10 gurasotik 8k aitortzen dute mugikorrari begira egoten direla seme-alabekin zerbait egiten dutenean

Hori da BBK Familyk, Pepa Horno psikologoarekin eta Mar Romera pedagogoarekin batera, azaroaren 25ean Bizkaia Aretoan aurkeztu zuen azterlanetik ateratako datuetako bat. Azterlan horretan 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten 600 familiak baino gehiagok hartu dute parte. Txosten horren bidez erantzuna eman gura izan zaie honelako itaun edo galderei: “Zer guraso-gaitasun dituzte Bizkaiko familiek?  Zer ahulezia eta zer indargune dira ohikoenak?  Gaur egun, seme-alaben hazkuntzarako, zer laguntza-mota erabiltzen dituzte Bizkaiko familiek, eta zergatik?”. Artikulu honetan, emaitzak ezagutarazteaz gain, Pepa Horno psikologo eta haurtzaro, afektibitate eta babes gaietan aholkulariak eta Mar Romera pedagogoak egindako hausnarketak ere helarazi gura dizkizuegu.

Sentsibilizazio teorikoa, praktikoa baino gehiago

Azterketan egiaztatu da kontzientzia eta sentsibilitate handia dagoela seme-alaben hazkuntzari eta horrek eskatzen dituen gaitasunei dagokienez, baina egia da emaitzek agerian uzten dutela sentsibilizazio hori, neurri handi batean, teorikoa dela praktikoa baino gehiago. Esate baterako, galdetutakoen ia % 90ek onartzen dute gauzak beren kabuz egitera bultzatzen dituztela seme-alabak. Hala ere, % 11,3k soilik aitortzen dute seme-alabei ez dietela laguntzen eskolako lanak etxean egiten, eta, horrela, beraien autonomia mugatzen dute bakardadean egin beharko lituzketen zereginetan.

Autoestimuari dagokionez, umeak zeregin bat garatzen duenean egiten duen ahalegina, eta ez emaitza bakarrik, balioesten dute % 93,8k; % 87,5ek zer egiten duen ondo eta zer hobetu dezakeen esaten diote bere seme edo alabari, eta % 87,1ek berarengan benetan ikusten dituzten ezaugarriak esaten dizkiote.

Mugikorrak, distrakzio-bide bat

Teknologiek ere eragina dute familien egunerokoan. Mugikorrek distrakzioak eta etenaldiak eragiten dituzte familia-harremanetan. Hamar gurasotik zortzik aitortzen dute gailu horri begira egoten direla haurrarekin zerbait egiten ari direnean, eta horrek, zalantza barik, eragina du konfiantzazko harremanetan eta etxean lotura afektiboak sortzerakoan.

Hazkuntzarako gaitasunei dagokienez, generoaren arabera bereizita, gizonek hobetzeko tarte handiagoa dute, adibidez, honelakoetan: beren seme-alabei maite dituztela esplizituki erakusteko edo haiekin zerbait egiten ari direnean mugikorretik deskonektatzeko. Era berean, jokabide txar baten aurrean aurrez iragarritako ondorioak betearazteko orduan, ez dira hain zorrotzak izaten, eta are gehiago kostatzen zaie beren akatsak aitortzea seme-alaben aurrean.

Emakumeen kasuan, hobekuntza-marjina handiagoak ikusten dira beren buruaren zaintzan; izan ere, ia ez dute beren buruarentzako tarterik, gustatzen zaiena egiteko; gainera, seme-alabekin eztabaidatzeko orduan, arinago galtzen dute baretasuna, eta oihuka hasten dira.

Bestalde, guraso-gatazkari edo -estresari eta emozioen erregulazioari buruzko gaitasunak dira, aztertutako guztien artean, azterketan okerren agertzen direnak, eta hori kontziliazio- eta bizipen-zailtasunen eta emozioen erregulazioaren ondorio izan ohi da.

Baduzu hazkuntzarako laguntza-sarerik?

Hazkuntzan laguntza informaleko sarerik ─hau da, laguntza emateko moduko familia, lagunak eta abar─ baduten galdetuta, kontsultatutako hiru pertsonatik batek dio ez duela horrelako sarerik. Horregatik, agian, kontsultatutako lau pertsonatik ia hiruk gizarte- eta hezkuntza-laguntzako baliabideak erabili ohi dituzte eskolaldian, hala nola haurtzaindegi-zerbitzua edo goiztiarrak, jantokia eta abar. Gainera, % 66k horrelako baliabideak erabiltzen dituzte oporraldietan. Era berean, galdetutako pertsonen ia % 20k kontratatutako pertsona batengana jotzen dute, gutxienez noizean behin, seme-alaben hazkuntzan lagun diezaien.

Guraso gisa trebatzeari dagokionez, kontsultatutako pertsonen ia % 10ek askotan erabiltzen dituzte baliabideak hazkuntzarako dituzten gaitasunak osatzeko, eta % 35,5ek ere erabiltzen dituzte noizean behin horrelako baliabideak. Baina, alde horretatik, emakumeek gizonek baino askoz maizago erabiltzen dituzte horrelako baliabideak. Kontziliazio-neurriez baliatzen diren pertsonak nabarmen sentikorragoak dira arlo horretan dituzten gaitasunak osatzeko baliabideak bilatzeko ere.

Hauek izan ziren azterlanetik nabarmendu genituen ondorioetako batzuk, eta, jarraian, txostenak eman dituen emaitzei buruz Pepa Hornok eta Mar Romerak egindako hausnarketak eskainiko dizkizugu.

Pepa Horno-ren hausnarketak azterlanaren emaitzen inguruan

Azterlanean sartu ziren itemak BBK Family-k proiektu hau gidatzen duen profesional adituen taldearekin egin genuen bilera batean aukeratu ziren; talde horretakoa da Pepa Horno ere, eta horregatik, txostenaren emaitzak aztertzeko gonbidatuetako bat izan zen. Hornok datuak aurkezteko jardunaldian azaldu zuenez, hazkuntzak zerikusia du lotura, presentzia, muga, konexio eta mentalizazio, kontzientzia, autozaintza eta sarearekin.

Eta horregatik sartu ziren azterlanean agertzen diren itemak, zerikusia dutelako loturarekin, distrakzioekin, adibidez mugikorrak eragiten dituenak bezalakoekin, nahiz eta ez den familiarekin egotean agertzen den distrakzio bakarra, eta hirugarren elementuak afektuaren adierazpenarekin zuen zerikusia.

Loturari dagokionez, hau ez dela berez ematen esaten zuen, baizik eta presentziarekin, esanbidezko maitasunarekin eta zaintzarekin sortzen dela. Baina familiek afektua adierazteko arazoak izaten dituzte eta, ondorioz, loturaren sorrera kaltetua gerta daiteke. Bizi dudan horretatik sortzen da lotura, ez egiten dudanetik, eta, egon egin behar da, jakina, kalitatezko denborarena tranpa bat izan zen erru-sentimendua kentzeko, kalitatea kantitatearekin ematen baita. Ez dago loturarik denbora partekatu barik. Eta galdera edo itaun hau utzi zigun: “Zelan ikasi ‘ondo maitatzen’ ni ‘txarto maitatu’ izan banaute?”.

 

Presentziari dagokionez, lotura horretan elementu nuklearra dela azpimarratu zuen Hornok. Oreka bilatu behar dugu absentziaren eta larregizko babesaren artean. Oso garrantzitsua da egotea eta zelan nagoen kontziente izatea, gure seme edo alabarekin dugun konexio-maila zein den jakitea, fisikoki presente egon naitekeelako, baina emozionalki eta kognitiboki deskonektatuta. Hala ere, presentziarekin arazo handi bat dugu, kontziliazioarena, gizarte hau gure seme-alabekin egon ez gaitezen egina baitago.

Mugei buruz esaten zuen horiek ez direla gurasoen eskubide bat, baizik eta haurrek dutela eskubidea eurak gidatzeko eta ez galtzeko mugak ezar diezazkiegun; izan ere, arduragabeak gara horiek jartzeko gai ez bagara. Mugek segurtasuna ematen diete.

 

Hezkuntza-koherentziari buruz ere berba egiten zuen Hornok. Hazkuntzan nork bere barne-ereduetara jotzen du, hazkunde pertsonaleko prozesu bat egin duenean izan ezik.

Maitatu al dezaket ondo neu ez banaute ondo maitatu? Nire lotura-ereduak suntsitzaileak baldin badira, nondik sortuko dut eredu bat?

Badira maitasunak kalte egiten dutenak, akabatu egiten zaituztenak. Lotura suntsitzaileak besteak bezain lotura dira, eta gure seme-alabak geure buruari begiratzeko ispiluak dira.

Pepa Hornok kontatzen zuen batzuetan esaldi hau entzuten duela: “Ni gurasoek jo egin ninduten eta gizon ona naiz”, baina baieztapen hori egiten da pertsonak seme edo alaba gisa entzuten duelako, ez ama edo aita gisa. Jo nindutela kritikatzea aita edo ama kritikatzea da, horregatik ez dugu egin gura izaten. Hori dela eta, Hornok dio egin dezakegun inbertsiorik onena, gure seme-alabentzako oparirik onena, terapia edo hazkunde pertsonaleko prozesu bat egitea dela, geure historia integratzea, onak ez diren ereduak ez iraunaraztea.

Bukatzeko, autozaintza barik koherentea izatea ezinezkoa dela azaldu zuen. Autozaintza edo norbere burua zaintzea garrantzitsua da kontzientziarentzat, hazkuntza kontzientziaz egiteko. Baina autozaintzarako ere logistika oso garrantzitsua da, sarearekin estaltzen dena, eta beldurra kontzientziatik lantzen da. Jaiotzen direnetik beldurra sentitzen duzu gerta dakiekeenagatik, horregatik kontzientzia jarri behar da beldur horietan.

Ohartarazten zuen, halaber, gure egoera emozionalaren erantzule egiten ditugula:  “Pozik nago gaur zein ondo portatu zaren ikusita” edo “Triste nago gaur zein txarto portatu zaren ikusita”. Eta hori ez genuke egin behar.

Kontzientzia nekagarria da, errazagoa da hazkuntza inkontzientea, baina min egiten du. Horregatik, autozaintza edo nork bere burua zaintzea negoziaezina da hazkuntzan, gero seme-alabengatik “uko egitea” edo “nork bere burua sakrifikatzea” bezalako kontzeptuak iristen direlako. Eta hegazkinaren adibidea jartzen zuen, ezbehar edo larrialdiren bat gertatuz gero hartu beharreko neurriak azaltzen dizkigutenean: beti gogorarazten digute maskarak helduok jantzi behar ditugula lehenik, eta, ondoren, seme-alabei jarri. Ez dezagun inoiz ahaztu besteak zaintzeko geure burua zaindu behar dugula.

Mar Romeraren gogoetak azterlanari buruz

Aimar Rubio y Mar Romera

Mar Romera ere BBK Familyko profesional adituen taldeko kidea da, eta familiei galdetzeko itemak aukeratzen parte hartu zuen. Eta azterlanari dagokionez, bere analisiari ekin aurretik gogorarazi zuen gizakiok izaten ari garela, ez garela, eta, beraz, azterketa hau eginez, zein aldagairi erreparatu behar diogun jabetzen garela eta gure iritziak malgutzen laguntzen digula, iritzi horiek testuinguru historiko tenporal bati buruzkoak soilik baitira.

Romerak pasadizo bat kontatu zuen, Madrilen taxian zihoala mutil bat ikusi zuela edukiontzi bati ostikoka, eta taxilariak bere buruari galdetu omen zion ea zergatik ez ote ginen mundutik desagertu. Galdera horri pedagogoak erantzun zion arrazoia hau dela: gu garela gure geneak ez dituztenen alde sakrifikatzeko gai garen izaki bizidun bakarrak eta gure borondatearen jabe garela, aske garela.

Baina, aldi berean, horregatik ezin gara ihesi ibili, itzelezko une batean gaudelako, zeinetan aukera dugun baliabide pilo bat erabiltzeko geure burua martxan jartze aldera, horrela desagerrarazten delarik kezka.

Eta gauza zehatzagoetan sartuta, Romerak azpimarratzen zuen gure seme-alaben autonomia mozten den zikloa mugimendutik hasten dela, askoz ere arinagoa baita umeari lokarriak lotzea berari lotzen uztea baino, eta gizarteak aurkitu duelako belkroa, txikerrak erabat menpeko bihurtzeko.

0 eta 2 urte bitarteko umeak lotuta dauzkagu, ez ditugu lurrean jartzen. Eta orduan ez dute eredu gurutzatua egiten, non haurtxoak gorputzaren bi aldeetako zatiak aldi berean eta aldez aurretik determinatuta erabiltzen ikasten duen: esku eta belaun gainean katuka ibiltzea, oinez ibiltzen hastea, sinkronia… Horrekin mugimendu-mailan garatzea eragozten diogu.

Autonomia konkistatu egiten da eta arriskua dakar, baina askotan ezgai bihurtzen ditugu gauza guztietan eta gero funtzio exekutiboak garatzeko app bat saltzen digute, sugandilak ehizatuz garatu litezkeenak.

Eta azaldu zigun, zehazki, ehizan ibiltzeko, aldez aurretik, lazo edo lakio bat egin behar duzula landare mota batekin, eta hari korapilo bat egin behar diozula, eta luze itxaron sugandila atera eta bere burua korapiloan sartu arte, eta sugandila harrapatu ostean, diseinatu duzun zirkuitu batetik paseatzen duzula. Eta horri guztiorri autonomia emozionala ere esaten zaio.

Era berean, nabarmendu zuen garrantzitsua dela haurrek argi izatea izate hutsagatik maite ditugula, eta ez egiten dutenagatik, eta baita ere azpimarratu zuen zera esan behar diegula: “Maite zaitut, baina garagardo bat hartzera noa lagunekin”. Autonomia emozionaletik autonomia morala daukagulako, askeak garelako eta aukeraketan hazi egin daitezkeelako.

Baina, kontuz! Hainbeste mezurekin, azkenean, pertsonak nahastu egiten ditugu-eta: lotura ona sortu behar delako, eskatu ahala bularra emanez, diziplina positiboarekin eta autonomia utzita, eta, horretan guztian, batzuetan galdu egiten gara. Adibidez, “Karla, kamiseta urdina eta berdea dituzu, zein gura duzu?”. Eta Karlak gorria nahi duela erantzuten dizu. Eta zuk esan behar diozu, “Ea, ez didazu ulertu, urdina ala berdea, gorria ezin da izan”. Jarri dizkiozun mugen barruan aukeratu behar du.

Bestalde, azterlanean autokontzeptu errealista ere jorratzen da, zelakoa naizen benetan. Romerak azpimarratu zuen gure seme-alabei ezin diegula beti esan dena egin dezaketela. Ahaleginak egin behar dira haiek beren gaitasun guztiak hedatu ditzaten, eta horregatik egongo da pinturarako edo matematikarako… gaitasun artistiko handia izango duenik, baina agian ez du ondo abestuko. Zortzi orduko trebakuntzarekin ere agian ez du ondo abestuko; beraz, ez gaitezen horrekin itsutu.

Halaber, amak egunero ‘polita’ naizela esaten badit, nire autokontzeptua polita naizela izango da, eta 14 edo 16 urterekin Claudia Schiffer naizela pentsatuz ibiliko naiz paseoan; baina gainerakoek ez dute horrela ikusten. Izan ere, ez gara gure gaitasunen mailan bizi, gure sinesmenen mailan bizi gara.

Autokontzeptua alderdi kognitibotik eraiki dezakegu, gure kortexean sortzen ditugun ideia mentalak baitira. Kognitiboa da, prestakuntza objektiboarekin, eta suposatzen da inguruan ditugun hezkuntza-eragileek ahalik eta modurik objektiboenean aurkeztu beharko liguketela. Eta Mar Romerak sugandilen adibidea azpimarratu zuen berriro, erregulazio emozionala funtzio exekutiboa delako eta sugandilak ehizatzen dituzunean geldirik egoten eta zaratarik ez egiten ikasten duzulako, ihes egiten dizunean frustrazio handia izaten duzulako eta frustrazioa maneiatzen ikasiko duzulako. Izan ere, erregulazio emozionala aukeratzea da, baina aukeratu ahal izateko jakin egin behar dut zeren artean aukeratu.

BBK Family

Ikerketa irakurri gura duzu? Deskargatu!

Bizkaiko familien beharrei buruzko azterlana. Gurasoen gaitasunak hazkuntzan

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

 

 

 

 

BBK Family Learning

×