Nire alabari ez zaio ikastea gustatzen

Pentsa ezazu ikasgela baten banaketan eta egituran. Zer gogorarazten dizu? Badakizu noiz eta zergatik sortu ziren eskolak? …

Industria-iraultzaren ostean, gurasoek fabrikan lan edo behar egiten zutenean haurrak bilduta geratzeko sortu ziren (hori umeek eurek ere lan egiten ez bazuten). Eta egitura berbera da, autoritatea duen pertsona gainerakoen aurrean kokatzen da besteak baino gorago (oholtzan), eta gainerakoek haren aginduak jarraitzen dituzte. Horrela garatzen da adimen erreaktiboa, ikasitakoa buruz ikasi eta errepikatzen duena …

Hala ere, pentsa ezazu: Zelan ikasi zenuen zuk janaria, maitasuna eta jostailuak lortzen? Zelan ikasi zenuen lagunak egiten? Eta lanean gora egiten? Zelan ikasi zuten bizitzen eskolara joan ez zirenek? … Errealitatean, egunerokoan, behar zutena bilatuz, harritzen edo jakingura eragiten ziena ikertuz. Horrela garatzen da adimen proaktiboa, hau da, ekimena hartzen du eta aurretik buruz ikasitakoarekin irtenbide berriak sortzen ditu.

Gero eta ohikoagoa da eskolek gaiak zeharka irakastea, errealitatean jazo edo gertatzen diren bezala, esperientziatik, aldez aurretik dokumentatu ostean. Horrela erreproduzitzen eta egokitzen dira gizakiok 7.000 belaunaldiz baino gehiagoz ikasi dugun erara.    

Hala ere, adingabe gehienek ikastetxe konbentzionaletan ikasten dute, eta, beraz, “betebeharraren” motibazioak ez badu beraiengan eraginik, motibazioa beste era batera aktibatu beharko dugu, zure seme edo alabak ez baitu egingo egitea erabaki ez duen ezer, hau da, berezko motibazioa behar dugu … EGITEKO GOGOA SENTITU BEHAR DUTE EUREK. Dagokien gizarte-sisteman bizitzen ikasi behar dute, sistema horrek planteatzen dizkien oztopoak eta mugak gainditzen ikasi behar dute eta hortik lortzen dituzten lorpenak ospatu behar dituzte. Eta horren barruan sartzen dira ezaupide jakin batzuk eskuratzea, ordutegiak errespetatzea, lan-ohiturak, antolaketa, … Horregatik, zure eragina mugatua da haren emaitza akademikoetan, ez da zure bizitza, zu hazi zinen ingurunea ez da harena lakoa, hark ez ditu zure esperientzia berberak izan eta ez du zure ikaskuntza egin, antzekoak izan dituenean ere. ZURE FUNTZIOA LAGUN EGITEA DA.

DENOK JAIO GINEN PROAKTIBOAK, EKINTZAILEAK, ESPLORATZAILEAK, … IZANEZ, BESTELA EZ GINEN BIZIRIK ATERAKO GURE EGUNGO ADINERA IRITSI ARTE. 

Beraren berezko motibazioa aktibatzeko, honako tresna hauek proposatzen dizkizut:

Askotan, zure seme edo alabak honako galdera hau egiten dizu: Zergatik ikasiko dut hau, etorkizunean ez badit balio izango? Zuk benetan ez dakizu zer erantzun, baina planteatu iezaiozu: Zelan dakizu etorkizunean zer beharko duzun eta zer ez?  2050. urtean izango diren enpleguen erdiak oraindik ez direla sortu esaten da. Inork ez daki zer erabiliko den eta zer ez … Beraz, alternatiba hoberik izan arte, ikasi egin behar dituzte aurreko belaunaldiek behar izan zituzten gaiak; hala ere, funtsezkoena pentsamendu kritikoa garatzea da. Egoera berrien aurrean erabaki onenak hartzen jakin dezaten.

*Batez ere, ziurtatu ez dagoela oinarri biologikorik. Hau da, pertzepzio-organoren batek ez duela txarto funtzionatzen. Ez duela ondo ikusten, ez duela ondo entzuten, …

* Bilatu elkarrekin erabilerak ikasgaien praktikan, eta bide batez erakuts iezaiezue pentsatzen:

Zertarako balio du honek? Hau ikasten badut, zehazki zertarako balioko dit niri? Zer lotura du honek iaz gai berean ikasi genuenarekin? Ezagutzen al dugu norbait bere lanbidean hau erabiltzen duenik?…

*Irakats iezazkiozu azterketa-teknikak. Ikastea ohitura bat da, eta ohitura hori garatzea funtsezkoa da. Ohitura hori baliagarria izango zaio bizitza osoan. Beharrezko informazioa ikastetxean eman diezazukete.

* Erakutsi kontzentratzen: Inork ez digu hori irakasten. Denbora-pasen bidez, jolas bat legez planteatuta, zurekin batera egiteko sofan (ez etxeko lan bezala). Gaur elkarrekin berba bat bilatuko dugu «letra-zopan», bihar bi, … horrela, pixkanaka, denbora luzatuz joango da, eta konturatu barik, denbora-tarte luzea emango du modu naturalean arreta bilduta edo kontzentratuta. Ikasteko, lan egiteko, … garrantzizkoa den horretan ARRETA JARTZEKO beharko du.

Hori da, hain zuzen ere, eskolan porrot egiten duten ikasleek beren ‘gutxiegiei’ dagokienez maizen ematen duten arrazoia: “Ez naiz kontzentratzen”.    

* Aztertu berarekin: Zer behar da, zer ezaugarri ditu horretan trebea den pertsonak? Zerrendatu adjektiboetan. Eta orain pentsatu ezaugarri horietako zein dituen zure seme edo alabak (horri buruz dituen indarguneak); eta gero pentsatu zeintzuk diren horren inguruan dituen ahuleziak (ez dituen ezaugarriak). Horietaz jabetu eta aukera bihurtu. Garapen, hazkunde eta hobekuntzako norabidean, modu positiboan, AUKERA gisa.

Azterketa hori garrantzitsua da; izan ere, bere indarguneak eta ahuleziak ezagututa, erraztu egin dezake bere “elementua” edo “elementuak” aurkitzea, trebetasunez menderatzen duena eta gustatzen zaiona (bat etorri ohi dira), hori egiten duten bitartean azkar pasatzen zaie denbora, … profesionalki orientatzeko eta etorkizunean profesional gogobetekoak eta arrakastatsuak izateko.

*Eta batez ere galde iezaiozu:Zein da zuretzat emaitza hauen arrazoia? Zelan lagundu diezazuket? Gura duzu irtenbideak elkarrekin bilatzea? … Batzuetan, zure seme edo alaba irekitzea lortzen baduzu, harrigarriak gertatuko zaizkizu hark bere buruaz dituen sineskizunak, haren ahalmen edo gaitasunak eta berekiko dituen itxaropenak. Eta gauza horiek zelan mugatzen duten bizitzan. Ez gutxietsi, ez ukatu, ez barre egin edo epaitu konfidentzia horiek guztiak.   

ERABIL ITZAZU TRESNA HORIEK ZURE SEME EDO ALABARI ESKOLA GOGORARAZTEN DION EDOZEIN INGURUNETATIK KANPO. BERAK ATSEGIN DUEN INGURUNEAN ETA ERA LASAIAN.

Pilar Garcia, coach

BBK Family mediatekan dauden materialak laguntza emateko:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/nolakoa-da-garuna-eta-nola-funtzionatzen-du/

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/haserrea/

Gaiarekin lotura duen BBK Family artikuluak:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/etxerako-eskola-lanak-bai-eskola-lanak-ez/

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/ezagutzen-dituzu-gizarte-eskola-laguntzarako-tailerrak/

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/ikasleei-beren-gaixotasunean-laguntzea/

Gai honekin harremana duen BBK Family bideoak:

 

Menu

BBK Family Learning

×