Zure seme edo alabak min hartu badu, ez iezaiozu esan ez dela ezer gertatzen

Askotan galdetu izan diot neure buruari zer erreakzio izango genukeen gure alabak kolpe bat hartuko balu eta pairatzen ari den mina guri txip baten bidez iritsiko balitzaigu. Ziur nago denbora luzez kexatuko ginatekeela eta ez genukeela esango hain erabilia den esaldi hori: “Ez negarrik egin, ez da ezer izan, pasa da”. Berdin dio zenbat urte ditugun, ia pertsona guztiok, seme-alaba gisa edo guraso lez, bizi izan dugun egoera horrek hausnarketa bat egitera eroan behar gaitu, eta horretarako egin beharko genukeen lehenengo galdera hauxe da: Zergatik ez gara gai gure seme-alaben sufrimendua jasateko?

Bizitzan zehar, pertsona guztiek, batzuek beste batzuek baino gehiago, sufritu egingo dute, bizitzako zirkunstantzien arabera. Baina une horietan, erortzen direnean, zabuan kolpe bat hartzen dutenean, sufrimendurako gure trebetasuna entrenatzen joan beharko genuke. “Txupetea sartu” beharrean, ondo legoke galdetu ahal izango bagenie, entzun, kontsolatu, osatu…

“Erori egin zara? Non hartu duzu min? Negar egin behar baduzu, egin lasai”: esaldi horien ondorioz, askoz hobeto landuko dute jasaten ari diren egoera, eta transmititzen diegun mezua da emozioa adieraz daitekeela min hartzen dugunean. Batzuetan, beren oinazea gehiegi puzten dutela pentsatzeko joera izaten dugu, baina hori ezin dugu ziur jakin, ez baikara gu sentitzen ari beraiek sentitzen dutena. Gainera, beste galdera bat hau litzateke: Zergatik puztu edo handitu behar dute mina zerbait gertatzen zaienean gu bertan baldin bagaude?

Frustrazioa onartzea

Seme edo alaba batek behar duenean negar egiten uztea sendatzaile edo osagarria da. Hori nire alabarekin egiaztatu ahal izan nuen. Txikia zenean, “begi nagia” esanda ezagutzen duguna zuela ikusi zuten, eta, beraz, ikusmena berreskuratzen saiatzeko, ondo ikusten zuen begia estaltzen zion adabaki bat jarri zioten. Prozesua oso ondo zihoanez, oftalmologoak beti esaten zion hurrengo kontsultan kendu egingo ziola. Alaba pozik zegoen, begian adabakia izatea oso gogaikarria baita. Hala ere, kontsulta iristen zen bakoitzean, oftalmologoak esaten zion adabakiarekin jarraitu behar zuela, baina hurrengoan kenduko ziola. Hiru aldiz gertatu zen hori, harik eta azkenekoan kontsultatik korrika ihes egin eta anbulatoriotik kanpo, banku batean eserita, negarrez aurkitu nuen arte. Une hartan, ez nion ezer esan, negar egiten utzi nion, beste barik. Eta poliki-poliki oneratu zenean, esan nion ulertzen nuela etsita sentitzea, oftalmologoak adabakia kentzeko eman zizkion itxaropen faltsuengatik. Luzaro negar egin ostean, hobeto sentitu zen, eta oftalmologoaren hitzaz gehiago ez fidatzea eta pazientzia izatea adostu genuen.

Gertatzen ari den horretatik arreta desbideratzea ez da estrategia ona

Urteak igaro ostean, konturatu naiz nire alaba negarrez egon zen denbora hark ―eta ni ez nintzen saiatu gertatzen ari zenetik arreta desbideratzen, litxarreria, joko edo beste zerbait erosiko niola hitz emanez― lagundu egin ziola bere dolua egiten, eta pentsatu nahi dut etorkizunean etorriko zitzaizkion doluak ere bai. Izan ere, batzuetan, gauza txikiek edo eguneroko egoerek markatzen dute aldea.

Ondoez baten aurreko faseak

Pertsonok, haurrak eta nerabeak barne, hiru fase edo erantzun-mota izan ditzakegu ondoeza edo kaltea eragiten digun zerbaiten aurrean: “indargetzea”, “deskargatzea” eta “narrazioa”.

Guraso gisa, honako hauek egin ditzakegu:

  • gure seme-alabak zeinetan egon daitezkeen identifikatzen ikasi.
  • beraiei lagun egin eta bakoitzean lagundu.
  • “narraziora” irits daitezen saiatu, entzuteko, enpatizatzeko eta, ondoren, irtenbide posibleak, itxaropenak, aurre egiteko mekanismo landuagoak… planteatzeko, ideiak sortzen eurek parte hartuz.

Dena adinaren, ezaugarrien, aurretiko esperientziaren, ondoeza aurreikusteko ezintasun-mailaren, frustrazioaren edo sortutako kaltearen eta abarren araberakoa izango da. Ikus dezagun, oro har, zer gertatzen den horietako bakoitzean eta zelan lagun dezakegun.

  • Indargetzea

Bertan, batez ere ustekabeko ondoeza edo ondoez bizia bada, badirudi gure gorputza anestesiatu egiten dela eta ez duela erreakzionatzen hasieran.{> Harritu gaitzakeen edo gainezka egin diezagukeen zerbaiti aurre egiteko lehen modu bat da. Halako itxaronaldi bat gerta daiteke, impass bat, inhibizio bat, isilaldi bat… Hori oso laburra edo zertxobait luzeagoa eta isilagoa izan daiteke. Izan ere, haur edo nerabe batzuek denbora luzea ematen dute erantzun-mota horretan, eta arraro, isil, inaktibo… ikusten ditugu, eta ez dakigu oso ondo zergatik. Hori gertatzen da, adibidez, ondoez bat barneratzera, eta kanpora ez adieraztera, jotzen dutenean. Bere izaerarekin zerikusia izan dezake, heltze-etapako blokeo emozionalekin edo bere ingurunea ondoeza ulertzeko/onartzeko nahikoa ulermenarekin prestatuta ez dagoela edo horren adierazpena jasotzeko indar barik dagoela sentitzearekin.

Gure zeregina izango litzateke:

  • hori gerta daitekeela
  • ondoez bat egon daitekeela konturatzen saiatzea (ez da beti erraza).
  • gure presentzia, prestasuna eta segurtasuna adieraztea, harrera egiteko edo laguntza eskatzeko (“hemen nago”).
  • honelako zerbait galdetu:“Zelan sentitzen zara?” / “Ba al dago kezkatzen zaituen zerbait?”; edo honekin probatu: “Min hartu duzu” / “Txarto sentitzen zara”, zerbait hautemangarriagoa bada.
  • baimena ematea beste fase edo erantzun-mota batera pasatzeko aukera izan dezaten (“Egizu negar, behar baduzu”/ “Entzuten dizut”).

 

  • “Deskarga”

Une batean, gure gorputzak deskargatu egin behar du indargetutakoa.Batzuetan, aurreikus edo uler daitekeen testuinguru batean iristen da.Beste batzuetan, gutxien espero denean, ustekabeko leku batean edo familiatik kanpoko beste pertsona batzuekin.Deskarga ahotsaren, soinuen, mugimenduaren, ekintza jakin batzuen bidez… izan daiteke. Ikus dezakegu negar egiten dutela, oihu egiten dutela, gauzei ostikadak ematen dizkietela, helburu zehatzik gabe etengabe mugitzen direla edo, sufrimendu handiagoa dagoenean, beren buruari min egiten diotela.Honako hauen arabera egongo da hori: beren izaera, adina, emozioak kudeatzeko aldez aurreko ikaskuntza, atzean tristura, haserre, beldur edo erruari lotutako emozioren bat dagoen edo ez (askotan, bat baino gehiago nahasten dira).

Kasu honetan, guri dagokigu:

  • hori ere gerta daitekeela
  • une horietan lasaitasuna kutsatzea (ahotsarekin, hitzarekin, begiradarekin, arnasketa geldoarekin, gorputzarekin, hurbiltasunarekin/urruntasunarekin, gehiegizko estimuluak kenduz, lasaitzeko objektu trantsizional batekin…). Garrantzitsua izango da gure seme edo alabari gehien laguntzen diona ezagutzea: hurbil edo urrutixeago egotea, besarkatzea, eskua sorbaldan jartzea, urrumak xuxurlatzea, berba lasaigarriak esatea, irudi bat gogoraraztea, arnasa hartzera gonbidatzea, ura eskaintzea, zapi bat uztea, leku lasai batera edo lasaitasunaren txokora joatea…
  • deskargan intentsitate negatibo handiagoa ez bultzatzea eskalatu ez dezan (batez ere, agresibitate handia agertzen bada)
  • atzean egon daitezkeen emozioak baliozkotzea (agian ez dakigu zehazki zer gertatzen zaien, baina badakigu “txarto sentitzen zarela”)
  • gure seme-alabei “deskarga” jakin bat posible izan dadin formulak irakastea, baina gehiegizko intentsitate edo iraupenetara edo min egin dezaketenetara iritsi barik (teknika batzuk badaude, baina funtsezkoa gure lasaitasuna kutsatzea da).
  • “narraziora” iristen laguntzea.

Fase hau zaila da, une horretan sufrimenduaren jakitun izan gaitezkeelako eta ez dakigulako zer egin, guraso gisa zalantzan egon gaitezkeelako, geure sufrimendu-historiaren erresonantziak agertu edo emozio desatseginak intentsitate handiarekin aktibatu dakizkigukeelako edo gu blokeatu gaitzaketelako, hori gertatzea kosta ahala kosta saihestu nahi izan dezakegulako… Horregatik, garrantzitsua da prestatuta egotea eta gure seme-alaben sufrimendua lantzen ikastea (baita horren aurrean geure sufrimendua ere). Hori ere ikasi egiten da.

  • “Narrazioa”

Narrazioa, nolabait, emozioa “antolatzeko” gai garenean iristen da, gertatzen zaiguna beste modu batera adierazteko distantzia pixka bat hartzeko gai garenean. Batzuetan, norbaitekin berba eginez izaten da, beste batzuetan idatziz, margotuz, musika jarri eta dantza eginez… Eta, hortik aurrera, ikus dezakegu gertatzen zaiguna pixkanaka eta gaiaren arabera zelan landu, nola igaro, aldatu…

Oso garrantzitsua da gure seme-alabei adieraztea gertatzen zaienaz gurekin hitz egin dezaketela, edo beste pertsona batzuekin edo beste bide batzuetatik hitz egiten lagun diezaiekegula. Horretarako, sentitu behar dute ez garela “beldurtzen” (edo ez larregi), nolabait ulertzen dugula beraien ondoeza, ez dugula epaitzen, ez diegula berehala gure konponbidea gainera botako edo besterik gabe garrantzia kenduko, pentsa dezakegula zelan baloratu, zer egin, nola eskatu laguntza, zelan bideratu, nola zehaztu gure kontrolpean egon daitezkeen ekintzetan…

Pixkanaka, erantzunak emozionalki hobeto kudeatzen ikasiko dute eta horretarako formulak aurkituz joango dira. Eta umore-sena, desdramatizazioa, konponbideetan arreta jartzea…, horiek garatzen ere lagunduko diegu guk, beraien estrategia erresilienteen parte izango dira.

Kontuan izan behar dugu haurtzaroan eta nerabezaroan gure seme-alabei beren emozioak, ondoezetan zerikusia dutenak barne, erregulatzen laguntzea dagokigula. Asmoa da, apurka-apurka, beren kabuz egiteko tresnak lortzen joatea eta gure heterregulazioaren mende mugarik gabe ez egotea (helduarotik haratago). Baina, horretarako, lehenik eta behin, horretan lagundu eta modelatu egin behar dira. Nolanahi ere, jakin badakigu adimen emozionalaren funtsezko baliabideetako bat sare afektiboari laguntza eskatu ahal izatea dela, zerbait ondo ez doala eta horri ezin diogula edo ez dakigula zelan aurre egin sentitzen dugunean.

Interesgarria da geure buruari galdera batzuk egitea:

  • Nola kudeatzen dugu geure ondoeza?Zelan egingo diegu aurre ezbeharrei?
  • Nola egingo dugu indargetzeko, deskargatzeko edo kontatzeko prozesua?
  • Non geratuko gara edo zelan?
  • Zerk laguntzen digu modu positiboan?Norekin konta dezakegu horretarako?
  • Zer moduz dago gure estresa, gure nekea?
  • Zer irudi ematen dugu gure prestasunaz, presentziaz eta “harreraz” beraren ondoezarekiko?
  • Nola ulertzen, onartzen eta baliozkotzen ditugu beraren emozio desatseginak?
  • Zelan lagunduko diogu beraren autonomia emozionalari emozioen kudeaketan gure laguntza ahalbidetuz orekan?
  • Nola sustatuko dugu umore-sena, ikuspegi positiboa, ikuspegia konponbideetan jartzea?

Zerbait gertatu, gertatzen delako. Eta interesgarriena da ikastea zelan “igaro” modu egokitzaileagoan eta erresilienteagoan.

Andrea Alfaro eta Bego Ruiz. BBK Family

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×