dena gainditzeko baldintzapean, merkatuko kontsola berria agintzen badiogu. Agian denbora gehiago eman dezakete ikasten eta agian kanpoko motibazioa aktibatuko dugu aldi baterako. Baina luzarora eta inplikatutako kausen arabera ez du arrakastarik izango eta ez dugu ikasketetarako eta bizitzarako interesatzen zaigun motibazio intrintsekoa aktibatuko.

Gure seme edo alaba ingeleseko eskola partikularretan bi arratsalde gehiago igarotzera behartzeak, ikasgai horretan aparteko etxeko lan pila batekin batera, lagundu dezake, baldin eta irakasle partikularrak emozio atseginak piztea edo gure seme edo alabari teknika eraginkorrak irakastea lortzen badu. Baina kontrako efektua ere lor dezakegu, hau da, neska edo mutikoak ingelesa gorrotatzea.

Beraz, horrelako ekintzak baliagarriak izan daitezke, baina ez litzateke egokia izango motibazio-karta guztiak aukera horretara jokatzea.

Kontuz transmititzen dizkiegun mezuekin.

Batzuetan, honelako gauzak esatea ateratzen zaigu: “Alfer hutsa zara”, “Parrandan irtetea baino ez zaizu axola”, “Ganorabako semea/alaba!”, “Zure ikasketetan gastatzen dudan diru guztiarekin…”. Izan daiteke amorrua hemen hitz egiten duena edo “motibatzeko” teknika bat izan daiteke. Eta haurren arabera, funtziona dezake pixka bat, baina hor badago xantaia emozionalaren osagai bat ona ez dena, kontrako eragina izan dezake eta bere autoestimua txikitu dezake (batez ere ikasteko edo emozionalki zailtasunen bat dagoen kasuetan).

Alda ditzagun horrelako esaldiak beste aukera batzuen alde. Adibidez:

“Badakit batzuetan kosta egiten zaizula ikasten jarraitzea. Zer egin dezakezu iraunkorragoa izateko?”

“Batzuetan ikastea oso astuna da.  Zerk motibatuko zintuzke?”

“Ideia asko dituzu buruan eta asko mugitu beharra daukazu, ulertzen dut. Zerk lagunduko lizuke hobeto kontzentratzen? Zerk lagundu dizu beste batzuetan?”

“Lagunekin irtetea oso ondo dago. Zure ustez, zelan uztartu dezakezu lagunekin irtetea eta ikastea? Zer ordutara arte ikasi behar duzu gero irten ahal izateko?” 

“Azterketa suspenditu egin duzu. Zelan sentitzen zara? Zer egin dezakezu desberdin hurrengorako? Espero dut beste era batera egingo duzula. Zertan lagun zaitzaket?”

Kontuz gure itxaropen edo espektatibekin

Nahi ez badugu ere, gure itxaropen edo espektatibak transmititzen dira kontuz ibiltzen ez bagara. Gainditzeko duten gaitasunean gure konfiantza eskasa adieraz dezakegu, edo dena gainditzeko edo guztietan 10ekoak ateratzeko dugun gehiegizko nahi edo guraria. Eta larregizko presioagatik edo konfiantza txikiagatik, beraien ikaskuntza-prozesuan eragin negatiboa izan dezake. Adibidez, irakasgai batean “nahikoa” batekin iristen direnean, esan dezakegu: “Tira, baina hau bakarrik gainditu duzu” / “Ez dago gaizki, baina 8ra iritsi behar zenuen”, edo esan dezakegu: “Biologia gainditu duzu, egon zaitezke pozik” / “Ikusten dut ‘nahikoa’ atera duzula. Espero nuen erronka hau gaindituko zenuela. Planteatzen duzu erronkaren bat hurrengo ebaluaziorako irakasgai honekin?”

Laguntza profesionala

Kontuan izan behar dugu, ikasketei garrantzi handia ematen badiegu ere eta duten eskubidea dela jakinda, gure seme-alabek beste dimentsio asko dituztela bizitzan eta landu egin behar dituztela. Ikasketekin edo beste arlo batzuetan laguntzeko, batzuetan beharrezkoa da familioi aholku eta laguntza emango digun baliabide bat aurkitzea… Izan ere, guraso garen aldetik askotan sentitzen dugu “hazkuntzan nota ona ateratzeko” presioa, eta batzuetan ez dela hain erraza sentitzen dugu, ezta?

Begoña Ruiz, psicóloga

Gogoratu Ben Furman doktorearen ikastaroa egin dezakezula: Irtenbideetan oinarritutako hazkuntza, hain zuzen ere. On line eta dohainik da. Informazio gehiago eta izena emateko hemen.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×